47. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORELLA

Deialdiaren oinarriak, erizain lanpostua aldi baterako kontratazioaren bidez betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, San José Zahar Etxean sortzen diren beharrei erantzutearren

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia egin da, erizain lanpostua betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Corellako San José Zahar Etxea erakunde autonomoan sortzen diren beharrei aldi batean erantzutearren.

Corellako San José Zahar Etxerako enpresa itunak ezartzen dituen ordainsariak izanen ditu lanpostu horrek.

1.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak bi urteko indarraldia izanen du, lanpostuak behin betiko betetzeko hautapen prozedurarik ez dagoen bitartean.

1.3. Lanpostuen lanaldia aplikatzen ahal zaien lan hitzarmenean ezarritakoaren araberakoa izanen da. Lanpostuak edozein txandatakoak izanen dira, Zentroko Zuzendaritzak zehazten duenaren arabera.

1.4. Izendatutako izangaien eginkizunak jarraian aipatzen dira, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Erizaintzako langileen eginkizunak eta erantzukizunak:

1. Zaintzaileekin eta/edo familiarekin eta adineko pertsonarekin gauzatuko duen zaintza plana prestatu eta garatzea, haren balioak eta bizitzako historia, ingurunea eta baliabide erabilgarriak kontuan hartuz, eta haren osasun egoeraren balorazio oso eta sistematikoa eginez erregularki.

2. Egoiliarrak eta haien giza eta osasun behar orokorrak zaindu eta laguntzea, batik bat haien zerbitzuen beharra dutenean.

3. Beharrezkoa izanen da Nanda elkartearen araberako erizaintzako diagnostikoak erabiltzea.

4. Zaintza planaren bidez laguntza emanen da gaitasun orokorrak mantendu eta berrezartzeko, arazoei eta desgaitasunei aurrea hartu edo horiek atzeratzeko, egoera berriei egokituz eta heriotzaren prozesuaren lagun eginez.

5. Beharrezkoa da zaintza lanetan adineko pertsonaren eta haren familiaren beharrei erantzunez egiten dituen esku-hartzeak sistematikoki ebaluatzea, proposatutako helburuak zein mailatan bete diren zehaztu ahal izateko.

6. Diziplinarteko taldeko beste kideekin batera parte hartu behar du adineko pertsonari laguntza ematerakoan.

7. Erizaintza gerontologikoaren arloko ikerketa lanak eginen ditu, norberaren jakintza corpusa sortu, antolatu eta sakontzeko.

8. Lanbide garapenean erantzukizuna hartu behar du bere gain, bere taldeko kideen hazkundean lagunduz.

9. Bere erabakiak eta praktika kode deontologikoan oinarrituko dira.

10. Botikak prestatu eta ematea sendagileen aginduen arabera (tratamenduak zehazki).

11. Historia klinikoak ordenatzea, jaso beharreko funtzioarekin lotutako datuak idaztea.

12. Gaixotasunagatik oheratutako egoiliarrari laguntzea, ezarri bezala jarrerak aldatuz, gaixoendako otorduen zerbitzua kontrolatuz eta jatekoa pazienteei zuzenean emanez instrumentalizazioa behar denean (zunda nasogastrikoa, zunda gastrikoa etab.).

13. Egoiliarren higiene pertsonala kontrolatzea, baita haiek geletan dituzten botikak eta janariak ere.

14. Zentroko langileen osasun beharrei kasu egitea, haiek bere eskumenekoak badira.

15. Fisioterapeutei laguntzea jardueretan, haien berariazko eginkizunek hala uzten badiete.

16. Botika eskariak, analisiak, errezeten kudeaketa, baimenen tramitazioa eta anbulantzia eskaerak egitea, baita prestazio ortoprotesikoen, pixoihalen eta bestelakoen eskaera ere, Nafarroako Osasun Zerbitzuari.

17. Zaintzeko prozesuaz arduratzea, hau da, adineko pertsonari banakako laguntza emateko gai izatea, metodo sistematiko eta antolatu baten bidez. Haren beharrak, urritasunak, baliabideak eta modu autonomoan aritzeko aukerak baloratzea, horrela arazoen arteko lehentasunak ezarri, helburuak jarri eta ikusitako arazoei egokitutako arreta plana prestatzeko, eta helburu errealistak proposatzea, adineko pertsonak, familiak eta/edo zaintzaileek lor ditzaketenak. Halaber, adineko pertsonaren eta haren familiakoen eta zaintzaileen parte-hartzea bideratzeko jarduerak planifikatzea. Pertsonak lor dezakeen autonomia mailarik handiena mantentzen eta/edo berreskuratzen laguntzea, eta prozesuko emaitzak baloratzea.

