49. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 28an hartua, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea xedatzen duena, 260.083.000 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza-tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak 64. eta 66. artikuluetan xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, 13.4 artikuluan, ezartzen du autonomia erkidegoei kreditu eragiketak egiteko eta zorra jaulkitzeko Estatuak ematen dien baimenak kontuan hartuko duela aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzea, Autonomia Erkidegoen Finantzabideari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legeak 16. artikuluan ezartzen du baimena ematen zaiola Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko honako muga honekin: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren azpisektorea osatzen duten entitateen saldo bizia ez dadila izan 2018ko urtarrilaren 1eko saldo bizia baino 82.832.463 euro handiagoa (aurreikusitako BPGaren %0,4ko defizitaren finantzaketa), Europako 2018ko abenduaren 31ko kontuen sistemaren arabera (SEC 2010).

Enpresa publikoen zorpetze-eragiketek, 2018an mugaeguneratuko direnek, 15.916.333 euro egiten dute, eta Administrazio Orokorraren eragiketek, mugaegun arruntak beteko dituztenek, 244.166.667 euro.

Mugaeguneratutako eragiketa horiek, Administrazio Orokorrarenak eta enpresa publikoenak, kontsolidazio perimetroaren barruan berriz finantzatzeak ez dakar zorpetzearen igoerarik.

2018an mugaeguneratuko diren zorpetze eragiketak finantzatzeko, beharrezkoa da erabaki bat onestea.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea, 260.083.000 eurokoak gehienez, bi helburu hauek izanik: 15.916.333 euro, enpresa publikoen eragiketa mugaeguneratuak berriz finantzatzeko, eta 244.166.667 euro, Administrazio Orokorraren eragiketak, mugaegun arruntak bete dituztenak, berriz finantzatzeko; Ministroen Kontseiluaren zorpetze-eragiketen baimena lortzea izanen da baldintza, betiere hori, beharrezkoa denean, aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzeko.

2. Zenbateko horren barrenean, gauzatzen diren baloreen jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

3. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren foru agindu baten bidez, baloreen jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketen ituntzea zehaztuko dira. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

5. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

6. Erabaki hau Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko otsailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1802864