52. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

303/2018 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez 2018. urterako Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa institutuetara atxikitako Talentua Erakartzeko Laguntzen Deialdia, Caixa gizarte obrak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak batera finantzatutakoa, onetsi eta gastua baimentzen da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeko Batzorde Iraunkorrak 2017ko urriaren 30ean egindako bileran erabaki zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa institutuetara atxikitako Talentua Erakartzeko Laguntzen 2018ko deialdia, Caixa gizarte obrak Nafarroako Kutxa Fundazioak batera finantzatutakoa, onestea.

Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena ikusirik.

Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena ikusirik.

Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren egiaztagiria ikusirik.

Ikerketarako errektoreordeak egindako deialdi proposamena ikusirik.

Kontuak ikuskatuta eta aldeko fiskalizazioa eginda.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehena.–Deialdi honek sorrarazitako gastua egiteko baimena ematea. Gehienez ere 400.000 eurokoa izango da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2018ko gastuen aurrekontuko kontusail hauei egotziko zaie, eta beharrezkoak diren doiketak egingo dira 2018 eta 2019ko aurrekontuen artean deialdiko laguntzak emateko ebazpenean.

33.0/30.00.7764/131.08 Ikertzaileak 261.456 euro.

33.0/30.00.7764/160.00 Gizarte Segurantza 79.744 euro.

33.0/30.00/7764.22805 Proiektuaren garapena 58.800 euro.

Bigarrena.–Ikerketa institutuetara atxikitako Talentua Erakartzeko Laguntzen 2018ko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean adierazitako oinarriekin bat etorriz.

Hirugarrena.–Laguntzen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko aukera izango da deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago.

Laugarrena.–Ebazpen hau helaraztea Ikerketarako errektoreordeari, Caixaren Gizarte Obra Fundazioaren arduradunari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalera, Kontabilitate Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Kontuhartzailetzara.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitateko web-orrialdean argitara dadin agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka eta haren oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko aukerako errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2018ko otsailaren 13an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

Talentua atzemateko laguntzen deialdia, 2018 urtekoa, Caixaren gizarte obrak eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak finantzatutakoa

303/2018 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, azken urtean, bere jarduera zientifikoen berregituraketa garrantzizkoari ekin dio, Ikerketa Institutuak sortuz. Institutu hauen ezaugarriak dira beren ikerketa-lerroak diziplina anitzak direla, helburuak handiagoak direla eta ikusgarritasun zientifiko handiagoa dela. Ikerketa-egiturak finkatzeko, beharrezkoa da ikertzaileak erakartzeko programak edukitzea, zientzialaririk hoberenak institutu horietan sar daitezela, bikaintasunezko ikerketa egiteko, eta institutuen baitan egiten diren garapenak bultzatzeko.

Horrez gainera, Plan Estrategikoak hurrengo urteetarako helburu estrategiko gisa jasotzen du ikerketa institutu horiek egonkortzea.

Beste alde batetik, Caixaren gizarte obrarekin eta Nafarroako Kutxa Fundazioarekin finantzaketa-hitzarmen bat izenpetu da, eta han aurrekontu-zuzkidurak daude talentua atzemateko laguntzak finantzatzeko.

Kontuan hartuz gogoeta hauek guztiak, Ikerketa Batzordeak proposatu du ikerketa institutuei atxikitako laguntzen deialdi hau onestea, talentua atzemateko.

I. kapitulua

Deialdiaren xedea eta modalitateak

1.–Laguntza modalitateak.

Ikerketa institutuei atxikitako laguntzen deialdia, talentua atzemateko, deialdian dauden xedapen komunek eta berariazkoek arautuko dute, eta laguntzak emateko behar besteko aurrekontua beharko da. Deialdian ondoko laguntzak sartzen dira:

–InaMati atxikitako 2 laguntza.

–ISCi atxikitako 2 laguntza.

–INARBEri atxikitako 2 laguntza.

