54. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

24E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena proiektu honetarako: buztinak aldi baterako ateratzeko proiektua, Arbizuko zabortegia hobetze aldera, 1. poligonoko 391. lurzatian (Arbizuko herrilurra). Sakanako Mankomunitateak sustatu du.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du 1. eranskinean sartutako proiektuei Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.

2017ko abenduaren 5ean, sustatzaileak ebazpen honen idazpuruan aipatutako espedientea aurkeztu du Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusian, 2017ko abuztuan prestatu zen ingurumen eraginaren azterketari egindako eranskinarekin batera.

Uztailaren 4an, tramitatzen ari den jardueraren Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera sartu zen departamentu honetan. Dokumentazioa ikusirik, egiaztatu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera jarduera I. eranskineko 2. taldean dagoela (Erauzpen industria, 7. atala. Aurreko baldintzak bete gabe, meategi lanengatik ukitzea aurreikusten den eremuaren mugetatik 5 kilometro baino gutxiagora dauden erauzpenak, eta zeru zabaleko edozein meategi emakidaren edo ustiapenaren edozein instalazio erantsi) “Utzubar” buztinen ustiategitik hurbilen dagoen mugatik 570 metrora dagoelako. Tramitatzen ari den erauzketa-jarduera ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arruntaren prozedurari jarraikiko zaio, eta ez ingurumen ukipenetarako baimenaren prozedurari (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea).

2017ko uztailaren 5ean, errekerimendu bat igorri zitzaion organo substantiboari (Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua), sustatzaileari ere bidaltzeko. Jarraitu beharreko tramitazio mota azaldu zen errekerimenduan, eta dokumentazioa osatzeko eskaera ere egin zen, jarraian adierazten den moduan: aztertutako alternatiba nagusiak azaltzea (zero alternatiba barne), proiektua xehe-xehe deskribatzea eta planoetan azaldutako topografia zuzentzea, bide bat zaintzea, aurreikus daitezkeen proiektuaren ondorio zuzenak, zeharkakoak, metakorrak eta sinergikoak ebaluatzea eta kuantifikatzea, jarduketa A-10 autobidetik bisualki antzemateko aukera posiblea aztertzea (paisaia babesteko eta lehengoratzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz, kasua bada), azaleko uren isurketa konpontzea, eraginaren prebentzio eta zuzentze neurriei buruzko atal bat sartzea, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena eta departamentu honetako Herri-lurren Atalaren aldeko txostena.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatuarekin bat, proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jarri zituen 30 egunez, eta iragarkia 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko urriaren 20an. Gainera, ukitutako administrazioei eta pertsona interesdunei kontsultak egin zitzaizkien; zehazki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lakuntzako Udalari. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu zuelarik, organo substantiboak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion abenduaren 19an.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak egiaztatu zuen 37.2 artikuluan aipatzen diren eta departamentu honek nahitaezkotzat jotzen duen txostenetako bat, gutxienez, falta zela. Behar adina juzgu-elementurik ez zuenez, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari jardueraren hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena eskatu zion abenduaren 22an. 2018ko urtarrilaren 10eko txostenaren bidez, aipatu atalak ontzat jo zuen proiektua, hirigintzaren eta lurraldearen gaineko ukipenen ikuspegitik.

Proiektuaren azalpen laburra.

Proiektuaren xedea da Arbizuko herrilurretako 1. poligonoko 391. lurzatian (K, L eta J azpilurzatiak) 54.825 m³ buztin ateratzea aldi baterako, isurketa-gelaxka berria iragazgaizteko lanak egiteko eta indarrean dagoen gelaxka (12.553 m³) zigilatu eta ixteko. Iragazgaizteko lanetarako, 1x10-9 m/s (42.272 m³)-eko iragazkortasuna eta 50 cm-ko lodiera duen buztinezko hesi geologiko artifiziala jarriko da.

