39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

124/2018 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan esnea banatzeko diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena.

Nekazaritzako merkatuen antolamendu bateratua sortu zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren I. atalean jasota daude eskoletan barazkiak eta frutak jateko programak eta esnea hartzekoak. 2016ko maiatzaren 11ko 2016/791 Erregelamenduak (EB) egindako aldaketaren ondorioz, bi programa horiek esparru juridiko bakarrean batu dira, eraginkorragoa izateko, laguntza berariazkoagoa izateko eta hezkuntzari dagokion alderdia areagotzeko.

Batzordearen 2016ko azaroaren 3ko 2017/39 (EB) Erregelamendu Betearazleak 1308/2013 (EB) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen ditu (Europar Batasunaren laguntzari dagokionez), ikastetxeetan frutak eta barazkiak, bananak eta esnea banatzeko eta, besteak beste, irregulartasunei eta iruzurrari aurre egiteko kontrol neurriak zehazten ditu.

Batzordearen 2016ko azaroaren 3ko 2017/40 (EB) Erregelamendu Delegatuak 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen du (Europar Batasuneko laguntzari dagokionez), ikastetxeetan frutak eta barazkiak, bananak eta esnea banatzeko eta gai hauek jorratzen ditu: Batasuneko kide diren estatuen estrategiak, neurri lagungarriak, kostu diruz lagungarriak, eskatzaileak onartu eta hautatzea, aplikatu beharreko zehapenak, jarraipena eta ebaluazioa eta programaren beste zenbait ezaugarri.

Maiatzaren 22ko 511/2017 Errege Dekretuak, Espainian Europar Batasuneko araudiaren aplikazioa garatzen duenak eskoletan frutak, barazkiak eta esnea hartzeko programari dagokionez, berariaz indargabetu eta ordezten du apirilaren 23ko 487/2010 Errege Dekretua, ikastetxeetako ikasleei esnea eta esnekiak emateko laguntza aplikatzeko moduak ezartzen dituena; errege dekretu berriak batera ezartzen ditu garapen arauak, ikastetxeetan produktu horiek nahiz frutak eta barazkiak banatzeari dagokionez.

Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak (MAPAMA) estrategia nazional bat prestatu du eskola programa aplikatzeko 2017-2018 ikasturtetik aurrera, eta Batzordeari jakinarazi dio. Plana aplikatzeko maila administratibo egokiena autonomia erkidegoena da, izan ere nekazaritzako, osasuneko eta hezkuntzako eskumenak autonomia erkidegoei transferituta daude eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio eskoletan esnea hartzeko plana 2017-2018 ikasturtean aplikatzea. Hala ere, Espainiako agintaritza eskudunak koordinaziorako esparru bateratu eta adostua ezarriko du.

Osasun Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak parte hartu dute Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan esnea banatzeko plana prestatzeko lanean, eta bai ikastetxeak bai planean parte hartuko duten haurren adina hautatu dituzte, bai eta ikasleentzat asteko anoa kopuru egokia zein den erabakitzen.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamenduaren 23.bis artikuluak 6 apartatuan planaren finantzaketaz xedatzen duenez, Europar Batasunaren laguntzaz gain, Batasuneko kide diren estatuek laguntza nazionalak eman ditzakete eskola programa hau finantzatzeko. Alde horretatik, aipatutako ministerioak jakinarazi du, Elikagaien Industriako zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 12ko ofizio baten bidez, Europar Batasunak eskoletan esnea banatzeko programari eman beharreko funtsetatik Nafarroako Foru Komunitateari dagokion diru-esleipena 130.000,00 eurokoa dela 2017-2018 ikasturterako. Kontuan hartuta planaren exekuzioaren helburua dela ikastetxeetarako inolako kosturik ez ekartzea, ez da beharrezkotzat jotzen zenbateko hori Foru Komunitatearen funtsekin osatzea, 2017-2018 ikasturtean eskoletan esnea banatzeko planaren aurrekontu beharrei osotara erantzuten dielakoan aipatutako diru-kopuruak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean dauden moduan, onestea, bai eta II. eranskinetik VI.era bitartekoak ere, deialdiaren parte baitira.

2. 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan esnea banatzeko diru-laguntzen deialdia onestea.

3. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. 2018ko ekitaldian Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) Nafarroako Foru Komunitateari bideratzen dion aurrekontuak aukera ematen duen heinean erantzunen zaie ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 6an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

2017-2018 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAN ESNEA BANATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da eskoletan esnea banatzeko planaren oinarri arautzaileak ezartzea eta 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan esnea banatzeko laguntzen deialdia onestea.

Eskoletan esnea emateko plana aplikatzearen kostua Europar Batasunak finantzatuko du osotara. Hamalaugarren oinarrian xedatutakoa ukatu gabe, 2017-2018 ikasturtean eskoletan esnea banatzeko planak izanen duen gehieneko zenbatekoa 130.000,00 eurokoa da.

Bigarrena.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

1. Kostu hauek izanen dira diruz lagungarriak eta, beraz, Europar Batasunaren laguntza jasotzen ahalko dute:

a) Eskolako programaren esparruan eman eta el 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 22. artikuluan aurreikusitako ikastetxeetako haurrei banatutako produktuen kostuak, produktu horiek hornitu eta banatzeko erabiltzen diren ekipoak erosi, alokatu edo finantza errentamenduan hartzeko kostuak barne har ditzaketenak, Europar Batasuneko kide den estatuaren estrategian aurreikusitakoaren arabera.

b) Hezkuntza neurri lagungarrien kostuak, honakoak alegia:

–Ikastetxeetan dastaketa klaseak antolatzeko eta lorategiak prestatu eta mantentzeko kostuak, bai eta nekazaritzako ustiategietara bisitak egiteak eta haurrak nekazaritzara berriz gerturatzeko helburua duten antzeko jarduerak antolatzeak dakartzatenak ere.

