39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Entitateen udal erregistroaren erregelamendua.
Behin betiko onestea

Altsasuko Udalak, 2017ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Entitateen Udal Erregistroaren Erregelamendua.

2017ko 241. zenbakidun Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an, eta ez denez alegaziorik aurkeztu, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, behin betiko onetsi da Entitateen Udal Erregistroaren Erregelamendua, bere osotasunean argitaratuko dena.

Altsasun, 2018ko otsailaren 6an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ERANSKINA

ALTSASUKO ENTITATEEN UDAL
ERREGISTROAREN ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Altsasuko Udalak badaki elkarte sektorea funtsezko elementua dela udalerriaren antolamendurako, eta elkarte horien lana lagungarria dela herritarren bizi kalitatea eta gizarte kohesioa hobetzeko. Hori dela eta, Entitateen Udal Erregistroa sortu du, elkarte sarearen eta Udal Administrazioaren arteko harremanak bultzatzea eta, hala, herritarren parte-hartzea bultzatzea ahalbidetuko duen tresna bat sustatzeko xedearekin.

Gizarte sare antolatuak, herritarren interesak eta kezkak adierazten dituen plataforma artikulatua denez, funtsezko eginkizuna du toki entitateen mailako demokrazia eta partaidetza areagotzeko bidean.

Aipatu erregelamenduak Entitateen Udal Erregistroaren sorrera arautzen du. Erregistro horren bidez, herriko elkarteen egoera ezagutu nahi da, bai eta elkarte sarearen bilakaera aztertu ere, informazio hori Udalari eta entitateei helarazi eta elkarte jarduera sustatzeko eta hobetzeko politika egoki bat bultzatze aldera.

Erregelamendu honen ondorioetarako, elkartetzat hartuko dira Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribaturik daudenak, eta kolektibotzat hartuko dira inskripzio hori egiteko zain dauden bestelako talde egonkorrak.

Xedea eta ezaugarriak

1. art. Entitateen Udal Erregistroaren xedea da Udalak bidea izatea jakiteko herrian zenbat elkarte eta irabazi asmorik gabeko kolektibo dauden eta zeintzuk diren haien helburuak, ordezkagaitasuna eta eragina, herriko elkarte sarea indartzeko lagungarria izanen den udal politika egokia abian jartze aldera.

2. art. Altsasuko Udalaren Entitateen Udal Erregistroak ez du loturarik Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistro Orokorrarekin; horrenbestez, elkarte bat bigarren horretan inskribatzeak ez du esan nahi lehenengoan inskribatzen denik.

3. art. Erregistroa Idazkaritza Orokorraren menpe egonen da, eta Herritarrarendako Harrera Bulegoak eginen ditu haren kudeaketa eta mantentze lanak, Udaleko idazkariak ezarritako irizpideei jarraikiz.

4. art. Entitateen Udal Erregistroko datuak nornahik ikus ditzake.

Erregistroan inskribatzea

5. art. Erregistroan inskribatzen ahalko dira irabazteko asmorik gabeko herritarren elkarte eta entitateak, baldin eta haien xedea udalerriaren eta populazio sektore desberdinen interes orokor edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetzea bada; batez ere, aita eta amen elkarteak, arte, kultura, kirol, gizarte, josteta eta gastronomia elkarteak, gazteen elkarteak, emakumeen eta jubilatuen elkarteak, auzoen elkarteak, eta Altsasuko lurralde eremuan diharduten gisako entitate guztiak.

6. art. Elkarte eta kolektibo horiek helbide soziala (edo ordezkaritza) Altsasuko udalerrian izan beharko dute eta jendea biltzen duten interes orokorreko jarduerak antolatu beharko dituzte. Elkarteak aldez aurretik inskribatuta egon beharko dute Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistro Orokorrean, eta, pertsona juridikoak diren aldetik, Foru Ogasunak emandako Identifikazio Fiskaleko kodea izan beharko dute. Bestalde, herritarren kolektiboek, haien berezko izaera eta antolamendua kontuan hartuta, lau hilabeteko epea izanen dute, Entitateen Udal Erregistroan inskribatzen direnetik hasita, elkartea eratu, Nafarroako Gobernuaren Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu eta Identifikazio Fiskaleko kodea lortzeko.

Epe hori amaituta, kolektiboa ez bada elkarte bihurtu, baja emanen zaio Entitateen Udal Erregistroan eta, horrenbestez, erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak galduko ditu.

Aurreko lerroaldean xedaturikoa ezertan galarazi gabe, aipatu epea amaituta, kolektiboa Entitateen Udal Erregistroan inskribatu ahalko da, erregelamendu honen 7. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen baditu.

7. art. Entitateen Udal Erregistroan inskribatzeko eskaera egiteko, beharrezkoa da horretarako baimena duela ziurtatzen duen Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo bazkide batek eskaera inprimaki normalizatua betetzea eta Altsasuko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztea, ondoko dokumentazioarekin batera:

Elkarteak:

1. Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroko inskripzio zenbakiaren ziurtagiria.

2. Elkartearen sortze akta eta indarra duten estatutu edo funtzionamendu arauak.

3. Zuzendaritza Batzordeko kideen nortasuna egiaztatzen duen akta edo ziurtagiria, bai eta haien helbide eta telefonoak ere.