Buztinaren erauzketaren xede den lurzatia Utzuar eta Aritzsoroeta erreken arteko muino txiki batean dago. Muinoa larreen aprobetxamendukoa da; udaberrian eta udan zikloak ditu, eta udazkenean eta neguan lehengoratzen da. Erauzketa 26.000 m²-ko azaleran eginen da, ondoko lurzatiak eta 391. lurzatiaren perimetroko bideak (sarbide gisa erabiliko direnak) ukitu gabe.

Lanak hasi aurretik, obra eremua seinalatu eta sarbidea kontrolatuko da. Ondoren, 7.980 m³ inguruko landare estalkia kendu eta metro bateko lur zerrenda batean metatuko da modu egokian, erauzketa eremuko mugaren eta lurzatiaren itxituraren artean. Erauzketa aire zabalean egiteko proiektatu da eta 2,4 metroko altuera izan dezakeen beheranzko hondeaketa eginen da 391. lurzatiko alderik altuenean, 1/1 neurriko ezpondakoa, landare-lurra pilatzeko zerrendatik aurrera. Hondeatutako plataformaren malda %1ekoa izanen da, euri urak isurtzeko. Ustiatzeko epea hilabete ingurukoa da.

Azkeneko lehengoratze-lanen artean, hondeatutako eremuko ezpondak erregularizatzea dago. Horretarako, lurzoru naturalaren eta hondeatutakoaren arteko lotura berdindu, landare-lurra ordeztu eta lurzatiari belardi erabilera itzuliko zaio.

Ingurumen eraginaren azterketa.

Ingurumen eraginaren azterketa, 2017ko abuztuko bere eranskinarekin batera, osoa da, proiektua orokorrean deskribatzen du eta lau alternatiba aztertu ondoren (“0” alternatiba, Utzubar zeramikak, inguruko beste hondeatze batzuk eta Arbizuko herrilurra), “Arbizuko herrilurra” alternatiba aukeratzen du. Gainera, ingurumen ondorioak ebaluatzen ditu, eraginak prebenitzeko, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurriak proposatzen eta baloratzen ditu, eta ingurumen jarraipenerako plan bat ere barne hartzen du.

Ingurumen eraginaren azterketak ondorioztatzen duenez, obrek ez dute inpaktu larririk eraginen ingurumenean, ukitutako azaleran ez baitago balio natural aipagarririk. Ingurumenaren gaineko eragin handiena lurzatiaren topografia aldatzeagatik etor liteke, horren ondorioz paisaiaren gaineko eragina eta lurzoruaren emankortasunaren galera gerta daitekeelako.

Finka hori guztiz zelaia da ia-ia, eta badu malda pitin bat iparralderantz eta ekialderantz (%2), ezkerreko albo honetatik lurreko landa bide batera iritsi arte altueran jaisten dena. Bide horrek lurzatia ixten du, 2 metroko altuera duen ezponda bat osatuta.

Lurzatiaren mendebaldeko aldean, Utzuar bidearen ondoan, hainbat lizar daude lerroan. Ekialdeko aldean, lehen aipatutako ezpondaren gainean, oso ongi eratutako ibarbaso bat dago, elorri zuriak, zuhandorrak, elorri beltzak, astigarrak, lizarren bat eta gereziondoak dituena. Ingurumen eraginaren azterketan adierazitakoaren arabera, buztina erauztean ez da ukituko lurzatiaren mugan dagoen inolako zuhaitz edo zuhaixkarik, jarduera gunea 15 metro baino urrunago kokatuko baita landare-formazio hauetatik.