–Haurrei gai hauei buruzko heziketa emateko neurrien kostuak: nekazaritza, elikadurako ohitura osasagungarriak, tokian tokiko elikagai kateak, ekoizpen ekologikoa, ekoizpen jasangarria eta elikagaien xahuketaren kontrako borroka.

–Programaren publizitate kostuak, jendeari informazioa ematea zuzeneko helburua dutenak; honako hauek sartzen dira:

–Batzordearen 2016ko azaroaren 3ko 2017/40 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 12. artikuluan aipatzen den kartelaren kostua.

–Hedabideekin, komunikazio elektronikoekin, egunkarien bidez eta antzeko komunikabideekin egindako informazio kanpainen kostuak.

–Jendeari eskola programari buruzko informazioa emateko diren informazio saioen, hitzaldien, mintegien eta lantegien kostua, bai eta antzeko ekitaldiena ere.

–Informazio eta sustapeneko materialaren kostua, hala nola gutunak, eskuorriak, liburuxkak, publizitateko gauzak eta antzekoak.

d) Eskola programaren aplikazioaz esperientziak trukatzeko eta jardunbideak hobetzeko sareak sortzeko neurrien kostuak.

e) Batasunaren kide diren estatuei programaren jarraipena egin eta eraginkortasuna ebaluatzeko betebeharrak eragiten dizkien kostuak.

f) Eskola programaren baitan emandako produktuen garraio eta banaketa kostuak, atal honen a) letran sartuta ez badaude.

2. Lehenago aipatutako kostuek ez dute Europar Batasunaren beste ezein laguntza araubide, programa, neurri edo eragiketaren finantzabiderik izanen.

3. Europar Batasunaren laguntzak ez du balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) hartzen.

4. Publizitate kostu diruz lagungarrien zenbateko osoa ez da izanen Europar Batasunak Nafarroako Foru Komunitateari urtean egindako behin betiko esleipenaren %10 baino handiagoa izan.

Hirugarrena.–Banaketak bete beharreko baldintzak.

1. Eskoletan esnea banatzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Esnea astean behin banatuko da, ikastetxeekin adosten den moduan ikasleek anoa bana har dezaten Planaren iraupenaren asteetan. Nolanahi ere, deialdi honen II. eranskinean adierazten denez, zenbait ikastetxetan astean bi anoa esne banatuko dira ikasle bakoitzeko. Honako hauek dira banaketaren baldintzak:

–Emandako produktua esne osoa izanen da, termikoki tratatua, litro bateko edo gehiagoko ontzietan. Halere, laktosarekiko intolerantzia duten ikasleak dauden ikastetxeetan, betiere Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari aldez aurretik jakinarazi bazaio, laktosarik gabeko esnea emanen da, termikoki tratatua, intolerantzia duten ikasleen premiei erantzuteko behar dena soilik.

–Banatuko diren kantitateak hauek izanen dira gehienez ere: 0,20 litroko kontsumoa ikasle bakoitzeko haur hezkuntzan, eta 0,25 litroko kontsumoa ikasleko lehen hezkuntzan.

–Lehendabiziko entregan, banatzaileek esnearekin batera plastikozko edalontzi berrerabilgarriak emanen dizkiete ikastetxeei Planean parte hartzen duten ikasleentzat; edalontziak anoa hartzeko adinako neurrikoak izanen dira, eta inolako publizitaterik gabekoak.

b) Banatzen den esnea goi kalitatekoa izanen da beti, eta edateko unerik onenean dagoena; banatzaileak berariaz adierazi beharko dio ikastetxe bakoitzari esnea hotzean gorde behar den edo denbora epe batean hartu beharra dagoen.

c) Esne-hornitzaile baimenduek eginen dute hornidura, 2017-2018 ikasturteko martxotik ekainera bitarte ikastetxearekin adostutako moduan. Beharrezkoa bada, eskoletan esnea hartzeko planaren segimendu batzorde mistoak aldatzen ahalko ditu banaketaren asteak.

d) Ikastetxeko koordinatzaileak atzera bota dezake produktua kalitate urrikoa denean, eta horren berri Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari emanen dio. Hornitzaileak eskatzen zaion baldintza hori ez betetzeagatik ez den beste arrazoi batengatik produktuak atzera botatzen badira, entregatu diren kopuruak kontatzeko orduan banatutzat joko dira.

e) Horniketa Haur Hezkuntzako 2. zikloko 4.300 ikaslerentzat eta Lehen Hezkuntzako 10.000 ikaslerentzat eginen da gehienez ere, Hezkuntza Departamentuak planean parte hartzeko hautatutako 88 ikastetxeetakoak. “Maila anitzeko landa eskoletan” eta “hezkuntza bereziko ikastetxeetan” adin tarteak desberdinak izan daitezke. Informazio hori guztia II. eranskinean zehazten da.

f) Planari atxikitako ikastetxeetako ikasleek bakarrik hartuko dute esnea eskola eremuan, eta ezin izanen da erabili eskolako otorduak prestatzeko. Horri dagokionez, ikastetxeko arduradunak adierazpen bat sinatuko du, bertan bermatzeko diruz lagundutako produktuak behar bezala erabiltzen direla.

g) Planari buruzko informazio publikoa Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, Osasun Departamentuari eta Hezkuntza Departamentuari dagokie, ez beste inori, segimendu batzorde mistoaren bidez.

Laugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko eskoletan esnea hartzeko planaren segimendurako batzorde mistoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko eskoletan esnea hartzeko planaren segimendurako Batzorde Mistoa eratzen da. Batzordeburua Nekazaritza Zerbitzuko zuzendaria izanen da, edo hark eskuordetzen duena, eta batzordekideak ordezkari hauek:

a) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aldetik, Merkatuen Erregulaziorako Ataleko burua eta Merkatuen Erregulazioaren eta Berariazko Laguntzen Bulegoko burua (idazkari lanetan arituko dena).

b) Hezkuntza Departamentuaren aldetik, Prestakuntza Ataleko burua eta Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

c) Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren aldetik, Osasun Sustapenaren Ataleko burua eta atal horretako teknikari bat.

Edonola ere, batzordeak berariazko gaiei buruzko adituei parte har dezaten eskatzen ahalko die.

2. Batzordeak eskoletan esnea hartzeko plana behar bezala gara dadin zaintzea izanen du helburu. Horretarako, eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Planaren jarraibide orokorrak ezartzea.

b) Planaren estrategiari lotutako datuak prestatu eta berrikustea, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministeriora (MAPAMA) bidaltzeko.

c) Jardueren jarraipena egitea eta, hala badagokio, araudiak eskatzen dituen txostenak eta ebaluazioak egitea.

d) Egokitzapenen edo aldaketa edo gorabeheren berri ematea.

e) Planeko hornitzaile baimendua izateko eskaerak ebaluatzea.

f) Planari buruzko informazio publikoa proposatzea.

Bosgarrena.–Onuradunak eta baldintzak.

1. 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan esnea banatzeko baimena duten hornitzaileak diru-laguntza hauen onuradun izanen dira.

2. Onuraduna izateko, entitateak deialdi honetan ezartzen diren baldintzak bete beharko ditu, bai eta ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren konpromisoak ere.

3. Onuradunak hautatuko dira soilik maiatzaren 22ko 511/2017 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren babesean eskola programan parte hartzeko interesa agertu eta Nafarroako Foru Komunitatean parte hartzeko adierazpena aurkeztu zuten entitateen artetik; adierazpena kudeaketa organo eskudunak onetsia beharko du eta FEGAk jakinarazia, maiatzaren 22ko 511/2017 Errege Dekretuaren 9.3 artikuluari jarraikiz.

Seigarrena.–Hornitzaile gisa baimentzeko prozedura eta eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1. Laguntza hauek hornitzaile baimendu gisa eskuratzeko interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko diote Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari; baliabide telematikoak erabiliz egin beharko da Erregistro Orokor Elektronikoan Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluaren arabera.

2. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 10 egun naturaleko epean aurkeztuko dira.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduta, eta ebazpen honen III. eranskinean ageri den informazioa behintzat azaldu beharko dute. Ereduak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal dira (www.nafarroa.eus).

4. Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

–Entitatearen IFZren kopia.

–Ibilgailuen titulartasuna frogatzen duten dokumentuak.

–Esnearen jatorria zehazten duten agiriak.

–Produktuak “Q letra” logotipoaren etiketa frogatzen duten agiriak, etiketa hori baldin badu.

–Ekoizpen integratuaren ziurtagiria, halakoa baldin bada.

–Ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria, halakoa baldin bada.

–Esne Ekoizleen Antolakundearen edo Elkartearen aitorpen zenbakia, halakoa baldin bada.

–Deialdi honen II. eranskineko ikastetxe guztien zerrenda, esnea banatzeko lehentasun hurrenkeraren arabera ordenatuta.

–2017-2018 ikasturterako banaketa planaren proposamena, ondokoak zehaztuta:

  • Banaketaren egutegia.
  • Horniketaren ezaugarriak, hirugarren oinarriaren 1. puntuko baldintzekin bat.
  • Planean erabiliko den esne kantitatearen aurreikuspena (kiloak).
  • Planean aurreikusten denaren arabera banatuko den produktuaren laburpena, honako hauek adieraziz: produktu mota, kalitatea, jatorria edo nondik heldu den, kalitatearen ziurtagiria eta aurkezteko modua.
  • Horniketa egiteko dauzkan baliabide materialak eta giza baliabideak, xeheki adierazita.
  • Proposamenaren zenbatekoa, guztira.

Zazpigarrena.–Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, baremo honen arabera, eta bertako jatorria duen kalitatezko esnearen horniketari lehentasuna emateko helburuarekin:

a) Plan proposamen merkeena (3 puntu, gehienez). Proposamen merkeenari emanen zaio gehieneko puntuazioa. Gainerako proposamenak modu zuzenki proportzionalean baloratuko dira, jaitsiera portzentaje handienaren arabera; era horretan, zero puntu emanen zaie deialdiaren zenbatekoan inolako jaitsierarik ez duten eskaintzei. Balorazioak egiteko unean, bi dezimal hartuko dira kontuan puntuazioa emateko.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroan izatea (2 puntu).

c) Esnea bere ibilgailuekin banatzea (puntu bat gehienez). Puntuazioa esleitzeko, bere ibilgailuen proportzioa hartuko da kontuan, esnearen banaketan guztira erabiliko diren ibilgailuekin alderatuta.

d) Nafarroako ustiategietako esnea banatzea (2 puntu gehienez). Puntuazio altuena emanen zaio Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategi ekoizle gehien justifikatzen dituen entitateari. Gainerako proposamenak modu zuzenki proportzionalean baloratuko dira, justifikatutako abeltzain portzentajearen arabera; era horretan, zero puntu emanen zaie Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategirik justifikatzen ez duten entitateei. Balorazioak egiteko unean, bi dezimal hartuko dira kontuan puntuazioa emateko.

