38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 8koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako udalerriei diru-laguntzak emateko deialdi bat onesten duena “Artea eta Kultura 2018” programako arte eta kultur jarduerak egiteko.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu du txostena, non proposatzen baita Nafarroako udalerriei diru-laguntzak emateko deialdi bat onestea “Artea eta kultura” programako arte kultur jarduerak egiteko, deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 517.000,00 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako udalerriei diru-laguntzak emateko deialdi bat onestea “Artea eta Kultura” programako arte eta kultur jarduerak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4609-334100: (E) Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2018

517.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean

Iruñean, 2018ko otsailaren 8an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

NAFARROAKO UDALERRIEI “ARTEA ETA KULTURA 2018” PROGRAMAKO ARTE ETA KULTUR JARDUERAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzen xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea Nafarroako udalerrietan arte eta kultur jarduerak sustatzeko laguntzak arautzea da. Jarduera horiek 1.2 puntuan deskribatutako arloetakoak izan beharko dira, eta 2017ko azaroaren 8tik 2018ko azaroaren 7a bitartean eginen dira, biak barne.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, arte eta kultur jarduerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuak egin ohi dituen jarduerekin lotutako ikuskizun eta erakusketak dira, sektore hauetakoak: musika, lirika, literatura, antzerkia, dantza, arte plastikoak, zinema eta ikus-entzunezkoak, eta jarduerak gauzatzeko eta hedatzeko gastuak.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. 40.000 biztanle arteko populazioa duten udalerriak izatea.

2.3. Udalerriek zein erakunde edo entitaterekin kudeatzen dituzten zuzenean beren kultur jarduerak, haiexek ere onuradunak izaten ahalko dira, bai eta entitateek osatutako fundazioak ere.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta banaketa.

3.1. Laguntza hauek (517.000,00 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. IV. eranskinarekin bat, diru-laguntzaren gutxieneko zenbateko bat ezartzen da, udalerriko biztanle kopuruaren araberakoa (2017ko urtarrilaren 1ean Nafarroako udalerriek zuten populazioaren datu ofizialak, Nafarroako Estatistika Institutuak emandakoak). Deialdian baimendutako zenbatekoa populazioaren arabera herriei dagozkien zenbatekoen batura baino txikiagoa izanez gero, zenbatekoa proportzioan gutxituko da.

3.3. Behin eskaerak azterturik eta aurreko atalaren arabera laguntzak kalkulaturik, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu ez bada, 7 puntu edo gehiago dituzten udalerrien artean banatuko da (deialdi honen oinarri arautzaileetako 7. atalean ezarritako irizpideen arabera). Irizpide hau aplikatuz eginen da banaketa: 7 puntu edo gehiago lortu dituzten udalerri eta entitateen puntuazio guztiak batuko dira eta gerakina zati puntuazio hori eginen da, puntu bakoitzaren balioa kalkulatzeko. Puntua bider lortutako puntuazioa eginen da, eta horrela lortuko da herri bakoitzari dagokion diru-kopurua.

3.4. Laguntzak onartutako aurrekontuaren %40koak izanen dira gehienez ere.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskabideak aurkeztuko dira oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.5. Diru-laguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueren ezaugarriak biltzen dituztenak dira, eta, ondorio horietarako, hauek jaso dezakete laguntza:

a) Talde profesionalen nahiz amateurren ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak, BEZa barne.

b) Erakusketak programatu eta kontratatzeak eragindako gastuak, BEZa barne.

c) Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak, BEZa barne.

d) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak, BEZa barne.

e) Programatutako jardueren zabalkunde gastuak, BEZa barne.

5.2. Diru-laguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Garraio, otordu, dieta eta ostatu gastuak.

b) Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, sariak eta lehiaketetako epaimahaikideei egindako ordainketak.

c) Toki entitateek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

d) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

e) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

f) Kultur jarduerak egiteko antzezte-guneak edo lokalak alokatzea.

g) Udalak diruz laguntzen dituen beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak.

h) Nafarroako Gobernuak antolatutako arte programek sortutako gastuak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Dori López Jurío andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da.

Ordezkoa: Asunción Maestro Pegenaute andrea.

–Roberto Rebolé Armendáriz jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikaria. Batzordekidea izanen da.

Ordezkoa: Patrick Ullate García jauna.

–Mikel Ozkoidi Pérez jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Kultura Herrikoiaren Bulegoko burua. Batzordekidea izanen da.

Ordezkoa: Urko Ocaña Gómez jauna.

–Carmen Oroz Iribarren andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela.

Ordezkoa: María José Redín Armañanzas andrea.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio-batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (10 puntu).

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Jardueren programazioa (6 puntu gehienez).

a.1) Jarduera kopurua, arloz arlo (musika, lirika, literatura, antzerkia, dantza, zinema, ikus-entzunezkoak eta erakusketak) (gehienez ere 2 puntu).

Arlo 1 eta 3 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: puntu bat.

4 arlo eta 7 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: 2 puntu.

a.2) Jardueren kopurua: (3 puntu gehienez).

4 jardueratik 9 jarduerara bitarte: 0,5 puntu.

10 jardueratik 16 jarduerara bitarte: puntu bat.

17 jardueratik 24 jarduerara bitarte: 2 puntu.

