1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
82/2018 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Uraren goi hornidurako hodi nagusia, Azkoiengo adarra” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko fasea ebatzi, eta horiek behin betiko onesten dituena.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 455/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Jendaurreko aldia bukaturik, hiru alegazio jaso dira. Hona hemen alegazioak eta erantzuna:
–1. alegazioa: Eneko del Cuadro Labaca jaunak Autopistas de Navarra SA (Audenasa) ordezkatuz eta haren izenean aurkeztutakoa.
Audenasak eskatu du kontuan har daitezela autopista ixteko hesian gertatutako ukipenak, piloteak sartuz zulaketa horizontala egiteko lanek eragindakoak Azkoiengo 4. poligonoko 317. eta 318. lurzatietan.
Era berean, lan horien exekuzioari buruzko dokumentazioa helarazteko eskatu du.
Erantzuna:
Onetsi da alegatutakoa. Lanak egin bitartean azpiegituraren itxitura mantenduko da eta ukipenak izan dituzten instalazio edo zerbitzu guztiak lehengoratuko dira. Kasu zehatz honetan, piloteak sartuz zulaketa egiteak ez du autobideko hesia ukitzen, errepidearen bi aldeetan dauden hesietatik kanpoaldera eginen baita zulaketa hori.
Bestalde, alegatzaileak eskatutako informazio guztia igorri da, lan horien eraikuntzako ezaugarrien berri izan dezan.
–2. alegazioa, Jesús Martínez García jaunak aurkeztua. Besteak beste gai hauek aipatzen ditu:
a) Ez dago espedienterik.
b) Ez dago lan hori babesten duen hirigintza arloko tresnarik (UPSa),
c) Ez dago lan hori babesten duen ingurumen arloko tresnarik (UPSa).
Erantzuna:
Alegatutakoa ezetsi da.
a) Aipatutako proiektua ur hornidurarako inbertsioen programan jasota dago obra finantzagarri gisa, eta hala agertzen da 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen II. eranskinean (2016ko 242. NAOn argitaratua, abenduaren 19koan). Esandako guztia Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Lege indardunaren 61.1. artikuluan xedatutakoarekin bat dator, Nafarroako Gobernuak, hartarako gaitasuna ematen dion foru lege baten esparruan (inbertsio planak ezartzen dituena), toki entitateekin lankidetzan aritzeko tresna gisa, Nafarroako lurralde osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea helburu.
b) Aipatutako 18/2016 Foru Legeak IV. eranskinean (Dokumentazioa) ezartzen ditu bertan jasotzen diren proiektuek edo jarduketek bete beharko dituzten baldintzak, ezaugarriak edo betebeharrak, eta, horren arabera, ez da inola ere beharrezkoa UPSa egitea esku artean dugun lan hau legitimatzeko.
c) Proiektuak 4.3 eranskinean biltzen du ingurumen ukipenen azterlana. Azterlan hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2C eranskina betetzeko idatzi da. Erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Ingurumen ukipenetarako baimenaren mende dauden jarduerak eta proiektuak, N) kasua, hornidura hodiei buruzkoa.
–3. alegazioa: Iruin Ingenieros SLk aurkeztua, Huerta de Peralta, 413. ENS ordezkatuz eta haren izenean. Hauxe adierazten du bertan:
Azkoiengo Lurzatien Berrantolamendurako Proiektuko 2. poligonoko 338. lurzatian barazki ustiategi bat dago, tunel gisako berotegiekin; horrez gain, lurzatiaren gainerako eremuan tunel anitzeko berotegiak jarriko ditu. Egungo ustiategia hesiturik dago perimetro osoan, eta aurreikusirik dago gerora 338. lurzatia osorik ixtea.
• Deribazio hodia mendebalderantz ahalik eta gehien mugitzea eskatzen du, Martzillara, eragindako kalteak txikiagoak izan daitezen. Era berean, adierazten du bere ustez kutxeta elektrikoek baliorik gabe uzten dutela Martzillako deribazioaren eta La Torreko hiri eremuaren arteko ingurua.
• Azkenik, eskatzen du La Torreko hiri eremua eta Huerta de Peralta lotzeko hodia aurreikusteko, edateko urari dagokionez.
Erantzuna:
Alegatutakoa ezetsi da.
Proiektuaren 2.1 planoaren 2. orrialdean ikusten da iparraldeko zatian (planoaren beheko aldea) proiektatutako hodia bidean jarria dagoela eta ez Huertas de Peraltako 338. lurzatian. Finkaren hegoaldeko zatian ez dago 338. finkarekin mugakide den biderik, gerora egin beharreko erreten bat baizik, eta tarte horretan ageri da hodia 338. lurzatiaren mendebaldeko ertzean jarria. Proiektuko lurzatien planoan, 6. planoko 20. eta 21. orrialdeetan jasota dago zehatzago proiektatutako hodia: lehen zatian bidean paratuta dago, eta tarte horretan Huertas de Peraltako 338. lurzatian aldi baterako okupazioa baizik ez dago, lanak egiteko, eta ez dago inolako eraginik berotegien gainean. Gainerakoan aldi baterako okupazioa eta zortasuna daude.
Kutxeta elektrikoek eragindako ukipenei dagokienez, proiektuko lurzatien planoan, 6. planoko 12. orrialdean ikusten da, halaber, proiektatutako hodia eta kanalizazio elektrikoa Huertas de Peraltako 338. lurzatian jarrita daudela, baina landu gabeko eremuan, errepidearen eta berotegien artean.
Edozein kasutan, lurzatiaren gainean gerta daitezkeen ukipenak okupatu aurreko aktan jasoko dira eta prezio justuaren fasean baloratuko dira.
Edateko ura eramateko loturaren eskaerari dagokionez, interesdunek eskaera independentea aurkeztu beharko dute, proiektuari egindako alegazioetatik bereizirik, Mairagako Mankomunitatearen bulegoetan, eta bertan adieraziko dute, gutxienez, deribazio berrirako eskatzen den emaria.
Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Behin betiko onestea “Uraren goi hornidurako hodi nagusia, Azkoiengo adarra” izeneko proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mairagako Mankomunitateko eta Caparrosoko, Martzillako eta Azkoiengo udaletxeetako iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.
3. Ebazpen hau Mairagako Mankomunitateari eta Caparrosoko, Martzillako eta Azkoiengo udalei eta alegatzaileei jakinaraziko zaie. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2018ko otsailaren 28an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
Iragarkiaren kodea: F1802891