4. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

590/2017 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetako 2017-2018 ikasturteko hezkuntza proiektuen lehiaketaren deialdia onesten duena.

Lanbide Heziketaren Zerbitzua berrikuntza metodologikoaren asmo handiko programa garatzen ari da 2017-2018 ikasturte honetan Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetan. Programan lehiaketa fase bat dago ikasturte honetan diseinatu eta garatutako hezkuntza proiektu hoberenak saritzeko eta, modu horretan, parte hartzen duten irakasle eta ikasleak aintzatesteko eta hurrengo ikasturteetan pizgarri izateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetan 2017-2018 ikasturteko hezkuntza proiektuen lehiaketa sustatzeari eta haren oinarri arautzaileak onesteari buruz Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetako 2017-2018 ikasturteko hezkuntza proiektuen lehiaketaren deialdia eta haren oinarri arautzaileak, ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan agertzen direnak, onestea. Lehiaketa Nafarroako Lanbide Heziketako ikasleei zuzentzen zaie.

2. Aurrekontuan lehiaketa hau egiteko jaso den zenbatekoa baimentzea, gehienez ere 7.000 eurokoa izanen dena antolaketa gastuetarako; horietatik, 4.000 euro erabiliko dira saria erosteko eta gainerakoa, berriz, laguntza kontratua gauzatzeko.

Gastua justifikatu ondoren, diru kopuru horiek ordainduko dira “Lanbide Heziketako garapena eta berrikuntza” izeneko 420003 42600 2269 322E00 partidaren edo horretarako gaitzen denaren kargura 2018ko gastuen aurrekontuan.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta dagozkion oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Lanbide Kualifikazioen Atalari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 5ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

“2017-2018 ikasturteko hezkuntza proiektuen
lehiaketaren deialdia”ren oinarri arautzaileak

1.–Lehiaketaren xedea.

Lehiaketa honen xedea da metodologia aktiboen erabilera bultzatzea eta erraztea Lanbide Heziketako ikastetxeetan.

2.–Proiektuen baldintzak.

a) Proiektua jatorrizkoa izan beharko da, eta lan plana 2017-2018 ikasturtean garatuko du. Horretarako, metodologia aktiboak erabiliko ditu, eta horietan, gutxienez, prestakuntza ziklo bateko talde oso batek hartuko du parte.

b) Nafarroako ikastetxeetan ezarritako lanbide prestakuntzako zikloetan garatu beharko da proiektua.

c) Proiektuaren garapenean, dagokion curriculumeko ikaskuntzaren emaitzak, edukiak eta gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak gehituko dira.

c) Proiektuak koordinatzailea izan beharko du. Hura bai lana, bai haren garapenean parte hartzen duen hezkuntza taldea, bai ikasleen taldea koordinatzeaz arduratuko da, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solasaldia bideratuko du. Ordezkatua izan daiteke ikastetxearen oniritziz eta justifikatutako arrazoiak tarteko, betiere Lanbide Kualifikazioen Atalari abisua emanda.

e) Proiektu bat aurkezten duen hezkuntza taldeak “Proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza” izeneko prestakuntzan hartuko du parte 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetan, eta alta emanda egonen da MOODLE plataformako “Metodologia aktiboak” ikastaroan; plataforma hori Nafarroako lanbide prestakuntzaren eremuan proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza sustatzen laguntzeko sortu da.

3.–Eskaeren aurkezpena eta epeak.

a) Proiektuaren koordinatzaileak inskripzio-fitxa bidali beharko du, III. eranskinaren araberakoa, honako helbide elektroniko honetara: inacuali@navarra.es.

b) Inskripzio-fitxa proiektuen lehiaketara bidaltzeko azken eguna 2018ko urtarrilaren 19a izanen da.

4.–Aurkeztuko diren hezkuntza proiektuek bete beharreko baldintzak.

Hezkuntza proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Fitxa idatzien bidez aurkeztea. Bidezkotzat jotzen diren alderdi didaktiko eta ekintzaileak bilduko dira fitxetan:

–Proiektuaren/azken produktuaren fitxa.

–Proiektuaren eskema globala (paketeak eta atazak).

–Hezkuntzako “Canvas”.

–Ebaluazio sistema: taula, ebaluazio errubrika, eta abar.

b) Azken produktu bat aurkeztea. Epaimahaiari erakutsi beharko zaio 2018ko maiatzaren 14tik 18ra bitartean, proiektua aurkezteko eta defendatzeko ekitaldi publikoan.

c) Ikasleen talde bakoitzak hezkuntza proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

d) Ikasle batek ezin izanen du sari bat baino gehiago jaso.

5.–Proiektuak ematea eta jendaurrean aurkeztea. Zehazten diren lekuan eta orduan eginen da.

a) Parte-hartzaileek 2017ko maiatzaren 4ko 14:30 baino lehen aurkeztu beharko dituzte bakoitzaren proiektuari dagozkion fitxak, MOODLE plataformako “Metodologia aktiboak” ikastaroan.

–Proiektuaren/azken produktuaren fitxa.

