5. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

124/2017 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa, “Frantzisko Xabierkoa” saria Pedro Iturralde Ochoa jaunari ematen diona.

Nafarroako Gobernuak “Frantzisko Xabierkoa” saria sortu zuen abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez, eta haren helburua pertsona, entitate eta erakundeei esker ona azaltzea da, Foru Komunitatetik kanpo egindako lanaren bidez Nafarroari buruzko irudi ederra emateagatik gizartearen aurrerapenean, ongizatean eta hobekuntzan diharduen erkidego gisa.

Ezaugarri horiek, Nafarroako Gobernuaren ustez, bete-betean biltzen ditu Pedro Osinaga Ochoak, sekulako lana egin baitu konpositore, interprete, musika-irakasle eta nazioartean jazzaren balioen zabaltzaile gisara.

Pedro Iturralde Faltzesen sortu zen, eta oso gazterik errotu zitzaion bokazio musikala, haurtzaroan eta gaztaroan, Nafarroan bizi zela. Madrilen saxofoi ikasketak egiten ari zen bitartean, klarinetea, pianoa, biolina eta harmonia ere ikasi zuen, eta, ikasketak bukaturik, zortzi urteko bira bat egin zuen Europan barna. Gero, Madrilgo Whiski Jazz Clubera itzuli zen, eta han punta-puntako artistekin batera jo zuen: Donald Byrd, Lee Konitz, Hampton Hawes, Ferry Mulligan eta Tete Montoliú, besteak beste.

1967an, Berlingo Jazzaldian, “Flamenco Jazz” musika proiektu zirraragarria mustu zuen, eta, hari esker, aitzindaria izan zen jazza eta flamenkoa fusionatzen. Hala, nazioarteko izar bihurtu zen Pedro. Pedro Iturraldek ondotik egindako obrek –“Suite Helénica” eta “Etnofonías”– kritikarien eta publikoaren gorespena piztu zuten, eta harrezkeroztik, agertoki garrantzitsuenetan ematen dituen kontzertuek erakutsi bezala, bere horretan eta bizirik dirau haren ospeak.

Bere bizitza guztian zehar, Pedro Iturraldek sekulako lana egin du jazzaren balioen zabalkuntzan, eta bere izena hertsiki lotua dago saxofoiari. Esan dezagun, bidenabar, saxofoia goi-goiko mailara eraman duela, eta, berriki arte bildu ez bada ere musika klasikora, haren balio eta aukera ia mugagabeak zabaldu dituela. Laburbilduz, musikaren maisu handi honek magia guztia aterarazi dio instrumentu honi.

Pedro Iturraldek, bestalde, irakasle-lana ere egin du Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioko Saxofoi Katedran, eta gaur egun ospea erdietsia duten musikari anitzek halako irakasle paregabea izateko ohorea izan dute.

Bere arte-ibilbide luze eta emankorrean, Pedro Iturraldek emozioz adierazi du non duen jatorria, eta esker onez aldarrikatu du nolako maitasuna dien Nafarroari eta, batik bat, bere sorterriari, hots, Faltzesi.

Horregatik guztiagatik, haren biografia eredugarrian Nafarroaren izen onari egindako ekarpena aintzatesteko, Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzen du hari “Frantzisko Xabierkoa” saria ematea.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abenduaren 27an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. “Frantzisko Xabierkoa” saria Pedro Iturralde Ochoa jaunari ematea.

2. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1715203