44. ALDIZKARIA - 2018ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

112/2017 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduaren araubideari buruzko Erregelamendua.

HITZAURREA

Apirilaren 12ko 23/2017 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretua, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuena.

Dekretu berriak osaera handitua ezarri zuen Lanbide Heziketaren arloan aholku emateko eta erakundeen nahiz gizartearen partaidetzarako den organo kolegiatu honetarako, baita eginkizun berriak ere, eskatzen dutenak antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendu berri bat, konfigurazio berrian kontseiluaren operatibitatea errazteko.

Foru agindu honen helburua da aipatutako kide anitzeko organoaren antolaketari eta funtzionamenduaren araubideari buruzko erregelamendua onestea, uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean xedatutakoa betez.

Horrenbestez, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren osoko bilkurak proposaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emandako aldeko txostena ikusirik, urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuan xedatutakorekin bat (foru dekretu horren bidez ezarri zen Hezkuntza Departamentuko egitura organikoa), eta abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritakoarekin bat (Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa da foru lege hori),

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren testua onestea. Foru agindu honen eranskin gisa erantsi da.

2. Foru agindu hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikora, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko kide guztiei eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzea.

Indarrik gabe utzi dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

NAFARROAKO LANBIDE HEZIKETAREN KONTSEILUAREN ANTOLAKETARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua sortu zuen uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretua da Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren araubidea, baita uztailaren 3ko 247/2000 Foru Dekretua aldatu zuen apirilaren 12ko 23/2017 Foru Dekretua ere.

2. Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko edozein aferatarako, haren eskumenen artean badago eta arau hauetan ez badago, Osoko Bilkurak edo Batzorde Iraunkorrak (gaiaren izaera zein den, egoki dena) erabakitzen duena beteko da, betiere arau hauen kontra egin gabe.

2. artikulua.

Hezkuntzako eskumena duen departamentuari atxikiko zaio Kontseilua, eta hartan izanen du egoitza.

3. artikulua.

Erregelamendu honen 1. artikuluan aipatutako foru dekretuetan ezarritakoarekin bat gauzatuko ditu bere jarduerak eta eginkizunak Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak.

II. KAPITULUA

Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren antolaketa

1. ATALA

Osaera

4. artikulua.

Apirilaren 12ko 23/2017 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua osatzen dute lehendakari batek, lehendakariorde batek, idazkari batek eta hogeita bi kidek.

5. artikulua.

1. Kideek eskubide hauek dituzte:

a) Aldez aurretik jasotzea, organo bakoitzerako ezartzen den epean, deialdia eta bilkuretako gai-zerrenda, eta beren eskura izatea agertzen diren gaiei buruzko agiriak eta informazioa, bai eta aurreko bilkurako akta ere.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere.

d) Galde-eskeak egitea.

e) Proposamenak eta iradokizunak aurkeztea gai-zerrendan sartzeko, baita osoko bilkuran erabakiak hartzeko edo gai zehatz bat aztertzeko ere.

f) Kontseiluak eskatuta garatzen diren gai edo azterlanei buruzko informazioa jasotzea.

g) Osoko Bilkuraren bilera berezia eskatzea.

h) Kontseiluak ordezkaritza duen ekitaldietan, Kontseiluaren ordezkaritza gauzatzea, galarazi gabe lehendakariari dagokion ordezkaritzarako eskudantzia orokorra.

2 Artikulu honetako 1. apartatuko e), f) eta g) letretan araututako eskubideak, betiere, idatziz erabiliko dira, eta Kontseiluaren Idazkaritzaren bidez, zeinak erregistratuko baitu.

6. artikulua.

1. Kideen betebeharra da Osoko Bilkuraren bilera guztietara eta Batzorde Iraunkorraren bilkura guztietara joatea, baita, egokia bada, Lan Batzordeen bilkura guztietara ere, haietako kide baldin badira.

2 Orobat, azterlanak eta txostenak egiten direnean parte hartzera ere beharturik daude.

7. artikulua.

