52. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, gehienez 50.000 euroko aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia onesten duena (ARTEM -50K).

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du gehienez 50.000 euroko aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntzen 2018ko deialdia (ARTEM -50K) eta bere oinarri arautzaileak onestea, 200.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, baita gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gehienez 50.000 euroko aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako diru-laguntzak emateko 2018ko deialdia onestea (ARTEM -50K).

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Laguntzak emateko 200.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko Gastuen Aurrekontuko A20002-A2510-4816-334102 partidaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko otsailaren 22an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

GEHIENEZ 50.000 EUROKO AURREKONTUA DUTEN ARTE ESZENIKOETAKO ETA MUSIKAKO ARTE-PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO 2018KO DEIALDIAREN (ARTEM -50K) OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da elkarteen esparrutik egiten diren arte eszenikoetako eta musikako proiektuak egiteko laguntzak arautzea. Laguntzapeko proiektuek hedadura sozial eta inklusiboa izan beharko dute, Nafarroako kultur ondarea eta gizarte ehuna sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu beharko dute, eta populazio osoa aintzat hartu.

Deialdiaren helburua da erraztasunak ematea egiten den eskaintza artistikoa kalitatezkoa izan dadin, askotarikoa, diziplina artistikoei dagokienez, jarduera artistikoa inklusio faktore gisa baloratzen duena, alderdi sozialak kontuan hartzen dituena eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa aintzat hartzen duena.

1.2. Jarduerak 2017ko azaroaren 2tik 2018ko azaroaren 1era bitarte egin beharko dira.

1.3. Aurkezten diren proiektuen aurrekontua 50.000 eurokoa izanen da gehienez.

1.4. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea, estatutuetan daukana, bere xede eta helburuen artean, arte eszenikoekin eta musikalekin lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

–Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

–Nafarroako 2018ko aurrekontu orokorretan partida izenduna duten entitateak.

2.4. Ezin izanen dira onuradun izan 50.000 eurotik gorako aurrekontua duten arte eszenikoetako eta musikako arte-proiektuetarako 2018-2019 diru-laguntza deialdian onuradun gertatzen diren entitateak.

3.–Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (200.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Gainera, entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.4. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Enpresa profesionalaren beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua mantendu egin beharko da.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, deialdian ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko dira.

Berregindako proiektuek Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko dute, laguntza ematea proposatu aurretik.

3.5. Onuradunen batek laguntzari uko egiten badio edo, edozein arrazoirengatik, hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, diru-laguntza osagarri bat ematen ahalko zaie 8. oinarrian adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuei, lortutako puntuazioaren arabera. Horrelakoetan, 7.3 oinarriko 5. puntuan ezarritako hainbanaketa eginen da, betiere 3. oinarrian ezarritako diru-muga gainditu gabe. Hau da, jasotzen diren diru kopuruen batura ezin da izan 3.3 oinarrian ezarritako zenbatekoa baino handiagoa, ez eta 3.2 oinarrian ezarritako gehieneko ehunekoa baino handiagoa ere.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

Proiektuan honako hauek jasoko dira:

–Izena.

–Garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza: atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Proiektuaren aurrekontu osoa, non argi gelditu beharko baita entitateak proiektua aurrera eramateko dituen baliabide ekonomikoen (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideen (bazkideak, boluntarioak, kontratatutako langileak) eta baliabide materialen (azpiegiturak) arteko koherentzia.

Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

5.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, gehienez ere 30 foliotan idatzia; horren barrenean, zabalkunde planaren deskribapenak 6 folio hartuko ditu gehienez, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntza-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten arte talde eta entitateek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta diru-laguntzen oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten direnak.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta entitatekoak ez diren langile eta artista kontratatuen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak.

–Entitate onuraduneko langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, proiektuaren kostu osoaren %15eko mugarekin.

–Langile horien dieta, ostatu eta joan-etorrien gastuak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17koan, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola, espazioen, ekipoen eta bitarteko materialen alokairua, talde artistikoaren zerbitzu-sariak, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

–Sarien gastuak, sariketen proiektuen kasuan.

Entitate eskatzaileak berari lotutako pertsonak kontrata ditzake proiektua partez edo osoki gauzatzeko; kasu horretan, baldintza hauek bete behar ditu:

1. Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak baimena eman beharko du aldez aurretik.

