39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Lokalen erabilera arautzen duen Ordenantzaren
behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2017ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, udal lokalen erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa hasiera batean onetsi zuen.

2018ko 7. zenbakidun Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 10ean, eta ez denez alegaziorik aurkeztu, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera behin betiko onetsi da udal lokalen erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa, bere osotasunean argitaratuko dena.

Altsasun, 2018ko otsailaren 6an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ERANSKINA

UDAL LOKALEN ERABILERA HERRITARREN ELKARTEEI LAGATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Elkarteek gaur egun berebiziko garrantzia dute herritarrei parte hartzeko bidea emanen dien gizarte demokratikoagoa eraikitzeko prozesuan, eta aurrerapen sozialaren funtsezko eragileak dira.

Hortaz, beharrezkoa da herritarrek parte hartzea Altsasuko elkarte sarea osatzen duten herritarren entitateen bidez, komunitatearen aberastasun sozial eta kulturala zaindu eta areagotzeko eta, aldi berean, elkarteek ordezkatzen dituzten gizarte-sektoreen arazoez arduratzeko.

Esparru horretan ari da Altsasuko Udala elkarte sarea sustatzen, entitateen beharrak asetzeko ahaleginean, legezko baimentze egokiaren bitartez.

Interes sozialeko jarduera autokudeatuak sustatu nahi dira, bada, borondatez eta dohainik lagaz udal titulartasuneko lokal eta ekipamenduak.

Araudi honen bitartez arauak eta bideak ezarri nahi dira Altsasuko irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateei egoitza soziala edo kokalekua emateko, beren jarduerak egin eta estatutuetan ezarrita dituzten xedeak lortu ahal ditzaten. Gainera, leku horiek elkarteetako kideen bilguneak eta Altsasuko bizilagun guztien erreferentzia guneak izanen dira.

Udal titulartasuneko edo Udalaren eskumeneko ondasunak dira eta herriko hainbat entitatek erabil lezakete. Beraz, Udalari bakarrik dagokio lagapenen onuradunak nor izan daitezkeen erabakitzea, irizpide objektiboak erabiliz eta erabilgarri dauden lekuak kontuan hartuz.

Altsasuko Udalak antolaketarako neurri eta arau oinarrizkoak ezartzeko ahalmena du, lokalak erabiltzen dituzten entitateen autonomia ukatu gabe.

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1.–Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalen erabilera lagatzeko hala eskatzen duten kirol eta kultur entitateei.

Akordioak ezartzen duen bezainbat iraunen du lokalaren lagapenak, eta hura doakoa eta prekarioan egina izanen da, eta inoiz ere ezin izanen da pentsatu eskubide ekonomikorik edo errentamendukorik sortzen duenik inolako alderdirendako.

2.–Erabileraren lagapenaren xedea da gizarte entitateei beren jarduerak egiteko eta beren xede estatutarioak erdiesteko tokia ematea, betiere egonkortasuna eta jarraitasuna helburu. Jarduera horiek interes sozialeko xedea izan behar dute eta Altsasuko herritarrendako onura ekarri beharko diete.

3.–Unean uneko beharrak asetzen dituzten aldi baterako lagapenak ordenantza honen eremutik kanpo daude, udal baimen egokiaren bidez arautuko baitira, eta berariazko araudia duten higiezin edo ekipamenduen lagapenak ere bai.

4.–Laga daitezkeen espazioen zerrenda.

–Eraikina (Maisuen Etxea), Erkuden 6 helbidean dagoena (eskuineko 2. pisua kenduta)

–San Pedro Taldea D 16, 1 helbidean dagoen lokala.

–Gure Etxeako aretoak.

2. artikulua. Ordenantza honi heldu ahal dioten entitateak. Baldintzak.

1.–Ordenantza honi heldu ahal izanen diote Altsasuko Udaleko Entitateen Erregistroan inskribaturiko entitateek. Era berean, kirol entitateek Udalaren lokal bat erabiltzea eskatzen ahalko dute baldin osatu badira Foru Komunitatearen kirolari buruzko araudiaren arabera (80/2003 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Kirol Erakundeak eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa arautzen dituena), Altsasun helbideratuak badaude eta Nafarroako kirol entitateen inskribatuak, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera.