18. Adineko pertsonei zuzendutako jarduerak garatzea osasunaren sustapenari eta gaixotasunaren prebentzioari edo egoeraren ondoriozko arazoei loturiko arloetan, kontuan harturik ahultasun egoeretan daudela; familiakoei eta/edo zaintzaile informalei ere zuzenduko zaizkie; osasunari eutsi eta zahartze prozesuari egokitzeko heziketa lana ere eginen du, arrisku egoerak identifikatuz, gaixotasunak sendatzen lagunduz edo egoera kronikoen jarraipena eginez eta heriotzaren prozesuan laguntza pertsonala emanez.

19. Erizaintza taldearen buru izatea eta diziplinarteko talde lanean parte hartzea zainketa egin ahal izateko, adineko pertsonendako arretaren berezitasunak zehaztuz eta formulatuz, egoera bakoitzean dagokion zeregina bere gain hartuz eta beste profesional batzuekin aukerak, ezagupenak eta esperientziak trukatuz edozein jarduketa esparrutan.

20. Berariazko bere jardueraren azterketan parte hartzea gizartearekin duen konpromisoa zehazten duen ikerketaren bidez, betiere adinekoen eskubide eta balioak kontuan harturik, ematen duen laguntzaren kalitatea hobetzeko ikerketa erabiliz, teoria eta praktika lotuz profesionalen, zaintzaileen eta beste gizarte talde batzuen artean.

21. Bere erabaki eta ekintzen erantzukizuna bere gain hartzea, bere praxis profesionala adineko pertsonen eta haien familiaren errespetuan oinarrituz. Haiek mantentzeko neurriak hartzea, erabakiak eta jokaerak ongintzaren (kalterik ezaren), autonomiaren eta justiziaren printzipio bioetikoen arabera doituz, kode deontologikoari jarraikiz.

22. Zuzendaritzako langilerik ez badago, bera arduratuko da langileen, familiartekoen eta hornitzaileen eskaerei erantzuteaz.

23. Ohiko lanalditik kanpo, erizainak sakelako telefono bidez lokalizatuta egon beharko du egoiliarren osasun beharrak sortzen direnean eta heriotza, larrialdi eta argibide kasuetan eta halakoetan familiakoei arreta eman behar zaienean.

1.5. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko Estatu kideetako nazionalitatea eta familiakoak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7.a artikuluan ezarritako moduan. Legezko bizileku iraunkorra Espainian duen atzerritarra izatea, edo indarra duen lan baimena edukitzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako unibertsitate-diplomadunaren titulua izatea eta Erizaintzako Elkargo Ofizialean izena emanda egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Baldintza horiek guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, bai eta hautapen prozedurak dirauen bitartean ere, Zahar Etxerako kontratazioa egiten den arte.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Corellako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Espainiako plaza, zk.g.) 09:30etik 13:30era bitarte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabide horiek deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio, eta haiekin batean curriculum vitaea eta lehiatzaileek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak aurkeztuko dira.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eta eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte, edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena.

3.4. Minusbalioa duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbalioa dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute. Osasun ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko lanerako gaitasuna kentzen dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat. II. eranskineko eredua erabiliko da.

4.–Behin-behineko zerrendak.

Behin eskabideak aurkezteko epea bukatuz gero, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda Corellako Udalaren iragarki oholean, baita Udalaren web-orrian ere.

Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

5.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Corellako San José Zahar Etxea erakunde autonomoko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Corellako Udalaren iragarki oholean eta Udalaren web-orrian jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

Bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Gorka García Izal, alkatea eta San José Zahar Etxeko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Patricia Cueva Lázaro, San José Zahar Etxeko Gobernu Batzordeko kidea.

Lehen mahaikidea: Ainhoa Gil Pérez, San José Zahar Etxeko zuzendaria.

