48. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

353/2018 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Barne Kontrolerako Arautegia aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2018ko otsailaren 21ean hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko 2018ko otsailaren 21eko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Barne Kontrolerako Arautegia aldatzen duena.

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN BARNE KONTROLERAKO ARAUTEGIA ONESTEN DUENA

Gobernu Batzordeak 1999ko abenduaren 21ean hartu zuen A 104/99 Erabakiaren bidez, eta Gizarte Kontseiluaren 1999ko abenduaren 31ko 317/99 Erabakiaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Barne Kontrolerako Unitatearen barne eraentzako arautegia onetsi zen.

Ordutik hainbat arau aldaketa izan da, bai Unibertsitatearen barruan, baita kanpoan ere. Hori dela-eta, beharrezkoa da Arautegi hura egokitzea. Aldaketen zioa lege eta arau hauen onespena izan da:

–Abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren onespena, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua, 2007an.

–Unibertsitatearen Estatutuen onespena, maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez. Gero, 2011ko martxoaren 21eko Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez aldatu ziren, eta organo-mendekotasuna eta errektoreak izendatu beharra ezartzen dute.

–Apirilaren 4ko Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legearen onespena.

Barne Kontrolerako Arautegi honen aldaketa handiena da ikuskaritza publikoa sartu dela Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Legeak bere V. tituluan aipatzen duen kontrolerako hirugarren modu bezala. Horrela, Unibertsitatearen jardun ekonomikoaren eta finantzarioaren kontrola kontu hartzailetzaren, etengabeko finantza kontrolaren eta ikuskaritza publikoaren bidez gauzatuko da.

Horregatik, errektoreak hala proposaturik, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2018ko otsailaren 21ean egindako bilkuran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenengoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Barne Kontrolerako Arautegia onestea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Kontuhartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak egiten duen barne kontrolerako eraentza garatzen duena.

Bigarrena.–Gobernu Batzordeak 1999ko abenduaren 21eko 194/1999 Erabakiaren bidez onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Barne Kontrolerako Unitatearen barne eraentzako arautegia baliogabetzea.

Hirugarrena.–Erabaki hau errektoreari. Gizarte Kontseilura, kudeatzaileari eta Kontuhartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzura helaraztea.

Laugarrena.–Barne Kontrolerako Arautegiak NAOn argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko otsailaren 21ean.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN BARNE KONTROLERAKO ARAUTEGIA

I. TITULUA

Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren barne kontrola finantza jardun guztiaren gainean eta eduki ekonomikoa duten ekintza guztien gainean egingo da, Arautegi honetan ezartzen den moduan, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuaren bidez, edo, hala dagokionean, eskumen horiek dauzkan unitatearen bidez.

2. artikulua. Barne kontrolaren helburuak.

Hauek dira barne kontrolaren helburuak:

a) Kontrolaren xedea den kudeaketari aplikagarria zaion araudia bete dela egiaztatzea.

b) Egindako eragiketak behar bezala erregistratu eta kontabilizatu direla egiaztatzea, eta leialki eta erregularki islatu direla, aplikagarriak diren arauen arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak gauzatu behar dituen kontuetan eta egoeretan.

c) Kontrolatu beharreko jarduera eta prozedurak finantza-kudeaketa onaren printzipioekin bat etorririk egiten diren ebaluatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren interesak zainduz, nolanahi ere.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Aurrekontuetan esleitutako helburuak bete direla egiaztatzea.

3. artikulua. Betetzeko moduak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrola kontu-hartzailetza funtzioaren, finantza kontrol etengabearen eta ikuskaritza publikoaren bidez beteko da, Arautegi honetan ezartzen den moduan.

4. artikulua. Barne kontrola betetzearen printzipioak.

1. Barne kontrolaren funtzioak autonomia funtzionalaren eta kontraesanezko prozeduraren printzipioen arabera beteko dira.

2. Arautegi honek aintzat hartzen duen kontrolak erabateko autonomia edukiko du kontrolaren xedea den kudeaketa egin duen organo edo erakundearekiko. Horretarako, lan hori egiten duten funtzionarioek eta langileek independentzia funtzionala edukiko dute kontrolatzen dituzten organoen titularrekiko, eta beren jarduna araudi indardunarekin bat etorraraziko dute.

