4. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

44E/2017 FORU AGINDUA, abenduaren 29koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2018. ekitaldirako “Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak” izeneko diru-laguntzaren deialdia onartzen duena.

Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak 2006an sortu ziren, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak (jada desagertua) eskatuta. Haren 2005eko txostenean, ohartarazi zuen jaitsi egin zirela, oro har, Nafarroako telebisten ekoizpen propioaren ehunekoak, eta gomendatu zuen programa interesgarriak eta eskualdeko eta tokiko ekoizpena sustatzea diru-laguntzen bidez.

Orduz geroztik, laguntza horiek urtero izapidetu dira, bai nominatiboki LTD-lizentzia duten telebistentzat, bai norgehiagoka-araubideko deialdi bidez.

2017an, berritu egin da diru-laguntzen deialdi hori, eta laguntzak Europako araudira egokitu dira, zehazki 2014ko ekainaren 17ko (EBren) 651/2014 Erregelamenduaren 54. artikulura eta I. kapitulura; Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2018rako, proposatzen da deialdiaren oinarriek bere horretan jarraitzea, zeinak hobetu egin baitira hiru alderditan, ekitaldi honetan laguntzak izapidetzean izandako esperientziaren ondoren: diru-laguntzaren ordainketa partzialak eta kudeaketa hobeto arautzea, kategoriaren batean proiekturik ez egoteagatik hasieran esleitu gabeko zenbatekoak berresleitzea, eta telebistek langileei dagokienez izan ditzaketen gastuen gehieneko mugak ezartzea.

Telebista-operadoreek eskatuta, eta Zuzendaritza Nagusi honen irizpide teknikoarekin bat, espediente hau aldez aurretik izapidetzen da; hala, ikus-entzunezkoen ekoizpena gauzatzeko epe eragingarria 2018ko urtarriletik urrira izango da, bi hilabeteak barne.

Arestian azaldutako guztiagatik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako txostena ikusirik, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa xedatzen duen 2015eko abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dituen esleipenak gauzatuz,

AGINTZEN DUT:

1. “Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak” izeneko diru-laguntzaren deialdia aldez aurretik izapidetu dadin onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, zeinak foru agindu honen eranskinean jasotzen baitira.

3. 1.100.000 euroko aurrekontua bideratuko da, gehienez, deialdi honetara, BEZa barne, 2017ko Gastuen Aurrekontuko B10003 B1100 4709 921500 partidari (“Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak” izenekoa) dagokion 2018ko Gastuen Aurrekontu Orokorreko partidaren kargura, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4. Foru agindu hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Diru-Laguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

5. Gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Gobernuan deialdi honen eta hura arautzen duten oinarrien kontra, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita.

6. Administrazio publikoen kasuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke foru agindu honen kontra, hura argitaratu eta bi hilabeteko epean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, hargatik eragotzi gabe aurretiko errekerimendu bat egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruña, 2017ko abenduaren 29an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri Arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honek 2018rako Foru Komunitateko ikus-entzunezko edukien ekoizpen- jardueren diru-laguntza erregimena ezartzea du helburu, tokiko- eta autonomia- esparruko lurreko telebista digitalen (LTD) lizentzia pribatuen titulartasunak dituztenek igortzeko.

Ikus-entzunezko edukiak Nafarroako hizkuntza ofizialetako edozeinetan ekoiztuak izan ahalko dira, eta Foru Erkidegoko ikus-entzunezkoen kultura-eskaintza aberastea izango dute helburu.

2. oinarria.–Aurrekontua eta diruz lagundu daitezkeen kostuen muga.

1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 1.100.000 eurokoa da gehienez ere, BEZa barne, 2017ko gastuen aurrekontuko “Ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak” izeneko B10003 B1100 4709 921500 partidaren kargura.

2. Laguntzak diru-laguntza gisa ematen dira, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 54. artikuluan eta I. kapituluan adierazitakoaren arabera, zeinetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen diren, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Ikus-entzunezko lanen ekoizpenerako laguntzen intentsitatea diruz lagundu daitezkeen kostuen %50ekoa izango da.

