39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASU

Deialdiaren oinarriak, zerbitzu anitzetako eta kale garbiketako enplegatu bat aldi baterako kontratatzeko,
Obra eta Zerbitzuetako lantaldean

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako eta kale garbiketako enplegatuaren lanpostu bat betetzea, aldi baterako eta administrazio araubidean, Altsasuko Udalaren Obra eta Zerbitzuetako lantaldean.

Lan-poltsa eginen da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean egonen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Kontratuak lanpostua behin betiko bete arte iraunen du. Hala ere, kontratua hurrengo arrazoietako batengatik iraungiko litzateke:

–Arauzko probaldian betebeharren bat ez-betetzeagatik edo egokitzapen faltagatik.

–Aldi baterako bete nahi den lanpostua behin betiko betetzeagatik.

–Lanpostua amortizatzeagatik.

–Lanpostu horri atxikitzea langile funtzionario edo lan-kontratudun finko bat.

–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan jasotako beste zenbait.

1.3. Kontratudunak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko D mailan sartuko dira eta maila horri dagozkion oinarrizko ordainsariak eta, behar izanez gero, Udalaren plantilla organikoan esleitzen zaizkion ordainsari osagarriak jasoko dituzte.

1.4. Lanaldi osoa bete beharko da eta zerbitzuaren beharrei egokituko zaie. Udalak noiznahi alda dezake aipatu araubidea.

1.5. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:

Kale garbiketako hainbat lan egitea esleitutako eremuan, hirigunean eta hortik kanpo (espaloiak, arekak, parkeak, merkatuak, hustubideak, eskola eremuak, erreken bokaleak, ibai-ibilguak eta abar), ematen zaizkion erremintak erabiliz (kale-garbitzeko makina, erratza, hosto-haizagailua, sasi-garbitzeko makina, pala, gurdia, poltsak eta abar), euri-uretako sarea garbirik mantentzeko, kartelak, pankartak eta pintadak kentzeko, eta ohiko tokietako belar-sastrakak kentzeko, ezarritako jarraibideen arabera.

Zakarrontziak, hilerriko edukiontziak eta abar hustu eta garbitzea.

Esleitutako ibilbideen jarraipena egin eta bertan diren gora-beheren berri ematea, garbiketari eta kaleetako eta hiri-altzarietako mantentze-lanei dagozkienean.

Bideak irekitzea espaloietan, eremu publikoetan, bai eta eskailerak garbitzea elurteak edo izozteak izaten direnean. Horietan, gatza barreiatuko du, eskuz edo bide mekanikoez.

Beste eginkizun batzuk:

Bere eskura jartzen diren baliabide eta tresnen mantentze egokiaren ardura edukitzea.

Ardura komunak:

Laneko arriskuen prebentzio arauak betetzea, bai eta ordena eta garbitasunekoak ere.

Alorraren hobekuntza sustatu eta hartan laguntzea eta hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak proposatzea.

Lana antolatzea, ezarritako xedeak beteko direla bermatu beharrez.

Alorrari atxikitako gainerako langileekin aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.

Lankideei aholkua ematea eta laguntzea ezagutza eta/edo esperientziagatik hobeki menderatzen dituen zeregin profesionaletan.

Aipatuez gain, helburuak betetzeko eskatzen zaizkion lanak eta legeak agintzen dizkionak ere, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat etorriz gero.

2. oinarria.–Baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu beharko da Altsasuko Udaleko Erregistro Orokorrean (Garcia Ximénez kalea, 36, 31800 Altsasu), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideetakoren bat erabiliz, eskabidea igorri dela jakinaraziko zaio administrazio kontratatzaileari, fax bidez (948-563855 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (altsasu@altsasu.net), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

Bi betekizun horiek gabe dokumentazioa ez da onartuko, kontratazio organoak jasotzen badu oinarri hauetan adierazitako epea amaitzeko eguna eta ordua pasatu eta gero.

Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) eguneko epean dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

3.2. Eskabideari (jatorrizkoa eta kopia, deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoak) agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

3.3. Desgaitasunen bat izanik parte hartzen dutenek denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein desgaitasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero.

5.2. Oposizioaldia.

5.2 a) Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira bertan.

5.2 b) Lehen ariketa baztertzailea eta teorikoa izanen da; test motako galdetegi bat erantzun beharko da, II. eranskineko gai zerrendaren gainean. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira, eta bazterturik geldituko dira gehienez esleitutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenak.

5.2 c) Bigarren ariketa baztertzailea da eta bertan proba teoriko/praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makineriaren erabilera, igeltserotza, pintura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria maneiatzea, edo bestelako edozein, betiere lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenak. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira, eta bazterturik geldituko dira gehienez esleitutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenak.