3. Kontraesanezko prozedurak kontu-hartzailetzaren kontrol funtzioan egon daitezkeen ezberdintasunak ebatziko ditu. Printzipio hori Arautegi honetako 16. artikuluak arautzen dituen desadostasunak ebazteko prozeduran gauzatuko da. Finantza kontrol etengabearen eta ikuskaritza publikoaren eremuan, kontraesanezko prozeduraren norainokoa Arautegi honetako 25. eta 32. artikuluetako txostenentzako ezartzen dena izango da.

5. artikulua. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuko langileak.

1. Arautegi honetan ezartzen diren funtzioak aurrera eramateko, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Plantilla Organikoak ezartzen dituen teknikariak eta laguntzaileak edukiko ditu, zeinak errektorearen mende egongo baitira zuzenean, NUPen Estatutuetako 136. artikuluak ezartzen duen bezala.

2. Errektoreak izendatuko du Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendaria, eta hala badagokio, izendapena baliorik gabe utziko du, zuzenean errektorearen mende baitago, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 136. artikuluaren arabera.

6. artikulua. Kontrolatzaileen betebeharrak.

1. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuko langileek behar den isiltasuna gordeko dute bere lanean ezagutzen dituzten gaiei buruz.

2. Kontrol bat egitean ikusten bada litekeena dela espedientean bildu diren ekintzek arau-hauste administratiboren bat egitea, edo erantzukizun penalak edo kontabilitate-erantzukizunak ekartzen ahal dituztela, errektoreari jakinaraziko zaio, eta honek, hala badagokio, egindakoaren eskumena duen organoari bidaliko dio, azken organo honek behar diren prozedurak egin ditzan.

7. artikulua. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuari laguntzea.

1. Unibertsitatean funtzio publikoak bete edo lana garatzen dutenek behar bezalako laguntza eman beharko diete barne kontrola egiten duten langileei, kontrol lanak egiteko behar diren informazioak, kudeaketari buruzkoak, emanez.

2. Ekintzak, dokumentuak edo espedienteak hala eskatzen duenean, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak eskatzen ahalko dizkio Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organoei egoki jotzen dituen lege-aholkuak eta txosten teknikoak, betiere araudi aplikagarrian ezartzen den bidea erabiliz, baita bere funtzioak betetzeko beharrezkoak diren aurrekariak eta dokumentuak ere, berdin delarik zer euskarritan dauden.

II. TITULUA

Kontu-hartzailetza funtzioa

1. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

8. artikulua. Definizioa eta aplikatzeko eremua.

1. Kontu-hartzailetza funtzioaren helburua da eduki ekonomikoa duten eskubide- eta obligazio-aitortzak ekarriko dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ekintzak kontrolatzea, onetsiak izan baino lehen, baita horietatik eratortzen diren diru sarrerak eta ordainketak, eta orokorrean, bere funts publikoen bilketa, inbertsioa edo aplikazioa ere, bermatu ahal izateko alderdi horien kudeaketa bat datorrela kasu bakoitzean aplikagarriak diren arauekin, kontabilitate eta aurrekontu egozpena zuzena dela, eta baliabide publikoak aurreikusitako helburuei aplikatzen zaizkiela.

2. Administrazio publiko batek baino gehiagok parte hartzen duenean kontrolatu beharreko eduki ekonomikoko ekintza, dokumentu eta espedienteek sorrarazten dituzten kudeaketa prozesuetan, kontu-hartzailetzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eremuan egiten diren jardunak baizik ez ditu kontrolatuko.

9. artikulua. Eskumenak.

1. Arautegi honetan ezartzen denaz landa, kontu-hartzailetzari dagokionez, honako hauek ere Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuaren eskumenekoak dira:

a) Unibertsitatearen eta bere erakundeen aurrekontuen aurreproiektuari buruzko txostena egitea.

b) Aurrekontuaren kitapenari buruzko eta ekitaldi bakoitzaren kontu-itxierari buruzko txostena egitea.

c) Aurrekontua Betearazteko Oinarrietan arautzen ez den aurrekontua garatzeko araudiari buruzko txostena egitea.

2. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak, urteko lehen hiruhilekoan, urtero, aurreko ekitaldian bere funtzioa betetzean lortu dituen emaitzei buruzko txosten bat egingo du. Txosten hau kudeatzaileari aurkeztuko dio, eta egoki jotzen diren jardunak egiteko gomendioa egingo du. Era berean, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak errektoreari jakinaraziko dizkio, beren garrantzia dela-eta, egoki jotzen diren emaitzak.

2. KAPITULUA

Kontu-hartzailetza funtzioa betetzeaz

10. artikulua. Betetzeko modalitateak.

1. Kontu-hartzailetza funtzioa barnekoa eta prebentziozkoa da, eta gastua baimentzen denean edo onesten denean, inbertsioak egiaztatzen direnean, gastuak kitatzean edo obligazioak aitortzean, ordainketak agintzean eta eskubideen aitorpena egitean eta kitatzean beteko da, baita horietatik guztietatik eratortzen diren diru sarrerak eta ordainketak egitean ere.

2. Kontu-hartzailetza funtzioa bere bi alderdietan beteko da: kontu-hartzailetza formala eta kontu-hartzailetza materiala. Kontu-hartzailetza formala erabaki bat hartzeko behar diren lege baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzea da, horretarako espedientean arauen arabera egon behar duten dokumentu guztien azterketa eginez. Kontu-hartzailetza materialean egiaztatuko da funts publikoak era erreal eta eraginkorrean aplikatu direla.

3. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 3/2007 Foru Legean dauden eragozpenek ekartzen dituzten eteteko ondorioen kaltetan gabe, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak arauak betetzeari buruz dituen iritziak ez dira nagusituko kudeaketa-organoek dituztenen gainean. Biek egindako txostenak aintzat hartuko dira agertu diren desadostasunak eztabaidatzen direnean, eta errektoreak ebatziko ditu desadostasun horiek.

11. artikulua. Kontu-hartzailetza funtzioaren edukia.

Kontu-hartzailetza funtzioa betetzeak hauek hartuko ditu bere baitan:

1. Eduki ekonomikoa daukaten edo funtsen eta balioen mugimendua dakarten eskubideak edo obligazioak sortzen dituzten edozein ekintza, dokumentu edo espediente aldez aurretik fiskalizatzea, hau da, dokumentu edo espediente horiek aztertzea dagokion ebazpena eman baino lehen.

2. Gastuaren kitapena edo obligazioen aitortza baino lehenagoko kontu-hartzea, hau da, dagokion ebazpena eman baino lehen, baieztatzea obligazioak legearekin bat datozela, edo agintari eskudunek balioz izenpetu dituzten negozio juridikoekin bat datozela, eta hartzekodunak bete edo, hala badagokio, bermatu dituela, bere konpromiso korrelatiboak.

3. Ordainketa proposamenaren kontu-hartzea, formalki, hau da, diruzaintzak ordaindu behar dituen ordainketa-aginduak zuzen egin direla baieztatzea.

4. Ordainketaren kontu-hartze materiala, hau da, baieztatzea erakunde eskudunak erabaki duela ordainketa egitea, eta behar den jasotzailearen alde eta behar den kopuruan egiten dela, behar den bezala egindako ordainketa-aginduek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

5. Funts publikoen erabileraren kontu-hartzea eta egiaztatze materiala egitea, hau da, egiaztatzea ordaindu diren kopuruak zuzenak direla eta benetan beren helburua betetzeko erabili direla, Arautegi honetako 19. artikuluak ezartzen dutenarekin bat etorriz.

3. KAPITULUA

Kontu-hartzailetza funtzioa eskubideen eta diru sarreren gainean betetzeko prozedura

12. artikulua. Eskubideak eta diru sarrerak aldez aurretik fiskalizatzea.

1. Eskubideak eta diru sarrerak aldez aurretik fiskalizatzea honetan datza: egindako kitapen-proposamenak aztertzea organo eskudunak onetsi baino lehen.

2. Kontabilitatean erregistratzean berez egiten den kontrolak, eta Arautegi honetako hurrengo artikuluak aipatzen duen kontrolak ordezkatzen ahalko dute fiskalizazio hori.

3. Aurreko lerroaldean ezartzen denaren kaltetan gabe, ezin izango da ordezkapen hori egin diru sarreren itzulketen ondorio diren ordainketa materialaren aginduen kasuan, horiek Arautegi honetako 17.1.c) artikuluak ezartzen duenaren arabera fiskalizatuko baitira.