3. oinarria.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Lurreko Telebista Digitalaren (tokian tokikoa eta erkidegokoa) emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak izan ahalko dira laguntza hauen onuradunak, zeinak, deialdi honetako eskaerak aurkezteko epean, lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programazioari dagozkienen araberako emanaldiak eskaintzen dituzten.

2. Ezin izango zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.

3. Deialdi hau ez da aplikagarria izango Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, laguntza ilegal eta barne-merkatuarekin bateragarria ez dena deklaratu zaienentzat, eta ezta aipaturiko 651/2014 Araudiaren (EB) 2.18) artikuluan definitzen den bezala, krisian dauden enpresentzat.

4. oinarria-Proiektuen tipologia, gehienezko zenbatekoak eta kopuruak berriz esleitzea.

1. Ikus-entzunezko edukien ekoizpenerako ekintzak hurrengo proiektu-tipologia eta baldintzekin bat etorriko dira:

A tipologia: Hiritar guztiei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 600.000 euro gehienez.

A.1. Formatu desberdinetako telebistako programak, Nafarroako herritar guztiei zuzenduak.

A.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 40 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

A.3. Tipologia honen baitan ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehienezko diru-laguntza ezingo da 500.000 euro baino handiagoa izan.

B tipologia: Nafarroako publiko sektorialei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 250.000 euro gehienez.

B.1. Formatu desberdinetako telebistako programak, adinaren arabera (haurtzaroa, gaztaroa, hirugarren adina..) edo interes-komunitatearen arabera (hezkuntza- komunitatea, jarduera ekonomikoen sektorea...) aurrez definituriko publikoei edo publiko sektorialei zuzenduak.

B.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

B.3. Tipologia honen baitan ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehienezko diru-laguntza ezingo da 200.000 euro baino handiagoa izan.

D tipologia: Tokiko publikoei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 250.000 euro gehienez.

D.1. Formatu desberdinetako telebistako programak, LTDaren Plan Tekniko Nazionalak Nafarroarako burutzen dituen tokiko banaketetako (Lizarra, Iruña, Zangoza, Tafalla eta Tuterako mugatzeak) publikoen interes jakin eta zehatzetarako diseinatuak. Tipologia honetara Nafarroarako tokiko LTDerako lizentzia duten titularrak bakarrik aurkeztu ahal izango dira.

D.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

D.3. Tipologia honen baitan ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehienezko diru-laguntza ezingo da 125.000 euro baino handiagoa izan.

2. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako telebistetako informazio- eta kirol-programazioak, eta baita kultura-arlokoak ez diren ikuskizunen zuzeneko edo aurrez grabaturiko emankizunak ere.

3. Telebistako operadoreek ezingo dute programa-proposamen berdina hiru programazio-tipologia hauetako batera baino gehiagora aurkeztu. Hala gertatuko balitz, balorazio-mahaiak ezarriko du proposamenari dagokion tipologia, aurkezturiko memoriarekin bat etorriz, eta tipologia horren baitan bakarrik baloratuko da.

5. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta gauzatzeko epea.

1. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira diru-laguntza honetako helburu diren ekintzen izaerarekin bat datozenak eta deialdi honetako eskaerak aurkezteko epeko azken egunetik, 2018ko urriaren 31ra arteko epean egiten direnak (azken egun hau barne).

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa ezin izango da, inongo kasutan, gastu horien guztizkoaren %50 baino gehiagokoa izan.

3. Gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza: zuzeneko gastuak (langileenak barne), zeharkako gastuak eta ondasun inbentariagarriak erosteko edo amortizatzeko gastuak.

4. Ikus-entzunezkoen produkzioaren emanaldiari zuzenean lotutakoak jotzen dira zuzeneko gastutzat, ikus-entzunezko edukiak sortzeko beharrezkoak diren langileenak barne. Zuzeneko gastuen kasuan (langileenak barne), hots, onuradunak diru-laguntza honen xedea ez den beste programazio bat ekoizteko direnean, diruz laguntzen den proiektuan erabilitako denbora zati proportzionalari dagozkion gastuak baino ez dira egotziko.