Lehen mahaikidearen ordezkoa: Eva Echau Hernández, San José Zahar Etxeko erizaina.

Bigarren mahaikidea: Ana Isabel Mateo Pérez, Corellako Osasun Etxeko erizaina.

Bigarren mahaikidearen ordezkoa: M.ª Pilar Sesma López, Corellako Osasun Etxeko erizaina.

Hirugarren mahaikidea: Jorge Gil Serrano, Corellako Osasun Etxeko zuzendaria.

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Ignacio Martín Pascual, Corellako Osasun Etxeko oinarrizko osasun laguntzako medikua.

Laugarren mahaikidea: Noemí Jiménez Marín, San José Zahar Etxeko erizaina eta San José Zahar Etxeko langileen ordezkaria.

Laugarren mahaikidearen ordezkoa: Aroa Lasheras García, San José Zahar Etxeko langileen ordezkaria.

Idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: Rosana Ugarte Martínez, Corellako Udaleko kontu-hartzailea.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen arauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

6.4. Epaimahaiak aholkulariak biltzen ahalko ditu proba batzuetarako nahiz guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.5. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Corellako Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

6.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizioaldia 2018ko martxoaren bigarren hamabostaldian egitea aurreikusi da.

–Lehiaketaldia:

7.1. Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondotik aipatzen den merezimendu baremoari jarraikiz. Izangaiek eskaera aurkezten duten unean berean alegatu eta frogatu beharko dituzte merezimendu guztiak. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak ekarri beharko dituzte; bestela, ez aurkeztutzat joko dira.

7.2. Merezimenduen balorazioa: Izangaien merezimenduak baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

a) Prestakuntza: gehienez ere 5 puntu.

  • Erakunde ofizialek erizaintza lanpostuaren arloan emandako ikastaro presentzialak: 4 puntu.
  • Graduatu ondokoak edo masterrak, 250 ordukoak: bakoitzeko puntu bat.
  • Erizaintza geriatrikoarekin zerikusia duten ikastaro presentzialak:
  • 20 ordutik 50 ordura bitartekoak: 0,25 puntu bakoitzeko.
  • 50 ordu baino gehiagokoak: 0,5 puntu bakoitzeko.
  • Lanpostuan aritzeko informatikarekin zerikusia duten ikastaroak: puntu 1 gehienez.
  • 20 ordutik 50 ordura bitartekoak: 0,25 puntu bakoitzeko.
  • 50 ordu baino gehiagokoak: 0,5 puntu bakoitzeko.
  • Kontuan hartuko dira, soilik, epaimahaiari aurkezteko unean jatorrizko agiriaren edo kopia konpultsatuaren bidez frogatzen diren merezimenduak. Hark izangai bakoitzak aurkeztutako zerrendarekin alderatu ondoren emanen ditu ontzat.

b) Esperientzia: gehienez ere 25 puntu.

  • Egoitza geriatrikoetan edo zentro sozio-sanitarioetan erizain gisa egindako zerbitzuak: zerbitzu urte edo zatiki bakoitzeko, 1,5 puntu urteko.

Frogaturiko esperientziak urte osoak osatzen ez dituenean, dagokion proportzioa aterako da, gutxienez ere 3 hilabetekoak izanen diren zatikien bitartez.

–Oposizioaldia:

7.3. Oposizioaldia ondoko ariketak osatuko du:

Test moduko 40 galderari erantzutea, III. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz.

Proba hori egiteko ordu bat izanen da gehienez, eta 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

Epaimahaiak 0tik 70 puntura bitarte baloratuko du proba. Bazterturik geldituko dira gutxienez 35 puntu lortzen ez dituztenak. Erantzun oker bakoitzagatik %25 kenduko da.

Ariketa bakoitza deialdi bakarraren bidez eginen da eta hartara NANa, pasaportea edo AIZ aldean duela joan beharko du izangai bakoitzak.

Ariketaren puntuazioa lortutakoan, oposizioaren emaitza aterako da. Emaitza horri merezimenduen lehiaketan erdietsitako puntuak gehituko zaizkio, eta horrek oposizio-lehiaketaren azken eta behin betiko puntuazioa ekarriko du.

Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Corellako Udalaren iragarki oholean eta probak egin diren tokian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta erakunde autonomoko Gobernu Batzordeari helaraziko dio behin betiko onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

8.2. Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

9.–Zerrendaren kudeaketa.

