52. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

269/2018 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez laguntzen deialdi bat onesten da, 2018. urterako, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 111/2016 Foru Aginduaren bidez (maiatzaren 11ko 165/2017 Foru Aginduak aldatu zuen), abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren.

Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi zuen, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.44606 (2016/XA) laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak diru-laguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa izanik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko deialdia onetsi nahi du 2018rako. Aipatutako erregelamenduaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laguntzak emateko deialdi bat onestea, 2018. urterako, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. 80.000 euroko gastua baimentzea, “Nahitaez hildako behiak ordezteko laguntzak” izeneko 710004 71320 7700 412203 partidaren edo Nafarroako Gastuen 2018ko Aurrekontu Orokorretan baliokidea izanen den partidaren kargura.

4. Deialdi honetan aplikatzekoak izanen dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren apirilaren 12ko 111/2016 Foru Aginduan aurreikusitako arauak; izan ere, horren bidez abeltzaintzako saneamendu kanpainetan hildako behi-aziendako taldeak berriz eratzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren (aipatutako foru agindua maiatzaren 11ko 165/2017 Foru Aginduaren bidez aldatu zen).

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

6. Diru-laguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko otsailaren 23an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1802866