54. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13E/2018 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Sissecur Seguridad SLk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 1. espedientea.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek planaren edukiaren edozein aldaketa, plana eguneratzen duena, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari komunikatu beharko diote.

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren azaroaren 27ko 489E/2017 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Sissecur Seguridad SLk Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko 1. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren gobernu irekiaren atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaien Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, bakoitzak bere eskumenen esparruan txostena egin zezan azpiegituren lurralde planeko aipatu aldaketei buruz. Aipatu unitateek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak aipatu txostenak egin dituzte dagozkien determinazioekin, eta ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Nafarroako Gobernuaren gobernu irekiaren atarian jendaurrean egon den bitartean, ez da alegaziorik aurkeztu.

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, 10/2002 Foru Legean arautzen diren Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erabaki du telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela plan horiek.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sissecur Seguridad SLk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 1. espedientea onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren kokapenak eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.

2. Ebazpen hau Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari igortzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Sissecur Seguridad SLri jakinaraztea, eta aditzera ematea, ez duenez administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen).

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 1ean.–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusia, Mikel Sagüés García.

I. ERANSKINA

ESTAZIOAREN KODEA

UDALERRIA

UTMX

UTMY

ESPEDIENTEA

NAVA421 Arangoiti

Irunberri

647904

4722943

10. aldaketa

NAVA4211 Arabarko

Gorza

656905

4740571

10. aldaketa

* Koordenatuak Datum sisteman (ETRS-89, 30. EREMUA) eman dira.

II. ERANSKINA

Determinazio orokorrak

–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagokion udalean. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den tokian eginen dira (bertaratzerik bada), barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren Ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko dela, betiere instalazioa lurzoru urbanizaezinean bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Aurreikusitako lanetan, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du lanak gelditu eta horren berri eman beharko zaiola, berehala, Arkeologiaren Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Foru Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatzeko, oharpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari gerta dakiokeen edozein ukipen arau-hauste larritzat joko da.

–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Operadoreak abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMX eta UTMY koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta aldaketarik ez duela izan adieraztea.

–Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan xedatutakoarekin bat, lurzoru urbanizaezineko kokapenek, lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dute baimena. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu legearen 119. artikuluan agertzen dela, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren jarduerak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatu baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Iragarkiaren kodea: F1801593