47. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

304/2018 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 6ko 125/2018 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, mahastia berregituratu eta moldatzeko planetarako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren 2018-2019 kanpainarako.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak otsailaren 6an emandako 125/2018 Ebazpenaren bidez (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen otsailaren 23an), mahastia berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren 2018-2019 kanpainarako.

Ebazpen horretan eskaerak aurkezteko ezarri zen epea laburregia izan daiteke interesdunek laguntza eskaerak behar bezala aurkez ditzaten. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da hasieran ezarritako epea, 2018ko martxoaren 1ean amaitzen dena, luzatzea. Horrela, 2018ko martxoaren 16ra arte aurkezten ahalko dira eskaerak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak otsailaren 6an emandako 125/2018 Ebazpenaren I. eranskineko bosgarren oinarriko 1. puntua aldatzea. Ebazpen horren bidez, mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren 2018-2019 kanpainarako. Honela geratuko da idatzita:

“Bosgarrena.–Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko eskabideak aurkeztea.

1. Pertsona juridikoak diren eskatzaileek, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzen onuradun izan nahi badute, dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, 2018ko martxoaren 16an beranduenez, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren erregistro edo bitartekoren bat erabiliz. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal den eskabide ereduaz baliatu beharko dute. Halaber, bai eskaera berriak bai ebazpen hau argitaratu baino lehen aurkeztu direnen aldaketak onartuko dira.

Orobat, eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluaren 5. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuz, pertsona fisikoak diren eskatzaileek aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan eta epean aurkeztuko dituzte beren eskabideak”.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko otsailaren 27an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1802828