13. artikulua. Eskubideak eta diru sarrerak ondoren fiskalizatzea.

Eskubideak eta diru sarrerak ondoren fiskalizatzea finantza kontrol etengabearen bidez egingo da. Hala ere, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak ezartzen ahalko ditu ondorengo egiaztapen espezifikoak, kitapen mota jakin batzuen gainean.

4. KAPITULUA

Kontu-hartzailetza funtzioa gastuen eta ordainketen
gainean betetzeko prozedura

14. artikulua. Kontu-hartzailetza funtzioa betetzeko unea eta epea.

1. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak, ziurtagiri guztiak eta egin beharreko txosten guztiak egin eta gero jasoko du jatorrizko espedientea, osorik, organo eskudunak erabakia emateko moduan dagoenean. Kontu-hartzailetzaren txostena izango da espediente batek gainditu beharreko fiskalizazio-aldi bakoitzean egingo den azkena. Fiskalizatu eta gero, espediente batek aldaketaren bat edukitzen badu, berriz fiskalizatu beharko da.

2. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak espedienteak fiskalizatuko ditu hamar eguneko epean, gehienez, jasotzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Epe hau murriztu eta bost egunekoa izango da espedientearen tramitazioa premiazkoa denean. Epe hauek eten egingo dira baldin eta, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak, bere eskumenak erabiliz, bere eginkizunak betetzeko egoki jotzen dituen aholku juridikoak edo txosten teknikoak eskatzen baditu, eta horrelakoetan horren berri emango zaio organo kudeatzaileari.

15. artikulua. Adostasunezko fiskalizazioa.

1. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak uste badu fiskalizatzen ari den espedientea legeak ezartzen duenarekin bat datorrela, ontzat ematen duela adieraziko du, diligentzia izenpetu baten bidez, arrazoirik eman beharrik gabe, hau da, ulertuko da ontzat ematen dituela dokumentuak, zeinetan Arautegi honetako 11. artikuluak deskribatzen dituen kontu-hartzailetza funtzioa betetzearen une bakoitzari dagokion proposamenak gauzatzen baitira.

2. Alabaina, egoki jotzen denean, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak bere jardunaren edozein unetan txosten bat egiten ahalko du, nahi duen edukiarekin eta luzerarekin.

3. Barne prozedurek horretarako aukera ematen dutenean, izenpetutako diligentzien ordez, horretarako dauden baliabide edo sistema informatikoetan jardun espezifikoak egiten ahalko dira.

16. artikulua. Eragozpenak.

1. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzua ez badago ados aztertzen dituen ekintza, dokumentu edo espedienteen edukiarekin edo formarekin, bere eragozpenak aurkeztuko ditu, idatziz. Eragozpen horiek arrazoitu beharko dira, eusten zaion irizpidearen berme diren arauetan oinarritutako arrazoiekin, eta espedienteari buruzko kontrako arrazoi guztiak bildu beharko dira eragozpenetan. Eragozpena fiskalizatzen ari den ekintza edo dokumentua sortu duen organo kudeatzaileari jakinaraziko zaio.

2. Kasu hauetan, eragozpenak espedientearen tramitazioa etengo du, ebazten den arte:

a) Kreditu aski ez izatean oinarritzen denean, edo proposatzen den kreditua egokitzat jotzen ez denean.

b) Ordainketa-aginduak justifikatzen dituen dokumentazioan irregulartasun handiak antzematen direnean, edo jasotzailearen eskubidea nahiko egiaztatzen ez denean.

c) Baldintza edo tramiteren bat ez egiteagatik ekintza baliogabetzeko arriskua dagoenean, edo kudeaketa administratiboarekin segitzeak kalte ekonomikoak ekartzen ahal dizkionean Nafarroako Unibertsitate Publikoari edo hirugarren bati.

d) Eragozpena obra, hornidura, erosketa edo zerbitzuen egiaztapen materialen ondorioa denean.

e) Aurrekontua Betearazteko Oinarrietan aurrekontu-aldaketak egiteko ezartzen diren baldintzak betetzen ez direnean.

