42. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURCHANTE

Aldaketa, Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Murchanteko Udalak, 2017ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Murchanteko Udalaren ordenantzaren aldaketa. Iragarkia 2017ko 232. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik abenduaren 1ean, jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik, alegaziorik edo kexarik aurkeztu gabe; hortaz, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin bat. Argitara ematen da ordenantzaren behin betiko testua.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Murchanten, 2018ko otsailaren 8an.–Alkatea, Tomás Aguado Martínez.

UDAL ORDENANTZA, ANIMALIAK EDUKI
ETA BABESTEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Xedea.

Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Murchanteko udal-mugartearen barnean animalien behar bezalako babesa bermatu nahi da.

2. artikulua. Aplikazio eremua Murchanteko udal mugapera mugatuko da.

3. artikulua.

Animalien edukitzaileak eta animalien babes eta defentsarako elkarteak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horrelakorik izan ezean, Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurretiko zehatzak eskuratzeko.

Era berean, betekizun berberak izanen dituzte hiri-lur nahiz landa-lurreko finketako atezain, etxezain, zaindari edo arduradunek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan kontratuaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

II. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Udal mugartean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

6. artikulua.

Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

III. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

7. artikulua.

1. Animalia abandonatua da jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta inorekin ez doana. Horrelako kasuetan, Udalak animalia bere gain hartu eta atxiki beharko du, harik eta dagokionak hartu, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

2. Zortzi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia abandonatutzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.

8. artikulua.

Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerriaren barreneko edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan. Abandonatzen badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal da.

9. artikulua.

Animaliek pertsonei nahiz ondasunei arazorik ez eragiteko:

1. Animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, herritarrek Udalaren osasun zerbitzuei horren gaztigua egin beharko diete. Animaliak halako moduan egon ez daitezen, debekaturik dago jaten ematea kasu guztietan eta edozein tokitan, dela etxebizitzen patioan, dela teilatuan, etab.

2. Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

10. artikulua.

1. Udalak lagun egiteko animaliak dekomisa ditzake tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

2. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, pertsonendako kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai heriotza emateko, horren beharrik bada.

3. Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak esaten duen zentroan eginen da.

4. Jabeak eskatzen badu eta albaitari zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

6. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

11. artikulua.

1. Debeku da animalia hilik leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan uztea, baita haiek ehorztea ere.

2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal-mugartearen barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.

12. artikulua.

Ez dago baimendurik animaliak sartzea ikuskizun publikoetako lokaletara, kultur eta kirol arlokoetara, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere. Espresuki debeku da animaliarik izatea haurrak jostatzeko alderdietan bai eta lorategi eremuetan eta soropiletan ere. Zakurren aisialdirako eremuak ezarriko dira, zakurrak aske utzi ahal izateko.

Orobat, debeku da animalia erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetako debeku espresuetatik salbuetsita daude desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoak dituzten pertsonen laguntza-zakurrak, 3/2015 Foru Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarri bezala, horietan zehazten baitira laguntza-zakurren erabiltzaileendako toki, lokal, establezimendu, ostatu, garraio eta espazio publikoak edo erabilera publikokoak eta laguntza-zakurren erabiltzaileak lan munduan sartzeko eskubidea.

13. artikulua.

Lagun egiteko animaliaren batek norbaiti ausiki eginez gero, horrek gertatuaren berri emanen die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiote norbaiti animaliaren batek hozka egin diolako.

IV. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

14. artikulua.

Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen txertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

15. artikulua.

Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskaera egiten dioten agintari eskudunei ere. Horretaz gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espresuki debekaturik baitago beste inora eramatea edo hiltzea.

Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute, legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

16. artikulua.

Udal mugapean, behar bezala identifikaturik eta txertaturik dauden zakurrak baizik ez dira ibiltzen ahal. Leku hauetan ibiliz gero haien erantzuleek eraman beharko dituzte beti, eta kateaz edo uhalez loturik joan:

–Higiezinetako sarbide eta alderdi komunetan barna (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailera-buruak eta abar).

–Udalerriko hiriguneko bide publikoan barna (karrikak, espaloiak, pasealekuak eta abar).

–Hirigunetik kanpora, 1.000 metro linealeko inguruan, mugatik hasita. Distantzia horretatik haratago, jabeak betiere bete beharko ditu ingurumenaren eta ehizaren arloan aldi bakoitzean indarra duten arauak. Gainera, animaliaren presentziak ez die inola ere hirugarren pertsonei traba egiten ahalko.