Kide izateari utziko zaio honako kasu hauetan:

a) Mandatua bukatzea edo ordezkatzen dituen erakunde edo organizazioek –Kontseiluaren Idazkaritzaren aurrean akreditatuak– erabakita hura ordeztea.

b) Haren izendapenaren edo hautaketaren oinarri izandako beharkizunak jada ez betetzea.

c) Ordezkaritza duen erakundeko kide izateari uztea.

d) Kargu publikoak betetzeko desgaitu edo gabetzen duen erabaki judizial irmoa.

e) Uko egitea.

f) Ezintasun iraunkorra edo heriotza.

8. artikulua.

Antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua honako hauek osatuko dute:

a) Osoko Bilkura.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Lan Batzordeak.

d) Lehendakaritza.

e) Idazkaritza.

2. ATALA

Osoko Bilkura

9. artikulua.

1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko kide guztiek osatzen dute haren Osoko Bilkura.

2. Osoko Bilkurari dagokio hari esleitutako eskumenen xede diren gaiez arduratzea eta iritzia ematea.

3. Osoko Bilkurari dagokio, orobat, honako gai hauetaz arduratzea eta erabakiak hartzea:

a) Erregelamendu hau aldatzeko proposatzea, erregelamendu honen IV. kapituluan ezarritako prozedurarekin bat.

b) Egokitzat jotzen diren Lan Batzordeak sortzeko proposatzea, hala behar duenean, kapitulu honen 4. atalean ezartzen diren baldintzetan.

c) Egindako jardueren urteko memoria onestea.

10. artikulua.

1. Osoko Bilkurak bilera arrunta eginen du urtean bitan bederen, eta berezia egin dezake Kontseiluko lehendakariak hala erabakitzen badu, edo kide eskubidedunen laurdenak eskatzen duenean, lehendakariari bidalitako idazki baten bidez. Eskaera idazkian jaso beharko dira eskaeraren arrazoiak eta gai-zerrendan sartu nahi dituzten gaiak; gero, lehendakariak Kontseiluaren Osoko Bilkura deitu beharko du hilabeteko epean, eskaera Idazkaritzan sartu eta sarrera egunaren biharamunetik hasita.

2. Osoko Bilkuraren bilerak deitu daitezke Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren jardueraren gai orokorrak lantzeko, eta osoko bilkura monografikoak ere deitu daitezke, intereseko gaiak lantzeko.

11. artikulua.

Lehendakariari dagokio Osoko Bilkuraren bilera deitzea, eta gutxienez ere zazpi egun natural lehenago jakinarazi beharko da, salbu lehendakariak premialdia dagoela irizten badu; kasu horretan, beharrezkoa eta nahikoa izanen da berrogeita zortzi ordu lehenago jakinaraztea. Kasu horretan, premialdi horren arrazoiak adierazi beharko dira deialdian.

12. artikulua.

1. Osoko Bilkuraren eraketa lehenbiziko deialdian baliozkoa izateko, kideen erdien quoruma beharko da gutxienez.

2. Quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdian eratuko da Osoko Bilkura, lehenbiziko deialdirako ezarritako ordua baino hamabost minutu geroago.

3. Osoko Bilkura modu baliozkoan eratzeko, bai lehenbiziko bai bigarren deialdian, 1. puntuan ezarritako gehiengoaz gain, nahitaezkoa izanen da bertan izatea lehendakaria eta idazkaria edo horien ordezkoak.

4. Ordezko izendatu diren Kontseiluko kideak, titularrak ez daudenean, eskubide osoko kide gisa ariko dira ondorio guztietarako.

5. Betiere, Osoko Bilkura baliozko moduan eraturik geldituko da, baita deialdirako baldintzak betetzen ez badira ere, baldin kide guztiak elkartuta, adostasunez hala erabakitzen badute.

13. artikulua.

1. Lehendakariak ezarriko du gai-zerrenda, kontuan izanik gainerako kideen eskaerak, zeinak egin beharko baitira bilera egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez.

