39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

48E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera batean onesten baita Erripagañako Bizitegi Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-1aren birzatiketaren behin betiko likidazio kontua, esparruko Konpentsazio Batzordeak idatzi eta aurkeztu baitu tramitera.

Erripagañako UPSeko 1. banaketa eremuaren (AR-1) Konpentsazio Batzordeak, Javier Ancízar Eceolaza lehendakari duenak, tramitera aurkeztu du “Esparruaren birzatiketaren behin betiko likidazioa” izeneko dokumentua.

Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialari aldaketa bat egin zitzaion Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorraren 1. atalean ezarritakoaren babesean, Udalez gaindiko Plan Sektorialeko I. banaketa eremuko Konpentsazio Batzordeak sustaturik, eta indarrean jarraitzen du gaur egun. Aldaketa hori Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa), eta haren araudia 2010eko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 20an, testu bategin gisa.

Indarrean da Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 1. banaketa eremua birzatitzeko proiektua, onetsi baitzen Lurraldearen Antolamenduaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 797/2007 Ebazpenaren bidez (2007ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 27an).

Espediente hau tramitatzeko, interesekoa da aurreko agiriaren Aldaketa Orokorra, onetsi baitzen Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariaren urtarrilaren 13ko 4/2012 Foru Aginduaren bidez (201ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 8an).

Tramitera aurkeztutako agiriak proposatzen du buka dadila hirigintzako kudeaketarako tresna bat, hots, birzatiketa proiektua, Erripagañako Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala exekutatzeko. Aplikatu beharreko hirigintza arloko legedian ezarritakoa betetzen du, hots, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean eta Udalez gaindiko Plan Sektorialean ezarritakoa.

Bidezkoa da espedientea tramitatzea, aipatutako legegintzako foru dekretuaren 152. eta 153. artikuluetan araututakoaren arabera.

Behin betiko likidazio kontu hau tramitatu eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.d) artikulua aplikatuz, udalez gaindiko plan sektorial bat exekutatzen duen tresna baita.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batean onestea Erripagañako Bizitegi Eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-1aren behin betiko likidazio kontua, esparruko Konpentsazio Batzordeak idatzi eta aurkeztu baitu tramitera.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eraginpeko lau udalei, espedientea sustatu duen Konpentsazio Batzordeari eta lurzoruaren jabeei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1801281