49. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAN ADRIÁN

Deialdia, etxezain lanpostua (D mailakoa) betetzeko izangaien zerrenda bat osatzeko, aldi baterako kontratazioetarako, Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Deialdia.

Deialdia egiten da etxezain lanpostuan (D mailakoa) aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, San Adriango Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Deialdi hau arautzen dute Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuak eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduak eta haiekin bat datorren gainerako araudiak.

Egin beharreko lanak etxezain lanpostua betetzeko mailari eta kategoriari dagozkienak izango dira eta lanaldia uneoro egokituko da zerbitzuaren beharretara. Biak deskribatuko dira dagokion kontratuan, San Adriango Udalean sortzen diren beharren arabera.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua edo lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokideren bat izatea, edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, etxezain lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) apartatuan eta 2.1.f) apartatuan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 5.3 bosgarren arauan ezarritakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Halaber, zinpeko aitorpenaren bidez edo promesaren bidez adierazi beharko dute ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

Hirugarrena.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua ebazpen honetan xedatutakoarekin bat egingo da.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.–Eskabideak.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak San Adriango Udalaren bulegoan aurkeztu beharko dira, Nafarroako etorbideko 7an, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

5.2. Eskabideak II. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. San Adriango Udaleko bulegoan eskura daiteke (Nafarroako etorbidea, 7) edo aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionala ere aurkeztu beharko dute.

5.3. Etxezain lanpostu batean aritzeko deia jasotzen duten izangaiek, ez bestek, aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean.

Halaber, etxezain lanpostuan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa baitago.

Halaber, gidabaimena izatea eskatzen duten lanpostuetan aritzeko deituak direnek baldintza hori betetzen dutela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko dute deia egitean.

5.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Seigarrena.–Izangaien onarpena

6.1. Behin-behineko zerrendak. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, San Adriango Udalaren ediktuen oholean (Nafarroako etorbidea, 7) eta udalaren webgunean.

Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.2. Behin betiko zerrendak. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, halakorik izan bada, haiek ebatzi ondoan, San Adriango Udaleko alkateak ebazpena emango du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura San Adriango Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web-orrian jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zazpigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Probak.

7.1. Hautapen prozesuak bi proba edukiko ditu.

7.2. Ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko lehen proban 50 galderako galdetegi bat erantzun beharko da ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izango da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen. Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izango du. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Probak 50 puntuko kalifikazioa izango du, gehienez ere. Proba gaindituko dute gutxienez 25 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

7.3. Bigarren proba praktiko eta teorikoa izango da, epaimahaiak zehaztuko du, eta deitutako lanpostuaren gaineko eginkizunez izangaiek dituzten ezagupen praktikoak neurtzeko balioko du, I. eranskineko zerrendan sarturik dauden gaien inguruan.

Probak 50 puntuko kalifikazioa izango du, gehienez ere. Proba gaindituko dute gutxienez 25 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

7.4. Probarako dei bakarra egingo da. Parte-hartzaileek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.5. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zortzigarrena.–Epaimahaia.

8.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Emilio Cigudosa García, San Adriango Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Concepción Ruiz López (San Adriango Udaleko zinegotzia).

–Epaimahaikidea: Jesús Sola Aranda, San Adriango Udaleko lehen alkateordea.

–Ordezkoa: M.ª Gracia Alcoya Carricas, San Adriango Udaleko bigarren alkateordea.

–Epaimahaikidea: Alberto Gárriz Munilla (Udaleko brigadako burua).

–Ordezkoa: José Antonio García Munilla (Udaleko brigadako burua).

–Epaimahaikidea: Carlos Sobrevilla Torrecilla, San Adriango Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Manuel Ballester, San Adriango Udaleko langileen ordezkaria.

–Mahaikide-idazkaria: Natividad Azcona Comas, San Adriango Udaleko idazkaria.

–Ordezko mahaikide-idazkaria: Edgar Láinez Goñi (Udaleko kontu-hartzailea).

8.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

8.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

Bederatzigarrena.–Emaitzak.

9.1. Idatzizko probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak San Adriango Udalaren iragarki oholean, web-orrian eta proba egin den lekuan jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

9.2. Zerrendan agertzen diren izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izango dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

Hamargarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

10.1. Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

10.2. Era berean, deia jasotzen dutenek frogatu beharko dute epai irmo baten bidez ez direla kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta indemnitatearen kontrako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa baitago.

Deia jasotzen dutenek eskatzen zaizkien titulazio betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako hauen fotokopiak alegia: DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, lehen mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokideak, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinaren fotokopia; betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuraturik.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

San Adrianen, 2018ko otsailaren 20an.–Alkate udalburua, Emilio Cigudosa García.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Elektrizitateko oinarrizko tresnak (bihurkinak, aizturrak, aliketak, giltza motak, zerrak, eskuko daratulua...) ezagutu, erabili eta mantentzea.

2.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoa eta diferentziala.

3.–Oinarrizko argi-zirkuituak eta fluoreszenteak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

4.–Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak...).

5.–Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak, telebistako zirkuitu itxia...).

6.–Iturgintzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea.

7.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

8.–Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta osagarriak: lixak, lekedak...).

9.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

10.–Oinarrizko ezagutzak, telefonogunea, faxa, fotokopiagailuak, koadernagailuak, ikus-entzunezko materiala eta agiriak suntsitzeko gailuak erabiltzeko.

11.–Segurtasun eta higiene arauak eraikinetan. Iturgintza, zurgintza eta elektrizitateko mantentze eta konponketa lanetan hartu beharreko babes neurriak.

12.–Sinboloak, irudiak eta grafiko sinpleak ulertzea; inprimakiak, galde-sortak, formulario errazak, bankuko agiriak, eskabideak eta postako inprimakiak ulertu eta betetzea.

13.–Iragarki ohol ofizialen mantentze eta kontrol lana; orobat, bulegoko materialak, altzariak eta garbiketa gaiak.

14.–Kartazaletan sartzea, etiketak paratzea, paketeak eta korrespondentzia eraikinean barrenean eta eraikinetik kanpoan banatzea, baita korrespondentzia ofizialaren frankeoa edo zigilatzea ere.

15.–Gidak, zerrendak, telefonoak aise erabiltzeko hurrenkera alfabetiko eta numerikoak jakitea eta menderatzea, kontrol xumeak egitea eta dokumentuak artxibatzea.

16.–San Adriango Udalaren egitura eta gobernu organoak.

17.–San Adrian. Erliebea, klima, kokapen geografikoa, fauna eta landaredia.

18.–Kultura orokorreko ezagutza, deialdian eskatzen den mailari egokituak.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1802853