5. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43E/2017 FORU AGINDUA, azaroaren 22koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek Euskararen Nafar Kontseiluan parte hartzeko prozedura ezartzen duena.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren III. titulua Euskararen Nafar Kontseiluari buruzkoa da. Euskararen Nafar Kontseilua Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartze organoa eta Nafarroako Gobernuari aholkuak eta proposamenak egiten dizkio euskararen plangintzaren eta sustapenaren arloetan.

Ondoren, irailaren 6ko 78/2017 Foru Dekretuak aipaturiko III. titulua aldatu du, izan ere, Nafarroako Gobernuak hautua egin du gardenago izateko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko politika publikoen diseinuan, inplementazioan eta ebaluazioan, horrela, administratzeko modua irekiagoa eta partizipatiboagoa izan dadin, eta hurbilagoa, sektore eta kolektiboen premia eta arazoei dagokienez.

26. artikuluak zehazten ditu osaera, izendapena eta kargua uzteko arrazoiak. Artikulu horrek zehazten du zein izanen diren Euskararen Nafar Kontseiluko ordezkariak. Besteak beste, horietako 7, estatutuetan euskara sustatzea xede duten kultura elkarteen edo gizarte ekimeneko entitateen proposamenez izendaturikoak.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Onestea kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek Euskararen Nafar Kontseiluan parte hartzeko prozedura, I. eranskinean datorrena.

2. Foru agindu hau igortzea Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, bidezko ondorioak izan ditzan.

3. Agintzea Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4. Foru Agindu honen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2017ko azaroaren 22an. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek Euskararen Nafar Kontseiluan parte hartzeko prozedura

1.–Parte-hartzaileak.

Xedeetako bat euskara sustatzea duten eta estatutuetan hala adierazia duten kultura elkarte edo gizarte ekimeneko entitate orok parte hartzen ahalko dute Euskararen Nafar Kontseiluan. Salbuespena izanen dira Kontseiluan jada ordezkaritza izenduna duten elkarte eta entitateak.

Ordezkaritza proposatu nahi duten elkarte edo entitate guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan behar bezala inskribaturik egon beharko dute edo entitateko estatutuen notario-eskritura izan beharko dute.

Ordezkaritzen proposamena emakume eta gizonen arteko presentzia orekatuaren printzipioari jarraikiz egin beharko da, salbu eta tartean arrazoi funtsatu eta objektiboak badaude, 78/2017 Foru Dekretuak jasotzen duen gisan.

2.–Eskabideak noiz aurkeztu.

Elkarte eta/edo entitate interesdunek instantzia bakar bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean, adieraziz, interesa dutela Euskararen Nafar Kontseiluan parte hartzeko, II. eranskinean datorren ereduarekin bat.

Eskabidean izendapen proposamen bat eginen da. Kontseiluko ordezkaritzarako hautagai proposatuko dena eta ordezkoa entitate horretako kide izan beharko dira.

Proposaturiko pertsonaren eta ordezkoaren NANaren fotokopia aurkeztuko dira, Horrekin batera, baita Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan behar bezala inskribaturiko estatutuen kopia ere. Fundazioen kasuan, sorrera eta funtzionamendu estatutuak jasotzen dituen dokumentua aurkeztuko da.

3.–Hautaketa sistema.

Behin elkarte edo entitateek aurkeztu dutenean hautagaitza, zozketa eginen da hautagaitzen artean.

Zozketa jendaurreko ekitaldian eginen da eta elkarte edo entitate eskatzaileen Gaitutako Helbide Elektronikora igorritako mezu bidez jakinaraziko da noiz eginen den, gutxienez zozketa egin baino bi egun baliodun lehenago.

Ez badago aski hautagaitza zazpi ordezkaritzak osatzeko, zuzenean izendatuko dira aurkezturikoak. Gainerakoak hutsik gelditu dira, indarraldi guztirako.

4.–Izendapena eta indarraldia.

Nafarroako Gobernuak kultura elkarteen eta/edo gizarte ekimeneko entitateen ordezkari arituko diren kideak izendatuko ditu, haiek aurkezturiko hautagaien artetik eta behar den zozketan ateratako hurrenkeraren arabera.

Izendapenak gehienez ere lau urteko indarraldia izanen du eta behin aldi hori bukatuta berriz ere hasiko da parte-hartze prozedura.

Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, ordezten duen kidearen kargualdia bukatu arte arituko da titular berria.

II. ERANSKINA

Erantzukizuneko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1714018