3. Ez dute gaindituko proiektuaren kostu osoaren %15.

4. Kontzeptu honengatik lortzen den zenbatekoa berariaz agertuko da eskabidearekin batera aurkeztu beharreko memorian, II. eta III. eranskinetan.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua).

b) Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

Proiektu bakoitzean zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzaketenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

6.3. Proiektu bat egiteko baliabideak entitate batek baino gehiagok jartzen dituzten lankidetza proiektuetarako eskaeretan, bakoitzaren ekarpena desberdina bada ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, beharrezkoa izanen da berariaz agertzea, bai eskabidean, bai laguntza emateko ebazpenean, entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko diru-laguntza zatia, eta denak hartuko dira onuraduntzat. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, eta aski ahalmen emanen zaio elkartutako entitatearen betebeharrak bete ditzan. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta aipatutako foru legean ezarritako preskripzio epea iragan arte.

Gainera, laguntzaren eskatzaileak honako hauek jakinarazi beharko ditu berariaz:

a) Ekoizle bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

b) Edonola ere, eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Koprodukzioen kasuan, diru-laguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Informazio hori guztia II. eta III. eranskinetan zehaztu beharko da.

7.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta honako hauek izanen dira batzordekideak:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, eta, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua eta arte eta/edo ekonomia arloetako hiru aditu, horietako bat gutxienez Nafarroako Kultura Kontseiluko kide dela.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Batzordeko kideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte, baloratzeko.

2. Entitate eskatzaileek, hala nahi badute, ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez.

3. Orobat, batzordeak, edozein unetan, entitate eskatzaileetako baten agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

5. 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, betiere kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen badu, onuradunen artean hainbanatuko da, lortutako puntuazioaren arabera.

Horretarako, gutxienez 60 puntu lortu dituzten eskatzaile guztien puntuak batuko dira.

Erabilgarri dagoen kreditua zenbateko horrekin zatituko da, eta, hala, puntu baten balioa lortuko da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuekin biderkatuko da.

7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 60 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez; horietatik 30 puntu, gutxienez, “Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea” atalean lortu behar dira.

Zehaztasunik gabe betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea. (80 puntu gehienez).

1.1. Proiektuaren kalitate orokorra. (35 puntu gehienez).

–Proiektuaren izena.

–Azalpena (10 lerro, gehienez).

–Proiektuaren helburuak.

–Aurreikusitako onuradun kopurua eta haien ezaugarriak.

–Lortu nahi den emaitza ebaluatzeko adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak.

–Talde artistikoan, teknikoan eta kudeaketakoan arituko diren pertsonak.

1.2. Entitatearen ibilbidea: entitateak jardunean emandako urte osoen kopurua. (4 puntu gehienez).

–10 urtetik gora: 4 puntu.

–7 urtetik 10 urtera bitarte: 3,5 puntu.

–5 urtetik 7 urtera bitarte: 2,5 puntu.

–3 urtetik 5 urtera bitarte: 1,5 puntu.

–Urte 1etik 3 urtera bitarte: puntu bat.

1.3. Proiektuaren izaera asoziatiboa. (6 puntu gehienez).

–Entitatearen bazkide kopurua baloratuko da, bere jarduera eremua eta erreferentziako biztanleria kontuan hartuta. (3 puntu gehienez).

–Bazkideek, zaletu gisa eta ordainsaririk gabe, proiektuko jarduera artistikoetan duten parte-hartzea baloratuko da. (3 puntu gehienez).

1.4. Proiektua elkarlanean gauzatzea (proiektu komunitarioak, eragile batekin baino gehiagorekin). (6 puntu gehienez).

–Proiektuan parte hartzen duten entitateak elkartzearen ondorioz eratzen den ehun soziala baloratuko da. (3 puntu gehienez).

–Proiektuan parte hartzen duten entitateen zerrenda aurkeztea eta bakoitzak duen parte-hartzea zehaztea baloratuko da. (3 puntu gehienez).

1.5. Lurralde eremua (deszentralizazioa, Nafarroa osoan). (3 puntu gehienez).

–Proiektuaren toki mailako eragina (proiektuaren egoitza dagoen udalerrian) (puntu 1 gehienez).

–Eskualde mailako eragina (udalerrian eta inguruan). (2 puntu gehienez).

–Lurralde mailako eragina (Nafarroa osoan, bi eremutan gutxienez). (3 puntu gehienez).