–IS-FOODi atxikitako 2 laguntza.

II. kapitulua

Xedapen komunak

2.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

2.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira, Iruñeko campusean (Arrosadia z/g, 31006) zein Tuterakoan (Tarazonako etorbidea z/g), astelehenetik ostiralera eta 8:30etik 14:30ak arte, edo 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluaren b idatz-zatian eta hurrengoetan aipatzen diren bitarteetako edozeinen bidez. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea).

Eskabideak aurkezteko epea 10 lanegunekoa da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

Oro har, laguntza bakoitzerako eskatzen diren bete beharreko baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, gehienez ere hilabete bateko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko web-orrialdean jarriko da behin-behineko zerrenda, tramitatzeko onartuak izan direnena eta baztertuena, ezarritako eskakizunen bat ziurtatu ez dutelako edo eskaturiko agiriak aurkeztu ez dituztelako. Bitarteko horiek dira Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez-ofizialean. Eskatzaile horiei 5 laneguneko epea emango zaie, zerrenda argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, antzemandako gabeziak konpon ditzaten edo dagokien dokumentazioa osa dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ezin izango da tramitatu.

2.3. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta gero, eta dagokion Institutuaren Batzorde Iraunkorrak, edo, hala badagokio, Betearazleak proposaturik, Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratuko da tramitatzeko onartu diren eta baztertu diren eskaeren behin betiko zerrenda. Behin betiko ebazpen horrek administrazio-bidea agortuko du, eta bere aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.4. Tramitatzeko onartu diren eskaeren behin betiko zerrenda argitaratzen denetik bi hilabeteko epean gehienez ere, puntuazioak eta laguntzen behin-behineko esleipen proposamena argitaratuko dira Unibertsitatearen web-orrialdean, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez ofizialean, eta 5 egun balioduneko erreklamazio-epea jarriko da proposamena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Erreklamazioak ebatzi ondoren, dagokion Institutuaren Batzorde Iraunkorrak, edo, hala badagokio, Betearazleak, Unibertsitateko errektoreari igorriko dio behin betiko esleipen proposamena, ebazpen baten bidez onetsia izan dadin. Puntuazioak eta laguntzak emateko behin betiko proposamenak Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratuko dira. Hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta, ez bada ebazpenik ematen, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da.

2.5. Laguntzak emateko errektorearen behin betiko ebazpenaren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi, eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.6. Argitaratzeko web-orrialdea:

http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak

3.–Laguntzen araubide juridikoa.

3.1. Laguntzen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izango dira, eta aplikagarria zaien legeria indardunean ezartzen den beste edozein.

3.2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 22. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu kontratuak.

3.3. Institutu bakoitzeko zuzendariak egingo ditu behar diren tramiteak onuraduna Institutuari atxikia izan dadin.

3.4. Deialdi honetan jasotzen diren laguntzek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, Ikerketako errektoreordeak baimena eman ondoren:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa edo irakaskuntza lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+G proiektuetako parte-hartze baimenduak, 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa, 2007ko apirilaren 14ko 4/2007 Lege Organikoak aldatutakoa, aplikatuz egindako kontratuak.

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Ikerketako errektoreordearen arabera emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez dioten jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak.

4.–Onuradunen betebeharrak.

4.1. Onuradunak laguntza onartzeak berarekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea eta baita Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

4.2. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

4.2.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzea, laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan, eta sartzen ez badira laguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egunetan sinatzen ez bada.

Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, Institutuko zuzendariaren oniritziarekin, baimenduko du sarrera atzeratzea, horretarako ezinbesteko arrazoiak daudenean.

4.2.2. Esleituriko ikerketa institutuan bere lana probetxamenduz egitea.

4.2.3. Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituen informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, Institutuko zuzendariaren baimenik ez badu.