2. Aurreko paragrafoko baldintza beteta, lehendakariak beti jasoko ditu gai-zerrendan gutxienez ere Kontseiluko kide eskubidedunen laurden batek idatziz aurkeztutako puntuak, edo sindikatuen ordezkari guztiek edo enpresaburuen ordezkari guztiek aurkeztutakoak. Gai bat kideen portzentaje txikiago batek aurkezten badu, lehendakariaren aukera izanen da horiek gai-zerrendan sartzea onartzea.

14. artikulua.

1. Osoko Bilkuraren bilera bakoitzaren akta eginen da, idazkariak fede emanik, eta lehendakariaren ikus-onespena agertu beharko da bertan.

2. Aktetan honako hau jasoko da:

a) Bertaratuen izen-deiturak, ez zirela bertaratuko adierazi zutenenak eta abisurik eman gabe azaldu ez zirenenak.

b) Bilera non eta noiz egin den.

c) Bileraren gai-zerrenda.

d) Aztertzen diren gaiak eta deliberazioetako puntu nagusiak.

e) Lehendakariak bozkatzeko aurkeztu dituen proposamenak.

f) Bozketak egiteko modua.

g) Hartutako erabakien edukia.

h) Kontseiluko kideek hala eskatzen badute, hartu den erabakiaren kontrako botoak, abstentzioak eta hori justifikatzen duten arrazoiak, edo aldeko botoaren zergatia.

3. Kontseiluko kide batek nahi baldin badu bere esku-hartzeen edo proposamenen edukia hitzez hitz jaso dadila aktan, ahoz esan beharko du, eta bere esku-hartzea fidelki adierazten duen idatzizko testua eman beharko dio idazkariari berrogeita zortzi orduko epean.

4. Kontseiluko kide batek bere boto partikularra aktan jaso dadila nahi badu, hala eginen da erregelamendu honen 37. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

5 Hurrengo bileran onetsiko dira aktak, eta, zenbait gaitarako, bileran bertan erabakitzen ahalko da aktan geldituko den behin betiko testua.

3. ATALA

Batzorde Iraunkorra

15. artikulua.

Honako hauek izanen dira Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kide:

a) Hezkuntzaren arloan eskumena esleiturik duen departamentuko bi kide; horietako bat Batzorde Iraunkorreko lehendakaria izanen da, Kontseiluko lehendakariak izendaturik.

b) Enplegu arloko eskumena duen departamentuko kide bat.

c) Industria arloko eskumena duen departamentuko kide bat.

d) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatzen dituen bi kide.

e) Nafarroako Ganberako kide bat.

f) Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresa Konfederazioko kide bat.

g) Sindikatuetako lau kide.

h) Ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak ordezkatzen dituen pertsona.

i) Kontseiluko idazkaria, Batzorde Iraunkorreko idazkari ere ariko dena.

16. artikulua.

Batzorde Iraunkorreko kideak, aurreko artikuluko b), c), d) eta g) apartatuetan aipatutakoak, izendatzeko, Batzorde Iraunkorrean ordezkaturik egon behar duten erakunde edo organizazioei kontsulta eginen die lehendakariak.

17. artikulua.

Batzorde Iraunkorrekoak ez diren kideak haren bileretara joan daitezke, lehendakariak aurretik baimenduta edo gonbidatuta, hitza izanik baina botorik ez. Halaber, Batzorde Iraunkorrak, eska dezakete bere bileretara bertara daitezela Batzorde horretako kide ez diren Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko beste kide batzuk.

18. artikulua.

Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osoko Bilkurara igortzea, onets ditzan, hark aginduta egindako azterlanak eta txosten eta proposamenen proiektuak.

b) Osoko Bilkurak delegatzen dizkion proposamenak eta txostenak onestea.

c) Kontseiluaren urteko memoria egitea.

d) Erregelamendu honen 21. artikuluak aipatutako Lan Batzordeak sor ditzala proposatzea Osoko Bilkurari.

e) Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren Osoko Bilkurak bere kideen bi hereneko gehiengoarekin esleitzen edo delegatzen dizkion gainerako eginkizunak.

19. artikulua.