Ez dira inola ere hiriguneko berdegune edo lorategietan barna ibiltzen ahalko, ez uhalez loturik ezta lotu gabe ere.

Gainera, ondoko 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz “arriskutsuak izan daitezkeenen” sailean sartzen diren animaliek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, udal-mugartean edozein tokitan izanda ere.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek agindua emanen dute, pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak harrapatu eta eraman ditzaten.

17. artikulua.

Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiak identifikaturik ote dauden egiaztatuko da.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo, formalki adierazita, berreskuratu nahi ez dituenak, Zakurtegiaren esku geldituko dira.

18. artikulua. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrek bete beharko dituzte funtzionamendu egokirako legez ezarrita dauden arau eta xedapenak.

19. artikulua.

Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean. Galarazten ahal ez badu, zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, hondakin organikoetarako eremu publikoan dauden edukiontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du. Ez dira inola ere paperontzietara botako.

Aitzineko paragrafoan deskribaturiko betebeharrak orobat aplikatuko dira “zakurren aisialdirako eremutako” paraturiko aldeetan.

Aurrekoa betetzen ez bada, agintaritzako agenteek arau-hausleak salatuko dituzte eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie.

20. artikulua.

Espresuki debeku da animaliak erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako terraza edo jabetza komuneko bestelako lekuetan zakurrak egotea.

Era berean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

21. artikulua.

Laguntza-zakurra izanen da ikusmeneko eta entzumeneko desgaitasun edo desgaitasun fisiko bat duten pertsonei edo autismoaren esparruko nahasteak, diabetesa, epilepsia edo 3/2015 Foru Legearen azken xedapenetako bigarreneko 1. apartatuan xedatuaren arabera aitortutako gaixotasunak dituzten pertsonei konpainia egiteko, gidatzeko, laguntzeko, sorosteko eta asistentzia emateko trebatu den zakurra, zeinak bere trebakuntza amaitu baitu aipatutako pertsonei lagun egiteko, gidatzeko eta sorosteko behar diren trebetasunak barneratuta.

Laguntza-zakurrak 3/2015 Foru Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritako moduan aitortu, egiaztatu eta identifikatuko dira.

Behin zakurrari laguntza-zakurra dela aitortuta, bizi den bitartean izanen du zakurrak izaera hori, salbu eta izaera horren galera erabakitzen denean, 3/2015 Foru Legearen 18. artikuluan jasotako arrazoietatik bat edo beste gertatzegatik. Izaera horren galera deklaratuko du aitorpena egin zuen organoak, administrazio ebazpen baten bidez.

Laguntza-zakurraren izaera aitortzeko prozedura izanen da Eskubide Sozialetako kontseilariak, 3/2015 Foru Legea garatzeko, azaroaren 24an emandako 535/2016 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoa.

22. artikulua.

Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek idorperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Ez dira beti lotuak egonen, eta, hala daudenean, lokarriak ez die galaraziko mugitu ahal izatea.

V. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

23. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1. Izatez basa direnetakoa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaiekeen espezie edo arrazatakoa dena, eta ondasunei kalte egin ahal diena, erasokorra izan ala ez.

2. Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrierra, pitbull terrierra, staffordshire bull terrierra, fila brasileiroa, dogo argentinarra, rottweilerra eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3. Nolanahi den, aurreko apartatukoa izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz beste animaliei eraso egin dietenak, martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 2.2 artikuluari jarraituz, Arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen baitu.

24. artikulua. Zakur arriskutsu bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1. Zakurra arriskutsua dela erabaki beharko da, betiere iritzi objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, erkidegoko edo udaleko agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

2. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

c) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. apartatuan zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana inoiz. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin dela, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere 120.000 euroko estaldura duena.

3. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Murchanten bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Murchanten egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Murchanten egon behar badu. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Murchanteko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4. Lizentziak bost urteko indarraldia izanen du eta iraupen bereko aldietarako berritu ahalko da; edonola ere, beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko betebeharrei kontzea denbora horretan guztian. Erranak erran, indarraldi horretan Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzaren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

25. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 24. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla komunikatzea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Murchantera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak bete beharko dituzte.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

26. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Murchanteko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Erreseina edo erreseina erdia.

f) Jaioteguna.

g) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

h) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

i) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

j) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

k) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

l) Eraso kasuak.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

27. artikulua. Arriskutsu gerta daitezkeen zakurren erregistro-liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro-liburu bat eduki beharko dute, zeinetan paratu beharko baitituzte 34. artikuluko a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan aipatzen diren datuak, arriskutsu gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

28. artikulua. Debekuak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debeku dira:

1. Arriskutsutzat hartzen den animalia adingabe batek eramatea.

2. Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskutsua izan daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasuni, hala bide publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3. Murchanteko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4. Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako beste arau-haustetzat.

29. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean ezarritako zehapenez gain, aitzineko artikuluaren 1, 2, 3 eta 4. apartatuetan aipatzen diren arau-hausteak, ordenantza honen aurkako arau-hauste oso larritzat hartuko dira eta, ondorioz, 300,52 eurotik 2.404,05 eurora bitarteko isuna paratuko da. Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

30. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Murchanteko Udalak bete ditzan 50/1999 Legeak udalen esku uzten dituen obligazioak. Fitxategia Murchanteko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

31. artikulua.

Arriskutsua izan daitekeen edozein animalia edukitzeko udal lizentzia eskuratu beharko da aldez aurretik.

VII. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten beste jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

32. artikulua.

Ezarri gogo den jarduera iraunkorra bada, bai leku itxietan bai leku irekietan izan, jarduerarako lizentzia izan beharko du, eta jarduera sailkatuen gainean indarra duen araudiaren arabera eta alor horretan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenen arabera tramitatuko da.

Udalak aipatu lizentzia eman dezan, eta Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta gainerako xedapenetan horri buruz agindutakoaz gain, beharrezkoa izanen da ordenantza honen 32. eta 33. artikuluetan zehaztu baldintzak betetzea.

33. artikulua.

Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Udalak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Jardueraren deskribapena.

2. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

3. Kokapena.

4. Jarduera zenbat denborarako eskatzen den.

5. Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.

6. Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

7. Muntaduren onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

34. artikulua.

Denbora baterako egiten diren jardueretan, funtzionatzen hasteko, ondotik aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira Udalean, Udalaren osasun zerbitzuek azter ditzaten:

–Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

–Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartilla, animaliaren identifikaziorako txartela eta abar), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hargunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak. Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

35. artikulua.

1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bestelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

2. Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten beste guztiak debeku dira.

VIII. KAPITULUA

Ustiatzeko etxeko animaliak

36. artikulua.

Baimena emanen da ukuiluak, eskortak eta, oro har, aziendak ustiatzeko nolanahiko abeltegiak, haztegiak, aterpeak, eta abar paratzeko, bakar-bakarrik, landa-lur gisa sailkaturiko lurrean (urbanizaezinean) kokaturik daudenean, eta distantziak betetzen badituzte hiri-lurraren mugaraino, eta orobat betetzen badituzte hirigintzako araudian aipatzen diren gainerako baldintzak.

Aipatu muntaduretarako lizentziak, jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz izapidetuko dira.

Dena dela, etxebizitzetatik aparteko pabiloietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazgaitz eta garbigarriak izan beharko dute; txorrotako ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animalia espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.

37. artikulua.

Debeku da errentako animaliak etxebizitzen barrenean edukitzea, edozein delarik haien kopurua.

Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesiturik edo itxirik badaude, ordenantza honetako 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

38. artikulua. Edozein motatako ukuilua paratzeko Udalaren lizentzia beharko da, zentsuan sartu eta legeak ezartzen dituen osasun erregistro guztiak bete beharko dira.

39. artikulua.

Animaliak lekuz aldatu behar direnean, bai udalerriaren barrenean bai beste udalerrietara, Epizootien Erregelamenduan eta alor honetan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

40. artikulua.

Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliarik egoteko baimena ez bada ematen ahal, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea bertatik eraman ditzaten beren borondatez, eta, bestela, horixe bera erabakitzea, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalak deusetan ukatu gabe.

IX. KAPITULUA

Animalien babesa

41. artikulua.

1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki beharko du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

2. Debeku da:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.

c) Animaliak abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten instalazioetan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen arabera dituen premia etologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, salbu beharragatik edo funtzionaltasunagatik albaitarien kontrolpean egiten direnak.

f) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animaliak erabiltzea sari, publizitateko deigarri edo esker-saritarako, edo ordaineko opari gisa animaliak diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bestelako erosketen truke.

h) Animaliak saltzea edo ematea laborategi edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso-agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) Lagun egiteko animaliak edo bestelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.

k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

l) Zakurrak beti loturik edukitzea.

m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak arau-hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez egiteetan erortzea.

n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bestela erabiltzea.