5. Deialdi honetan azpikontratazioa sartzen da. Ikus-entzunezko edukien ekoizpenerako beharrezkoak diren ikus-entzunezkoen ekoizpen-ekintzen gauzatzea edo beste lan osagarri batzuk azpikontratatu ahal izango dira. Kasu horietan, diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

6. Langileen gastuak (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ezingo dira izan enpresaren hitzarmenetan edo onuradunari aplika dakizkiokeen hitzarmen sektorialetan jasotakoak baino txikiagoak, ezta ondorengo hileko zenbateko gordinak baino handiagoak ere (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Saioko pertsona arduraduna (diruz lagundutako programa bakoitzeko gehienez bat): 3.750 euro.

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.000 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.500 euro.

7. Diru-laguntzaren barneko proiektua praktikan jartzeko ondasun inbentariagarriak erosi behar diren kasuan, diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da horien amortizazioa, proiektuari egotzi dakiokeen proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorrak kontuan hartuta.

8. Zeharkako gastuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak ere, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak, baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko, telebista-seinalearen difusio eta garraioari dagozkion gastuak barne. Proiektu bakoitzean diruz lagun daitezkeen zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %12tik gorakoak izango; betiere, frogatu egin beharko da zergatik egozten zaizkion diru-laguntzaren xedeko programari.

9. Diruz laguntzen ahal diren zuzeneko zein zeharkako gastuetatik kanpo daude telebista-operadorearentzako higiezinen alokairu edo amortizaziorako direnak; lege edo/lan arloko aholkularitza zerbitzuaren prestazioak eta azpikontratazioak; eta diruz lagundutako programazioaren produkzioari lotu gabeko jarduketetako langileen gastuak (ordezkaritza-gastuak, dieta eta bidaiak, eta abar.).

6. oinarria.–Eskabideen eta dokumentazioaren aurkezpena.

1. Eskaerak hogei egun naturalen epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es). Eskaera-eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko dokumentazioa, deialdi honetako eranskinetako ereduetara doituko direnak, “ikus-entzunezkoen ekoizpenerako 2018ko diru-laguntzak” (hemendik aurrera diru-laguntzako fitxa) deitutako fitxaren baitan egongo dira eskuragarri.

2. Diru-laguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (DEH) bitartez egingo dira. Helbide horrek Nafarroako Gobernuak gaituriko jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa, eta jakinarazpen elektronikorako prozeduretan izena eman. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

3. Laguntza hauek efektu bultzatzailea izan behar dute. Hortaz, 651/2014 Araudiaren (EB) 6. artikuluan xedatzen denaren arabera, diru-laguntza hauen eskatzaileeik ezin izango dituzte diruz-lagundutako ekintzak deialdi honetarako eskaerak egiteko epea zabaldu aurretik aurkeztu.

4. Ondorengoak dira aurkeztu beharreko agiriak:

1) I. Eranskineko eskaera, entitateari buruzko datuak, proposatutako ikus-entzunezko edukiaren edo edukien izenak eta horiei dagokien programazio-tipologia betez formularioan.

2) II. Eranskineko erantzunkizunpeko adierazpena, deialdian exijitzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

3) III. Eranskineko eredua erabilita, proposaturiko ikus-entzunezko edukiaren memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

4) IV. Eranskineko eredua erabilita, giza-baliabide eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

5) Ekonomia- eta finantziazio-memoria, dagokion banakapenarekin, V. Eranskineko eredua erabilita. Memoria bana aurkeztu beharko da proposaturiko programa bakoitzeko, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

6) Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Reproductor de Windows Media.

7) Eskaeren aurkezpenak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzen onarpen garbi eta formala dakar berarekin. Zentzu horretan, Eranskinetan sartuko dira kudeaketa-organoari eskatu beharreko baimenak, datuen egiazkotasuna ziurtatzeko egin beharreko frogatzeak burutu ditzan. Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste inolako jarduketei dagokienean, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, ezarritakoaren arabera jardungo da, Administrazio Prozedura Erkidearena, eta baita abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoaren, eta beste legedia aplikagarrien arabera ere bai.

