5. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

252E/2017 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, ETE-ei buruzko prestakuntzarako diru-laguntzen oinarri arautzaileak aldatzen dituena eta 2018rako deialdia onesten duena.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak biltzen ditu, enplegurako lanbide prestakuntzaren ekimenen barrenean, enpresek programatutako prestakuntza, langabeei zuzendua (8.1.a artikulua) eta xedatzen du haiek finantzatzeko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emanen direla.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 13an emandako 89E/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean ETE enpresek egindako prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi dira.

Aipatutako diru-laguntzak kudeatutako diru-laguntzak dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio haiek arautzea, bere osoan edo oinarrian, eta kudeatzea, berriz, beste administrazio publiko batzuei, osoki zein partzialki. Halaber, Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua onetsi ondoren, beharrezkoa da ETE-ei buruzko prestakuntzarako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea, arau horretara egokitze aldera.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. ETE enpresek egiten dituzten prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak aldatzea, honela:

–2.3 oinarria kendu, eta 2.4 oinarria 2.3 bihurtuko da.

–2.5 oinarria 2.4 bihurtuko da.

–4.2 oinarria honela geldituko da:

“Profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratutako prestakuntza egiaztatzeko, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7.1 artikulua, Profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua eta gainerako araudia.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotutako prestakuntza ekintzak antolatuz gero, kasuan kasuko espezialitateari dagokion prestakuntza programan ezarritakoarekin bat garatuko dira.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren fitxategiko espezialitateekin lotu gabeko prestakuntza ekintzetarako, entitate onuradunak dagokion prestakuntza programa ezarri beharko du.”

–6.4 artikuluko f) apartatua honela geldituko da:

“f) Langileen ordezkariek egindako txostena, prestakuntza ekintzei buruzko iritziak biltzen dituena, edo, halakorik ez bada, hura ez izatea justifikatuko duena. Hori dena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 9.2 artikuluan eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoaren ondorioz.”

–6.5. oinarria honela geldituko da:

“Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk bada, eskaerak aurkezteko beste epe batzuk irekiko dira martxoan, ekainean eta abuztuan. Erabilgarri dagoen aurrekontua epe bakoitza ireki aurretik argitaratuko da Nafarroako web-atarian laguntzari buruz dagoen fitxan eta aurreko faseko laguntzak emateko ebazpenean.”

–11.2.4 oinarria erantsi, eta honela geldituko da:

“Onuradunak gardentasunari buruzko betebeharrak bete ezean, emandako diru-laguntza ez zaio ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.”

2. Diru-laguntza publikoen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ETE enpresek (enpresa txiki eta ertainak) egindako prestakuntza ekintzak finantzatzeko 2018rako.

3. 150.000 euroko gastua baimentzea, 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Laguntzak, langileen enplegurako prestakuntza ekintzetarako. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002/96200/4709/242102 partidaren kargura. Betiere aurrekontu-izendapenik badago.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko abenduaren 15ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1714685