2.–Entitateak irabazteko asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta elkarteak inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

3.–Aipatutakoaz gain, Ordenantza honi heltzeko ezinbestekoa izanen da entitate eskatzaileak urtean gutxienez bi jarduera egitea, biztanle guztiendako edo hainbat sektoretako jendearendako, eta Altsasuko Udalarekin lankidetzan aritzea kultura eta kirola sustatzeko. Hiru hilabetetik gorako iraupena duten jarduerak bi jarduera gisa kontabilizatuko dira.

4.–Adjudikatzeko irizpide gisa, lokalaren zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da zenbat denboraz erabiliko den (egunero, astean behin, hamabostean behin..), zenbat izan daitezkeen zerbitzuaren onuradunak, elkarteak zenbat urte daramatzan herrian kokatuta eta bertako jardueretan parte hartzen, eta beste irizpide tekniko batzuk, beharrezkotzat jotzen direnak.

3. artikulua. Eskabideak.

1.–Behin Ordenantza hau indarrean sartu ondoren, entitateek bi hilabeteko epea izanen dute Udalari lokalaren lagapena idatziz eskatzeko. Lokal horretan garatuko diren jarduera eta zerbitzuen urteko proiektua eta ustez ezarriko diren ordutegiak erantsiko dituzte.

2.–Kasuan kasuko Batzar Informatiboak proposamen bat eginen du, betiere eskabide bakoitza eta eskura diren ekipamenduen arabera eta kontuan harturik zer esleipen-irizpide ezarri diren. Proposamenak erabiltzeko baldintzak barne hartuko ditu eta Tokiko Gobernu Batzordeak onetsi beharko du.

3.–Lokalak esleitzeko hurrenkera ezartzeko, irizpide hauei jarraikiz eginen da:

–Lokala zertarako erabiliko den (bulegoa-biltegia)

–Elkartean urtean egindako jarduerak eta/edo zerbitzuak, Altsasuko Udalak diruz lagundutakoak edota harekin hitzartutakoak.

–Altsasuko Udalari eskainitako laguntza Kirol Eskolen antolaketan.

–Zenbat izan daitezkeen jardueren eta/edo zerbitzuen onuradunak.

–Elkarteak zenbat urte daraman bertako jardueretan parte hartzen.

–Eskatutako lokala zenbat denboraz erabiliko den (egunero, astean behin, hamabostean behin...).

4.–Behin bi hilabeteak amaituta, eskabide berriak udal bulegoetan egin beharko dira horretarako prestatutako inprimakia erabiliz.

4. artikulua. Lagapena.

1.–Eskabidea azterturik, Tokiko Gobernu Batzordeak Udalaren osoko bilkurari erabaki bat hartzeko proposatuko dio, eta haren bidez entitate interesatuari baimena emanen zaio ordenantza honen xede diren higiezin edo ekipamenduak erabiltzeko, ondasunaren izaeraren arabera, ordenantza honi jarraituz.

2.–Erabilpena lagatzeari buruzko erabakiak ondasunen helburu zehatza eta egoki irizten diren baldintza, muga eta bermeak adierazi beharko ditu, horiek betetzen ez badira erabilpena itzuli egin beharko delarik. Arau orokor gisa, erabilera urtebeterako lagako da eta epea luzatu ahal izanen da gehienez ere 5 urtez. Epe hori igarota, erabilera berriz laga ahal izanen da, elkarteak lehengo baldintzei eusten badie, baina lagapenaren baldintzak berrikusi eginen dira.

3.–Erabakiari ondasun higigarrien inbentarioa erantsiko zaio, horien erabilera ere lagatzen bada.

4.–Erabakiak espresuki aipatuko ditu Udalak entitateari lankidetzaren gainean eskatzen zaizkion konpromisoak, onura publikoko eta interes sozialeko helburuak betetzeko. Horiek bizilagunei on eginen diete, eta betetzen ez badira ondasunak berehalakoan itzuliko zaizkio Udalari.

