42. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, garbiketako enplegatu laguntzailearen lanpostuan (D maila/taldearekin parekatuan) aritzeko izangaien zerrenda eratzeko, oposizio bidez, aldi baterako kontratuak egiteko

Alkatetzaren otsailaren 5eko 149/2018 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren, garbiketako enplegatu laguntzailearen lanpostuan (D maila/taldearekin parekatuan) aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko, zerrenda eratu eta ondoko bi urteetan.

Oposizio hau egingo da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarrietan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da garbiketako enplegatu laguntzailearen lanpostuan (D maila/taldearekin parekatuan) aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideetan xedatutakoak eta aplikatu beharreko gainerako arauek arautuko dute aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda. 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi ziren irizpide horiek (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa eratzeko Itunean zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Eskola Graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketa titulazioa edo baliokide den titulazioa izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

D) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Egiaztagiriak kopia konpultsatuen bidezkoak izango dira.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izango dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

3.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako arauetan xedatutakoarekin bat, II. atalean zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei egingo zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

II.–Deialdia garatzeko arauak

1.–Aldi baterako bete beharreko lanpostuen izaera eta ezaugarriak.

1.1. Alkatetzak onetsitako deialdi honen xedeko lanpostuaren izena garbiketako enplegatu laguntzaile da.

1.2. Egin beharreko lanak eta eginkizunak deialdi honetan eskatzen diren maila eta kategoriakoak izango dira, eta eskatutako titulazioaren araberakoak. Haien artean egongo dira, besteak beste aipatze aldera:

–Etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenei zuzeneko sostengua ematea etxeko zereginetan, haiendako gizarte-langileak ezarritako jarraibide teknikoen arabera.

–Ikastetxea garbi eta ordenaturik egon dadin arduratzea, bai eta mantentze-lanetako langileei laguntzeaz ere, egin beharreko lanak “Santa Ana” Haur Hezkuntzako ikastetxean direnean.

–Udalaren beste zenbait instalazio ere garbi egon daitezen arduratzea, esaterako, Udal Artxiboa, kirol instalazioak, etab., eginkizunak egin behar diren lantokiaren edo lantokien arabera.

–Antzeko beste edozein eginkizun, zerbitzuan sortzen diren eskaeren arabera.

1.3. Ordainsari eta lan baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, Tuterako Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gaineko akordioan ezarritakoari jarraituko zaio.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.

2.–Eskabideak.

2.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak II. eranskineko ereduaren araberakoak izango dira, eta Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (HLZ) erregistratu beharko dira (Plaza Vieja 1ean, edo Escós Catalán kaleko 1eko bulegoetan), edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdi eta oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Udalaren iragarki oholean eta www.tudela.es udal web-orrian (“enplegu publikoaren eskaintzak”, deialdiaren aipamenean) ere eskura daitezke. Hartan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

2.2. Eskabideari deialdian eskatzen den titulazioaren egiaztagiria gehituko zaio.

2.3. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izango dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

2.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

2.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

3.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emango du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Tuterako Udalaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.

Izangai baztertuek hiru egun balioduneko epea izango dute, behin-behineko zerrenda iragarki oholean eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan adieraziko da probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

3.3. Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

3.4. Onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Hauexek izango dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Marisa Marqués Rodríguez, Tuterako Udaleko Gizarte Zerbitzuen zinegotzia.

Ordezkoa: Silvia Cepas Medina, Tuterako Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Gizarte Etxeen zinegotzia.

Epaimahaikidea: Concepción Mangado Mateo, ELZaren garbiketako laguntzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Esmeralda Galarreta Martón, familia langilea.

Epaimahaikidea: Soledad Arriazu Arriazu, “Santa Ana” Haur Hezkuntzako ikastetxeko garbitzailea.

Ordezko epaimahaikidea: M.ª Josefina Antón Irujo, “Santa Ana” Haur Hezkuntzako ikastetxeko garbitzailea.

Epaimahaikidea: Rosa Domínguez Berges, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Marta Burgos Ausejo, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Belén Serrano Cornago, administrari-ofiziala, Langileriakoa.

Ordezko idazkaria: Ana Rosa Valero Gómez, administrari-ofiziala, Langileriakoa.

4.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

4.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

4.4. Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

4.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.

5.–Hautapen sistema: oposizioa.