–Proiektuaren eskema globala (paketeak eta atazak).

–Hezkuntzako “Canvas”.

–Ebaluazio sistema: taula, ebaluazio errubrika, eta abar.

http://moodlefp.educacion.navarra.es/login/index.php

b) 2018ko maiatzaren 14tik 18ra bitartean, lehiaketaren epaimahaiak deia egin ondoren, MOODLE plataformako “Metodologia aktiboak” ikastaroan sartutako proiektuari dagozkion fitxa idatzien kopia aurkeztu beharko diote epaimahaiari, bai eta hezkuntza proiektuaren azken produktua ere, proiektua aurkezteko eta defendatzeko ekitaldian.

c) Aurkezpen ekitaldian, ikastetxe bakoitzak 15 minutu izanen ditu proiektuaren berri emateko. Denbora honela banatuko da:

–Lehenbiziko 5 minutuak ikasleentzat izanen dira.

–Beste 5 minutu, proiektuan parte hartu duten irakasleentzat (gai pedagogikoak eta, bere ustez, proiektua baloratzeko taulako alderdien gainean argitu behar direnak).

–Epaimahaiak azken 5 minutuak erabiliko ditu ikasleei zein irakasleei galderak egiteko, bere ustez aurkezpenean argi geratu ez diren gaiak zehazte aldera.

d) Gero, 2018ko maiatzaren 23an, lehiaketaren proiektu finalistak ekitaldi publiko batean erakutsiko dira, zehazten diren lekuan eta orduan.

6.–Balorazioa.

a) Epaimahaiburua Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona izanen da, eta gutxienez beste lau epaimahaikide izanen dira, hiru Lanbide Heziketaren Zerbitzuak izendatuak eta bat Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarrak (CEINek) izendatua. Epaimahaiak aurkeztu diren hezkuntza proiektuak aztertuko ditu, proiektuen aurkezpena eta defentsa baloratuko ditu, eta sariak emateko proposamena bidaliko dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari 2018ko maiatzaren 23a baino lehen.

2018ko maiatzaren 21a baino lehen, posta bidez, proiektu finalisten hautaketaren berri emanen zaie metodologia aktiboen prestakuntzan parte hartu duten guztiei.

b) Kontuan hartu beharreko alderdiak, adierazleak eta adierazleen balorazioa II. eranskinean ezartzen dira.

7.–Sariak.

a) Lau sari emanen dira, hau da, sari bat lau kategoria hauetako bakoitzean:

–A kategoria: ikastetxe bereko erdi mailako eta/edo goi mailako ziklo baten edo gehiagoren esku-hartzea izan duen elkarlaneko proiekturako saria.

–B kategoria: erdi mailako eta/edo goi mailako ikasmaila eta ziklo beretako lanbide modulu biren edo gehiagoren parte-hartzea izan duen elkarlaneko proiekturako saria.

–C kategoria: erdi mailako eta/edo goi mailako lanbide modulu bakarraren parte-hartzea izan duen elkarlaneko proiekturako saria.

–D kategoria: Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasmaila bateko modulu guztien parte-hartzea izan duen elkarlaneko proiekturako saria, metodologia aktiboen aplikazioan esperientzia handiagoa kontuan hartuta.

b) Ikastetxe bakoitzak erabakiko du ikasleen zein taldek aurkeztuko duen proiektua epaimahaiaren aurrean; izan ere, talde bakarrak parte har dezake ikastetxeko.

c) Hona hemen lehiaketaren proiektu finalistetarako saria; bost tableta lau kategorietako bakoitzerako. Sariak 2018ko maiatzaren 23an eginen den ekitaldi publikoan emanen dira, zehazten diren lekuan eta orduan.

8.–Parte hartzen duten irakasleen akreditazioa.

Metodologia aktiboen proiektuetan parte hartzen duten irakasleek gehienez 35 orduko egiaztagiria jasotzen ahalko dute 2017-2018 ikasturtean horietan parte hartzeagatik, garatutako lana aintzatesteko. Proiektuaren koordinatzaileari lan hori aintzat hartuko zaio, gehienez ere 50 orduz.

Horretarako, ezinbestekoa da epaimahaiaren aurrean proiektua aurkeztea zehazten diren lekuan eta orduan, 2018ko maiatzaren 14tik 18ra bitartean eginen den ekitaldi publikoan.

9.–Argitalpena.

Hezkuntza proiektu saridunen fitxak eta azken produktuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskuetan geldituko dira. Prestakuntza arloan metodologia aktiboen sustapenerako erabiltzen ahalko dira soilik.

10.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Deialdi honen xedeko jarduerak izaera administratiboa du. Beraz, jarduera hori egitearen eta oinarriak interpretatzearen ondorio diren gorabehera oro, lehenik, sariak emanen dituen organoak ebatziko ditu. Organo horren ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Metodologia aktiboen arloko hezkuntza proiektuak baloratzeko alderdiak. 2017-2018 ikasturtea (PDFa).

III. ERANSKINA

Metodologia aktiboen arloko hezkuntza proiektuen inskripzio-fitxa. 2017-2018 ikasturtea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1714499