39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko
Planaren informazioa jendaurrean jartzea

2018ko otsailaren 7an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak 62/2018 Ebazpena eman zuen. Hona hemen ebazpen horren testu osoa:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Eskualdeko Hiri Garraioaren eremuaren barnean sartuta dauden 18 udalek eta Iruñerriko Mankomunitateak 2016ko irailaren 22an izenpetu zuten administrazio hitzarmenaren bidez, Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (IHMIP) egitea hitzartu zen.

2. klausula (“IHMIParen helburuak”) dokumentua egiteari zegokion, eta zehazten zuen parte hartzeko prozesu publiko baten bidez egin beharko zela:

“2.–IHMIPa idaztean parte hartzeko prozesu publiko bat erraztu eta gauzatzea”.

Era berean, 7. klausulak (“Lanen jarraipena eta koordinazioa”) IHMIParen Jarraipen Batzordeari esleitzen dio aipatutako mugikortasun plan hori egitean herritarrek parte hartzeko plana idaztea:

“c) IHMIPa egin bitartean garatuko den Herritarren Parte Hartze Planaren diseinua onartzea”.

IHMIParen Jarraipen Batzordeak, 2017ko urtarrilaren 26an egin zuen saioan, 3. puntuan hau hitzartu zuen:

“IHMIPa egin bitartean garatu beharreko Herritarren Parte Hartze Planaren diseinua Onartzea”.

Aipatutako akordio horrek Parte Hartze Planaren egitura nagusia ezartzen zuen, eta bertan 6 fase jasotzen ziren. 2. fasean (“Herritarrek parte hartzeko prozesua: informazioa, kontsulta eta deliberazioa”), 2017ko urria eta 2018ko apirila artean zazpi hilabeteko iraupena izanda, ezartzen zen lanetako bat hau zela:

“2.3. Txostena jendaurrean jartzea 45 egun naturalean, eta erantzunak eta iradokizunak kudeatzea”.

Aldi berean, IHMIParen Jarraipen Batzordeak, 2017ko urriaren 25ean egin zuen saioan, onetsi zuen Iruñerrirako HMIParen Parte Hartze Planean jaso ziren izapide horiek.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 83. artikuluak ahalmena ematen du prozedura jendaurrean jartzeko, dagokion iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratuta:

1. Ebazpena eman behar duen organoak, hala eskatzen badu prozeduraren izaerak, erabaki dezake informazio publikorako aldi bat izatea.

2. Horretarako, iragarki bat argitaratuko da dagokion aldizkari ofizialean, edozein pertsona fisiko edo juridikok aztertu ahal izan dezan espedientea edo erabakitzen den espediente-partea.

Iragarkian, adierazi behar da erakustaldia non egingo den, eta hala eskatzen duten pertsonen eskura jarri beharko da, bitarteko elektronikoz, dagokion egoitza elektronikoan. Alegazioak egiteko epea ere zehaztu behar du iragarkiak, inoiz ez hogei egun baino gutxiagokoa.

Horri jarraiki,

EBATZI DUT

1. Jendaurrean jartzea, 45 egun naturaleko aldi baterako, “Iruñerrirako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana. v0 proposamenak parte-hartze prozesurako” izena duen dokumentua. Zehazki, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan eskuratu ahal da (Chinchilla Jeneralaren kalea, 7. 31002. Iruñea) edo web helbide honetan:

https://www.participartepmus.es/sites/default/files/Documento-0.pdf

Alegazioak Mankomunitatearen helbide horretan bertan edo webgune honetan aurkeztu ahal izango dira:

https://www.participartepmus.es/user

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko otsailaren 8an.–Lehendakaria, Aritz Ayesa Blanco.

Iragarkiaren kodea: L1801987