e) Banaketarako gaitasuna (2 puntu gehienez). Puntuazio altuena emanen zaio Planean erabili beharreko esne kantitate handiena (kiloak) justifikatzen duen entitateari. Gainerako proposamenak modu zuzenki proportzionalean baloratuko dira, planerako erabil daitekeen kilo kopuruaren arabera. Balorazioak egiteko unean, bi dezimal hartuko dira kontuan puntuazioa emateko.

f) Giza baliabideak (puntu 1 gehienez). Puntuazio altuena emanen zaio Planean lanean langile gehien dituela justifikatzen duen entitateari. Gainerako proposamenak modu zuzenki proportzionalean baloratuko dira, planean lanean jar daitekeen langile kopuruaren arabera. Balorazioak egiteko unean, bi dezimal hartuko dira kontuan puntuazioa emateko.

g) Trazabilitatearen bermea esnearen ekoizpen kate osoan (puntu 1). Horretarako, entitateak justifikatu beharko du Planean sartu beharreko produktua sartuta dagoela MAPAMAren Q letraren datu-basean, eta frogatu produktuaren etiketak Q letraren logotipoa duela.

h) Esne ziurtatuaren ekoizpena (2 puntu gehienez). Puntuazioa emanen zaie Planean banatu behar duten esnea ez dela ekoizpen arruntekoa justifikatzen duten entitateei. Horretarako, puntu bat emanen da esne ekoizpena integratua denean eta bi puntu, berriz, ekoizpen ekologikoa denean.

i) Esne ekoizleen antolakundeak eta elkarteak (puntu bat). Puntuazioa emanen zaie esne-ekoizleen antolakundearen edo esne-ekoizleen antolakundeen elkartearen izaera aitortua duten entitateei. Horretarako, entitateak frogatu beharko du MAPAMAren Esne-ekoizleen Antolakunde eta Elkarteen Erregistro Nazionalean onartuta dagoela, eta erregistro zenbakia adierazi.

Zortzigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaerak harturik, bosgarren eta seigarren oinarrietan ezarritako baldintzak eta dokumentuak betetzen dituzten egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko gehieneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Eskoletan esnea hartzeko Planaren Segimenduko Batzorde Mistoak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, eta, zazpigarren oinarriko baremoaren arabera ezarriko du ordena. Berdinketa izanez gero, hezkuntza eta osasun ikuspegitik kalitate handienekoa, eta osatuena den planari dagokion banaketa planaren proposamenaren alde eginen da. Horrez gain, beste ezaugarri batzuk hartuko dira kontuan, besteak beste: esnearen jatorria eta kalitatea.

3. Lau puntu baino gutxiago jaso dituzten proposamenak aurkeztu dituztenak banatzaile baimenduak izatetik kanpo geldituko dira berariaz.

4. Eskatzaileen eta ikastetxeen arteko korrespondentzia ezartzeko, honela jokatuko da:

–Balorazio onena lortu duen eskatzaileari seigarren oinarriarekin bat aurkezten duen zerrendan adierazitako lehenbiziko 15 ikastetxeak esleituko zaizkio.

–Balorazio onenetan bigarrena lortu duen eskatzaileari seigarren oinarriarekin bat aurkezten duen zerrendan adierazitako lehenbiziko 15 ikastetxeak esleituko zaizkio, lehenago esleitu ez badira.

–Balorazio onenetan hirugarrena lortu duen eskatzaileari seigarren oinarriarekin bat aurkezten duen zerrendan adierazitako lehenbiziko 15 ikastetxeak esleituko zaizkio, lehenago esleitu ez badira.

Horiez gain:

–Balorazio onena lortu duen eskatzaileari seigarren oinarriarekin bat aurkezten duen zerrendan adierazitako 15 ikastetxe esleituko zaizkio, lehenago esleitu ez badira.

–Balorazio onenetan bigarrena lortu duen eskatzaileari seigarren oinarriarekin bat aurkezten duen zerrendan adierazitako 15 ikastetxe esleituko zaizkio, lehenago esleitu ez badira.

–Balorazio onenetan hirugarrena lortu duen eskatzaileari lehenago esleitu ez diren ikastetxeak esleituko zaizkio.

5. Eskoletan esnea hartzeko Planaren Segimendu Batzorde Mistoak eskaerak ebaluatu eta ikastetxeak esleitu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpen proposamenak eginen ditu.

6. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du interesdunak esnea hartzeko planerako (2017-2018 ikasturtea) hornitzaile baimendu gisa onartzeari buruz, esleitu zaizkion ikastetxeak adieraziz, eta bertan berariaz jasota zein eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko epea 15 egunekoa izanen da, eskaerak osorik aurkezten direnetik hasita. Epea ebazpenik espresuki eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko dira eskaerak.

8. Banatzaile baimenduek, behin ebazpena jaso ondoren, 5 egun balioduneko epea izanen dute berariaz onartzeko ebazpenean adierazitako baldintza guztiak.

9. Onartzen ez badira edo epean onartzen ez badira, entitateak galduko du banatzaile baimenduaren izaera lortzeko aukera, eta esleitu zaizkion ikastetxeak berdintasunez banatuko zaizkie gainerako banatzaile baimenduei, Segimenduko Batzorde Mistoaren irizpideen arabera. Oinarri honen 6., 7. eta 8. puntuei jarraikiz jokatuko da berriz, baina epeak erdira murriztuko dira.

Bederatzigarrena.–Laguntza eskatzailearen konpromisoak.

