50. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Ordenantza, Kultur eta kirol xedeetarako diru-laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Andosillako Udalak, 2017ko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kultur eta kirol xedeetarako diru-laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, 2017ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 26an, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegazio, kexa edo oharrik egin gabe iragan denez, ordenantza behin betiko onetsi, eta testua osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Andosillan, 2018ko otsailaren 8an.–Alkate udalburua, José Manuel Terés Azcona.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Andosillako udalerrian diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta auzo eta entitateei laguntza hauek baldintza berberetan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

2. artikulua. Diru-laguntza da zuzeneko edo zeharkako edozein laguntza, ekonomikoki baloratzen dena, Udalaren konturakoa eta berak ematen duena.

3. artikulua. Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1. Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira.

2. Ezin izanen da aurrekaritzat hartu.

3. Diru-laguntza, aplikatzen zaion jardueraren kostuaren %25-%100 artekoa izanen da, kasuan kasu.

4. Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berritzerik.

4. artikulua. Baliorik ez dute izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. artikulua. Hona hemen diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:

Irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteak, egoitza soziala Andosillako udalerrian badute.

Andosillan bizi diren pertsona fisikoak, talde baten ordezkari partikular gisa, berariazko eta irabazi-asmorik gabeko ekimenetarako.

III. KAPITULUA

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak

6. artikulua. Diruz laguntzen ahal dira eskaeraren urtean udalerriaren lurralde-eremuan egiten diren jarduera programatuak, baldin eta kirol, kultura, gazteria edo aurreko artikuluan jasotako entitateen helburu soziala lortzeko bestelako arloetakoak badira.

7. artikulua. Ezin izanen dira diruz lagundu honako hauek:

Udalerriaren lurralde-eremutik kanpo egiten diren jarduerak, joan-etorriak izan ezik.

Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde batzuek %100 diruz lagundutako jarduerak.

Lokalak eta instalazioak egokitzeko edo kontserbatzeko obrak edo eraikinetan egiten den beste edozein esku hartzea.

Funtzionamendurako gastuak: zergak, tributuak, erantzukizun zibileko aseguruak, hornidurak, telekomunikazioak, aholkularitzak, bulegoko material suntsigarria eta kudeaketarako bestelako administrazio-gastuak.

Ondasun higigarri nahiz higiezinak erostea, bai eta edozein motatako ekipamendua erostea ere.

Festak, ospakizunak, afariak, bazkariak etab. egitea, elkartearen zuzendaritza edo batzarrera mugatuak badaude, bai eta opariak egitea ere.

8. artikulua. Kirol arloan, honakoak dira diruz lagungarriak:

Kirol materiala erostea.

Kirol ekipamendua erostea.

Lehiaketetan parte hartzeko joan-etorriak.

Osasun gastuak: farmaziako gaiak.

Kirol inskripzioak eta fitxak.

Entrenatzaileak eta arbitrajeak.

9. artikulua. Kultura eta gazteriaren arloan, honakoak dira diruz lagungarriak:

Zabalkundeko hitzaldiak.

Prestakuntza ikastaroak.

Kontzertuak eta emanaldiak.

Antzerki eta musika antzezpenak.

Haurrendako jarduerak: zezentxoak, magia, ipuin kontalariak, puzgarriak...

Animatzeko jaiak, betiere jende guztiari zuzenduta baldin badaude, eta ez bazkideei bakarrik.

Kamisetak, zapiak eta bestelako produktu korporatiboak erostea.

Udalerritik kanpo bisita kulturalak egiteko joan-etorriak.

10. artikulua. Elkarte onuradunaren helburu soziala dela eta, ez bada udalerriko beste elkarteekin norgehiagokako lehiarik, Andosillako Udalak diru-laguntza zuzena emanen du, dagokion hitzarmenean arautuko baita. Hitzarmenean honako hauek jasoko dira: diruz lagungarri diren jarduerak, eskatu beharreko baldintzak, frogagiriak eta aurkezteko epeak.

11. artikulua. Zenbait elkarteren arteko norgehiagokako lehia dagoenean, Udalak deialdia onetsiko du eta haren oinarriak argitaratuko ditu. Kasu horietan diru-laguntzaren onuradun izateko, interesdunek eskabidea eta oinarrietan datozen gainontzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

IV. KAPITULUA

Onuradunek bete beharrekoak

12. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak diru-laguntza onartzen zaien urteko abenduaren 31 baino lehen eginak izan beharko dira.

13. artikulua. Emandako diru-laguntza guztiek baldintza bat dute: dokumentazioan eta inprimatutako propagandan agertzea “Laguntzailea: Andosillako Udala” esapidea letra nabarmenetan eta horren ondoan logo ofiziala.

14. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa zertarako eman zen, horretan bakarrik erabili ahalko da. Bestela, onuradunek itzuli egin beharko dute.

15. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak ezagutzea eta onartzea.

16. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekar dezake.

V. KAPITULUA

Justifikazioa

17. artikulua. Deialdien oinarrietan edo hitzarmenetan, kasuan kasu, zehaztuko dira gastuen frogagiriak aurkezteko epeak. Betiere, honako hauek aurkeztu beharko dira:

Fakturak, behar bezala formalizatuak.

Langileei ordaintzen bazaie: nominak edo hartu-agiriak, dagokien PFEZeko atxikipena barne.

Ordainketen frogagiriak, bai eta Foru Ogasunean egindako atxikipenen diru-sarrerena ere.

Jarduerak sorrarazitako agiri inprimatu guztien ale bat edo egindako jardueraren memoria.

18. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

Diru-laguntza eman den urteko data izatea, eta ekintza puntuala bada, ekintza horren egunekoa izatea.

Fakturaren hartzailearen eta igorlearen NANa edo IFZa izatea.

Zenbakituak egotea.

19. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera egiaztatzen ez diren zenbatekoak Andosillako Udalari itzuli beharko zaizkio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoa aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Digu-laguntzak ematea arautzen duen Andosillako Udalaren ordenantza, 2013ko azaroaren 28ko osoko bilkura arruntean onetsi, eta 2014ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, otsailaren 14an.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek, 19 artikulu, xedapen gehigarri bat eta xedapen indargabetzaile bat baititu, indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitako epea iraganik, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L1801938