5. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

256E/2017 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, batez ere langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntza publikoen deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzen dituena eta 2018rako deialdia onesten duena.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak biltzen ditu, lanbide prestakuntzaren ekimenen barrenean, kontratazio konpromisoa duten prestakuntza programak, langabeei zuzendutakoak (8.1.c artikulua) eta xedatzen du haiek finantzatzeko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emanen direla.

Irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzeko onetsi berri den uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak 28. artikuluan adierazten du administrazio publiko eskudunak norgehiagokako araubidean emandako diru-laguntzen bidez finantzatzen ahalko direla kontratazio konpromisoa duten prestakuntza programak.

Langabeak kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak emateko diru-laguntzak kudeatutako diru-laguntzak dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio haiek arautzea, bere osoan edo oinarrian, eta kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei, osoki zein partzialki.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 4an emandako 49E/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan batez ere langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntza publikoen deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi dira.

Lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua onetsi ondoren, beharrezkoa da deialdi horren oinarri arautzaileak aldatzea, arau horretara egokitze aldera.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Batez ere langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntza publikoen deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea, honela:

–2.3 oinarria kendu, eta 2.4 oinarria 2.3 bihurtuko da.

–3.1 oinarriko lehenbiziko paragrafoa honela geldituko da:

“Honako hauek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak: enpresak, enpresa elkarteak edo bestelako entitateak, prestakuntza jasotzen duten langileak kontratatzeko konpromisoa (ebazpen honetan ezarria) hartzen badute. Halaber, diru-laguntza horien onuradun izaten ahalko dira 30/2015 Legearen 15. artikuluan akreditatuta eta/edo inskribatuta dauden prestakuntza entitateak; kasu horretan, kontratatzeko konpromisoa beren gain hartzen ahalko dute, kontratazioa gauzatuko duten beste enpresa batzuekiko akordio edo hitzarmenen bidez. Nolanahi ere, prestakuntza entitate onuradunak hartuko du bere gain prestakuntza jarduera diruz lagundua gauzatzeko nahiz kontratatzeko konpromisoa betetzeko ardura.

Aipatutako enpresa, elkarte eta entitate guztiak Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta egon behar dira. Kontratatzeko konpromisoa duten prestakuntza ekintzak entitate onuradunek beraiek ematen badituzte, behar den ekipamendua eduki beharko dute.”

–4. oinarria honela geldituko da:

“4.1. Entitate onuraduna behartua egonen da, bere kabuz, bere kideen edo bazkideen bidez edo berarekin akordioak edo hitzarmenak ezartzen dituzten enpresen bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatutako prestakuntza jaso eta bukatzen duten pertsonen %40 gutxienez kontratatzera. Baldintza hori betetzat joko da, orobat, baldin eta, kontratazioaren ordez, parte-hartzaileak sartzen badira kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide langile gisa edo laneko bazkide gisa.

4.2. Kontratazioa prestakuntzaren bigarren egunetik aurrera egin daiteke, eta sei hilabeteko epean egin beharko da, kasuko prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzen ahalko du, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.

4.3. Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Nolanahi ere, gutxienez sei hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo bederatzi hilabetekoak, lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.

4.4. Kontratatzeko konpromisoa ez bada betetzen, hurrengo deialdietako baremoan zigorrak jar daitezke.”

–5.4 oinarria honela geldituko da:

“Presentziazko prestakuntza ekintzak taldeka antolatu beharko dira, eta horietako bakoitzean 30 parte-hartzaile izanen dira gehienez. Profesionaltasun ziurtagiriei lotutako prestakuntzan, 25 parte-hartzaile egonen dira gehienez ere”.

–8.5 oinarria honela geldituko da:

“Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia argitaratzen denetik hasita. Aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk bada, eskaerak aurkezteko beste epe batzuk irekiko dira martxoan, ekainean eta abuztuan. Kasuan-kasuan erabilgarri dagoen aurrekontua epe bakoitza ireki aurretik argitaratuko da Nafarroako web-atarian laguntzari buruz dagoen fitxan eta aurreko faseko laguntzak emateko ebazpenean”.

–10. oinarria honela geldituko da:

“a) 2 puntu formalizatzen den lan kontratu bakoitzagatik.

b) 2 puntu talde hauetako pertsonekin formalizatzen den lan kontratu bakoitzagatik: gizarteratze-errenta edo errenta bermatua jasotzen duten pertsonak, gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen duten pertsonak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak edo iraupen luzeko langabeak diren 30 urtetik gorakoak (gutxienez 12 hilabetez langabezian azken 18 hilabetean).

c) 2 puntu formalizatzen den lan kontratu mugagabe bakoitzagatik.

d) Puntu bat formalizatu behar den lan kontratua sei hilabetetik gorakoa denean edo bederatzi hilabetetik gorakoa lanaldi partzialean, eguneko gutxieneko %50eko lanaldia duela.

Entitate eskatzaileak diru-laguntza eskuratu badu aurreko deialdian eta ez badu kontratatzeko konpromisoa bete, lortutako puntuazio osoa honako mailaketa honen arabera kalkulatzen den ehunekoan murriztuko da:

  • %10era arteko ez-betetzea: ez dago zigorrik.
  • %10etik gora eta %50era arteko ez-betetzea: %20era arteko zigorra, baremoaren puntu guztiak kontuan hartuta.
  • %50etik gora eta %100era arteko ez-betetzea: %40ra arteko zigorra, baremoaren puntu guztiak kontuan hartuta.”

–13.1 oinarriko d) apartatua honela geldituko da:

“Deialdi honen babesean kontratatutako langilea mugagabe mantentzea enpleguan edo, nolanahi ere, gutxienez sei hilabetez, lanaldi osoko lan kontratua sinatzen denetik, edo, lanaldi partziala badu, bederatzi hilabetez, eguneko lanaldia %50ekoa izanik gutxienez ere. Edozein arrazoi dela-eta langileak enpresa uzten badu, bere ordez diruz lagundutako prestakuntza jaso duen beste parte-hartzaile bat kontratatu beharko du onuradunak 15 egun naturaleko epean, dagokion enplegu agentziaren bidez. Paragrafo honetan xedatutakoa betetzen ez bada, 19. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.”

–13.2.4 oinarria erantsi, eta honela geldituko da:

“Onuradunak gardentasunari buruzko betebeharrak bete ezean, emandako diru-laguntza ez zaio ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz”.

–17. artikuluko a) apartatua honela geldituko da:

“Gutxienez zenbat parte-hartzaile kontratatu behar diren ezarriko da, honela kalkulatuta: prestakuntza ekintza bukatu dutenen %40. Emaitza hori gora biribilduko da, osoko zenbakitan emateko.”

–19.2.b) artikuluko 3. apartatua honela geldituko da:

“4.1 eta 13.1.d) oinarrietan aipatutako konpromisoa betetzen ez bada, proportzionaltasun irizpidea aplikatuz murriztuko da diru-laguntza, kontuan hartuz kontratazioaren %40ri likidatu beharreko zenbatekoaren %100 dagokiola, ez badira gertatzen hura betetzea galarazten duten arrazoiak edo inguruabarrak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartuak. Ez-betetzea zehazteko ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko kontratudunen borondatezko bajak.”

2. Diru-laguntza publikoak emateko deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan batez ere langabeak 2018an kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

3. 400.000 euroko gastua baimentzea, 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen edo beste partida baliokide baten kargura: “Enplegu konpromisoa duten eta hainbat taldetarako diren prestakuntza ekintzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4709 242104 partida. Betiere aurrekontuan diru erabilgarririk badago.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko abenduaren 15ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1714684