44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANO

Kontribuzio berezien ordenazioa eta ezarpena. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2017ko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen kontribuzio berezien ordenazioa eta ezarpena, “Arola baserrirako sarbidea konpontzeko” lanen ondorioz.

Erabakia jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Udal honen iragarki oholean eta 2018ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 3an, argitaratu ondoren; akats-zuzenketa egin zen 2018ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 23an, argitaratu eta ukitutakoei banakako jakinarazpena egin ondoren eta jendaurreko epea alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan da. Beraz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta erabakiaren testu osoa argitara ematen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Era berean, subjektu pasiboei dagozkien behin-behineko banakako kuotak jakinaraziko zaizkie.

ARANOKO AROLA BASERRIRAKO SARBIDEA KONPONTZEKO LANEN ONDORIOZ KONTRIBUZIO BEREZIEN ORDENAZIO ETA EZARPENAREN ERABAKIA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. atalak xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-egitatea hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate honek Aranoko Arola baserrirako sarbidea konpontzeko herri lanak egitearen ondorioz.

3. artikulua Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek Aranoko Arola baserrirako sarbidea konpontzeko herri lanen gastuak berdintzea beste helbururik ezin dute izan.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. 1. Aranoko Arola baserrirako sarbidea konpontzeko herri lanek sorrarazitako kontribuzio berezien subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen dutenak, batez ere obrak egiteagatik onura berezia jasotzen badute.

Zerga-oinarria

5. artikulua. 1. Aranoko Arola baserrirako sarbidea konpontzeko herri lanak egiteagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren %90ak osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria.

Aranoko Udalak jasan beharreko kopurua 27.935,11 euro da, eta kopuru horren %90 25.141,59 euro da.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Herri lanen kostu osoa (BEZa barne).

b) Ordainsarien kostu osoa (obra idazteko eta zuzentzeko, BEZa barne).

6. artikulua. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izango da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

7. artikulua. 1. Zerga-oinarria finkatzeko, hona zer ulertuko den toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zenbatekoari entitateak edozein pertsona publiko edo pribaturengandik erdiesten dituen diru-laguntza edo sorospenak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

2. Diru-laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izango du lehen helburua. Diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, beste subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuotak

8. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikuluan bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko kopurua da kontribuzio berezien kuota.

9. artikulua Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, zati berdinetan subjektu pasibo guztien artean.

10. artikulua. 1. Obrak gauzatzen diren unean berean gertatzen da kontribuzio berezien sortzapena, edo zerbitzua ematen hasten denean.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ukatu gabe, toki entitateak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako kostuaren zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.

Diru-bilketa

12. artikulua. 1. Ondoriozko tributu-zorrak kitatzeari dagokionez, toki entitate honen Kontribuzio berezien gaineko ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoa aplikatzen ahal da epeez, errekarguez eta gainerakoei dagokienez. Ordenantza fiskal orokorrean jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

2. Aranoko Arola baserrirako sarbidea konpontzeko herri lanen gastuek sorrarazitako kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek aipatu lanen gastuak berdintzea beste helbururik ezin dute izan.

Kudeatzeko arauak

13. artikulua. Lanak egiteko erabakia ezin izango da gauzatu harik eta obraren ordenazio zehatza onetsi arte.

14. artikulua. 1. Obrak osoki nahiz partez burututakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko likidazioak igorriko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, konturako entregatzat hartuz berdinduko dira.

2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.

15. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari jakinaraziko zaizkio kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezagunak badira; eta bestela, ediktu bidez.

Interesdunek zilegi izango dute errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluan aurreikusitako moduan.

Herritarren lankidetza

16. artikulua. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek Zergadunen Administrazio Elkartea eratzen ahal dute eta toki entitateak obrak egin ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea bere gain hartzeko hitza emanez, obraren nolakotasunaren arabera dagokienaz gain.

2. Era berean, lanak egitean ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzio bereziak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Aranoko Arola baserrirako sarbidea konpontzeko lanean parte hartzeko laguntza emanez.

17. artikulua. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari egingo zaio men.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenazio eta ezarpenaren erabaki honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta toki entitate honek 1998. urtean onetsitako Kontribuzio berezien gaineko ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

Hori guztia aditzera ematen da, eta ohartarazten erabaki horren kontra hauek para daitezkeela:

a) Hautara, berraztertzeko errekurtsoa, Aranoko Udaleko Osoko Bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo,

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean arlo bereko epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluak agintzen duenaren arabera.

c) Hautara, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aranon, 2018ko otsailaren 15ean.–Alkatea, Ainhoa Ansa Zugarramurdi.

Iragarkiaren kodea: L1802393