3. Baldin eta eragozpenak aurreko letretan bilduta ez dauden baldintzak edo tramiteak ez betetzearen ondorio badira, Kontu-hartzailetzak akats horiek agerian utziko ditu, baina espedientearen tramitazioa ez da etengo.

4. Eragozpena zer organori bidaltzen zaion, organo horrek onartzen badu, aurkitutako akatsak zuzendu beharko ditu, eta jardunak berriz bidali beharko ditu Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzura, hamar eguneko epean. Eragozpena zer organori bidaltzen zaion, organo horrek onartzen ez badu, hamar eguneko epea dauka bere desadostasunak azaltzeko. Espedientea jaso eta gero, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak errektoreari bidaliko dio, honek behin betiko ebazpena egin dezan.

17. artikulua. Ohiko araubidea.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organoen ekintzak aldez aurretik fiskalizatuko dira, baldin eta haietatik eduki ekonomikoa duten eskubideak edo obligazioak eratortzen badira.

Honako hauek egongo dira aldez aurretiko kontu-hartzearen mende:

a) Unibertsitateak izenpetzen dituen hitzarmenak, eta antzekoak diren ekintzak, baldin eta eduki ekonomikoa badute.

b) Aurrekontu-aldaketak.

c) Diru sarrerak itzultzeko ekintzak.

18. artikulua. Fiskalizazioaren araubide berezia.

1. Ekitaldi bakoitzeko Aurrekontua Betearazteko Oinarrietan zehaztuko da eskubideak, obligazioak edo gastuak sortzen dituzten edo sortzen ahal dituzten administrazio ekintzen xehetasun batzuk egiaztatzera mugatuko dela aldez aurretiko kontu-hartzea, edo aipatu administrazio ekintza horien aldez aurretiko kontu-hartzea ez dela egingo, dela ekintzen kopuruarengatik, dela ekintzen izaerarengatik. Aldez aurretiko fiskalizazio salbuespenak jatorrizko ekintza administratiboa betetzearen ondorioz eratorritako kontzeptu eta ekintza guztiak bilduko ditu, une horretatik aurrera, aurrekontua betetzearen ondorengo beste edozein alditan.

2. Kontu-hartze mugatua izango duten edo aldez aurretiko kontu-hartzetik salbuetsita egongo diren ekintzak, lehenago ezarri denaren arabera, finantza kontrol etengabearen bidez kontrolatuko dira ondoren, beren fiskalizazioaren fidagarritasuna eta objektibotasuna bermatzeko.

19. artikulua. Inbertsioaren egiaztapen materiala.

1. Organo kudeatzaileak funts publikoen inbertsioen egiaztapen materiala egitera doazenean, eta horretan kontrol organoek parte hartu ahal izateko, organo kudeatzaileek Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuari jakinarazi beharko dizkiote egiaztapena egingo den eguna eta ordua, gutxienez 5 eguneko aurrerapenarekin, honako kasu hauetan:

a) Obrak egitean, ondasun higiezinak erostean edo kapitaleko diru-laguntzen kasuan, 120.000,00 euro baino zenbateko handiagoa denean.

b) Horniduren eta bestelako prestazioen kasuan, zenbatekoak 30.000,00 euro baino gehiago egiten duenean.

Nolanahi ere, horrela eskatzen duten inguruabarrak ikusten dituenean, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak erabakitzen ahalko du inbertsioaren egiaztapen materialak egitea, obrak egiten, zerbitzuak ematen edo hornidurak erosten diren bitartean.

2. Inbertsioaren egiaztapen materiala akta batean justifikatuko da, eta egiaztapen material horretara agertzen diren guztiek sinatuko dute. Hartan adieraziko dira, hala badagokio, atzemandako akatsak, haiek zuzentzeko hartu behar diren neurriak eta harrera egintzaren gaineko inguruabar garrantzitsuak.

20. artikulua. Kontu-hartzea ez egitea.

1. Arautegi honek ezartzen duenaren arabera, kontu-hartzea arauzkoa bada eta egin ez bada, ezin izango da ez obligazioa aitortu, ez ordainketa tramitatu ezta jardun hauen aldeko kontu-hartzea egin ere, kontu-hartze ez egite hori ezagutzen eta zuzentzen den arte, artikulu honek ezarritako moduan.

2. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak, espediente baten berri daukanean, ikusten badu aurreko zenbakian aipatzen den ez egiteren bat, iritzia idatziz emango du, honako hauek adieraziz, gutxienez:

a) Ekintza fiskalizaziorik gabe edo aldez aurretiko kontu-hartzerik gabe egin zenean, Zerbitzuaren ustez ordenamendu juridikoko zer arau hautsi ziren.

b) Organo kudeatzaileek egindako jardunekin dauden desadostasunak.

c) Ekintza hura ez fiskalizatzeak gero ekarri zituen ondorioak.

d) Ekintza agindu zuten organo kudeatzaileek baliokidetu ote zuten, baliokidetze hori posiblea den neurrian.

III. TITULUA

Finantza kontrol etengabea

1. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

21. artikulua. Aplikazio eremua.

Hauei aplikatu behar zaie finantza kontrol etengabea:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta haren mendeko erakundeei, haien forma eta izen juridikoa edozein delarik ere.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kontura diru laguntzak eta bestelako laguntzak jasotzen dituzten erakundeei eta partikularrei.

22. artikulua. Xedea eta eskumenak.

1. Arautegi honek aipatzen duen finantza kontrol etengabearen helburua da egiaztatzea, era jarraituan, erakunde, unitate organiko edo arlo funtzional zehatzen egoera eta funtzionamendua, ekonomiaren eta finantzaketaren eremuan, baieztatzeko araudia eta unitateak edo arloak zuzentzen dituzten jarraibideak betetzen dituztela, eta, oro har, kudeaketa bat datorrela finantza kudeaketa onaren oinarriekin.

2. Arautegi honetako 21 b) artikuluak aipatzen dituen kasuetan, finantza kontrol etengabearen xedea izango da egiaztatzea diru laguntzak eta bestelako laguntzak era egokian lortzen eta erabiltzen direla, baita berorien bidez finantzatzen diren eragiketak errealak eta erregularrak direla ere.

3. Finantza kontrol etengabearen xedea da finantza eta ekonomia kudeaketaren teknikak eta prozedurak hobetzea sustatzea, bere emaitzetatik ateratzen diren gomendioen eta proposamenen bidez. Kontrol txostenetatik ateratzen ahalko da ikusten diren akatsak zuzentzeko, prebentzio neurriak hartzeko edo ekonomia eta finantza kudeaketa hobetzeko informazioa.

23. artikulua. Finantza kontrola betetzeko moduak.

1. Finantza kontrol etengabea egingo da, oro har, fiskalizatu diren ekintza eta eragiketak amaitu eta gero. Hori horrela izanik ere, errektoreak hala erabakitzen duenean, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak aldez aurretik txostena eginda, finantza kontrol etengabea horretarako ezartzen diren unitate, organismo eta eragiketetan egiten ahalko da, kasu bakoitzean zehazten den moduan eta ezartzen den sakonerarekin.

2. Finantza kontrol etengabea ikuskaritza eta analisi tekniken bidez gauzatuko da, edo beste kontrol teknika batzuen bidez, Arautegi honetan ezartzen denarekin bat etorriz, eta Nafarroako Kontu-hartzailetza Nagusiak eta Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak ezartzen dituzten ikuskaritza arau eta jarraibideekin bat etorriz.

3. Finantza kontrol etengabea honetan datza:

a) Kontabilitate-erregistroen, kontuen edo finantza-egoeren aztertzea, analisi prozedurak eta teknikak aplikatuz.

b) Eragiketa bakun eta zehatzen azterketa egitea.

c) Inbertsioen eta beste aktibo batzuen egiaztapen materiala egitea.

d) Kontrolatutako erakundeak egindako ekintza batzuen alderdi partzial eta zehatzen egiaztapena egitea.

e) Egin beharreko kontrol-jardun zehatzak egitea, kasu bakoitzean araudi indardunak ezartzen duenaren arabera.

f) Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak erabakitzen dituen beste egiaztapen batzuk egitea, kontrolpean dauden erakundeek garatzen dituzten jardunen ezaugarri bereziak kontuan hartuta.

24. artikulua. Finantza Kontrolerako Urteko Plana.

1. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak egingo du, aurreko ekitaldiko azken hilabetean, Finantza Kontrolerako Urteko Planaren proposamena, non bilduko baitira, gutxienik, jardun-eremua eta helburuak.