5. artikulua. Betebeharrak.

1.–Lokal baten erabilera lagatzen zaion elkarteak ordenantza honetako xedapen eta arauak bete beharko ditu, baita Udaleko Gobernu Batzordearen erabakian ageri direnak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legean eta unean indarrean dagoen araudian ezarritako guztiak ere.

2.–Urte hasieran, lokala esleitua duen entitateak lagatako lokaletan edo aretoetan egindako jarduerari buruzko memoria bat aurkeztu beharko dio Udalari.

II. TITULUA

Lokalak erabiltzeko arau orokorrak

6. artikulua. Erabilerak.

1.–Lokal bat entitate bakar bati lagatzen ahal zaio, edo hainbat entitateri, batera erabil dezaten, eskura diren baliabideen arabera eta kontuan harturik jarduera mota zein den. Lokala entitate bakar bati lagatzeak ez du esan nahi, inolaz ere, erabilera esklusiborako denik, etorkizuneko beharrek baldintzatuko baitute erabilera hori.

2.–Lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izanen ditu entitate onuradunak, estatutuetan ezarrita dituen helburuei jarraikiz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu ahal izanen da, hala behar duten puntuetan.

3.–Lagapen erabakian zehaztuko da lokala zertarako den: bilera, biltegia, bulegoa, etab.

4.–Aurrekoez bestelako erabilera guztiak Altsasuko Udalak baimendu beharko ditu.

7. artikulua. Mantentzea.

1.–Elkarteek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, pisu bakoitzeko erabilera orokorrekoak (pasilloa, komuna...) eta higiezin osoa, baita altzariak ere. Elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen erantzuleak elkarteak izanen dira, eta lehenbailehen konpondu beharko dituzte kalteak beren kontura, Udalari baimena eskatu eta gero. Atal hau ez da aplikatuko erabiliaren erabiliaz edo ustekabekoen ondorioz lokala hondatzen denean, entitate onuradunak errurik izan gabe.

2.–Entitate onuradunen egitekoa izanen da lagatako ondasun higigarriak mantendu eta konpontzea. Garbitasuna eta ordena zainduko dituzte. Egunero lokala erabili ondoren garbitu eginen dute eta altzari eta tresnak ordenatuko dituzte, zenbait elkartek batera erabiliz gero higiezina erabiltzeko baldintza hoberenetan dagoela bermatu beharko baitute.

Udalaren nahiz entitateen gogoa da lokalak ahalik eta hobekien mantendu eta zaintzea, eta hori aldeko irizpidea izanen da lokalaren erabilera laga eta berritzeko tenorean.

3.–Entitate onuradunen ardura izanen da utzitako lokalak eta pisu bakoitzeko erabilera orokorreko guneak (pasilloa, komuna...) ordenatu eta garbitzea, beste elkarte batzuek ere erabili ahal ditzaten. Hori guztia lagapen-erabakietan jasoko da.

4.–Gure Etxea eraikinaren kasuan, entitate onuradunek ez dute zertan solairu bakoitzeko erabilera komuneko eremuak garbitu behar (pasabidea, komunak, etab). Garbiketa- eta mantentze-lanak lagatako eremuan bakarrik egin beharko dituzte.

5.–Udalak jarriko ditu argindar eta uraren horniketa, eta gastuak entitate hartzailearen kargura izanen dira. Banakako kontagailurik egon ezean, esleipena duten elkarteen artean banatuko dira gastuak, proportzionalki, hau da, entitate bakoitzaren erabileraren arabera. Elkartearen kontura izanen dira garbiketa, telefono finkoa, haren alta eta ordainketa, baita behar diren baimenen tramitazioa ere.