4.2.4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari igortzea egindako lanari buruz eskatzen dizkioten txostenak, lana burutzen ari den ikerketa institutuko zuzendariak ontzat emanak.

4.2.5. Laguntza jaso duen aldiko argitalpen guztietan eta ikerketa jardueretatik eratorritako beste emaitza batzuetan jasotzea Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Bartzelonako Caixa d’Estalvis i Pensions Banku Fundazioak, Caixak eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak izenpetu duten hitzarmenaren babesean jasotako finantzaketaren aipamena

4.2.6. Laguntza-aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken txostena aurkeztu beharko da, Institutuko zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera. Hurrengo deialdietan horrelako laguntzak berritzeko eskaerak balioestean, txosten hau aintzat hartzen ahalko da.

4.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, diru laguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean agindutakoarekin bat etorriz.

4.4. Erdietsitako laguntzari uko egiten diotenek Institutuko zuzendariaren sinadura daukan idazki bat egingo diote Ikerketako errektoreordeari, eta arrazoiak eman. Zilegi izango da kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren bajak betetzea deialdi honetako gainerako eskatzaileen artean, laguntzak emateko ebazpenean onetsitako balioespenean ezarritako ordenaren arabera. Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar da gutxienez.

4.5. Laguntza hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote laguntzaren helburu den ikerketa-jardueren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak laguntzen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie lortzen lagundu duten emaitzen gainean, Unibertsitateko kontratupeko ikertzaileei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan.

5.–Onura sozialak.

Laguntzen onuradunek sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte.

6.–Irakaskuntza.

6.1. Laguntzen onuradunek zilegi dute baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean irakaskuntza lanetan laguntzeko, Institutuko zuzendariak eta ukitutako saileko zuzendariak ados daudela adierazi ondoren. Lankidetza horrek, gehienez, laurogei ordu hartuko ditu urte bakoitzean, eta ez da kontabilizatuko Sailaren ikasketak antolatzeko planean.

6.2. Baimena eskatuko da ezarritako prozedurarekin bat, eta Ikerketa Zerbitzuan aurkeztuko da

http://www.unavarra.es/investigacion/inprimakiak

helbidean eskuragarri dagoen inprimakia Institutuko zuzendariaren eta Saileko zuzendariaren izenpearekin.

7.–Laguntzak baliogabetzea.

Laguntza hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, sortzen duten gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikagarri diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko diote.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22 c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aldi baterako ezgaitasuna, arriskua haurdunaldian, amatasuna, adopzio edo harrera, arriskua bularra ematean eta aitatasuna direla medio sortzen diren egoeretan eten egingo da kontratuaren zenbaketa.

8.–Eskatzaileen betebeharrak.

8.1. Talentua atzemateko laguntzen helburua da Ikerketa Institutuetako ikerketa jarduera indartzea eta finkatzea, egiten den ikerketa bikaintasunezkoa izan dadin. Beraz, gutxienez ere bi urteko doktoretza ondoko esperientzia ziurtatua duten ikertzaileei zuzenduta dago.

8.2. Laguntza horien onuraduna izateko beharrezko baldintza orokorrak izango dira, eskaerak aurkezteko epemugarako bete beharrekoak:

–Gutxienez ere bi urteko doktoretza ondoko esperientzia ziurtatua izatea: doktoretza ondoko kontratuak edo laguntzak edo doktoretza ondoko egonaldiak ikerketa zentroetan.

–Doktoretza ondoko ikerketa-egonaldi bat egin izana NUPen, 6 hilabetean gutxienez ere.

8.3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 22. artikuluaren arabera lau urte baino gehiago kontratatuta egon ez izana, deialdia honetan jasotako kontratuaren hasierako egunean.

9.–Izangaien baldintzak eta hautaketa.

