54. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 28an hartua, Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako klase pasiboen pentsioak eguneratzen dituena 2018. urterako.

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 10. artikuluak ezartzen du, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, indarreko araudiaren arabera eguneratzeko eskubidea dutenek, pentsio publikoek urte horretan duten igoera bera izanen dutela. Igoera horretatik kanpo gelditzen dira alargun-pentsioak eta umezurtz-pentsioak, horien gaineko araudiak zehazten baitu lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera eguneratuko direla.

Orobat, Nafarroako 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 11.3.a) artikuluan zehazten denez, eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak 2018. urteari dagozkionak izanen dira, hau da, 1983. urtekoei geroko aurrekontuei buruzko foru legeek finkatutako igoerak aplikatu ondoren sortzen direnak.

Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du pentsioen zenbatekoa urtero eguneratuko dela, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege bakoitzean kasuan kasuko ekitaldi ekonomikorako ezartzen duen ehunekoaren arabera.

2018. urterako, pentsio publikoen igoera %0,25ekoa izanen da, abenduaren 29ko 1079/2017 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren arabera. Hain zuzen ere, 2018ko ekitaldian klase pasiboen pentsioen errebalorizazioei eta Gizarte Segurantzaren sistemako pentsioen eta beste gizarte-prestazio publiko batzuei buruzko errege dekretua da. Igoera horretatik kanpo daude gutxieneko alargun-pentsioak eta, kasu batzuetan, umezurtz-pentsioak, haien zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin lotzen baitu araudi indardunak.

Abenduaren 29ko 1077/2017 Errege Dekretuaren bidez finkatu zen 2018rako lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbateko berria. Kontuan hartuta errege dekretu horren lehenbiziko xedapen iragankorrean aipatzen diren errege lege dekretuek ezartzen dutena, ezin zaie zenbateko berri hori aplikatu lanbide arteko gutxieneko soldata zenbait prestazioren zenbatekoa finkatzeko adierazle edo erreferentzia gisa erabiltzen duten autonomia erkidegoetan eta toki administrazioko entitateetan errege dekretuak indarra hartzen zuen egunean indarrean zeuden arauei (salbu autonomia erkidegoek edo toki administrazioko entitateek kontrakoa ezartzen duen berariazko xedapena ematen badute). Hala ere, Nafarroako Gobernuak, abenduaren 29ko 1077/2017 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazitakoa kontuan hartuta, erabaki du aipatu pentsioei 2018ko lanbide arteko gutxieneko soldata aplikatzea.

Hortaz, bidezkoa da pentsioak eguneratzeko indizea eta gutxieneko erretiro-pentsioen, alargun-pentsioen eta umezurtz-pentsioen zenbatekoak zehaztea 2018. urterako, bai eta eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak ere, behin aplikatu ondoren Nafarroako 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legeak 2018. urtean sortzen diren erretiro eta pentsioetarako finkatzen duen igoera, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen aurreko sistemaren babesean dauden funtzionarioen eskubide pasiboen araubidean. Izan ere, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Lege horren bidez, eskubide pasiboen araubide iragankor bat ezarri zen Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioentzat.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Administrazio Publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, eguneratzeko eskubidea dutenen kasuan, %0,25eko igoera izanen dute.

2. Eguneratze hori ez zaie aplikatuko jadanik aitortuak dauden edo etorkizunean aitortuko diren pentsioei, baldin eta berek bakarrik nahiz onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera, pentsio publikoetarako ezarritako urteko gehieneko zenbatekoa gainditzen badute, hau da, 36.121,82 euro 2018. urtean.

3. Nafarroako Administrazio Publikoetako montepioen gutxieneko erretiro pentsioa, indarreko araudiaren arabera gaurkotzeko eskubidea duena, 14.652,54 eurokoa izanen da 2018. urtean, urte osoko kopurua harturik.

4. Lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbateko berria alargun-pentsioei eta, kasu batzuetan, umezurtz-pentsioei aplikatzea.

Beraz, gutxieneko alargun-pentsioak eta umezurtz-pentsioak 10.302,60 eurokoak izanen dira 2018. urtean, urte osoko kopurua harturik, 2018. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen 11.7 artikuluko bigarren paragrafoan umezurtz-pentsioei buruz ezarritako salbuespenarekin.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarrita dagoen eskubide pasiboen sistemako umezurtz-pentsioei ere aplikatuko zaie, onuradunak aitarik ez amarik ez duten umezurtzak badira.

5. Martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen babesetik aparte Nafarroako Foru Diputazioko Erretiro eta Pentsio Kutxan eta Nafarroako Udal Funtzionarioen Montepioetan sartuta dauden funtzionarioei dagokienez, haien eskubide pasiboetan eragina duten ordainsari kontzeptuen zenbatekoak honako hauek izanen dira 2018. urterako:

MAILA

SOLDATA

BIZITZA GAR. PLUSA

1

13.096,82

9.672,23

2

10.774,07

9.176,11

3

9.591,27

8.923,84

4

9.116,15

8.822,74

5

8.715,52

8.737,40

6

8.346,42

8.658,38

7

7.996,60

8.782,10

8

7.752,76

9.055,84

9

7.399,78

8.980,37

10

7.191,96

8.771,60

11

7.004,87

8.662,18

12

6.603,05

8.424,93

13

6.329,05

8.290,62

14

5.829,16

8.035,55

15

5.368,84

7.667,66

16

5.088,12

7.502,35

17

4.624,14

7.337,37

6. 1981eko azaroaren 16ko Erabakian ezarritako araubide juridikoari loturiko osasun arloko udal langileen eskubide pasiboak kalkulatzeko kontuan izan behar diren ordainketa kontzeptuak ondoko hauek dira 2018. urterako, ezertan galarazi gabe Nafarroako Osasun Eskualdeei buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorrean dauden kasuetarako aplikagarri gerta daitezkeen gainerako kontzeptuak:

a) Medikuak, farmazialariak eta albaitariak:

SOLDATA

FAKULTATIBOAREN LANPOSTUA

8.183,11

5.347,84

b) Osasun laguntzaile teknikoak:

SOLDATA

FAKULTATIBOAREN LANPOSTUA

4.729,52

4.278,61

7. Erabaki honek 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

8. Erabaki hau igortzea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Gizarte Prestazioen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1802884