Hornitzaile baimendua izateko, hurrengo ataletan zehaztu eta baimen eskaeran jasota dauden gai hauei buruzko konpromiso idatzia hartu beharko du eskatzaileak:

a) Hornitzaile hautatua izateko proposamenean agertzen den bezala egitea banaketa. Aldaketaren bat egin baino lehen, administrazioari jakinarazi beharko zaio, eta horrek baimendu.

b) Eskoletan esnea hartzeko programa dela medio Europar Batasunak finantzatzen dituen produktuak prest egonen direla bermatzea, laguntzaren xede diren ikastetxeetako ikasleek kontsumitzeko.

c) Emandako laguntza eskola programaren helburuekin bat erabiltzea, jarraipen, ebaluazio eta publizitaterako edo lagun egiteko hezkuntza neurrietarako.

d) Oker ordaindutako laguntzen zenbatekoa itzultzea, baldin eta egiaztatzen bada produktuak ez zaizkiela eman planari atxikitako ikastetxeetako haurrei, edo Nafarroako Foru Komunitateko eskoletan esnea hartzeko planaren barruan diruz laguntzekoak ez diren produktuetarako ordaindu bada laguntza.

e) Jarraipen, ebaluazio eta publizitaterako edo lagun egiteko hezkuntza neurrietarako oker ordaindutako laguntza itzultzea, neurri edo jarduera horiek modu egokian aplikatu ez direla egiaztatuz gero.

f) Frogagiriak agintari eskudunei ematea, eskatzen dituztenean.

g) Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, Hezkuntza Departamentuak edo Osasun Departamentuak ezarritako edozein kontrol neurri onartzea, bereziki erregistroak egiaztatzeari eta ikuskatze fisikoari dagokienez.

h) Ikastetxeen izen eta helbideen erregistroa izatea, bai eta ikastetxe horiei banatutako produktuena eta kopuruena ere.

Hamargarrena.–Laguntzaren onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen dituela, hornitzaile baimendua izateko aurkeztutako proposamenarekin bat; orobat, hari frogatzea diru-laguntza emateko arrazoi izan den jarduera egin duela, eta helburua bete dela.

b) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, Hezkuntza Departamentuak edo Osasun Departamentuak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita Nafarroako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

d) Deialdi honen hamabigarren oinarrian adierazitakoarekin bat, gutxienez ere A-3 neurriko kartel bat ematea planari lotutako ikastetxeei, haiek ageriko toki batean eta sarrera nagusian jar dezaten.

e) Orobat, banatu den esne kantitatea frogatzen duen agiriaren kopia bat utzi beharko du ikastetxeetan, esne eta kartel hartzaileak baitira, adierazita bertan zer produktu eta noiz banatu den, emandako informazio kartelaren eta edalontzi berrerabilgarrien berri ere emanez.

Hamaikagarrena.–Ikastetxeen betebeharrak.

Ikastetxeak betebehar hauek izanen ditu:

a) Laguntzaren xede diren produktuak ikasleek bakarrik eta eskola eremuan kontsumituko dituzte, eta ez dira erabiliko eskolako otorduak prestatzeko. Horri dagokionez, ikastetxeko arduradunak adierazpen bat sinatuko du, bertan bermatzeko diruz lagundutako produktuak behar bezala erabiltzen direla. Adierazpen hori ikastetxean bertan gordeko da, baina eskura egonen da, kontrolik egiten bada egiaztatu ahal izateko.

b) Matrikulatutako ikasleen kopurua jakinaraztea eskatzaileari.

c) Ikastetxeko sarreran agertzea, ongi ikusteko moduko kartel batean, 2017/40 Erregelamendu Delegatuaren eranskinean ezarritako gutxieneko baldintzak eta autonomia erkidegoak ezar ditzakeen beste batzuk betetzen dituela.

d) Agintari eskudunek ikastetxean egiten dituzten ikuskapen fisikoak baimentzea.

e) Agintzari eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen beste guztiak.

Ikastetxe batek ez baditu betetzen arestian aipatutako betebeharrak, Planaren Segimenduko Batzorde Mistoak egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu programa ongi gauzatu dadin.

Hamabigarrena.–Ikastetxeetan esnea banatzeari buruzko publizitatea.

1. Eskoletan esnea hartzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek publizitatea paratu beharko dute beren eskola instalazioetan, ikastetxeko sarrera nagusian edo argi ikus eta irakur daitekeen toki batean, publizitateko afixen bidez, adierazteko programa hori Europar Batasunak diruz lagundua dela.

2. Publizitateko afixa horiek banatzaile baimenduek emanen dizkiete ikastetxeei, Segimenduko Batzorde Mistoak gainbegiratuta betiere. Afixa edo material horiek 2016ko azaroaren 3ko 2017/40 Erregelamendu Delegatuaren eranskinean ezarritako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte.

3. Afixa A-3 gutxieneko neurrikoa izanen da, zentimetro bateko edo gehiagoko letrekin. Kartel horrek Europar Batasunaren eta Nafarroaren ikurrak izanen ditu, “Europar Batasuneko eskola programa” titulua duela, eta esaldi hau gutxienez: “Gure ikastetxeak Europar Batasunaren eskola programan parte hartzen du, Europar Batasunak diruz lagundurik” Kartelak Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren ikurrak izanen ditu.

Hamahirugarrena.–Ordaintzeko eskaera, eta diru-laguntzaren helburua lortu dela frogatzeko modua.

1. Ordainketaren eskatzaileak Eskolan Esnea Hartzeko Planerako (2017-2018 ikasturtea) hornitzaile baimenduak izanen dira. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduta.

2. Ordaintzeko eskaera bat aurkeztuko da horniketa hilabete bakoitzerako.

3. Ordaintzeko eskaerak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, behar bezala betetako ordainketa eskabidea aurkezten den egunetik hasita. Eskaera bakoitzak, gutxienez, V. eranskinean agertzen den informazioa bilduko du, eta zein banaketa aldiri buruzkoak diren, hari dagozkion frogagiriak erantsiko zaizkio.

