49. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

18E/2018 FORU AGINDUA, urtarrilaren 17koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren “Drogen kontsumoarekin lotutako zaurgarritasun egoerak” izeneko fitxategia.

Nafarroan, Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Planaren bidez egiten den drogen-mendekotasunen prebentzioaren helburu orokorra da drogen erabileraren prebalentzia murriztea, drogak hartzen hasteko adina atzeratzea eta drogen erabilerak Nafarroako biztanleen artean eragiten dituen kalteak eta ondorio negatiboak gutxitzea.

Helburu hori lortzeko, beharrezkoa da Nafarroako populazio guztiarekin esku hartzea pertsonak bizi diren eta harremanak dituzten esparruetan: eskolan, familian, aisialdian, osasun etxeetan, gizarte zerbitzuetan, gazteen biltokietan, etab.

Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Planeko Prebentzio Arloak bederatzi helburu planteatu ditu, eta horietako lautan xede nagusia da detekzio eta esku-hartze goiztiarra izatea substantzien kontsumoarekin lotutako zaurgarritasun handiena duen populazioan, arreta berezia emanez adingabeei eta horien familiei.

“Drogen kontsumoarekin lotutako zaurgarritasun egoerak” izeneko datu-basea honako hauen proposamena da: Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Plana, Osasuna Sustatzeko Atala eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Osasun Komunitarioa Sustatzeko Zerbitzuaren osasun politika guztiak. Bi eragile nagusi ditu: Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Plana eta entitate laguntzaileak (udal eta mankomunitateetako gizarte zerbitzuak). Helburu batzuk amankomunak dituzte, eta beste batzuk bereiziak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluari loturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen esku dauden datu pertsonaletako fitxategi informatizatuak arautzen dituen uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren 2. artikuluari jarraituz, fitxategien ezaugarriak aldatzeko eta fitxategi berriak sortzeko, fitxategiaren ardura duen unitatea zer departamenturen mende edo zer departamenturi atxikirik dagoen, hango kontseilariaren foru agindua behar da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko “Drogen kontsumoarekin lotutako zaurgarritasun egoerak” izeneko fitxategia sortzea, non jasoko baitira substantzien kontsumoarekin lotutako zaurgarritasun handiena duen populazioari buruzko datuak, arreta berezia emanez adingabeei eta horien familiei, eranskinean ezartzen diren ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Fitxategiaren atxikipena.

“Drogen kontsumoarekin lotutako zaurgarritasun egoerak” izeneko fitxategia Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitzen zaio.

3. artikulua. Proiektuaren helburuak.

“Drogen kontsumoarekin lotutako zaurgarritasun egoerak” izeneko fitxategiaren helburu berariazkoak hauek dira:

a) Drogen erabilera problematikoarekin lotutako arrisku-faktoreengatik zaurgarritasun handiena duen populazioa artatzeko behar den informazioa ematea. Hona hemen aipatutako arrisku-faktoreak: absentismoa eta eskola-porrota, gaixotasun mentala eta portaera arazoak, drogen kontsumoa, pobrezia, arauak hausten dituzten gazteak, egokitzeko problemak dituen populazioa.

b) Prebentzio selektiboko ekintzak gauzatzea, hain zuzen ere drogen kontsumoarekin lotuta bereziki zaurgarriak diren familiei zuzendutakoak. Ekintzen lehentasuna izanen da arrisku-faktoreak murriztea: gatazka handiak, errorik eza, gainbegiratze eskasa, familian drogen kontsumoa eta/edo trafikoa izatea, etab.

c) Ikasle zaurgarriei (eskolako porrota eta absentismoa, jokabide arazoak, familiaren arreta falta, drogen kontsumoa, etab.) zuzendutako esku-hartzeak babestea.

d) Droga-mendekotasuneko udal programek duten prebentzio-ekintzen gaitasuna indartzea, Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeekin eta ikastetxeekin loturik.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 17an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA

Fitxategiaren izena: “Drogen kontsumoarekin lotutako
zaurgarritasun egoerak”

a) Helburua eta erabilera aurreikusiak:

Nafarroa osoan, drogen erabilera problematikoarekin lotutako arrisku-faktoreengatik zaurgarritasun handiena duen populazioaren arretarako, drogen kontsumoaren prebentziorako, babeserako eta harekin egin beharreko jardueraren ebaluazioa egiteko behar diren analisien jarraipena egitea.

b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:

Nafarroako substantzien kontsumoaren aurrean zaugarritasun handiena duten pertsonak.

c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:

Interesdunek berek emanen dituzte datuak, edo horien lege ordezkariek, baita Nafarroako udaletako eta mankomunitateetako oinarrizko gizarte zerbitzuek ere.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:

1) Identifikazio datuak:

–Erabiltzailearen deiturak eta izena.

–Harremanetarako pertsonaren deiturak eta izena.

–Harremanetarako pertsonaren telefonoa.

2) Identifikazioaz bestelako datuak:

–Erabiltzailearen familiako baldintzekin eta baldintza sozialekin lotutako datuak.

–Zaurgarritasunari eta partaide den programei buruzko datuak.

3) Identifikazioaz bestelako beste datu batzuk:

–Sexu biziari buruzko datuak.

e) Datu pertsonalen lagapena:

Fitxategiko datuak ez zaizkio ez inori ez inolako entitateri lagako edo komunikatuko, interesduna ez bada, eta ez da haien nazioarteko transferentziarik eginen.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa:

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua. Osasun Departamentua. Nafarroako Gobernua.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezerezteko eskubideaz baliatzeko nora jo:

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Osasun Komunitarioa Sustatzeko Zerbitzua.

h) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egituratua:

Automatizatua.

i) Segurtasun neurriak:

Hartzen diren segurtasun neurriak goi mailakoak dira.

Iragarkiaren kodea: F1800934