2. Errektoreak onetsiko du urteko plana.

3. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak aldez aurretik txostena eginda, errektoreak aldatzen ahalko du urteko plana, hori justifikatzen duten egoera bereziak gertatzen direnean.

2. KAPITULUA

Finantza kontrol etengabearen txostenei buruz

25. artikulua. Finantza kontrol etengabearen txostenak.

1. Finantza kontrolaren emaitza fiskalizazio txostenak izango dira, non agerian utzitako gertakarien norainokoa eta xedeak islatuko baitira, baita horretatik ateratzen diren ondorioak eta gomendioak ere.

2. Aipatu txostena behin-behinekoa izango da, eta aztertu den zerbitzu edo unitateko arduradunari bidaliko zaio, honek, txostena jaso eta hamabost laneguneko epean, egoki jotzen dituen alegazioak egin ditzan.

3. Behin-behineko txostena eta jasotako alegazioak oinarri hartuta, behin betiko txostena egingo da. Horretarako ezarritako epean ez bada alegaziorik jasotzen, behin-behineko txostena behin betikotzat joko da.

26. artikulua. Behin betiko txostenen jasotzaileak.

1. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak kudeaketa egin duen organora, kudeatzaileari eta errektoreari bidaliko dizkio finantza kontrolari buruzko txostenak. Era berean, Gizarte Kontseiluko buruari ere bidaliko zaizkio.

2. Aipatu txostenak, kudeatzailearekin koordinatuz, ondorengo jarraipen-kontrola jasoko dute, gomendioak bete diren egiaztatzeko, dagokion Finantza Kontrolerako Urteko Planean. Era berean, kanpoko kontu-ikuskariek egindako txostenek ere aipatu jarraipena jaso dezakete.

27. artikulua. Finantza Kontroleko Urteko Txostena.

1. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak urtero txosten bat egingo du, ekitaldian egin diren finantza kontrol etengabearen jardunen emaitzak bilduko dituena. Txostenak kontrolatutako jardunen deskribapen bat edukiko du, baita egindako gomendioen betetze-mailaren jarraipenaren laburpena ere.

2. Finantza Kontroleko Urteko Txostena kudeatzaileari, errektoreari eta Gizarte Kontseiluko buruari bidaliko zaie.

IV. TITULUA

Ikuskaritza publikoa

28. artikulua. Definizioa eta aplikatzeko eremua.

1. Ikuskaritza publikoa bere aplikazio eremuaren barruko organoen eta erakundeen ekonomia eta finantza jardueraren egiaztapena da, jarduera hori egin eta gero eta era sistematikoan gauzatua, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak onetsi dituen Sektore Publikoaren Ikuskaritzarako Arauetan dauden azterketa-prozedura selektiboen bidezkoa.

2. Ikuskaritza publikoa Arautegi honetako 21. artikuluak aipatzen dituen erakundeen gainean egingo da.

29. artikulua. Kontu Ikuskaritzarako Urteko Plana.

1. Ekitaldi bakoitzaren hasieran ezartzen diren datetan, Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak Kontu Ikuskaritzarako Urteko Planaren proposamena egingo du. Planak honako hauek edukiko ditu:

a) Ikuskatu nahi dituen eremuen deskribapen bat, eta ikuskaritzaren helburuarena, egiaztatu beharreko alderdi zehatzak bilduko dituena. Ikuskaritza-modalitatea Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko 111. artikuluak aipatzen dituenetako bat izango da, hau da, kontabilitate-erregulartasunaren ikuskaritza, betetze-ikuskaritza, ikuskaritza operatiboa edo diru laguntzen ikuskaritza, edo denen arteko nahasketa bat.

b) Ikuskaritza egingo zaion organoa, hau da, kontrolatzen den jardunaren erantzulea den erakundea edo unitate organikoa. Diru laguntzen ikuskaritzaren kasuan, onuradunak eta balizko erakunde laguntzaileak hautatzeko irizpideak bilduko dira.

2. Errektorearekin bat etorriz, Kontu Ikuskaritzarako Urteko Planaren proposamena Gizarte Kontseiluan aurkeztuko da, honek txostena egin dezan.

3. Unibertsitateko errektoreak onetsiko du Kontu Ikuskaritzarako Urteko Plana, ebazpen baten bidez.

30. artikulua. Jardueren hasiera eta lanak egitea.