1.6. Proiektuaren hedadura soziala. (5 puntu gehienez).

–Baloratuko da entitateak zehaztea eta justifikatzea zein diren jardueraren xedeko ikusle objektiboak. (2 puntu gehienez).

–Baloratuko da entitateak zailtasun fisiko eta psikosozialak dituzten ikusleengana iristeko egiten duen lan inklusiboa, honako hauek zehaztuta: ekintza zehatzak, xedeko ikusle mota eta espero diren ikusleak. (3 puntu gehienez).

1.7. Entitatearen prestakuntza, hezkuntza eta bitartekaritza ekintzak. (6 puntu gehienez).

–Baloratuko da prestakuntza, hezkuntza eta/edo bitartekaritza ekintzak proposatzea entitatearen jarduera osatzeko asmoz. (2 puntu gehienez).

–Baloratuko da horrelako ekintzak proposatzea entitateko bazkideentzat. (2 puntu gehienez).

–Baloratuko da horrelako ekintzak proposatzea jende guztiarentzat. (2 puntu gehienez).

1.8. Ekintza berritzaileak. (5 puntu gehienez).

–Baloratuko da artearen esparruan berritzaileak diren ekintzak gauzatzea. (3 puntu gehienez).

–Baloratuko da beste esparru batzuetan (komunikazioa, produkzioa, kudeaketa...) berritzaileak diren ekintzak gauzatzea. (2 puntu gehienez).

1.9. Nafarroako kultura zabaltzea bere egileak sustatuz. (5 puntu gehienez).

1.10. Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean. (5 puntu gehienez).

2. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (20 puntu gehienez).

2.1. Proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta, eskatutako diru-laguntzaren portzentajea. (5 puntu gehienez).

–%30era arte: 5 puntu.

–%30 baino gehiago eta %40 arte: 4 puntu.

–%40tik gora %45 arte: 3 puntu.

–%45etik gora %50 arte: 2,5 puntu.

–%50etik gora %55 arte: 2 puntu.

–%55etik gora %60 arte: 1,5 puntu.

–%60tik gora %65 arte: 1 puntu.

–%65etik gora %70 arte: 0,5 puntu.

2.2. Bermatutako edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta. (5 puntu gehienez).

Hurrengo agiriren bat aurkeztuz frogatuko da hori: baliabide propioak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuak eta sinatuak), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiriak (betiere, diru-laguntza emanez gero).

–%41etik gora: 5 puntu.

–%31tik gora %41 arte: 4 puntu.

–%21etik gora %31 arte: 3 puntu.

–%11tik gora %21 arte: 2 puntu.

–%11 arte: 1 puntu.

2.3. Diru-sarreren eta gastuen arteko koherentzia. (5 puntu gehienez).

2.4. Proiektuaren zabalkundea: Komunikazio, marketin eta publizitate plana (5 puntu gehienez).

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Gainera, eskabidean adierazitako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki-oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, difusion@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 848.424743 telefonoaren bidez.

10.–Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babesletza-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, bereziki, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, ziurtagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak; izan ere, foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

11.1. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso dutela.

11.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Finantzatzen du, Laguntzen du:...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartuko da Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri emanen da Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

11.11. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta beste hedabide batzuetan zabal dadin.

11.12. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memoria jasotakoarekin alderatuta.

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori eskabidearekin batera aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori eskabidearekin batera aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, eta diru-laguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik jaso behar dituela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoeraren balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko eta kobratzeko dituen diru-kopuruen zerrenda, hilabetez hilabete aurkeztua).

13.–Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, diru-laguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2018ko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne:

–12.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa.

–Proiektuaren bukaerako memoria.

–Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

–Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek frogagiriak hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita, betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak). Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza eman zaiela jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

13.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren frogagiriak badituzte, betiere.

13.5. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak justifikazio-kontu horien gaineko berrikuspen txostenak egiten ahalko ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez.

Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

I. Txosten horien kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eginen du.

II. Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen da, IV. eranskinean agertzen den eredua erabiliz. Agindu horren bidez onetsi zen kontuen auditoreek diru-laguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa araua.

14.–Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Nafarroako Gobernuak proiektu bererako ematen duen beste edozein diru-laguntzarekin.

14.2. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

18.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria (PDFa).

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa (Excela).

IV. ERANSKINA

Justifikazio-kontua berrikusi eta egiaztatzeko txostenaren eredua, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egin beharrekoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1802700