ñ) Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua.

1. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bestela, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

f) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

g) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, higiezinetako sarbide eta alderdi komunetan barna (atariak, eskailerak, igogailuak, eskailera-buruak eta abar).

h) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, udalerriko hiriguneko bide publikoan barna (karrikak, espaloiak, pasealekuak eta abar).

i) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, hirigunetik kanpora, 1.000 metro lineal bitarteko inguruan mugatik hasita.

j) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, hirigunetik kanpora, 1.000 metro lineal baino gehiagoko inguruan mugatik hasita, hirugarren pertsonei traba egiten dietelarik.

k) Zakurrak eramatea uhalik edo katerik gabe, hiriguneko berdegune edo lorategietan barna.

l) Animalien gorotzak ez biltzea udalerriko hiriguneko bide publikotik eta espazio publikoetatik (galtzadak, espaloiak, lorategiak, pasealekuak eta abar).

m) Lagun egiteko animalien gorotzak ez biltzea “zakurren aisialdirako eremuetatik”.

n) Hiriko bideetan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

ñ) Animaliekin ikastetxeetan sartzea.

o) Muturrekorik gabe eramatea, salbu eta lehendik eraso egin duten zakurren kasuan, orduan arau-haustea larria izanen baita.

3. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

1.–Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

2.–Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.

3.–Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

4.–Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

5.–Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

6.–Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko instalazioen gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

7.–Indarra duen araudiaren kontra, animaliak saltzea.

8.–Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

9.–Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

10.–Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.

11.–Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

12.–Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

13.–Arau-hauste larrien kalifikazioa izanen dute h), i), j) k) eta l) apartatuetan arau-hauste arin gisa deskribaturiko jarduketek, ordenantza honetan arriskutsuak izan daitezkeen zakurtzat hartzen direnei dagozkienetan.

14.–Arau-hauste arinetan berrerortzea.

4. Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuak edo galzorian deklaratu dituzten kanpoko animalia espezieen banakoak, umeak, arrautzak, zatiak edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo bertakotzea.

g) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

43. artikulua.

1. Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 151tik 600 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601etik 3.000 eurora bitartekoak.

2. Arriskutsua izan daitekeen zakur bat solte egoteagatik 300,51 eurotik 2.404,05 eurora bitarteko isuna ezarri ahalko da, 50/1999 Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. Arriskutsua izan daitekeen zakur bat abandonatzeagatik 2.404,06 eurotik 15.025,03 eurora bitarteko isuna ezarri ahalko da, 50/1999 Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

44. artikulua.7/1994 Foru Legean aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

Zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, fauna aloktonoaren babeserako araubidea hausteagatik eta baimen administratiboa ez egin edo urratzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak instruitu eta ebazteko eskumena, Udalaren organo hauei dagokie:

–Falta arinak: alkateari edo zinegotzi ordezkariari.

–Falta larriak: alkateari edo zinegotzi ordezkariari.

–Falta oso larriak: alkateari edo zinegotzi ordezkariari.

45. artikulua.1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio falta arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte-ordainak deusetan ukatu gabe.

2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak gabetuak izanen dira hemendik aitzina animaliak edukitzeko gaitasunaz. Desgaitzea denbora batekoa izan daiteke, urtebetekoa nahiz iraunkorra, arau-haustea nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltea zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

46. artikulua.1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

2. Arau-hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, arau-haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo establezimenduak ixtea.

47. artikulua.1. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.

2. Dekomisatze hori prebentzioz eginen da, behar den zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologikoei edo zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea animalia autoktonoa baldin bada.

3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien araudi osagarrietan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean, bai eta abere osasun, ingurumen eta abelazkuntza arloetan eta beste edozeinetan aplikagarri zaizkien xedapen orokorretan ere ezarritakoa.

Bigarrena.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arau guztiak, edo bertan arautzen diren gaiei buruzko xedapenak dituztenak. Ordenantza honek indarra hartu bitartean, espresuki indarrik gabe gelditu da indarrean den Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei buruzko ordenantza.

Hirugarrena.–Ordenantza honetako manuak ez betetzeak udaltzainen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena.–Ordenantza fiskal honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

EREMU BAIMENDU LIBREA

–Juspoyo urbanizazioa.

–Charas urbanizazioa.

–Soladrero urbanizazioa.

Iragarkiaren kodea: L1802016