4. Ordaintzeko eskaerarekin batera, produktuaren kantitatea, aurkezpen-formatuak eta ikasturtean sortu diren oharrak edo gorabeherak aurkeztuko dira, hornitutako ikastetxe bakoitzaren arabera sailkatuta. Horrekin batera, egiaz hornitu edo banatu diren produktuen kantitateen ordain-agiriak (albaranak) ere aurkeztu beharko dira.

5. Laguntzaren eskabidean adierazitako zenbatekoak frogagirien bidez justifikatu beharko dira, hornitutako produktuaren prezioa haietan adierazita.

6. Produktuen horniketari eta banaketari dagozkion ordainketa eskaeretan gutxienez informazio hau jaso beharko da:

a) Banatutako produktu kantitateak produktu multzoen arabera.

b) Produktua zein ikastetxetan banatu den, haren izena eta helbidea, edo hezkuntza agintariarena.

c) Ikastetxe bakoitzean ikasturte hasieran matrikulatutako ikasle kopurua edo, ikasleen zerrenda eguneratua, kasua bada, laguntzaren eskaerak hartzen duen epean produktuak jasotzeko eskubidea dutenena.

Hamalaugarrena.–Laguntzaren kalkulua.

1. Entregak frogatzen dituzten albaranak egiaztatu ondoren, organo kudeatzaileak zehaztuko du zein diren kostu balidatuak kontzeptu hauetan:

a) Hornitutako produktuak (banaketa):

–Banaketa zein ikastetxetan egin den, horietako ikasleen kopurua hartuko da (II. eranskina), salbu eta banaketan zehar aldaketaren bat atzeman, eta Hezkuntza Departamentuak kopuru hori eguneratzen duen kasuan.

–Esnearen gehieneko kontsumoa ikasle bakoitzeko 0,20 litrokoa izanen da haur hezkuntzan, eta 0,25 litrokoa lehen hezkuntzan.

–Kontuan hartuko da ikastetxean astean anoa bakarra edo bi anoa banatzen diren.

–Aplikatuko den unitateko prezioa (euroak/kg) hauetako txikiena izanen da: ordaintzeko eskaeran adierazitakoa edo VI. eranskinean jaso den erreferentziako gehieneko kostua. Edozein kasutan, zenbateko osoa ez da izanen lehen oinarrian ezarritakoa baino handiagoa.

–1,031 kg/litroko konbertsio faktorea erabiliko da.

b) Horniketan erabilitako eroste kostuak (edalontziak):

–Banaketa zein ikastetxetan egin den, horietako ikasleen kopurua hartuko da (II. eranskina), salbu eta banaketan zehar aldaketaren bat atzeman, eta Hezkuntza Departamentuak kopuru hori eguneratzen duen kasuan.

–Aplikatuko den unitateko prezioa (euroak/kg) hauetako txikiena izanen da: ordaintzeko eskaeran adierazitakoa edo VI. eranskinean jaso den erreferentziako gehieneko kostua. Edozein kasutan, zenbateko osoa ez da izanen lehen oinarrian ezarritakoa baino handiagoa.

c) Eskola Programaren publizitatea (afixa).

–Kontuan hartuko da zenbat ikastetxetan egin duen banaketa banatzaile baimenduak, baimenak emateko ebazpenarekin bat.

–Aplikatuko den unitateko prezioa (euroak/kg) hauetako txikiena izanen da: ordaintzeko eskaeran adierazitakoa edo VI. eranskinean jaso den erreferentziako gehieneko kostua. Edozein kasutan, zenbateko osoa ez da izanen lehen oinarrian ezarritakoa baino handiagoa.

2. Gehienez aplikatuko den diru-laguntza honako zenbateko hauetan txikiena izanen da:

a) Gastu kontzeptuaren arabera kalkulatutako laguntzaren batura.

b) 2017-2018 ikasturtean eskoletan esnea banatzeko planaren aplikazioak izanen duen gehieneko zenbatekoa, Europar Batasunak finantzatutakoa, hau da, 130.000,00 euro.

Hamabosgarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ordainduko du laguntza hiru hilabeteko epean, eskaera behar bezala eta osorik beteta eta baliozkoa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Laguntza eskaera aurkezteko ezarritako epea gehienez ere 60 egunez gainditzen bada, laguntza ordaindu eginen da, baina ondoren adierazten den moduan murriztuta:

–%5, epea egun natural batetik 30 egun natural arte gainditzen bada;

–%10, epea 31 egun naturaletatik 60 egun natural arte gainditzen bada.

Epea 60 egun naturalez baino gehiago gaindituz gero, beste %1 gehiago murriztuko da laguntza egun bakoitzeko, gelditzen den saldoaren gainean kalkulatuta.

Hamaseigarrena.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza bateraezina da jarduera bererako jasotzen ahal diren beste diru-laguntzekin.

Hamazazpigarrena.–Kontrolak.

1. Kontrol administratiboak eta tokian bertakoak eginen dira, Batzordearen 2016ko azaroaren 3ko 2017/39 (EB) Erregelamenduaren 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoa kontuan hartuta. Kontrolak egiten ahalko dituzte bai Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko langileek, bai Hezkuntza Departamentukoek, bai Osasun Departamentukoek.

2. Ordaintzeko eskaera guztiei kontrol administratiboak eginen zaizkie eta, bereziki, diruz lagundutako kostuen frogagiriak egiaztatuko dira. Kontrol administratiboan alderdi hauek betetzen direla egiaztatuko da:

–Kasua bada, hautatu eta baimendu den hornitzaile batek aurkeztu dituela.

–Deialdi honetan ezarritako eredu, epe eta horniketa aldiarekin bat datozela, kontuan hartuta, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskaera, beranduenez, eskaeraren xedeko aldia bukatu eta hurrengo hirugarren hilabeteko azken egunean aurkeztu beharko direla.

