39. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 14an hartua, zeinaren bidez sortzen baita Lezkairuko Osasun Eskualde Oinarrizkoa eta aldatzen baitira Arrosadiko eta II. Zabalguneko osasun eskualde oinarrizkoak.

Osasun eskualde oinarrizkoak dira oinarrizko osasun laguntzari lurralde markoa ematen dioten geografia- eta populazio-zedarriak, bermatzen dutenak populazioak oinarrizko osasun laguntza eskuratzea.

Nafarroako Osasun Zonifikazioari buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legeak jaso zuen osasun eskualde oinarrizkoen mugaketa, eta Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak hura aldatu zuen, baita aurrekontuei buruzko beste foru lege batzuek ere.

2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legeak, hamabosgarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatu zuen, 38. artikuluari 4. apartatu bat erantsiz, non esaten baitzen Nafarroako Gobernuaren erabakiz sortuko eta aldatuko direla osasun eskualde oinarrizkoak, osasunaren arloan eskuduna den departamentuak proposatuta, aldez aurretik entzunaldia emanez toki entitate ukituei eta oinarrizko eskualdeetako parte-hartze eta ordezkatze organoei.

Osasun Departamentuak Iruñeko Udalari igorri dio Lezkairuko Eskualde Oinarrizkoa sortzeko proposamena, eta, horrenbestez, Arrosadiko eta II. Zabalguneko osasun eskualde oinarrizkoak aldatzekoa ere bai. Toki entitatea jarduketa horiekin ados agertu da.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKIA:

1. Lezkairuko Osasun Eskualde Oinarrizkoa sortzea, barnean hartzen dituena Iruñeko udalerriko 5. barrutiko 8., 9. eta 10. atalak, salbu Erripagañari dagokion lurralde eremua.

2. Arrosadiko Osasun Eskualde Oinarrizkoa aldatzea, barnean hartzen dituena Iruñeko udalerriko 2. barrutiko 11. atala eta 5. barrutiko 1. ataletik 7.era artekoak eta 11. eta 12. atalak.

3. II. Zabalguneko Osasun Eskualde Oinarrizkoa aldatzea, barnean hartzen dituena Iruñeko udalerriko 2. barrutiko 1. eta 2. atalak, 6. ataletik 10.era artekoak eta 12. ataletik 17.era artekoak.

4. Aurreko lurralde mugaketak ez dira gauzatuko harik eta Lezkairuko Eskualde Oinarrizkoa ezarri arte; une horretan, egokitu eginen da, Iruñeko udalerriak izan dituen aldaketa administratiboen arabera.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1802262