8) Eskaeren aurkezpenerako epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusiko ditu eskaerak eta, akats edo omisiorik aurkituz gero, interesdunari berari jakinaraziko dizkio. Interesdunak 10 egun balioduneko epea izango du eskaera zuzendu edo/eta aginduzko dokumentuak entregatzeko. Errekerimendua betetzen ez baldin bada, edo interesdunak gelditasuna erakutsiz gero, diru-laguntza eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta bigarren mailako kontu hau Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendariak emandako diru-laguntzen bukaerako ebazpenean argituko den.

7. oinarria.–Diru-laguntza emateko prozedura.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura hau, funtsean, aurkezturiko eskaeren konparaketa egitean, beraien artean lehentasunen bat ezartzeko helburuarekin proiektuak baloratzean eta balorazio gehien lortu dutenei diru-laguntzak esleitzean datza, deialdian adierazitako kreditu erabilgarriaren baitan zehazturiko mugetan.

2. Prozedura honen organo kudeatzailea Komunikazio Zerbitzua izango da. Honek egingo ditu prozedura sustatu eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, legaltasun, publikotasun, objektibotasun, gardentasun, berdintasun eta bereizkeria eza printzipioen arabera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ezartzen duenaren arabera.

3. Komunikazio Zerbitzuak ebaluatuko ditu ikus-entzunezko edukien ekoizpenerako proiektuak, deialdi honetako 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Buruturiko ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendariari aurkeztuko dio ebazpen-proposamen bat. Proposamen horrek deialdian ezarritako tipologia bakoitzaren baitan baloratutako proiektuen zerrenda izango du bere baitan (lortutako puntuazioan handienetik txikienera ordenatuak), eta baita diru-laguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda, esleituriko zenbatekoarekin. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

4. Gehigarri gisa, eta deialdi honetan ezarritako hiru tipologia bakoitzerako gainerako kredituak tipologia bereko proiektu osoak diruz laguntzen uzten ez duenean, kreditu hori poltsa bakarrean pilatuko da, 8.1 oinarrian zehaztutako gutxieneko balorazioa lortu dutenak, honako ordenean:

7.4.1. A tipologiako proiektu osoak: A tipologiako proiekturik ez badago (edo gutxieneko balorazio teknikoa gainditu ez badute), B tipologiako proiektuak, eta, azken beltzean, C tipologiakoak.

7.4.2. Deialdiko hiru tipologiatan proiektu osorik ez badago, A tipologiarako programak aurkeztu zituzten operadoreek, baina laguntzarik jaso ez zutenak krediturik ez izateagatik, berriz formulatu eta kapitulu kopurua minoratu ahal izango dute, aurkeztutako proiektua eta baliozkotutako aurrekontu berriaren %50eko balioko laguntza jaso. A tipologian programarik ez balego, behar bezela B modalitateko programen ezaugarriei moldatutako programei aplikatuko zaizkie laguntzak, eta, azken beltzean, C tipologiakoei.

5. Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak ebazpena emango du deialdi honen barneko laguntzak emateko eta esleitzeko; halaber, diruz lagundutako eskaera-kopurua eta bakoitzari dagokion zenbateko ekonomikoa adieraziko ditu, prozedura horretan zehar gertatutako gorabehera guztiak ebaztearekin batera.

Ebazpena motibatua izango da, eta, edonola ere, erabakia hartzeko oinarriak ziurtatu egin beharko dira. Bertan jasoko dira diru-laguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda, eta, behar izanez gero, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak onartu gabe geratu direla.

6. Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren ebazpenaren berri emango zaie interesatuei gehienez bi hilabeteko epean, deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori igarota Ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, interesatuek beren eskaerak atzera bota direla ulertu ahal izango dute.

8. oinarria.–Balorazio-irizpideak eta puntuazioak.