–Gutxienez informazio hau jasotzen dutela:

  • Eskatzailearen identifikazioa.
  • Ikastetxe bakoitzaren identifikazioa.
  • Ikasturte hasieran matrikulatutako ikasleak.
  • Banatutako produktu kopuruak eta banaketa aldia.

–Eskaeran sartutako produktuek ezarritako baldintzak betetzen dituztela (kantitatea, kalitatea eta abar), eta Kontsumo, Elikagaien Segurtasun eta Nutriziorako Espainiako Agentziak onartu eta, kasua bada, baimendutakoen artean daudela.

–Laguntzaren xede diren kostuak bat datozela Batzordearen 2017/40 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 4. artikuluko 1. apartatuan eta deialdi honen bigarren oinarrian ezarritakoekin.

–Egiaz entregatutako esne kantitateak justifikatzen dituzten albaranak ere erantsita dituztela.

–Eskatzaileak ez duela finantzaketarik jaso beste ezein laguntza araubide, programa, neurri edo eragiketaren bidez, kostu berberetarako.

–Eskabideetako informazioa eta ikastetxeek aurkeztutako aitorpenak bat datozela ikastetxeetan matrikulatutako ikasle kopuruari eta laguntza eskaeraren xede den ikasle kopuruari dagokienez, ziurtatuta banatutako kantitateak egiten duen anoa kopurua bat datorrela ikasle kopuruarekin.

3. Kontrol administratiboak tokian berean egindako ikuskapen fisikoekin osatuko dira.

Hamazortzigarrena.–Zehapenak.

1. Oker ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko, 809/2014 (EB) Erregelamendu Betearazlearen 7. artikulua aplikatuko da, mutatis mutandis.

2. 511/2017 Errege Dekretuaren 15. artikuluari jarraikiz, eskola programan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, eskatzaileak, bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzultzeaz gain, hasiera batean ordaindutako zenbatekoaren eta eskatzaileak jasotzeko eskubidea duen zenbatekoaren arteko diferentzia egiten duen zehapen administratibo bat ordainduko du.

3. Begi bistako akatsengatik ez bestelakoengatik ordainketa irregularrak egin diren kasuan eta eskatzaileari egozten ahal zaion iruzur edo axolagabekeria larria dagoenean, eskatzaileak, bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzultzeaz gain, hasiera batean eskatutako zenbatekoaren eta eskatzaileak jasotzeko eskubidea duen zenbatekoaren arteko diferentzia egiten duen zehapen administratibo bat ordainduko du, 2017/40 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 8. artikulua aplikatuta.

4. Aurrekoa gorabehera, eskatzaile batek bere betebeharretako bat ez duela bete atzemanez gero, bertan behera geldituko da eskatzailearen parte-hartzea Nafarroako Foru Komunitatean, aldi baterako, hilabetetik hamabi hilabetera, edo errebokatu eginen da, zein den arau-haustearen larritasuna eta proportzionaltasun printzipioarekin bat. Bertan behera utzi edo errebokatzea ez dira aplikatuko arau-haustea garrantzi gutxikoa denean. Eskatzaileak eskatuta eta errebokatzeko arrazoiak zuzendu baldin badira, agintari eskudunak erabakitzen ahalko du parte-hartzailea berriz onartzea, zuzenketa egin eta, gutxienez ere, hamabi hilabete iragan ondoren.

5. Ikastetxe batek ez baditu betetzen deialdi honen hamaikagarren oinarrian aipatutako betebeharrak, Planaren Segimenduko Batzorde Mistoak egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu programa ongi gauzatu dadin.

Hemeretzigarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea eta datuen tratamendua.

1. Onuradunei emandako diru-laguntzak argitaratu eginen dira Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluari jarraikiz. Batzordeko eta Estatuetako auditoretza eta ikerketa organismoek tratatu ditzakete horien datuak, Batasunaren finantza interesak babestearren.

2. 95/46/EE Zuzentarauaren betebeharrekin bat, datu pertsonalak direnean, estatu kideek beren eskubideak jakinaraziko dizkiete onuradunei, datuen babeserako arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko aplikagarriak diren prozedurekin bat, edo hala ez bada, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduarekin bat. Aipatu erregelamenduaren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez (Datuen babeserako erregelamendu orokorra).

II. ERANSKINA

2017-2018 ikasturtean parte hartzen duten ikastetxeen zerrenda

IKASTETXEAREN DATUAK

HERRIA

HAUR HEZKUNTZAKO IKASLEAK

LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEAK

ASTEKO ANOA KOPURUA

Alloko ‘’La Cruz’’.

Allo

20

43

1

Zelandi HLHIP

Altsasu

120

0

2

Amaiurko Eskola Publikoa

Amaiur

6

22

2

Añorbeko ikastetxe publikoa

Añorbe

17

35

1

Arantza Ikastetxe Publikoa

Arantza

26

36

1

Arbizuko Herri Eskola

Arbizu

30

28

1

Nazabal HH ETA LHko IP

Areso

0

28

1

“Sancho Ramírez” HLHIP

Arguedas

85

140

2

Arizkungo Eskola Publikoa

Arizkun

9

25

1

Arroizko ‘’La Balsa’’ HLHIP

Arroitz

12

50

2

Francisco Arbeloa HLHIP

Azagra

0

250

2

Azpilkuetako Eskola

Azpilkueta

8

3

1

Santa Luisa de Marillac

Barañain

0

318

1

Sahats IP

Barañain

56

183

2

Barasoaingo Martín de Azpilcueta

Barasoain

13

88

1

Beireko HLHIP

Beire

4

2

1

Ricardo Baroja

Bera

0

130

1

Mendialdea 1

Berriozar

170

355

2

Amor de Dios ikastetxea

Burlata

0

160

2

Ermitaberri IP

Burlata

0

61

1

Ibaialde Ikastola

Burlata

16

29

1

“Teresa Bertrán de Lis” HLHIP

Cadreita

58

98

2

“Virgen de Gracia” HLHIP

Carcar

28

50

2

Virgen de la Oliva

Zarrakaztelu

58

104

2

Francisco Javier Saenz de Oiza HLHIP

Kaseda

11

34

2

Ciudad de Corella IP

Corella

260

500

2

Virgen de Nievas IP

Deikaztelu

6

28

2

Elizondo Eskola Publikoa

Elizondo

61

0

1

Erratzuko Eskola ( Baztan)