5.1. Hautapen prozesua oposizio bidez gauzatuko da. Hautaprobek dirauten bitartean eta haien garapenari buruz epaimahaiak egin behar dituen iragarkiak, Udalaren iragarki oholean argitaratuko ditu eta, behar izanez gero, oinarri hauetan ezarritako tokietan. Horrez gain, www.tudela.es udal web-orrian argitaratuko dira (“enplegu publikoaren eskaintzak”, deialdiaren aipamenean).

5.2. Hautaprobak.

Epaimahaiak adierazitako egunean hasiko dira eta ariketa hauek bilduko ditu:

Lehen ariketa: proba teoriko/praktiko baten bidez egingo da. Proba horretan test motako 30 galdera erantzun beharko dira oinarri hauen III. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izango da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Ariketa plika sistemaren bidez egingo da.

Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izango dute.

Gehienez ere, 30 puntu.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak ezarritako proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, deialdiko lanpostuko betebeharrekin zerikusia dutenak.

Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 30 minutu izango dituzte.

5.3. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

–Lehenengo ariketa: 30 puntu arte.

–Bigarren ariketa: 50 puntu arte.

5.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izango dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak, hau da, lehenbiziko ariketan 15 puntu eta bigarrenean 25 puntu lortzen ez dituztenak.

5.5. Lehenengo ariketa plika sistemaren bidez egingo da.

5.6. Oinarri hauetan ezarrita dagoen moduan egingo zaie deia izangaiei. Deialdi bakarra egingo da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo epaimahaiak izangaien identitatea egiaztatzeko nahikoa dela juzgatzen duen beste dokumentu bat aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak edo horrelako agiriren bidez euren nortasuna frogatzen ez dutenak besterik gabe deialditik kanpo geldituko dira.

5.7. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

5.8. Lehen ariketa bukatutakoan, kalifikazioen zerrenda eta atxikitako plika zenbakia argitaratuko dira, eta adieraziko da plikak noiz eta non zabalduko diren (eguna, ordua eta tokia). Ekitaldi hori publikoa izango da. Plikak irekitzeko ekitaldia egin ondoren, izangaien eta haien kalifikazioen zerrenda argitaratuko da ekitaldia egin zen tokian, Udalaren iragarki oholean eta www.tudela.es udal web-orrian, deialdiaren aipamenean eta hura gainditu duten izangaiei bigarren ariketarako deia egingo zaie.

Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da bi ariketetako puntuazioak baturik.

6.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

6.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Udalaren iragarki oholean eta web-orrian aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa.

6.2. Aprobatu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoan ebatziko da afera.

6.3. Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio hautaprobak gainditu dituzten aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda, lanean hasteko deia egin dadin, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Oharra: deialdi honetan eta haren eranskinetan egiten diren aipamenetan, genero maskulinoaren forma erabiltzen denean, gizonezkoei eta emakumezkoei aplikatu behar zaizkiela ulertu behar da.

Tuteran, 2018ko otsailaren 1ean.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Oinarrizko kontzeptuak garbiketari buruz eta zoruen fitxa teknikoak. Zikinkeria: jatorria eta ezabaketa. Zoruak, sailkapena.

2.–Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola. Lan taldeak. Garbiketako langileen eginkizunak. Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Garbiketako materialaren zainketa.

3.–Makinak eta garbiketa sistemak.

4.–Garbiketa sistemak. Zoruak erraztatzea. Moparekin garbitzea. Altzarien garbiketa. Komunak garbitzea. Kristalak garbitzea.

5.–Zentro publikoak garbitzea. Administrazio eremuak garbitzea. Bainugela eta komun publikoak garbitzea.

6.–Produktu kimikoak garbiketan. Produktu bakoitzaren ezaugarriak. Produktu horien gaineko arau orokorrak. Garbiketak eragindako desinfekzioa. Arriskuak identifikatzea produktu horiek erabiltzerakoan. Produktuen etiketak.

7.–Hondakin eta zaborren sailkako bilketa: hondakin bakoitza behar den bezala bereiztea eta botatzea.

8.–Lan arriskuei aurrea hartzea garbiketa lanetan. Berariazko arriskuak garbiketa lanetan. Langileen eskubide eta betebeharrak. Norberaren babesa. Ergonomia. Zamak altxatzea. Altueretan garbitzea. Istripuen prebentzioa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L1801991