1. Ikuskaritza-jardueren hasiera jakinaraziko zaie ikuskaritza jasoko dutenei, jakinaren gainean egon daitezen.

2. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak eskatuko die kudeaketan sartuta dauden organoei lanak egiteko behar duen dokumentazioa, baita ikuskatzen den populazio bakoitzaren laginak ateratzeko behar diren fitxategi informatikoak ere, eta 5 laneguneko epea emango die informazio hori emateko.

3. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak, bere funtzioak betetzean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeaketa organoei eta haren mendeko erakundeen arduradunei eskatzen ahalko die kanpoko ikuskariek ikuskaritza publikoaren eremuko jarduerei eta subjektuei buruz egindako edozein ikuskaritza txosten, arau honetan esaten denaren arabera.

31. artikulua. Ikuskaritza txostenaren egitura.

1. Ikuskaritza txostenen egitura eta edukia Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak ematen dituen ikuskaritza arauek ezartzen dutenei egokituko zaizkie.

2. Kontu-hartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuak bere ikuskaritza txostenaren mugak aitortzen ahalko ditu, ikuskaritzaren norainokoari dagokionez, ikuskatutako unitate organikoak ondorengo hauetakoren bat betetzen ez badu:

a) Ez badu aurkezten lanak ezarritako epean egiteko beharrezkoa den dokumentazioa.

b) Ez baditu aurkezten berraztertu behar diren espedienteen laginak ateratzeko beharrezkoak diren fitxategiak, ezarritako epean.

c) Aukeratutako espedienteak ez badira ikuskatzaileen eskura uzten, ezarritako epean.

d) Lanak egin bitartean ez badie ikuskatzaileei behar bezala laguntzen.

32. artikulua. Ikuskaritza txostenaren jasotzaileak.

1. Ikuskaritza txostena behin-behinekoa izango da, eta ikuskatu den zerbitzu edo unitateetako arduradunari bidaliko zaio, honek, txostena jaso eta hamabost laneguneko epean, egoki jotzen dituen alegazioak egin ditzan.

2. Behin-behineko txostena eta jasotako alegazioak oinarri hartuta, behin betiko txostena egingo da. Horretarako ezarritako epean ez bada alegaziorik jasotzen, behin-behineko txostena behin betikotzat joko da.

3. Behin betiko txostena ikuskatu den organoko edo erakundeko arduradunari eta errektoreari bidaliko zaie, eta Gizarte Kontseiluko Ekonomia Batzordeari aurkeztuko zaio, organo horren ekonomia gaietako jarduerak antolatzeko Erabakiak ezartzen duenarekin bat etorriz.

4. Aipatu txostenek, kudeatzailearekin koordinatuz, ondorengo jarraipen-kontrola jasoko dute, gomendioak bete diren egiaztatzeko, dagokion Kontu Ikuskaritzarako Urteko Planean.

Lehen xedapen gehigarria.–Zerbitzuari atxikitako langileek egingo dituzte kontu-hartzearen eta finantza kontrol etengabearen lanak.

Salbuespenez, Zerbitzuari atxikiriko langile guztiak falta badira, Arautegi honetako II. Tituluak arautzen duen aldez aurretiko kontu-hartze edo fiskalizazioa egin ordez, ondorengo kontu-hartzea egingo da, horretarako ematen diren jarraibideekin bat etorriz.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unibertsitateak kontrol sistema berariazkoak ezartzen ahal ditu, prozedura elektronikoen bidez tramitatutako ekintzen kasuan. Onesten den kontrol sistema aplikagarria izango da prozedura elektroniko zehatz baten bidez tramitatzen diren ekintza guztietan.

Azken xedapena.–Ahalmena ematen zaio errektoreari, bere eskumenen barruan, Arautegi honetan agintzen den guztia betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak ezartzeko, baita dagozkion prozedurak eta dokumentu-euskarriak ere.

Xedapen indargabetzailea.–Gobernu Kontseiluak 1999ko abenduaren 21ean eta Gizarte Kontseiluak 1999ko abenduaren 31n onetsi zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Barne Kontrolerako Unitatearen Barne Eraentzako Araudia indargabetu egiten da.

Iragarkiaren kodea: F1802687