Erratzu

15

22

1

San Donato Herri Eskola

Etxarri Aranatz

67

0

2

Doña Álvara Álvarez IP

Faltzes

62

140

2

Fiteroko J. de Palafox HLHIP

Fitero

60

196

2

Santos Justo y Pastor HLHIP

Fustiñana

76

142

1

Andrés Narbarte Xalto IP

Goizueta

0

38

1

Iruritako Ikastetxe Publikoa

Irurita

13

47

1

Atakondoa IP (Irurtzun)

Irurtzun

114

292

1

Iturengo “Pulunpa” Eskola

Ituren

22

47

1

Arrano Beltza Iturmendi

Iturmendi

0

11

1

Larraintzarko Ikastetxea HH-LH

Larraintzar

0

138

1

Lekaroz HLHIP

Lekaroz

6

1

1

Doña Blanca de Navarra (Lerin)

Lerin

40

90

2

Irain Eskola Publikoa

Lesaka

56

76

1

Lezaungo HLHIP

Lezaun

7

3

1

La Milagrosa Ikastetxea

Lodosa

64

115

1

Angel Martínez Baigorri IP

Lodosa

61

167

2

San Juan IP (Irunberri).

Irunberri

19

34

2

San Bartolomé (Martzilla)

Martzilla

101

192

1

Santa Ana IP (Melida)

Melida

12

42

1

San Francisco Javier (Mendabia)

Mendabia

0

220

1

San Benito HLHIP

Miranda Arga

24

35

2

Honorio Galilea IP

Monteagudo

29

38

1

Raimundo Lanas IP

Murillo el fruto

6

23

2

Domingo Bados IP

Olazti

40

73

1

Príncipe de Viana HLHIP

Erriberri

113

213

1

Oronozko Eskola

Oronotz

10

10

2

San Salvador HLHIP

Oteitza

20

35

1

San Francisco HLHIP

Iruña

30

0

1

Mendillorri IP

Iruña

0

299

1

Rochapea IP

Iruña

94

270

2

Esclavas del Sagrado Corazón

Iruña

125

300

2

Amaiur Ikastola HLHIP

Iruña

0

280

1

Jaso ikastola

Iruña

151

294

1

Patxi Larrainzar IP

Iruña

173

0

1

“Nicasio de Landa” IP

Iruña

20

0

1

Iturrama HLHIP

Iruña

65

183

1

El Molino HB ikastetxea

Iruña

4

27

1

San Jorge IP

Iruña

122

98

2

Río Arga HLHIP

Azkoien

15

19

1

Pitillasko HLHIP

Pitillas

6

12

2

Ximénez de Rada HLHIP

Arrada

14

44

2

“San Bartolomé” HLHIP

Ribaforada

116

84

1

Alfonso X el Sabio HLHIP

San Adrian

204

381

2

Zangozako Ikastola

Zangoza

29

79

1

Ntra. Sra. de la Asunción

Santakara

13

35

1

Virgen de Nievas HLHIP

Sesma

43

43

2

Tuterako Compañía de María

Tutera

281

621

1

Santa Ana ikastetxea

Tutera

95

267

1

Griseras ikastetxea

Tutera

150

300

2

Torre Monreal HBIP

Tutera

18

40

1

Huertas Mayores HLHIP

Tutera

140

0

1

Uharte-Arakilgo San Miguel

Uharte Arakil

35

46

2

CRA Urdazubi HIE

Urdazubi

0

30

2

Urrozko HLHIP

Urrotz

37

37

2

Erentzun Ikastola

Viana

29

62

1

El Castellar IP

Alesbes

90

220

2

Erreniega IP

Zizur Nagusia

0

162

1

Catalina de Foix HLHIP

Zizur Nagusia

0

348

1

Zugagarramurdi HIE

Zugarramurdi

9

13

2

Hezkuntza Departamentuak ikasleen kopurua eman eta ikastetxeekin egiaztatu du, 2017-2018 ikasturteko matrikulazio datuen arabera.

III. ERANSKINA

Laguntza eskatzaileak baimentzeko eskaera.

IV. ERANSKINA

Ikastetxearen konpromisoak.

V. ERANSKINA

Laguntza eskaeraren gutxieneko edukia.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

VI. ERANSKINA

Gastuen moduluak

GASTU KONTZEPTUA

ERREFERENTZIAKO GEHIENEKO KOSTUA
(BEZik gabe)

Termikoki tratatutako esnea (gainerakoak), 200 cc ontzi bereizietan

0,95 euro/kg *

Termikoki tratatutako esnea, laktosarik gabea, 200 cc ontzi bereizietan

0,96 euro/kg *

Edalontzi berrerabilgarriak

0,25 euro/ut

Planaren kartel iragarlea

5,50 euro/ut

(*) 511/2017 Errege Dekretuaren II. eranskinean adierazitako zenbatekoak. 1,031 kg/litroko konbertsio faktorea erabiliko da.

Iragarkiaren kodea: F1801994