47. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

12/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ultzamako eta Lanzko udal-mugarteetan goi tentsioko instalazio elektriko bat egiteko aurretiazko administrazio baimena eman, zehazki haren onura publikoa deklaratu eta eraikitzeko administrazio baimena ematen duena.

2017ko urriaren 27an, Eduardo Ryan Murúa jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, instalazio elektriko honetarako administrazio baimena emateko eskatu zuen, zehazki haren onura publikoa deklaratzeko eta eraikitzeko administrazio baimena:

–Eskatzailea: Iberdrola Distribución Eléctrica SAU.

–Espedientea: SAT10837.

–Instalazioaren kokapena: Ultzama eta Lantz.

–Xedea: inguru horretako horniduraren jarraitutasuna eta kalitatea hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: 13,2 kV-ko aireko linea berria, zirkuitu bakunekoa eta 1.244 metrokoa, “Ultzama-Alkotz” eta “Ultzama-Ostitz” lineak lotzen dituena (100-AL1/17-ST1A) eta ordeztu beharreko 5204 eta 2558 zenbakiko euskarrien artean dagoena.

–Aurrekontua: 34.602,24 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jendaurrean jarri ziren (2017ko azaroaren 14ko Diario de Navarran eta egun bereko 219. Nafarroako Aldizkari Ofizialean), eta Ultzamako eta Lanzko udalei bidali zitzaizkien, ikusgai jar zitzaten.

Proiektuaren separata bidali zitzaion Ultzamako Udalari; ez du deus adierazi horri buruz. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 146. artikuluak aplikatuz, ulertzen da ados daudela eskatutako baimenarekin.

Proiektuaren separata bidali zitzaion Lanzko Udalari; eta udalak alegazio bat aurkeztu zuen, “44.05 zenbakiko euskarria paratzeko puntua aldatzea eta lurzatiaren eta bidearen mugan paratzea” eskatzen zuena.

Alegazio hori Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri igorri zitzaion, eta enpresa banatzaileak honako hau adierazi zuen: “euskarria bide horretatik 3 metrora proiektatu da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 111.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Hala ere, udalak uste badu bidetik hurbilago paratu behar dela, haren kokapena aldatuko da ahalik eta gehien hurbilduta, eta horrek ez du ekarriko euskarriaren zimenduen segurtasun mekanikoa murriztea (ezpondatik gertu egoteagatik)”.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren ustez, bidezkoa da Lanzko Udalak aurkeztutako alegazioa onestea, enpresa banatzaileak ezarritako baldintzekin.

Bestetik, abenduaren 1eko 19555/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera igorri zien ukitutako administrazio eta erakundeei.

Espedientean Telefónica España SAUk 2017ko abenduaren 13an emandako erantzuna dago; bertan adierazten du ez duela aitzakiarik lanen kontra, baldin eta telekomunikazioko lineekin gurutzaketak eta paralelismoak egiteko indarra duen araudia betetzen bada, batik bat goi eta behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoak (N/Ref.: I-136-17).

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Ustiapen Atalak, 2017ko azaroaren 7ko ofizioan, jakinarazi zuen, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ez duela inolako arazorik ikusten proiektu hori egiteko (2017/684647 espedientea).

Proiektuaren separata bidali zitzaion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; ez du deus adierazi horri buruz.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. eta 36. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBATZI DUT:

1. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Roger Puertas Martínez industria ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

3. Lanzko Udalak aurkeztutako alegazioak onestea.

4. Zehazki instalazioaren onura publikoa deklaratzea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

5. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Iberdrola Distribución EléctricaSAUri,Telefónica de España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Ultzamako eta Lanzko udalei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

11. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 19an.–Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Roberto Yoldi Echarren.

Iragarkiaren kodea: F1800964