Ukipen handiena, buztina ustiatzeko aldian bereziki, paisaiari dagokiona izanen da, komunikaziorako bide hurbiletatik (NA-7100 eta A-10 autobidea) ustiaketak eragina izan dezakeelako ikuspegiaren aldetik. Ingurumen eraginaren azterlanari egindako eranskinak aipatu eragina aztertu du, eta kontuan hartuta lur-erauzketen altuera (punturik altuenean lurzatia gutxi gorabehera 2 metro beheratzeko asmoa dago), lehen aipatutako komunikaziorako bideekiko distantzia eta horien eta lurzatiaren koten arteko aldea, topografiari dagokionez ez da aldaketa nabarmenik hautemanen. Ondorioz, paisaiaren gaineko eragina, behin lurzatia lehengoratuta, oso txikia izanen da.

Espedientearen azterketa teknikoa, ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak, proiektuaren ingurumen eraginaren analisi teknikoa aztertuta, ondorioztatu du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela, eta ados agertu da aztertutako lau alternatiben artean aukeratutakoarekin. Irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, eta bidezko dela Ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta adieraztea ezen ebazpen honetan jasotako baldintzetan egiten ahalko dela proiektua, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik bete dela kontuan izanik, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuari jarraikiz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da proiektu honetarako: buztina aldi baterako ateratzeko proiektua, Arbizuko zabortegia hobetze aldera, 1. poligonoko 391. lurzatian (Arbizuko herrilurra). Sakanako Mankomunitateak sustatu du.

2. Jarduera idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen da, eta gainera baldintza hauek beteko dira:

1.–Baimen hau, bakar-bakarrik, Arbizuko udal-mugarteko 1. poligonoko 391. lurzatiari (J, K eta L azpilurzatiak) dagokion azalerari buruzkoa da, proiektuaren planean adierazitako mugen arabera.

2.–Babesteko muga bat ezartzen da lurzatiaren mugatik landare-lur metaketak biltzeko zerrendaraino, buztina ustiatzeko eremuaren inguruan eta 3 metroko zabalerakoa gutxienez. Mugarri finkoen bidez markatutako da ustiategirako proposatu den azken perimetroa. Lurzatiaren perimetroan dagoen landaredia ez da inola ere ukituko.

3.–Ez da 528 metroko kotatik jaitsiko (ustiapenaren behereneko kota). Bukaerako bankuaren altuera 2,5 metrokoa izanen da gehienez. Hondealanen azken ezpondek ez dute 3H/1V baino malda handiagorik izanen eta ezponda jarraitu bat utziko da, burualdeko ertzik gabe.

4.–Amaierako topografiak jariatze-uren hustuketa bermatuko du, baita lur eremuaren drainatze naturaletarantz bideratzea ere, ondoko lurzatiak ukitu gabe.

5.–Buztina ustiatzeko epea hilabetekoa izanen da. Epea bukatuta, ukitutako azalera osoaren lehengoratzea abiaraziko da. Erauzketaren topografiara iritsita, ezpondak egin, ustiatutako azaleren eta lurzoru naturalaren arteko lotura hobetu, gainazalak findu, material lodiak kenduta, eta lurzoruaren azaleko geruza zabalduko da, aldez aurretik kendua eta behar bezala metatua horretarako prestatutako eremuetan (proiektuaren arabera, ingurunea babesteko zerrenda).

6.–Belarra erein baino lehen, lurra zertxobait landu eta beharrezkoa den azaleretan lurra destrinkotuko da.

7.–Guztiz debekatua dago uretan edonolako isurpenak egitea, zuzenean edo zeharka, urak kutsatu ez daitezen edo ingurunea hondatu ez dadin.

8.–Lurrak mugitzeko lanak hasi aurretik, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena beharko da.

Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

9.–Ukitutako azaleren ustiaketa eta lehengoratzea bukatuta, obra eremurako sarbide gisa erabilitako bideak modu egokian berreskuratzeari helduko zaio.

10.–Atmosferarako isurketak:

Jarduera Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen 100/2011 Errege Dekretuaren B 04 06 16 01 multzoan sailkatuta dago, baita atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuaren B 2.2.1 multzoan ere. Aldi baterako jarduera denez, ez da beharrezkoa izanen autokontrol neurketak egitea. Nolanahi ere, emisioaren gehieneko balioa ezarri da: egunean 300 mg/m²-ko partikula jalkikorren parametroari dagokiona. Horretarako, hautsaren kontrako babes neurri hauek jarriko dira:

–Pistak eta sarbideak ureztatu eginen dira, eta behar bezala trinkotuta edukiko dira.