Eskaerak ebaluatzeko, ondoren zehazten diren irizpideei jarraituko zaie; guztira, 100 puntu dira. Deialdi honetatik kanpo geratuko dira 8.1 oinarrian 25 puntu edo gutxiago lortu dituzten saioak, ez dira ebaluatuko, 8.2 eta 8.3 oinarrietan jasotakoari jarraituz.

1. Programen diseinua, 40 puntura arte.

Honako hauek baloratuko dira:

–Programen sormena eta aniztasuna, eta horiek azaltzeko eta planteatzeko berrikuntzak egitea, Nafarroako gaur egungo programazio-parrilaren aldean: 20 puntu.

–Parte hartzera edo elkarrizketara gonbidatuko diren protagonisten aniztasuna eta zer ordezkatzen duten: 10 puntu.

–Programazioa diseinatu eta bertan parte hartzeko interes publikokotzat jotako Nafarroako herritar elkarteen lankidetza eta parte-hartzea: 5 puntu.

Genero ikuspegiaren ikuspuntua sartu izatea edukiak diseinatu eta garatzeko, eta hizkera inklusiboa erabiltzea: 5 puntu.

2. Erabilitako baliabideak eta proposatu diren edukien finantzaketa, 40 puntu arte.

Honako hauek baloratuko dira:

Telebista eskatzaileak Nafarroan bertan burutuko dela bermatzen duen inbertsioa: 15 puntura arte.

+10 puntu proposamen ekonomikoan Nafarroako enpresekin zuzeneko gastuan kopuru handiena bermatzen duten kategoria bakoitzeko saioari, bai ikus-entzunezkoan eta ikus-entzunezkoa ez denean. Balorazio honetatik kanpo geldituko da antena- eskubideak lortzeko gastua. Gainontzeko saioak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

Nafarroako enpresekin zuzeneko gastuaren zenbatekoa

10 ×

––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

nafarroako enpresekin zuzeneko gastuaren baitan gastu gehien duen programaren zenbatekoa

+5 puntu ikus-entzunezko gastu zuzenean zenbateko handiena bermatzen duten kategoria bakoitzeko eskatzaileentzat, Nafarroan egoitza soziala duten produktoreekin azpikontratazio bitartez edo Nafarroako enpresa hauei ikus-entzunezko produktuak erosita, produktu nafarren antena-eskubideengatik: Nafarroako profesional edo enpresek zuzendu, ekoiztu edo/eta banatutakoak, hau da, konpainia nafarrenak diren eskubideak dauzkaten ikus-entzunezko produktuak. Gainontzeko kategorietako saioak honako formula jarraituz baloratuko dira:

Nafarroan azpikontratutako ikusentzunezko gastuaren zenbatekoa

5 ×

––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

Nafarroan azpikontratatutako gastu gehien duen ikusentzunezko gastuaren zenbatekoa

Baliabide teknikoak, programa hauetarako eskaintzen den kalitate teknikoa bermatuko dutenak: 10 puntura arte.

+ 5 puntu proposatzen den produkzioan eta produkzio-ondoan erabiliko diren baliabide teknologikoei dagokienez (kameren kalitatea, ibilgailuak eta unitate mugikorrak, instalazioak eta platoak...): 3 puntu arte Nafarroako dei-egilean ekoizpen estudioak zein postprodukzio estudioak (eta tokiko mugapean dagoen herrietan daudenak, tokiko telebisten kasuan); eta 2 puntu arte ikusentzunezko ekipo mugikor eta unitate mugikorrengatik.

+ 5 puntu, edukiaren produkziorako aurreikusitako ikus-entzunezko hizkuntzaren eskaintza onenari (grafismoak, teknologia berriak, alde biko komunikazioa ikusleekin...); eta produkzio-ondorako aurreikusitako lanetan.

–Diru-laguntzak jaso dituzten edukiak 2018an beste bide batzuen bitartez ematea: 5 puntura arte.

+5 puntu diruz lagundutako edukien hedapena Internet eta sare sozialetako bideo- kanalen bidez bermatzen duten proposamenentzat, lehen emisiotik hasita hiru hilabetean zehar gutxienez.