5.2 d) Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatu eta gero, epaimahaiak argitara emanen ditu, Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, beharrezkoa bada.

5.2 e) Probak egiteko dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren izangaiak.

5.2 f) Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

5.2 g) Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

6. oinarria.–Lehiaketaldia.

6.1. Lehiaketaldia oposizioa gainditu duten izangaiei soilik baloratuko zaie, eta 30 puntu izanen ditu gehienez, baremo honen arabera:

A) Esperientzia.

1) Administrazio Publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan egindako zerbitzuak, D mailan, deialdiko lanpostuak berezko dituen eginkizunetan, puntu 1 urte oso bakoitzagatik. Batura ez da 15 puntu baino handiagoa izanen.

Aurreko apartatuan aurreikusi merezimenduak lehiatzaileak lan egin duen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko lanpostuan) egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murriztua bazen, zenbatekoa eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

B) Prestakuntza ikastaroak.

Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, baremo honi jarraikiz:

10 orduko edo gehiagoko baina 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu.

20 orduko edo gehiagoko baina 40 ordu baino gutxiagoko bakoitzeko: puntu bat.

40 orduko edo gehiagoko baina 100 ordu baino gutxiagoko bakoitzeko: 1,5 puntu.

100 ordu edo gehiagoko bakoitzeko: 2 puntu.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak.

C) Euskara.

Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat, euskaraz jakitea deialdiaren puntu guztien (oposizioa gehi lehiaketa) %5 baloratuko da jendearekin harreman zuzena ez daukaten lanpostu guztietarako.

Hortaz, euskararen ezagutza gehienez ere 5 puntu baloratuko da EGA edo C1 titulua edukiz gero. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emanen zaizkie: A1 tituluak 1 puntu izanen du; A2 tituluak, 2 puntu; B1 tituluak, 3 puntu; eta B2 tituluak, 4 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, eta eskabideari agiri horren fotokopia konpultsatua erantsi behar zaio.

Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean.

7. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez. Altsasuko Udaleko alkatea.–Ordezkoa: Manuel Bergera Ijurco, Altsasuko Udaleko Antolaketa eta Giza Baliabideen batzordeko burua.

Epaimahaikide-idazkaria: Isaak Valencia Alzueta.–Ordezkoa: Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikidea: Felix Benjumea Motino, Altsasuko Udaleko Obra eta Zerbitzu Anitzetako arduraduna. Ordezkoa: Altsasuko Udaleko Obra eta Zerbitzu Anitzetako enplegatu bat.

Epaimahaikidea: Maite Celaya Irigoien, Udaleko arkitekto teknikoa. Ordezkoa: Altsasuko Udaleko Obra eta Zerbitzu Anitzetako enplegatu bat.

Epaimahaikidea: Angel Calvo Herrera, ordezkari sindikala. Ordezkoa: Altsasuko Udaleko ordezkari sindikal bat.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7.4. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

7.5. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

7.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak. Parte-hartzaileen puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren ariketan zein den puntuaziorik altuena 5.2 c), eta berdinketak jarraituz gero, kalifikazio epaimahaiak berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da.

8. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Oposizioaldiko ariketak baloratu ondoren, eskabidearekin batera aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira. Behin-behineko emaitzak Altsasuko Udaleko web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.

8.2. Proben kalifikazioa eta alegazioen epea bukaturik, probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du epaimahaiak, Altsasuko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Probak gainditzen dituztenak lan-poltsan sartuko dira.

9. oinarria–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta elektroniko edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (Administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

Lanerako kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Deitutako izangaiarekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangai bat, aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 12 hilabetean, Udalean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

Kontratudun batek muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egiteak:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo haurra izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

c) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorren Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aitzineko hamabost egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

Aitzineko atalean adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenengo apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Deia eginda lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.3. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da; beraz, haren kontu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko dagokion salari edo epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Altsasun, 2018ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Altsasuko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta mendi, alderdi, ibai eta etxolenak ere; udaleko araudia eta abar.

2.–Altsasuko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko Bilkura, alkatea eta Gobernu Batzarra. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3.–Nafarroako toki entitateen lege araubidea: udalerriak. Antolaketa eta administrazioa.

4.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Ideia orokorrak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina-araubidea.

5.–Aukera berdintasuna (gai zerrenda eskuragarri dago Altsasuko Udalaren web-orrian).

6.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

7.–Kale garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Erremintak erabili eta maneiatzea.

8.–Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.

Oharra.–Gai guztiak bat etorriko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: L1800797