–Erauzketa jardueraren barnean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura 30 km/h-tik beherakoa izanen da beti.

11.–Hondakinak:

–Makinak aparkatzeko gunea hondakindegiaren instalazio eremuan instalatuko da. Azalera horrek material xurgatzaile egokiak izan behar ditu, baita edukiontzi bat ere, erauzketa makinetatik ateratzen ahal diren isurketak eta gainerako gai kutsatuak biltzeko.

–Honako hau da jardueran sortutako hondakinekin egin beharko den amaierako kudeaketa-eragiketa:

HONDAKINAREN DESKRIBAPENA

LER (1)

AMAIERAKO KUDEAKETA-ERAGIKETA (2) (3)

Motor-olio erabilia

130205*

Olioak birziklatzea (R9)/

Balorizazio energetikoa (R1)

Olio hidrauliko erabiliak

130110*

Motorren beste olio batzuk

130208*

Hidrokarburoekin kutsatutako materiala

150202*

Materiala edo osagaiak berreskuratzea (R3/R4/R7)/

Balorizazio energetikoa (R1)/

Tratamendu fisiko-kimikoa (D9)/

Hondakindegian biltzea (D5)

Olio erabilien iragazkiak

160107*

Materiala berreskuratzea (R4)/

Olioak birziklatzea (R9)/

Balorizazio energetikoa (R1)

Berunezko bateriak

160601*

Materiala berreskuratzea (R3+R4)

(1) Hondakinaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 2. eranskineko hondakin zerrendaren arabera.

(2) Kudeaketa eragiketaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 1. eranskinaren arabera. Tarteko kudeaketa-eragiketak egiten ahal dira transferentzia estazioetan (D15 edo R13), betiere amaierako kudeaketa taula honetan ezarritakoa bada.

(3) Lehentasunezko eragiketa adierazten da lehenik. Eragiketa hori egiten ez bada, hondakin-sortzaileak behar bezala justifikatu behar du arrazoia.

12.–Zarata eta bibrazioak:

–Lanak egunez eginen dira eta ibilgailuen eta ekipo mugikorren ihes-hodietan isilgailuak jarriko dira.

–Buztina ustiatzeko eremuan zarata immisioaren gehieneko balio hauek errespetatu beharko dira:

ESKUALDEA

ZARATA INDIZEAK

Lk,d

Lk,e

Lk,n

Ustiategiak okupatutako lurzatia

65

65

55

Ustiategitik hurbileko etxebizitzek okupatutako lurzatiak

55

55

45

Erabiltzen diren indizeak bat datoz epe luzerako batez besteko zarata etengabearen indize baliokide zuzenduekin, egunerako (07:00etatik 19:00ak arte), arratsalderako (19:00etatik 23:00ak arte) eta gauerako (23:00etatik 07:00ak arte), hurrenez hurren, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinean zehaztu bezala.

13.–Hirigintza arlokoak:

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

  • Buztina erauzteko eremua herrilurretan dagoenez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Bideetan sor daitekeen eraginari lotuta, jarduketak 3 metroko zortasun eremua (bideetako kanpoko mugatik neurtuta) errespetatuko beharko du, halaxe ezartzen baitu erauzketa-lanak galarazten dituen LAHFLTBaren 111.2 artikuluak.
  • Arbizuko Udal Plan Orokorreko araudi partikularraren arabera, lurzatien arteko mugetan eta horien eta bideen artean dauden heskaiak mantenduko dira. Horrela, landarediaren egiturari eutsiko zaio.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Herri-lurren Atalari, Arbizuko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldea) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 12an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1800733