4. Helbide soziala eta, kasua bada, egoitza sozialak.

5. Identifikazio Fiskaleko kodea (IFK).

6. Eskaera egiten den unean elkartean izen emanda dauden pertsona kopuruaren ziurtagiria (sexuaren eta adin-talde handien arabera bereizita).

7. Urteko jardueren programa edo oroitidazkia.

8. Inskripzio eskaera egiten duen pertsonaren NANaren fotokopia.

9. Elkartearekin harremanetan jartzeko pertsonaren datuak: izen-abizenak, telefonoa, posta elektronikoa.

Kolektiboak:

1. Helbide soziala eta, kasua bada, egoitza sozialak.

2. Urteko jardueren programa edo oroitidazkia.

3. Eskaera egiten den unean kolektiboan izen emanda dauden pertsona kopuruaren ziurtagiria (sexuaren eta adin-talde handien arabera bereizita).

4. Kolektiboaren helburuei, jarduerei eta xedeei buruzko adierazpena.

5. Inskripzio eskaera egiten duen pertsonaren NANaren fotokopia.

6. Kolektiboarekin harremanetan jartzeko datuak: hiru pertsonen izen-abizenak, telefonoak eta posta elektronikoak.

Erregistroan inskribaturiko entitateek Udalari jakinarazi beharko diote inskripzioa eskatzeko aurkezten den dokumentazioan jasotako datuetan gerta daitekeen aldaketa oro, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.

Inskribaturiko entitateek aktiboki lagundu beharko dute haien datuak egiazki eguneratzen; betebehar hori ez betetzea Entitateen Udal Erregistroan baja emateko zuzeneko arrazoia izanen da.

8. art. Herritarrarendako Harrera Bulegoak, erregistroa kudeatzeko ardura duen administrazio unitatea den aldetik, beharrezkoak diren egiaztapenak eginen ditu elkartea edo kolektiboa inskribatzeko, eta hilabeteko epean, erregistroan inskribatzeko eskaera egiten denetik, jakinarazi beharko dio elkarte edo kolektiboari egokitu zaion inskripzio zenbakia.

Udalak entitatea sailkatuko du fitxategian jasotzen diren tipologietako batean, eta hala jakinaraziko die entitatearen sustatzaileei, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten. Jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean ez bada alegaziorik aurkeztu, ulertuko da eginiko sailkapena ontzat jo dela.

Sailkapena egiterakoan detektatzen bada inskripzioa egiteko ezinbestekotzat jotzen den betekizunen bat falta dela, interesdunari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean akatsa zuzen dezan; akatsa zuzentzen ez badu, ulertuko da bere eskaera bertan behera utzi duela.

Eskubideak

9. art. Inskribaturiko elkarte eta kolektiboek, aldez aurretik idatziz eskatzen badute Erregistro Orokorrean, kasuko zerbitzuek horretarako ezarritako epean, bidea izanen dute Udalaren baliabide publikoak erabiltzeko, bereziki lokalak, ekipamenduak eta materiala.

Baimenak emateko, kontuan hartuko dira programaturiko jarduerak, espazioen eta langileen erabilgarritasuna eta ordutegiak, eskatutako baliabideak kudeatzeko ardura duten zerbitzuek zehazturiko irizpideei jarraikiz. Halaber, inskribaturiko elkarteek eta kolektiboek parte hartu ahalko dute Udalak elkarteak sustatzeko antolatzen dituen prestakuntza ekintzetan.

10. art. Udalaren baliabideek horretarako bidea ematen duten neurrian, Udalak elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia eginen du urtero.

Diru-laguntzak emateko deialdiak arautuko dituzten oinarriak jakinaraziko zaizkie horietan interesik izan dezaketen entitateei. Oinarrietan zehaztuko dira elkarteek, diru-laguntzak eskuratze aldera, bete behar dituzten baldintzak, bai eta eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa ere, Udalak bere esku duenaz gain.

Herritar kolektiboek ezin izanen dituzte Udalaren diru-laguntzak jaso elkartea eratzen ez duten bitartean.

11. art. Udalaren baliabideak erabili ahal izateko eta Udalak eginiko diru-laguntzen deialdietan parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza izanen da Entitateen Udal Erregistroan inskribatuta egotea.

Betebeharrak

12. art. Elkarteek eta kolektiboek Entitateen Udal Erregistroari jakinarazi beharko dizkiote helbide sozialari eta Zuzendaritza Batzordeko kideei dagozkien aldaketak, gertatzen direnetik hilabeteko epean, bai eta inskripzioa egiteko aurkeztu dokumentazioan jasotako datuen aldaketa oro ere.

13. art. Herritarren elkarte eta entitateek erantzukizuna izanen dute Udalaren lokalen, ekipamenduen eta materialen erabilerarengatik eta, erabilera dela eta, haietan eragiten ahal dituzten kalteengatik.

14. art. Betebehar horiek ez betetzeak ekarri ahalko du, dagokion espedientea izapidetu ondoren, entitateari baja ematea erregistroan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.–Erregelamendu hau argitaratzen den egunean Altsasuko udal mugapean jardunean izan eta erregelamendu honetan aitortutako eskubideak dituzten herritarren elkarte eta entitateek inskripzioa eskatu beharko dute lau hilabeteko epean, erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, ez inskribatzeak ekarriko du entitateak baliatzen zituen eskubideak galtzea; hala ere, entitatea inskribatuz gero erregelamendu honen 7. artikuluan ezarri moduan, aipatu eskubideak berreskuratuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1801882