9.1. Laguntzaz baliatzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Espainiako Sistemarako Sarrerarako kontratu baten bidez gauzatuko da onuradunaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 22. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

9.2. Deialdi honetako kontratuen iraupena urtebetekoa izango da.

9.3. Kontratuaren zuzkidura 31.200 euro gordinekoa da, urteko, 2.600 euro gordineko 12 hilabeterokotan banatua. Hilabeteko zuzkidura honetatik kenduko da nahitaezko kotizazio kuota. Hitzarmenaren esparruan emandako funtsen kontura, Unibertsitateak Gizarte Segurantzako dagozkion enpresa kuotak bere gain hartuko ditu, lege indardunetan ezarritako moduan.

9.4. Ikertzaile hauetako bakoitzaren kontratazioa 7.350 euroko gehieneko poltsa ekonomiko batekin etorriko litzateke, ikerketa proiektua garatzen laguntzeko. Poltsa horrek edukiko du ikerketa konferentzia/biltzarretara joateko bidaietarako finantzaketa bat jardueren zabalkunderako, material txiki inbentariagarri eta suntsigarria erosteko eta NUPeko graduondoko ikasleei diru-laguntzak emateko aukera beren master amaierako lanak ikertzailearekin batera egiteko.

9.5. Dagokion institutuko Batzorde Iraunkorrak edo, hala badagokio, Betearazleak, hautatuko ditu izangaiak, izangaien ikerketa merezimenduak kontuan hartuz 10. atalean ezarritako baremoaren arabera, eta diru-laguntzak lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira.

10.–Baremoa.

10.1. ISC ikerketa institutuari atxikitako laguntza:

a) Izangaiaren curriculumaren merezimenduak ISC institutuaren arloan balioestea (75 puntu).

1.–Journal Citation Report delakoan azken 5 urteetan indexatutako argitalpenak: Izangaiak aukeratutako 10 argitalpeni, gehienez ere, emango zaie puntuazioa. (D1:4 puntu, Q1: 2.5 puntu. Q2: 2 puntu. Gainerakoak: puntu 1). (40 puntu, gehienez ere).

2.–Lidergoa finantzaketa publikoa edo pribatua eduki duten ikerketa-proiektuetan. (15 puntu gehienez ere).

3.–Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 20 puntu) Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko kontuan hartuko dira: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta ondorengo eztabaida Batzordearekin (gehienez ere 25 puntu)

10.2. InaMat Ikerketa Institutuari atxikitako laguntza.

a) Izangaiak Institutuaren bi lerro bereki aktibo hauetan dituen curriculum merezimenduen balioespena (75 puntu):

–Keratinak: Hidrogeno-zubien dentsitate handiko polimeroen auto-mihiztatzea.

–Polioxometalatoak: Kluster metaliko fotoaktiboen mota berrien heterogeneizazioa.

1.–Journal Citation Report delakoan azken 5 urteetan indexatutako argitalpenak: Izangaiak aukeratutako 10 argitalpeni, gehienez ere, emango zaie puntuazioa. (D1:5 puntu, Q1: 3.5 puntu. Q2: 2 puntu. Gainerakoak: puntu 1). 50 puntu, gehienez ere.

2.–Parte-hartzea finantzaketa publikoa edo pribatua eduki duten ikerketa-proiektuetan. 10 puntu, gehienez ere.

3.–Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 15 puntu) Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna, bai eta doktoretza ondoko esperientzia ere. Hori balioesteko kontuan hartuko dira: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak, sariak eta doktoretza ondoko kontratuak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta ondorengo eztabaida Batzordearekin (gehienez ere 25 puntu)

10.3. INARBE ikerketa institutuari atxikitako laguntza:

a) Izangaiaren curriculumaren merezimenduak INARBE Institutuaren arloan balioestea (75 puntu).

1.–Journal Citation Report (JCR) delakoan indexatutako argitalpenak, bai eta Scimago Journal Ranking (SJR) delakoan ere, INARBEren arlo berekietan. (D1: 8 puntu, gehienez ere, Q1: 5 puntu, gehienez ere, Q2: 3,5 puntu, gehienez ere, Gainerakoak: 2 puntu, gehienez ere). Indexatu gabeko beste argitalpen batzuk: puntu 1, gehienez ere. 50 puntu, gehienez ere.