6.–Udalaren lokaletako espazioak eta aretoak erabiltzeko lagapena esleituta, Udalak, lagapen erabakian ezarritako fidantza jarri ondoren, elkartearen batzordeari giltzak emanen dizkio lokalean sartu eta hori ireki eta itxi ahal izateko, baita lagatako espazioetarako ere. Elkartearen zuzendaritza batzordeak izanen du giltza horiek behar bezala gorde eta erabiltzeko ardura. Lagapen epea bururatuta, zuzendaritza batzordeak Udalari itzuliko dizkio bere esku dituen giltza guztiak edo txartelak.

8. artikulua. Ordutegiak.

Entitateek Udalari jakinaraziko diote lokal bakoitza zer ordutan erabiliko duten, eta lagatzeko erabakian zehaztu beharko da.

Lokalak 9:00etatik 22:00etara baino ezin izango dira erabili.

Lagatako lokala zenbait elkarteren artean elkarrekin erabiltzeko lagatzen denean, lagatzeko erabakietan zehaztuko da zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen lokala elkarte bakoitzak. Ekipamenduak erabiltzeko egunak eta orduak banatu aurretik kontsulta eginen zaie ukitutako entitate guztiei.

9. artikulua. Gune komunak.

Altsasuko Udalak zehaztuko du zein diren zentro bakoitzean erabilera orokorreko guneak eta nola erabil daitezkeen.

10. artikulua. Baimendu gabeko jarduerak.

Lagatako lokalaren barnean, entitatearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debekaturik daude indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.

Debekaturik dago lagapen erabakien bidez jasotzen diren lokalak entitatearen estatutuetan ageri ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

Instalazioetan ezin da ez taberna, ez jantoki zerbitzurik izan.

Sukaldea bakarrik erabili ahal izango da entitatearen eginkizunetarako beharrezkoa denean. Sukaldea erabiltzeko baimena idatziz eskatu beharko zaio Kirol Zerbitzuari eta baimen horretarako baldintza da horretarako prestatutako inprimakian zehaztutako baldintzak betetzea. Udalak sukaldea erabiltzeko prezioa ezarri ahalko du.

Ezin da paper, kartoi eta material sukoirik pilatu, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarriko litzatekeelako.

Lokal guztietan Larrialdi eta Suteetarako Plana eduki behar da. Udalak eginen du, kasuan kasuko entitatearekin lankidetzan.

11. artikulua. Obrak.

1.–Altsasuko Udalak aldez aurretik baimena eman ezik, entitate onuradunek ezin izanen dute inolako obra edo jarduketarik egin erabilera esklusiborako lagatako tokian, ez ondasun higigarrietan, ezta, oro har, higiezin osoan ere.

2.–Obra edo jarduketak ondasun higiezinaren mesedetan eginen dira eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasoko.

3.–Artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoa urratzen bada, Udalak lokalaren erabilera entitateari lagatzeko erabakia ezeztatu ahal izanen du, edota ondasuna lehengoratzeko agindu, eta entitateak ez du eskubiderik izanen kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko. Entitateak egin ezean, haren ordez Udalak egin ahal izanen ditu lehengoratze obrak eta elkarteak ordaindu beharko du kostua. Ondasuna lehengoratzerik ez badago, hondatuko litzatekeelako, kalteen eragileak kalte-ordaina eman beharko du.

12. artikulua. Erantzukizun zibila eta fidantza.

1.–Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

2.–Entitate bakoitzak aseguru poliza bat eduki beharko du, erantzukizun zibilerako eta higiezinean eragin litezkeen kalteetarako. Erabilera lagatzeko erabakian zehaztuko da polizak gutxienez zenbateko balioa aseguratu behar duen, kontuan izanik lokalaren erabilera, elkartekideen kopurua, higiezinaren balioa eta beste alderdi objektibo batzuk. Aurrekoa gorabehera, entitate lagapen-hartzaileak akordioak egin ditzakete baterako aseguru poliza sinatzeko, aipatutako arriskuak estaltzeko. Udalak eraikinaren gaineko asegurua du, eta hartan jasotzen da hari egiten ahal zaizkion kalteen erantzukizun zibila.