–Berdintasun-plana eta errenta bermatua jasotzen duten pertsonen kontratazioa 10 puntu.

+ 5 puntu gizon eta emakumeen arteko berdintasun-planak ezarrita dituzten enpresen eskaintzetarako; gutxienez ere, lan- eta familia-bizitza uztartzeko ordutegia malgutzeko eta lanaldia murrizteko neurriak izan beharko dituzte.

+ 5 puntu gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko: 2,5 puntu emanen dira lanaldi osorako eta gutxienez 3 hilabeterako kontratatzen den errenta hartzaile horietako bakoitzeko.

3. Programazioak ematea proposatzen duen telebista-ikusleria, 20 puntura arte.

20ra arte puntuatuko da diru-laguntza eskatzen duen telebistak 2017ko urtean zehar ziurtaturiko ikusle-kopurua, Cíes S.L. enpresak, instituzio publiko, iragarle eta hedabideen enkarguz egiten duen Nafarroako hedabideen ikus-entzuleen azterketarekin bat etorriz. 20 puntu emango zaizkio eguneko batez besteko audientzia handiena duenari, eta gainerako operadoreak puntuatzeko hiruko erregela aplikatuko da.

Ikusleen irizpidearen baremoa ezartzeko aplikatuko den araua:

proposamena egiten duen telebistaren ikusleria

20 ×

–––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––––

ikusleria gehien duen telebistaren ikusleria

2017ko Nafarroako hedabideen ikus-entzuleen azterketan jasota ez dauden telebisten kasuan, 0 puntu jasoko dituzte ikuslegoari dagokion baremazioan.

9. Oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Diru-laguntzaren telebista onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela frogatzea, bai eta laguntza emateko erabakigarriak diren betebehar eta baldintzak eta helburua bete direla ere.

b) Nafarroako Gobernuak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Organo kudeatzaileari idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa. Komunikazio hori burutu eta 15 egun balioduneko epean organo kudeatzaileak ez baldin badio berariaz aldaketa horri ezezkorik ematen, bai komunikazio-betebeharra eta bai proposaturiko aldaketa onartutzat joko dira.

e) Diru-laguntza emateko ebazpen-proposamenaren egunean, onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte-segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

f) Diru-laguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako laguntzak eta diru-sarrerak adieraztea dagokion organoari. Horrelakoetan zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

g) Gutxienez 10 urtez jasotako diru-laguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-lanen xede izan daitezkeen bitartean.

h) Diru-laguntzaren xedeko programen kopia aurkeztea, deialdiaren organo kudeatzaileak adierazitako formatu eta modu elektronikoan. Kopia hori gordetzeko izanen da eta ikus-entzunezkoen artxibo publiko batean sartuko da; jendaurrean erakusten ahalko da, betiere merkataritza helbururik gabe.

i) Diru-laguntzarako deialdi honen onuradun diren telebista-operadoreek estatuko araudia bete beharko dute programen irisgarritasunari dagokionez entzumen desgaitasuna dutenentzat. Diru-laguntzaren xedeko programetan azpitituluak jartzea galarazten duten arrazoi teknikoak emanez gero, operadoreak beste aukera bat aurkezten ahalko du organo kudeatzailearen araua betetzeko, betiere deialdi honen bidez finantzatzen den programetako bat irisgarria dela bermatuz.

j) Autonomia-erkidegoen eremuko telebista operadoreen kasuan, eta Iruñeko barrutiko tokiko operadoreen kasuan, diruz lagundutako euskarazko programetako bat gutxienez ere ematea bere lizentziako LTDko kanal nagusian, lehen emanaldian edo lehendik gaztelaniaz emandako programak euskaraz emanez (uztaila eta abuztuan salbu).