–Behin betiko zerrenda onetsi ondoren, dei eginen zaie izangaiei puntuazio hurrenkerari zorrotz jarraituz. San José Zahar Etxeko buruaren ardura izanen da zerrenda kudeatzea.

–Berdinketa izanez gero, hautaturiko izangaien artean zozketa publikoa eginez gauzatuko da hautaketa.

–Agiriak aztertu eta ikusten bada izangaiek ez dutela betetzen deialdian ezarritako baldintzetakoren bat, deuseztatu eginen dira haien jarduketak, hasierako eskaeran informazio faltsua emateagatik egozten ahal zaien erantzunbeharra galarazi gabe.

Deia

Deiaren bidez eskura dagoen eskaintzaren berri emanen zaio izangaiari. Deia egiteko, honako baliabide hauek erabiliko dira, ordena honetan berean, erabilgarri baldin badaude:

–Telefono mugikorra.

–Telefono finkoa.

–Sakelako telefonorako mezularitza (SMS).

–Helbide elektronikoa.

Horretarako, izangaiek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta, hortaz, haiek etengabe eguneraturik edukitzeaz arduratu beharko dira.

–Kontratazio laburretan, izangaiarekin harremanetan jartzeko bi saiakera eginen dira egun berean, ordu desberdinetan, batetik bestera gutxienez ordubete utzita, salbu eta eskaintzen den kontratua egun berean hastekoa baldin bada, edo hurrengo 24 orduetan, izan ere, horrelakoetan behin baizik ez baita deituko, izangaiak adierazitako komunikazio-bideetatik edozein erabiliz.

–Kontratazio luzeetan, izangaiarekin harremanetan jartzeko bi saiakera eginen dira, ordu desberdinetan (batetik bestera gutxienez bi ordu utzita) eta egun baliodun desberdinetan, salbu eta eskaintzen den kontratua egun berean hastekoa baldin bada, edo hurrengo 24 orduetan, izan ere, horrelakoetan behin baizik ez baita deituko, izangaiak adierazitako komunikazio-bideetatik edozein erabiliz.

Kontratazio unitateak egindako deien berri utziko du.

–Kontratazio laburretarako deietan, izangaiari 24 orduko tartea utziko zaio erantzuteko. Epe horretan erantzuten ez badu, izangaiak bidezko arrazoirik izan gabe eskaintzari uko egiten diola ulertuko da. Eskaintzen den kontratua hurrengo 72 orduetan hastekoa bada, ez zaio erantzuteko epe hori emanen.

–Kontratazio luzeetarako deietan, izangaiari 48 orduko tartea utziko zaio erantzuteko. Epe horretan erantzuten ez badu, izangaiak bidezko arrazoirik izan gabe eskaintzari uko egiten diola ulertuko da.

–Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan eskaintza honen gaineko eskubide guztiak galduko dira.

Deia egitean sor daitezkeen bestelako egoera bereziak

Langile bat haurdunaldiko arriskuagatik eta/edo amatasun-lizentziagatik ordezteko kontratatzen diren izangaiek kontratu bat baino gehiago pilatzen ahalko dituzte bata bestearen atzetik etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzealdiak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta 15 eguneko epearen barrenean, ordezturiko langilea bere seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.

Dei horiek Corellako San José Zahar Etxeko eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko kontratazioen kudeaketarako zerbitzuak kudeatuko ditu, dagokionaren arabera.

Kontrataziorako prestasuna

–Kontratazio zerrendetan dauden izangaiek edozein unetan kontratatzeko prest egon beharko dute, salbu eta kontratu harremana hasteko egunean hauetako egoeraren bat gertatzen bada:

1.1. Izangaia ondoko egoeretako batean egotea:

a) Lanean.

b) Gaixotasunaren ondoriozko baja-egoeran.

c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea Konstituzio Organoetan parte hartzeko edo ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.

d) Nazioarteko erakundeetako batzordeetan, destinoa atzerrian duten osasun arloko GKEetan edo nazioarteko lankidetza programetan parte hartzen egotea.

e) Ezkondu edo bikote egonkorra sortzeagatik Langileen Estatutuan ezarritako lizentziaz gozatzean.