1. Batzorde Iraunkorreko kideek arrazoi hauetako batengatik utziko diote batzorde horretako kide izateari:

a) Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko kide izateari uztea.

b) Uko egitea.

c) Beren izendapena proposatu zuten erakunde edo organizazioek hala erabakitzea; erabaki hori berehala komunikatuko zaio Kontseiluko Lehendakaritzari, ordezko izanen dena izendatzeko proposamenarekin batera.

20. artikulua.

1. Batzorde Iraunkorra behar den guztietan bilduko da bere eskumeneko gaiak lantzeko. Bere kideen herenak hala eskatzen duenean ere bilduko da.

2. Lehendakaritzak deituko ditu Batzorde Iraunkorraren bilerak, modu arruntean 7 egun lehenago, eta, presako arrazoiak direnean, 48 ordu lehenago.

3. Batzorde Iraunkorra modu baliozkoan eratzeko, bertan izan beharko dute lehendakariak, idazkariak (edo horien ordezkoek) eta Batzorde Iraunkorreko kideen erdiak gehi batek.

4. Gainerakoan, Batzorde Iraunkorraren bileren deialdiak bat etorriko dira Osoko Bilkurarako ezarritakoarekin.

4. ATALA

Lan Batzordeak

21. artikulua.

Kontseiluaren Osoko Bilkurak, bere ekimenez edo Batzorde Iraunkorrak proposaturik, Lan Batzordeak eratu ditzake, Kontseiluak berezko dituen jarduerekin lotutako berariazko gaiei buruzko azterlan, txosten edo proiektuak egiteko.

22. artikulua.

1. Lan Batzordeak sortzeko, betiere, beharrezkoa izanen da Osoko Bilkuraren erabakia, hura eratzea erabakitzen den bilerara bertaratutakoen bi herenek hartua.

2. Batzordeetan sar daitezke bai Kontseiluko kideak bai Kontseilukoak ez direnak ere, baldin frogatutako ezagutzak badituzte Batzordearen eginkizun den gaiari buruz.

23. artikulua.

Lan Batzordeak sortzeko erabakian, Osoko Bilkurak honako hauek sartu beharko ditu:

–Batzordearen jarduketaren xede zehatza.

–Batzordeko kideak. Gutxienez ere Kontseiluko bost kide egonen dira.

–Zer epetan gauzatuko dituen jarduketak Batzordeak.

24. artikulua.

1. Batzordeak zehaztu beharko du nork beteko dituen lehendakariaren eta idazkariaren eginkizunak, bere kideen artetik. Izendapen hori idatziz komunikatuko zaio Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko lehendakariari.

2. Batzordeko lehendakariak lanen bilakaeraren berri emanen dio Kontseiluari aldian-aldian, eta, betiere, hark eskatzen duenean.

25. artikulua.

Batzordeetako lehendakaritzen eginkizun izanen dira:

a) Lan Batzordea deitzea egoki jotzen den periodikotasunarekin, kontuan izanik lan egutegia, presa eta esleitutako eginkizunaren beste alderdi batzuk.

b) Egindako azterlanak eta txostenak eta jardueren laburpen-memoria bat igortzea Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluari, eta soilik alderdi interesdunak eskatuta jasoko dira desadostasunak erabaki eta iritzietan.

c) Helburuak eta jarduerak aldatzeko proposatzea Kontseiluari, baita bere eginkizuna gauzatze aldera Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen espezialistak ere.

d) Egiten diren bileren laburpenak egitea.

5. ATALA

Lehendakaritza

26. artikulua.

Hezkuntzako eskumenak bere dituen departamentuko kontseilariari dagokio Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren Osoko Bilkurako lehendakaritza.

27. artikulua.

Kontseiluko lehendakariari dagozkio, uztailaren 3ko 247/2000 Dekretuaren 4. artikuluko eskudantziez gain, honako hauek:

a) Kontseiluaren araudia betetzen dela zaintzea, eta, zehazki, erregelamendu hau betetzen dela zaintzea.

b) Kontseiluaren eginkizunak eta erabakiak betetzen direla zaintzea, baita haren zerbitzuak ongi dabiltzala zaintzea ere.

c) Kontseiluko idazkaria izendatzea eta kargutik kentzea.

d) Erregelamendu honek esleitzen dizkion gainerakoak, bai eta aplikatzekoak diren araudietako xedapenek esleitutakoak ere, eta, oro har, erregelamendu honek Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko beste organo batzuei esleitu ez dizkienak.