2.–Parte-hartzea finantzaketa publiko edo pribatua duten ikerketa proiektuetan, eta bereziki balioetsiko da ikertzaile nagusi izatea (10 puntu, gehienez ere).

3.–Beste merezimendu batzuk (15 puntu, gehienez ere). Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko kontuan hartuko dira: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, enpresen proiektuetako parte-hartzeak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta ondorengo eztabaida Batzordearekin (gehienez ere 25 puntu)

10.4. IS-FOOD ikerketa institutuari atxikitako laguntza.

a) Izangaiaren curriculumaren merezimenduak IS-FOOD Institutuaren arloan balioestea (75 puntu).

1.–Journal Citation Report delakoan azken 5 urteetan indexatutako argitalpenak: Izangaiak aukeratutako 10 argitalpeni, gehienez ere, emango zaie puntuazioa. (D1:5 puntu, Q1: 3.5 puntu. Q2: 2 puntu. Gainerakoak: puntu 1). 50 puntu, gehienez ere.

2.–Lidergoa finantzaketa publikoa edo pribatua eduki duten ikerketa-proiektuetan. 10 puntu, gehienez ere.

3.–Beste merezimendu batzuk (gehienez ere 15 puntu) Beste atal batzuetan sartzen ez diren Curriculumeko merezimenduak balioesteko balio duen beste edozein ekarpen balioetsiko da, batez ere izangaiak bere ikerketa lerroa garatzeko eta lidergoa eramateko gaitasuna. Hori balioesteko kontuan hartuko dira: ikerketa lanen eta tesien zuzendaritza, patenteak, nazioarteko jarduerak, edukitako karguak, argitaletxe-kontseiluetakoa izatea, nazioarteko batzordeetakoa izatea, aitortzak eta sariak.

b) Institutuaren ikerketa-lerroen araberako ikerketa proiektuaren azalpena eta defentsa, Batzorde baten aurrean, 30 minutuz gehienez ere, eta ondorengo eztabaida Batzordearekin (gehienez ere 25 puntu)

11.–Eskaeren aurkezpena.

a) Eskaera orri normalizatua, zeina helbide honetan baitago jaisteko:

http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak

Eskaera orria bete eta gero, izenpeturiko ale bat aurkeztu behar du eskatzaileak Erregistro Orokorrean, kasu bakoitzean eskatzen diren dokumentuekin batera. Izenpetzeak eta eskaera aurkezteak esan nahi du deialdi honetan ezartzen diren oinarriak onesten direla.

b) Curriculuma Ministerioak ezartzen duen formatuan, edo antzekoan. Curriculum horrekin batera adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztuko dira, inprimaki normalizatuan ezartzen den zerrendaren arabera zenbatua eta ordenatua. Agiriz egiaztatutako merezimenduak balioetsiko dira, bakarrik, merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea ez baita deialdiko betekizun baztertzailea. Eskatzaileak dokumentazio hori aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek balioetsiko, eta ez du eskatuko merezimendu horiek egiaztatzeko.

Egiaztatzeko eskumena beren arauetan ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek luzatzen dituzten agiriak ez dira kontuan hartuko.

c) Garatu beharreko ikerketa-proiektua.

d) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

e) Laguntza-deialdi honetan aurkeztu den tituluaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

f) Egindako egonaldiaren frogagiriak, datak ere adieraziz.

g) Deialdi honetako oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egongo, eta zirkunstantzia hori idatzita jasotzeko eskatu beharko dute idazki batean. Idazki horretan zein dokumentu den identifikatu behar dute eta zein datatan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.

h) Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza hauetako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

12.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Unibertsitateko bitarteko elektronikoen bidez zabalduko da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F1803266