24 jarduera baino gehiago: 3 puntu.

a.3) Euskaraz programatutako jarduerak (puntu bat gehienez).

4 jardueratik 9 jarduerara bitarte: 0,25 puntu.

10 jardueratik 16 jarduerara bitarte: 0,50 puntu.

17 jardueratik 24 jarduerara bitarte: 0,75 puntu.

24 jarduera baino gehiago: puntu bat.

b) Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (2 puntu gehienez). Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Artea eta Kultura 2018ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua.

0 eurotik 2,00 eurora: 0,25 puntu.

2,01 eurotik 4 eurora: 0,50 puntu.

4,01 eurotik 6 eurora: 0,75 puntu.

6,01 eurotik 8 eurora: 1,00 puntu.

8,01 eurotik 10 eurora: 1,25 puntu.

10,01 eurotik 12,00 eurora: 1,50 puntu.

12,01 eurotik 14,00 eurora: 1,75 puntu.

14 eurotik gora: 2,00 puntu.

c) Udalerrian kultur kudeaketako teknikari bat egotea, funtzionarioa nahiz kontratuduna, edo kulturako zerbitzuak kontratatzea enpresa baten bidez. (2 puntu gehienez).

–Puntu 1, A edo B mailarekin parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna, edo enpresa pribatu baten zerbitzuak kontratatzea.

–0,5 puntu, C mailara parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna.

–Puntu 1, lanaldi osokoa.

–0,5 puntu, lanaldi partzialekoa.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskaera ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek interes soziala izatea Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek (salbu merkataritza-sozietateen eta fundazio pribatuen bidez zuzenean kudeatutakoak) interes soziala dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Diru-laguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatuko da programan, kartelean, iragarkietan edo edozein eratako publizitatean. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin ondoren ordainduko dira emandako laguntzak, ordainaldi bakar batean, baldin eta hurrengo dokumentazioa aurkezten bada 2018ko azaroaren 15a bitarte, egun hori barne:

a) Laguntza jaso duen programaren datu orri bat, V. eranskin gisa atxikirik dagoen ereduaren araberakoa (datuak SICNAn sartu behar dituzten udalek ez dute aurkeztu beharko).

b) Gastuak justifikatzeko taula (VI. eranskina), eremu guztiak beteta.

–Jarduera.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Lana.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren data.

–Faktura zenbakia (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Fakturaren data.

–Zenbatekoa (BEZa barne).

VI. eranskina Excel formatuan ere igorri beharko da, posta elektronikoaz, helbide honetara: cooperación.inovación@navarra.es.

c) Idazkariaren ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskina) edo, horri ez badagokio, entitateko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du entitateak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

d) Proiektuaren bukaerako memoria.

e) Mezenasgoaren eta babesletzaren modalitate ezberdinen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

11.2. Diru-laguntza jaso duen aurrekontuko guztirako gastua justifikatu beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Diru-laguntza jaso duen aurrekontu guztiaren gastua justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

12. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Toki entitateek Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu/programa bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren diru-laguntza batzuk hartzen dituenean, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean diruz lagundutako programa gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo zati batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Programatu beharreko jardueren taula (Excela).

III. ERANSKINA

Ziurtagiri eredua (PDFa).

IV. ERANSKINA

a) 1.000 biztanletik beherako udalerriak: 2.000 euro (kultur jardueretarako gastua 5.000 eurokoa bada).

b) 1.000 eta 1.999 biztanle arteko udalerriak: 2.300 euro (kultur jardueretarako gastua 5.750 eurokoa bada).

c) 2.000 eta 2.999 biztanle arteko udalerriak: 2.500 euro (kultur jardueretarako gastua 6.250 eurokoa bada).

d) 3.000 eta 3.999 biztanle arteko udalerriak: 2.900 euro (kultur jardueretarako gastua 7.250 eurokoa bada).

e) 4.000 eta 4.999 biztanle arteko udalerriak: 3.500 euro (kultur jardueretarako gastua 8.750 eurokoa bada).

f) 5.000 eta 7.999 biztanle arteko udalerriak: 4.300 euro (kultur jardueretarako gastua 10.750 eurokoa bada).

g) 8.000 eta 9.999 biztanle arteko udalerriak: 5.100 euro (kultur jardueretarako gastua 12.750 eurokoa bada).

h) 10.000 eta 14.999 biztanle arteko udalerriak: 6.000 euro (kultur jardueretarako gastua 15.000 eurokoa bada).

i) 15.000 eta 24.999 biztanle arteko udalerriak: 6.800 euro (kultur jardueretarako gastua 17.000 eurokoa bada).

j) 25.000 eta 40.000 biztanle arteko udalerriak: 11.700 euro (kultur jardueretarako gastua 29.250 eurokoa bada).

V. ERANSKINA

Artea eta Kultura 2018 Programan sartutako jarduerei buruzko datuak (PDFa).

VI. ERANSKINA

Gastuak justifikatzeko taula (Excela).

II. eta VI. eranskinak Excel fitxategi baten bidez beteko dira; fitxategi horiek esteka hauetatik eta Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzuen katalogotik deskargatzen ahal dira, deialdia han izanen baita; bestela, deialdiaren kudeatzaileek emanen dituzte.

Iragarkiaren kodea: F1801982