1.2. Hauetako egoeraren batean egotea, eta izangaiak arrazoi hori alegatzea kontratatzeko prest ez dagoela adierazteko:

f) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaidearen bat hiltzen denean edo gaixotasun larriren bat duenean.

g) Amatasun, aitatasun edo adopzio zein harrera kasuetan, Langileen Estatutuan ezarritako epean.

h) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

i) Izangaiak, legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

k) Izangaiak hala erabakitzea, urtebetez, genero indarkeriaren biktima izateagatik.

l) Erakunde ofizial baten beka bat gozatzen egotea.

m) Zentro ofizial batean ikasten egotea: lanbide heziketa ofizialeko ikasketak (erdi edo goi mailakoak), graduondoko ikasketak edo master bat.

2. 1. atalean azaldutako egoeraren batean dauden izangaiek idatziz frogatu beharko dute egoera hori Corellako Udaleko bulegoetan, kontratua eskaintzeko deia jaso eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.

3. Gorago aipatutako egoeraren batean dagoela alegatzen duen izangaia prestasun ezaren egoerara igaroko da eskainitako lanari uko egiten dion egunetik, eta, ordutik aurrera, zerrendan duen tokiari eutsiko dio egoera horretan irauten duen bitartean.

4. Prestasun eza justifikatzen duen arrazoia bukatuta, egoera berria jakinarazi beharko dio kontratazio organo eskudunari. Prestasun egoera horrek eraginan izanen du jakinarazi eta biharamunean bertan.

Goragoko b), c), d), e), f), g), l) eta m) ataletan ezarritako kausak direla-eta kontratatua izateko prest ez dagoela alegatzen duen izangaia ez da prest daudenen taldera itzuliko harik eta behar bezala frogatu arte lehengo egoera hura justifikatu zuen kausa bukatu dela.

5. 1. apartatuan ezarritako komunikazioak Corellako Udalean eskabide orokorra aurkeztuta eginen dira.

Kanporatzeko prozedura

–Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak e-mail bidez jakinaraziko dio interesdunari, kanporatzearen arrazoia espresuki adierazita, 7 egun balioduneko epean, gehienez ere.

–Kanporatzeko prozedura tramitatu bitartean, izangaia kontratatzeko prest ez dagoela ulertuko da.

Zerrendetako postua aldatzeko arrazoiak

–Egoera hauetakoren batean dauden izangaiak kontratazio zerrenden azken postura igaroko dira:

a) Bidezko arrazoirik izan gabe, lan eskaintza bati edo indarreko lan kontratu bati uko egitea.

b) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark jakinarazitako telefonoaren bidez edo helbide elektronikoaren bidez, gutxienez 4 aldiz saiatuta 1 hilabeteko epean.

Lehentasun ordena

–Kasuan kasuko kontratuak amaitzean, izangai bakoitzak azkeneko kontratua sinatu aurretik zerrendan zeukan tokiari eutsiko dio.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Corellan, 2018ko otsailaren 18an.–Alkate udalburua, Gorka García Izal.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Minusbaliotasunaren ziurtagiria (PDFa).

III. ERANSKINA

Oposizioaren gai-zerrenda

1.–Zahar etxeetan bizi diren adineko pertsonen eskubideak eta betebeharrak. Tratu txarren prebentzioa.

2.–Laguntza integrala, pertsona ardatz hartuta.

3.–Espainiako Erizaintzaren Kode Deontologikoa.

4.–Erizaintzaren definizioa. Erizaintzako prozesua. Erizaintzako diagnostikoak Nanda elkartearen arabera. Erizaintzako esku-hartzeen (NIC) eta emaitzen (NOC) sailkapena.

5.–Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonendako banakako arreta plana.

6.–Osasunaren zainketa lantokian. Osasun jardueraren eginkizunak laneko arriskuen prebentzioan.

7.–Erizaintzako esku-hartzea dementzia duen gaixoarengan. Baloratzeko eskalak.

8.–Gaixorik dagoen adineko pertsona: patologia garrantzitsuenak.

9.–Lotura mekaniko eta farmakologikoak. Kontzeptu eta arauen esparrua. Loturen prebentziorako eta ezabapenerako programak.

10.–Sexualitatea, adineko pertsonen egoitzetan. Jokabide eta jardunbide egokien gida.

Iragarkiaren kodea: L1802470