28. artikulua.

Lehendakariaren kargua hutsik dagoenean, edo lehendakaria gaixorik edo kanpoan dagoenean, lehendakariordeak ordeztuko du haren eskudantzia guztietan.

6. ATALA

Idazkaritza

29. artikulua.

Kontseiluko idazkariari dagozkio, 247/2000 Dekretuan aipatutako eskudantziez gain, honako hauek:

a) Kontseiluari aurkeztu nahi zaizkion gai, txosten, proposamen edo agiri guztiak jasotzea, antolatzea eta abiarazpena prestatzea. Kontseiluko kideek aurkeztuko dituzte, edo hirugarrenek, eta hau izanen da erregelamenduzko bidea Osoko Bilkurak landu ditzan eta egoki den tramitazioa eman dakien denei ere.

b) Kontseiluko kideen eskura uztea eguneko gai-zerrendan sartuta diren gaiei buruzko dokumentu guztiak, azter ditzaten.

c) Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bileren akta egitea.

d) Fede-emaile aritzea, lehendakariaren oniritziarekin, ziurtatuz Kontseiluak eta Batzorde Iraunkorrak egindako kontsultak, irizpenak eta hartutako erabakiak.

e) Honako hauek antolatzea eta zaintzea: Kontseiluaren organoen aktak, espedienteak eta bere karguko artxiboa, baita dokumentuen sarrerako eta irteerako erregistroa ere.

f) Kontseiluaren erabakien ziurtapenak ematea, lehendakariak baimentzen duenean; erabakien xedapen zatiari buruzko edukia izanen dute ziurtapen horiek.

g) Lehendakariak agintzen dizkion kudeaketa eta koordinazio egintza guztiak, edo karguak berez dituen guztiak.

30. artikulua.

Kontseiluko idazkaria ez badago, Kontseiluko lehendakariak izendatzen duen pertsonak beteko ditu haren eginkizunak.

III. KAPITULUA

Funtzionamendu araubidea

1. ATALA

Osoko bilkuraren bilerak

31. artikulua.

Bileretan, lehendakariak antolatuko ditu esku hartzeko txandak eta horien iraupena.

32. artikulua.

Lehendakariak, uste duenean gai bat aski landua dagoela, gai edo eztabaida hori bukatutzat eman dezake. Behar den bozketa egin ondoren –hala behar badu–, gai-zerrendako hurrengo puntura igaroko da.

33. artikulua.

1. Bilera guztien akta eginen du idazkariak.

2. Akta bakoitzean, honako aipamen hauek jasoko dira nahitaez:

a) Bilerara bertaratu diren kideak. Absentzia justifikatuak eta justifikatu gabeak jasoko dira.

b) Gai-zerrenda.

c) Erabakiak, zehaztuz nola hartu ziren eta adieraziz zenbat boto eman ziren zehazki, zer zentzutan (alde edo kontra), eta abstentzioak.

3. Erabakiak hitzez hitz jasoko dira aktetan, eta txostenen eta eztabaiden laburpen txiki bat. Kideek eskubide izanen dute beren esku-hartzeen edo proposamenen edukia hitzez hitz jaso dadila eskatzeko, baldin eta bertan edo 48 orduko epean aurkezten badute beren esku-hartzea fidelki adierazten duen idatzizko testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.

4. Akta bakoitza idazkariak sinatuko du, bilerako lehendakariak ontzat eman ondoren.

5 Hurrengo bilera arruntean aurkeztuko dira aktak, onets daitezen, kideek proposatutako eragozpenekin, hobeki zehaztu dadin bilera nola joan zen.

2. ATALA

Erabakiak nola hartu

34. artikulua.