Entitateek, berriz, berea duten edukia aseguratuko dute, beren material eta ondasunak bermatzeko, beharrezkotzat jotzen badute. Edukiaren gaineko asegururik ez bada, Udalak ez du bere gain hartuko harekin gertatzen ahal den galera, ebasketa edo kalterik.

Entitateen erantzun zibileko asegurua Udalarenaren osagarria izanen da. Entitateek ordainagiria erakutsi beharko diote Udalari.

3.–Entitate onuradunak behar bezala frogatu beharko du aseguru poliza ordaindu duela. Altsasuko Udaleko zerbitzu teknikoek noiznahi eskatu ahal izanen dizkiote ordainagiriak.

4.–Udalak fidantza eskatu ahal izanen du, legez onartutako moduetako edozeinen bidez, 14. artikuluan erabileraren gainean ematen diren arau orokorrak ez betetzeagatik. Fidantza horrek bermatuko du Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak ongi erabiltzeko eta lagapenaren aurreko uneko egoerara lehengoratzeko betebeharrak zuzen betetzen direla.

Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza. Horretaz gain, ordenantza honen aplikazioaren ondorioz ezartzen diren zehapenak ordaintzeko erabiltzen ahalko da. Fidantzaren zenbatekoa espazioa edo aretoaren erabilera lagatzeko erabakian zehaztuko da. Lagapena bukatuta, baldintza guztiak bete badira, fidantza itzuli egingo da.

III. TITULUA

Entitateen betebeharrak. Betetzearen kontrola

13. artikulua. Betebeharrak.

Entitate guztiek ordenantza honetako arau orokorrak bete behar dituzte, eta zehazki:

a) Lagapen erabakian ezarritako ordutegiak edo Altsasuko Udalak baimentzen dizkienak errespetatu behar dituzte.

b) Lagatako tokia beren xedeetarako erabili behar dute, beren jarduera-programa betez, eta lagapen erabakian ezarritako edo Udalak baimentzen dituen helburuetarako ere bai.

c) Zentroan ez dute inola ere hirugarrenen publizitate komertzialik eginen, Udalaren baimena izan ezean. Publizitatetzat joko da zerbitzu eta/edo ondasun higigarri nahiz higiezinen salerosketa edo kontratazioa zuzenean edo zeharka eragin edo sustatzea xede duen komunikazio mota oro.

d) Lokala erabiltzen duten beste entitate edo entitateei esleitutako tokiak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

e) Erabilera orokorreko guneen helburua eta xedea errespetatuko dituzte.

f) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.

g) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higienearen aldetik.

h) Zentroko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

i) Esleitu zaien tokiaren erabilera ez diote inori lagako ez osorik ez zati batean, elkarteko kidea izan ala ez.

j) Jendearentzat zabalik dauden zentroetan, funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu joeragatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

k) Gertatzen diren gorabehera edo arazoen berri emanen diote Altsasuko Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraziko dizkiote.

l) Erabilera lagatzeko erabakia iraungi edo ezeztatuz gero, lokal eta ondasunak Altsasuko Udalari itzuliko dizkiote lehengo hartan, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

m) Uneoro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen utziko diote, ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia betetzen diren begiratu ahal dezan. Lokaletara sartzen utziko diote eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak emanen dizkiote.

14. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Arau-hausteak izanen dira arinak, astunak edo oso astunak.

Honako hauek joko dira arau-hauste arintzat:

a) Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea.

b) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

c) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen kontra.

Honako hauek joko dira arau-hauste larritzat:

a) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

b) Alkatearen baimenik gabe, erabilitako eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

c) Eskola ordutegian, 16 urtetik beheitiko bati lokalean sartzera uztea.

d) Jendearentzat zabalik dauden zentroetan, funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu joeragatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

Honako hauek joko dira arau-hauste oso larritzat:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

15. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteengatik zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arinengatik, 100 eta 500 euro bitarteko isuna.

b) Larriengatik, 501 eta 1.000 euro bitarteko isuna.

c) Oso larriengatik, 1.001 eta 1.800 euro bitarteko isuna.

