51. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SENOSIAIN

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Senosiaingo Kontzejuak, 2017ko urriaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

2017ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Senosiainen, 2018ko urtarrilaren 26an.–Kontzejuko burua, Juan Bautista Zabalo Amezqueta.

ORDENANTZA, SENOSIAINGO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Senosiaingo Kontzejuaren mugarteko herri-lurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herri-ondasunak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, 280/1990 Foru Dekretuak onartutako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Senosiaingo Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Senosiaingo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izango baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Senosiaingo Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Senosiaingo Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra egingo dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Senosiaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarri bezala.

11. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu egingo ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izango da, legez zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Senosiaingo Kontzejuan eta Olloko Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

e) Aziendak Senosiaingo katastroan izena emanda edukitzea, urtebete lehenagotik, salbu eta, urtebeteko antzinatasuna izan gabe ere, abeltzainaren azienda familia unitatetik heldu denean, eta hartan lan egin izan duenean.

f) Kontzejuak, berez, herri-lurretako aprobetxamendua egin ahalko du, betiere aurreko baldintzak betetzen baditu.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Senosiaingo Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak

16. artikulua. Senosiaingo Kontzejuaren herri-lurretako larreen aprobetxamendua modu hauetako batean egingo da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

17. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipena.

1. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izango dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak, Nafarroako Gobernuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenak.

2. Herri-larreak esleitzerakoan irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren famili unitateei emango die lehentasuna.

Familia unitateen maila ekonomikoa ezartzeko, honako irizpide objektiboak hartuko dira kontuan: familia unitate bakoitzeko diru-sarrera gutxien dutenak, jabetzan edo beste modu batean antzeko lursailik ez edukitzea edo herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez edukitzea.

Aurreko lerroaldean aipatu irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, errenta aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergagarria, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatik tokiko zerga oinarria, eta gisako izaera duen beste edozein.

18. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

19. artikulua. Esleipena 8 urterako izango da. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, zortzi eta hamabost urte bitarteko eperako.

Aurreko zenbakian ezarri denagatik ere, Senosiaingo Kontzejuak herri-larretako azaleraren bosten bat gorde dezake, gehienez ere, urteko adjudikaziorako, onuradun berririk agertzen ote den.

20. artikulua. Kontuan harturik jasan daitekeen abelburu kopurua, larreen kopurua eta kalitatea eta haien eskuragarritasuna, Kontzejuaren osoko bilkurak abelburuko kanona ezarriko du merkatuko prezioaren arabera. Betiere, bai abelburuko kanona, espezien araberakoa, bai adjudikazio prezioa ez dira larreen balio errealaren %80 baino txikiagoak izango, ezta haren %90 baino handiagoak ere.

21. artikulua. Adjudikazioaren prezioa lehen urtetik aurrera igoko da; horretarako, bizitza kostuaren igoera, onetsitako indize ofizialen araberakoa, gehituko zaio.

22. artikulua. Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo adjudikazioaren zenbatekoa, abenduaren 20a baino lehen.

23. artikulua. Onuradunak urteko prezioaren %10 jarri beharko du fidantza gisa, 10 eguneko epean adjudikazio egunetik hasita.

24. artikulua. Larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta aplikatzen den gainerako araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

Adjudikatzeko prozedura

25. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

26. artikulua. Eskaerei honako hauen gaineko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Senosiaingo biztanlea izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Kontzeju honekiko eta Ollarango Udalarekiko zerga beharkizunak beteak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztu beharko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Senosiaingo mugartean bai beste batzuetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako aberastasunaren zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan.

h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, baita Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentak ere.

i) Abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria.

j) Ordenantza honen 24. artikuluan aipatu osasun ziurtagiria.

k) Erabili nahi diren eremuen zerrenda ordenatua.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Senosiaingo Kontzejuak ahalmena izango du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, ordenantza honen 17. artikuluan zehazten den bezala.

27. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak, osoko bilkuran bildurik, herritarren arteko adjudikazio modu bakoitzean onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izango da. Lehentasuna emango zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

28. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

29. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Senosiaingo Kontzejuak horien gaineko ebazpena emango du, eta herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

30. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez; orobat, Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

31. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Senosiaingo Kontzejuak etxerako egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

32. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten egingo da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 163. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoa bete beharko da.

33. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira eta ezin izango dira saldu.

34. artikulua. Egurra banatzerakoan, Senosiaingo Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta, beraz, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emango die.

35. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu diren familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Senosiaingo Kontzejuak irizpide objektiboen arabera jokatuko du, ordenantza honen 17. artikuluan jasotzen denari jarraituz, non ez dagoen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 165. artikuluan aurreikusitakoaren aurka, horrexek baitu lehentasuna.

36. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

37. artikulua. Epaitzak hartutzat ematen dira:

a) Markaketa eremutik baztertuta daudenean.

b) Zatitu eta metatuta daudenean.

c) Ezin dira hondar horiek metatu bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira landazainek agindutako jarraibideak.

d) Loteak gehienez ere urtebetez uzten ahal dira mendian, zatituta eta metatuta.

e) Loteak ateratzean alanbre-hesiak hondatuz gero, konpondu egin beharko dira.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

38. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

39. artikulua. Senosiaingo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera egingo da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

40. artikulua.

1. Senosiaingo Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake lurretako aprobetxamenduen adjudikazioak honako xedea duenean:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Kontzejuak, Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izango dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

41. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua. Oro har, arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

f) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

g) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

43. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izango dituzte:

Arau-hausteek berekin ekarriko dute ondokoa: adjudikazioa galtzea, ezarritako fidantza galtzea (halakorik ezarri bazen), Senosiaingo Kontzejuak zehazten duen kalteordaina, kaltea konpondu nahiz lehengoratzeko behar den kopurua kontuan izanik, eta 750 euroko zehapena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Senosiainen, 2018ko urtarrilaren 26an.–Kontzejuko burua, Juan Bautista Zabalo Amezqueta.

Iragarkiaren kodea: L1801470