Bertaratuen gehiengo soilez hartuko dira Kontseiluaren Osoko Bilkuraren erabakiak, salbu erregelamendu honek berariaz ezarritako kasuetan. Bozketak, behar izanez gero, arruntak, izendunak eta isilpekoak izan daitezke.

a) Bozketa arruntak baiezko, ezezko edo abstentzioko zeinu konbentzionalen bidez egiten direnak dira.

b) Bozketa izendunak, berriz, deituren alfabetozko hurrenkeran deituta egiten dira, eta azkena lehendakaria izan ohi da beti; Osoko Bilkurako kide bakoitzak, deitzen dutenean, ozenki esaten du “bai”, “ez” edo “abstenitu egiten naiz”.

c) Ezkutuko bozketak dira Osoko Bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko kide bakoitzak txartelak hautetsontzi edo zorro batean sartuta egiten direnak.

35. artikulua.

1. Botoa emateko ohiko sistema bozketa arrunta da.

2. Bozketa izenduna egiteko, hala eskatu beharko du Osoko Bilkurako kideen herenak, eta kideen gehiengoak onetsi egin beharko du.

3. Ezkutuko bozketa eginen da baldin erabakia pertsona zehatz bati buruzkoa bada, edo Kontseiluko kide batek eskatzen badu, betiere lehendakariak gai hori bozketarako aurkezten badu eta Osoko Bilkurak kideen gehiengoarekin onesten badu.

36. artikulua.

1. Ez da bozketarako onartuko honako gai hauei buruzko proposamenik, ez baldin bada testua idatziz eman bozketa egin aurretik:

a) Kontseiluko kideak kargutik kentzeko proposamenak.

b) Kontseiluaren urteko memoriaren onespena.

c) Lan Batzordeak sortzea eta iraungitzea.

d) Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua aldatzeko proposamena onestea.

e) Konplexutasuna dela-eta agiri baten bidezko azterketa lasaia behar duten gainerakoak.

37. artikulua.

Gehiengoaren erabakiarekin bat etorri ez diren kideek zilegi izanen dute aktan beren boto partikularra jasoaraztea. Osoko Bilkuraren proposamen, txosten eta irizpenetan jasoko dira boto horiek, arrazoiarekin batera. Erregelamendu honen ondorioetarako, boto partikulartzat hartuko da Kontseiluko kide batek duen nahia aktan jasoarazteko bere botoaren oinarria eta desadostasunaren zentzua. Idatziz formulatu beharko da boto partikularra, berrogeita zortzi orduko epean, eta testua aktako edukiari gehituko zaio.

3. ATALA

Batzorde Iraunkorraren funtzionamendua

38. artikulua.

Kapitulu honen 1. atalean Kontseiluaren Osoko Bilkurarako ezarritako funtzionamendu araubide bera izanen dute Batzorde Iraunkorraren bilerek.

39. artikulua.

Bildutakoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak Batzorde Iraunkorrean. Bozketak, behar izanez gero, arruntak, izendunak eta isilpekoak izan daitezke, erregelamendu honen 34. artikuluan azaldutako ezaugarri berberekin.

4. ATALA

Lan Batzordeen funtzionamendua

40. artikulua.

Kapitulu honen 1. atalean Kontseiluaren Osoko Bilkurarako ezarritako funtzionamendu bera izanen da Lan Batzordeetarako, salbu erabakien bozketari buruzkoa, izan ere Lan Batzordean, betiere, kideen adostasunez hartuko dira erabakiak.

IV. KAPITULUA

Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduaren erreforma

41. artikulua.

Antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendu honen erreforma prozedura honen araberakoa izanen da:

a) Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio ekimena, kideen erdiek gutxienez proposaturik.

b) Erreforma egiteko proposamena eginez gero, testu alternatibo artikuluduna gehituko da, baita haren oinarria den argumentazioa ere, eta Kontseiluko botoen gehiengo osoz onetsi beharko da.

c) Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari dagokio erregelamenduaren erreforma onestea.

Xedapen gehigarria.–Erregelamendu honetan, gaztelaniazko bertsioan, erabiltzen den terminologian batzuetan maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkera-ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela, eta, beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

Iragarkiaren kodea: F1800259