2. Diru-laguntzen onuradunek aplikaziozko foru-araudian ezarritako gardentasun- betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, ekainaren 21eko 11/2012 Foru Arauan eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, diru-laguntza jasoko dela jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzarako fitxaren bitartez, diru-laguntzen onuradunen gardentasun- betebeharrari dagokion adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatuarekin bat datorrena.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

4. Izaera orokorrez, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte. Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

10. oinarria.–Ekoizturiko edukien emankizun eta hedapenerako betebeharrak.

a) Programak beren lizentziako LTDko kanal nagusiaren bitartez (kanal bat baino gehiago dutenen kasuan) eta 2018ko ekitaldian ematea, deialdi honetako onuradun suertatzen direnen eskabideetan proposaturiko emankizunen kapituluekin, periodikotasunarekin eta egutegiarekin bat etorriz.

b) Ikusleei grafikoki adieraztea “Nafarroako Gobernuaren lankidetzaz eta finantzaketaz” egindako emanaldiak direla, bai eta programa horien sustapenetan ere. Informazio grafiko horren formatua Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiarekin adostuko da.

c) Diruz lagundutako edukiak Internet edo sare sozialetako bideo-kanalen bidez eman, eskaintzan konpromiso hori erakutsi duten telebisten aldetik. Url-a eman beharko dute.

11. Oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza, oro har, azken ordainketan egingo da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Baina, ordainketa partziala ere egin ahal izango da ekainera bitarte (hori barne) egindakoentzat, eta hirugarren ordainketa ere onartzen da, aurrerakin moduan.

2. Laguntzen %33ra bitarte eman ahal izango zaie, aurrerakin gisa, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsen hornidura behar izatea laguntzaren eskaeran egiaztatu duten eskatzaileei, eta, horretarako, kontabilitateko egoera-orriak aurkeztu beharko dituzte, finantza-baliabide egokiak ez izatea egiaztatzeko. Deialdi honetan 60.000 eurotik gorako aurrerakinak jaso dituzten onuradunen kasuan, aurrerakin hori ordaintzeko, Diruzaintza Atalean erregistratu beharko dute, laguntzen esleipenaren ebazpena jakinarazten denetik hasi eta gehienez hilabete bateko epean, banku-abala, jasotako laguntzari dagokion aurrerakinaren zenbateko berdinarekin.

3. %33ra bitarteko ordainketa partziala onartu ahal izango da, 2018ko uztailaren 27ra arte (data hau barne) finantzaturiko proiektuaren ekintzen memoria eta memoria ekonomikoa aurkezten duten eskatzaileentzat, deialdi honetako hurrengo oinarrian deskribatutako baldintzetan (2018ko ekainaren 30era arteko aurreekoizpen-, ekoizpen- eta emisio-lanak), aurkezturiko dokumentazioa egindakoarekin bat datorrela onartu eta frogatu ondoren. Ordainketa partzial horretarako, aurrerakina kobratzea aurrez hautatu dutenentzat, aurrerakin hori behar bezala erabiltzea eta gauzatzea egiaztatu beharko dute.

4. Emandako laguntzen azken ordainketa egingo zaie (aurrerakinari eta/edo ordainketa partzialari dagozkien kopuruak kenduta, jaso badira) 2018ko azaroaren 16a baino lehen (hori barne), deialdi honetako hurrengo Oinarrian deskribaturiko baldintzetan finantzaturiko proiektuaren jarduera-memoria eta memoria ekonomikoak aurkezten dituzten eskatzaileei (2018ko urriaren 31ra arte egindako aurreekoizpen-, ekoizpen eta emisio-lanak), aurkezturiko dokumentazioa egindakoarekin bat datorrela onartu eta frogatu ondoren.

12. oinarria.–Justifikatzeko modua.

1. Behin diruz lagundutako ekintzak burutzen direnean, eta aurreratutako dirua justifikatu eta diru-laguntzaren gainontzeko zenbatekoa kobratu ahal izateko, onuradunek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 11.3 oinarrian ezarritako epean:

a) Diru-laguntzaren xedeko proiektuaren txostena, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Diru-laguntzen onuradunek gastuak zehaztuko dituen taula bat osatu beharko dute, urriaren 31ra arte, kontabilitate- multzoetan sailkatuko direnak.

2. Adierazitako taula horrek gastu bakoitzerako hurrengoak zehaztuko ditu: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren (dok. zk.: 1, 2, 3..).

3. Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

4. Fakturen eta gastuen gainontzeko justifikazio-dokumentuen fotokopiak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3.. dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu beharko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa bakoitzaren edo konpentsazio bakoitzarena izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

5. Gizarte-segurantzako gastuaren justifikazioa TC1 eta TC2 dokumentu ofizialak eta dagozkien ordainketen justifikazioak aurkeztuta egingo da, urriko hilabeteari dagokion ordainketa abenduaren 11ra arte justifikatu ahal izateari kalterik egin gabe.

6. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

13. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Diru-laguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Kasu horietan, murriztu egingo da diru-laguntza.

2. Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuz, zeinaren bitartez diru-laguntza kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten den, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, kontuan izan beharko dira estatuko diru-laguntzak pilatzeari buruzko arauak. Horrek esan nahi du deialdi honetan jarduera, proiektu edo enpresa onuradunei emandako diru-laguntzen zenbateko osoa estatuko beste edozein laguntzari gehitu ahal izango zaiola, beti ere diruz lagundu daitezkeen kostu desberdinei edo beste laguntza estatalei erreferentzia egiten baldin badie, osoki edo modu partzialean diruz lagundutako kostuekin bat etorriz, baina bakarrik pilaketa horrek ez baldin badu diru-laguntzaren intentsitatea edo erregelamenduaren araberako diru-laguntza handienaren zenbatekoa gainditzen.

3. Ezin izango dira laguntza hauek gastu berdineko Minimis laguntzekin bateratu, baldin eta gehiketa honek ekainaren 17ko, Komisioaren 651/2014 (EB) arautegiaren III kapituluan zehaztutako laguntzen intentsitatea gainditzen badu.

14. oinarria.–Gardentasuna, publizitatea eta informazioa.

1. Deialdi hau, bertako oinarriak eta eranskinak, bai Aldizkari Ofizialean eta bai Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira. Gainera, organo kudeatzaileak deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen laburpen bat argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Diru Laguntzen Datu Basean (NGDDB), informazioa ezagutzera eman eta 9.2 oinarrian adierazitako gardentasun-betebeharrei erantzunez, 11/2012 Foru Arauan, ekainaren 21ekoan, Gardentasun eta Gobernu Irekiari buruzkoan, eta 29/2013 Foru Dekretuan, irailaren 11koan, zeinaren bitartez Nafarroako aurrekontu orokorretara kargatzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunen gardentasun- betebeharrak arautzen diren, adierazitakoak betez.

2. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak, adierazitako Araudian (EB) ezarritakoa betetzeko, hurrengo konpromisoak hartu beharko ditu:

a) Diru-laguntza deialdiaren onuradunei eta horiek jasotako zenbatekoei dagokion informazioa BDNSean argitaratu dadin bermatzea. Berariaz, zehaztasun osoz argitaratuko da 500.000 euro baino gehiagoko laguntza indibidualen inguruko informazioa.

Informazioa laguntza ematen den egunetik hasita sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez egongo da eskuragarri.

b) Europar Batzordeari diru-laguntzen erregimenari buruzko informazio laburbildua duen formulario normalizatua ematea, 2018rako deialdi honen argitalpen-egunaren ondorengo 20 egun balioduneko epean.

15. Oinarria.–Errekurtsoak.

1. Foru Arau honen eta bere oinarri arautzaileen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2. Prozedura honi dagozkion kontuetan Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendari Nagusiak emandako ebazpenen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Kontseilariari zuzendua, ebazpen hori jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Ikus entzunezko edukietarako diru laguntzak eskatzeko aurkezpen-fitxa.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, deialdian zehaztutako eskakizunen betegarri.

III. ERANSKINA

Proposaturiko programa bakoitzaren ikus-entzunezko edukien memoria deskriptiboa.

IV. ERANSKINA

Proposaturiko programa bakoitzeko giza-baliabideen eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa.

V. ERANSKINA

Proposaturiko programa bakoitzaren ekonomia- eta finantziazio- memoria.

VI. ERANSKINA

Memoria ekonomikoaren taula.

Behera kargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1800014