Arau-hauste larritzat joko da urtebetean bi arau-hauste arin egitea. Arau-hauste oso larriak izanen dira bi arau-hauste larri egitea, edo bi arin eta larri bat, urtebetean. Bi arau-hauste oso larri egiteak lagapena ezeztatzea ekarriko du.

Tokiko Gobernu Batzordeak da zehapen hori jartzeko organo eskuduna. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legedian ezarritako zehapen-prozeduraren arabera jarriko dira zehapenak. Haiek ezartzeaz gainera kalte-galeren ordaina eskatuko da, bidezkoa denean.

IV. TITULUA

Udalaren ahalmenak eta betebeharrak

16. artikulua. Udalaren eskumenak.

Altsasuko Udalak noiznahi ikuskatu ahal izanen ditu lagatako lokalak. Entitate onuradunaren ez-betetze larri edo oso larriren bat ikusten badu, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokalak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.

17. artikulua. Udalaren betebeharrak.

Altsasuko Udalak betebehar hauek ditu:

a) Ordenantza honetatik eta indarra duen legeriatik sortzen direnak.

b) Eskaileren eta atariaren garbiketa.

c) Altsasuko Udalari dagokio egiturazko mantentzea, hau da, eraikinaren egitura, fatxadak eta estalkiak eta kanpoaldeko zerbitzu-harguneak mantentzeko konponketak eta berrikuntzak egitea, baldin eta zentroaren erabilera arrunt eta ohikoaren ondoriozkoak badira. Halaber Udalari dagokio ur, argi, berokuntza eta gas horniduretarako loturak egitea.

V. TITULUA

Erabileraren lagapena amaitzeko arrazoiak

18. artikulua. Iraungitzeko arrazoiak.

Udalak prekarioan lagako ditu ordenantza honen xede diren lokalak. Prekarioko lagapena Udaleko Gobernu Batzordearen erabaki arrazoituaren bidez amaituko da. Udalak entitate onuradunari bi hilabeteko epea emanen dio lokala itzultzeko, behar den errekerimendua eginez.

Lagapen erabakia arrazoi hauengatik iraungi daiteke:

a) Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaituta.

b) Bi alderdiak ados jarrita.

c) Entitateak uko egiten dielako lagatako lokalei, edo ez dituelako benetan erabiltzen.

d) Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bestelakoak, batez ere, partikularrei irabaziak dakarzkieten jarduera ekonomikoak, etengabe egiten direlako edo horiek bakarrik egiten direlako.

e) Entitatea desegin delako.

f) Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoitua, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.

g) Betiere, ordenantza honen 15. artikuluko arau-hauste oso larri bat, bi arau-hauste larri baino gehiago eta sei arau-hauste arin errepikatzeagatik.

19. artikulua. Kalte-ordainak.

Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena amaitzen denean, entitate edo elkarteak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.

20. artikulua. Ondasunak itzultzea.

Erabilera lagatzeko erabakia suntsitu edo iraungi ondotik, entitateak gehienez ere 15 egun naturaleko epea izanen du Altsasuko Udalari itzultzeko lagatako tokia eta ondasunak. Hala egin ezean, atzerapenak ekar ditzakeen kalte-galeren erantzulea izanen da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau onesterakoan Udalaren lokal, eraikin edo instalazioak erabiltzen ari diren entitateek, unean uneko edo behin-behineko beharretarako ez badira, erabiltzen ari diren lokalaren erabilera lagatzeko eskabide berria aurkeztu beharko dute 2 hilabeteko epean, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita; gero, ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Lagapenari buruz 6. artikuluan xedatutakoari dagokionez, Udalaren Osoko Bilkurak Udaleko Gobernu Batzordearen esku utzi ditu ordenantza honetan aipatzen diren lokalen erabilera bost urtetik beherako epeetarako lagatzeko ebazpenak. Halakoetan Udaleko organo horrek ebatziko du, kasuan kasuko informazio batzordeak proposaturik.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Behin Ordenantza hau indarrean jarrita, indargabeturik geratuko dira egungo lokalen lagapenak.

Iragarkiaren kodea: L1801886