5. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

3039/2017 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, nekazaritza jardueretako ofizialen lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena; bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat nekazaritza jardueretako ofizialen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestetik, beste zerrenda bat aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritza jardueretako ofizialen lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gerora Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik.

2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN NEKAZARITZA JARDUERETAKO OFIZIAL GISA ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiko

OINARRIAK

Lehenengoa.

Deialdia egiten da nekazaritza jardueretako ofizialen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hauetako tituluren bat edo baliokidetzat hartutako beste tituluren bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea:

–Nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa eta antolaketako goi mailako teknikaria.

–Natura eta paisaia baliabideen kudeaketa eta antolaketako goi mailako teknikaria.

–Paisajismoko eta landa inguruneko goi mailako teknikaria.

–Basoaren eta natur ingurunearen kudeaketako goi mailako teknikaria.

–Abeltzaintzako eta abere-osasunari laguntzeko goi mailako teknikaria.

Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

e) B motako gidabaimena izatea.

f) Nekazaritza jardueretako ofizial gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskabideaz beste agiririk ez da aurkeztu behar, izan ere, bigarren oinarriko 2.1.d) eta e) atalean eskatzen diren baldintzak deitzen zaien unean frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau amankomunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau amankomunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, NEKAZARITZA JARDUERETAKO OFIZIAL GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiko

OINARRIAK

Lehenengoa.

Deialdia egiten da nekazaritza jardueretako ofizialen lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hauetako tituluren bat edo baliokidetzat hartutako besteren bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea:

–Nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa eta antolaketako goi mailako teknikaria.

–Natura eta paisaia baliabideen kudeaketa eta antolaketako goi mailako teknikaria.

–Paisajismoko eta landa inguruneko goi mailako teknikaria.

–Basoaren eta natur ingurunearen kudeaketako goi mailako teknikaria.

–Abeltzaintzako eta abere-osasunari laguntzeko goi mailako teknikaria.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) B motako gidabaimena izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1 c) eta d) ataletan eskatzen diren betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua izan; dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau amankomunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau amankomunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU AMANKOMUNAK

Lehena.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabiltzen ahalko da.

Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak onetsi den deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.eus).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautapen proba egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Pablo María Díez Huguet jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: María Teresa Marquínez Ruíz de Gaona andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nezaritza Zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Epaimahaikidea: José Antonio Sueiro Tejada jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Ordezko epaimahaikidea: Myriam Arrastia Martínez andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Epaimahaikidea: Miguel Minondo Verdú andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Ordezko epaimahaikidea: Javier Iturritza Fernández de Landa jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Epaimahaikidea: Manuel Esteban Asurmendi jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Gorka Labat Ibarrola jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Luis Jiménez Buñuales jauna, administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikia.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Francisco Javier Lizarbe Chocarro jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaproba hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 50 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.

5.2. Probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus):

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Nekazaritza jardueretako ofizialen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda eta deiak egitea.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.nafarroa.eus).

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honetako oinarriak, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Deia jasotzen duten izangaiek deialdian eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa eta antolaketako goi mailako teknikari tituluaren, Natura eta paisaia baliabideen kudeaketa eta antolaketako goi mailako teknikari tituluaren, Paisajismoko eta Landa Inguruneko goi mailako teknikari tituluaren, Basoaren eta natur ingurunearen kudeaketako goi mailako teknikari tituluaren edo Abeltzaintzako eta abere-osasunari laguntzeko goi mailako teknikari tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo horietako baten baliokidetzat hartutako beste titulu batena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria. Horrez gain, B motako gidabaimenaren fotokopia aurkeztu beharko dute, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, salbu kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2017ko abenduaren 17an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (214/2015 Foru Agindua, irailaren 28koa), Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendaria, María Pilar Goñi Muro.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Atariko titulua (Xedapen orokorrak), I. titulua (prozeduran interesdun direnak), II. titulua (Administrazio Publikoen jarduera), III. titulua (administrazio egintzak).

2. gaia.–110/2015 Foru Agindua, martxoaren 20koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, baldintzazkotasun arauak ezartzen dituena, eta foru agindu horren aldaketak.

3. gaia.–359/2010 Foru Agindua, uztailaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzan arazketako lohiak erabiltzeko arauak ematen dituena.

4. gaia.–150/2002 Legintzako Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena.

5. gaia.–1311/2012 Errege Dekretua, irailaren 14koa, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduketa-esparrua ezartzen duena.

6. gaia.–4/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Landare Osasunari buruzkoa.

7. gaia.–58/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, landareentzako edo landarekientzako kaltegarriak diren organismoak Espainian eta Europar Batasunean sartzea eta beste estatu batzuetara esportatu edo haietan hedatzea eragozteko neurriak hartzen dituena (eranskinak kenduta).

8. gaia.–Nafarroan dauden berrogeialdipeko organismo kaltegarri nagusiak: Erwinia amylovora, Tomato spotted wilt virus, Xylella fastidiosa, Tecia solanivora, Epitrix papa. Biologia, sintomak, espezie ostalariak.

9. gaia.–1986ko maiatzaren 23ko Agindua, Mintegiko Haziak eta Landareak Kontrolatu eta Ziurtatzeko Erregelamendu Tekniko Orokorra onesten duena (eranskinak kenduta).

10. gaia.–11/2000 Foru Legea, azaroaren 16koa, Abereen Osasunari buruzkoa.

Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Eskabidea –prestakuntzarako zerbitzu berezietarako– (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik).

III. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1714932