38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira deialdi baten oinarriak, Nafarroako toki entitateei 2018an diru-laguntzak emateko direnak artxibatze sistema propioa abiarazteko eta/edo finkatzeko.

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak 28. artikuluan ezartzen du, Nafarroako Artxibo Sistemaren parte izateagatik, toki entitateak behartuta daudela tratamendu egokia bermatuko duten arau eta prozedurak aplikatzera, beren jardunean sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak ekoitzi, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzeari dagokionez. Betebehar hori zuzenekoa da 15.000 biztanletik gorako udalerrientzat, hau da, foru legearen arabera beren udal artxiboaren zerbitzua eurak antolatzeko gauza direnentzat, eta horregatik ematen zaie antolaketa arloko berariazko eginkizun eta ezaugarri multzo bat (29. artikulua); aldiz, laguntza handiagoa emanen die artxibo arloan eskuduna den departamentuak biztanle gutxiagoko toki entitateei (30. artikulua).

Nafarroako Artxibo Sistemako kide diren aldetik, toki entitateek eskubidea dute, aurrekontuko posibilitateen arabera, eta hitzarmen eta laguntza publikoen bidez (11. artikulua), Foru Komunitateko Administraziotik jasotzeko honako hauetarako lankidetza: agiriak kontserbatzea eta zaharberritzea, artxiboko langileen prestakuntza, artxiboen instalazio materialen hobekuntza, dokumentazioa tratatzea fase guztietan, eta teknologia berriak ezartzeko informazioa eta aholkularitza.

Foru agindu honen helburua da epe luzeko prozesu bat abiaraztea, ahalbidetuko duena Nafarroako toki entitateek artxibatze sistema finkatu eta eraginkorrak izatea, bermatuko dutenak toki entitate bakoitzak duen agiri ondarearen ardura egokia, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat (haren bidez onetsi ziren 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak). Orobat, foru agindu honen helburua da artxibatzeko zerbitzu jardueraren ikusmolde zabala sustatzea, presentzia izanik tramitazio administratibotik beretik, arreta emanez administrazio, informazio edo kultura beharrei.

Horren guztiaren ondorioz, egoki da lankidetza ematea bitarteko ekonomikoz hornitzeko toki entitateek planteatutako ekimenak, horien behar bereziekin bat, helburu dutela artxibatze sistemak araudira egokitzea, artxibatze zerbitzu publiko egonkorrak finkatzeko, batez ere agiri funtsen antolakuntzari eta kudeaketari dagokienez, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

Foru agindu hau zuzen aplikatzearen eta garatzearen ondorioetarako, hau joko da “toki entitate baten artxibatze sistematzat”: erakunde esparru horretan gauzatzea agiriak tratatzeko politika baten definizioa eta aplikazioa, bere baitan hartuko dituena bulegoetatik hasi eta artxibatze historikoraino, ulerturik ezen agirien tratamenduari buruzko politika hori, entitate bakoitzak aplikatuko duena, oinarrituko dela, oro har, 50/2016 Foru Aginduan agertzen diren jarraibideetan. Honako honi esaten zaio “toki entitate baten artxibatze sistemarako proiektua”: zehaztutako politikaren arabera, toki entitateak aurreikusitako faseen segida zehaztea, oraingo artxiboa egokitzeko 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideetara. Azkenik, “artxibatze programa” honako honi esaten zaio: diru-laguntza eskaeraren xede den jarduketa zehatza, urtebetekoa edo gutxiagokoa, bat etorriko dena artxibatzeko sistema proiektuko elementu bat edo batzuk osorik edo partez betetzearekin.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Nafarroako Artxibo eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, artxibatze sistema propioa abiarazteko eta/edo finkatzeko. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 60.000 (hirurogei mila) euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorreko “Toki entitateen artxiboetarako diru-laguntzak” izeneko A21002 A2200 7609 332100 partida ekonomikoaren kargura.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A21002-A2200-7609-332100: Toki entitateen artxiboetarako diru-laguntzak

2018

60.000.00

3. Deialdia eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, artxibatze sistema propioa abiarazteko eta/edo finkatzeko

1. Xedea.

1.1.–Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko arauak ezartzea, artxibo sistemetan inbertsioak egiteko, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduarekin bat (haren bidez onetsi ziren 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak). Helburu orokorrarekin bat, deialdia bi alderditan gauzatzen da:

–Artxibatze sistema propioa edukitzeko proiektuak egitea.

–Toki entitate baten artxibatze sistema baterako proiektu batean txertaturik dauden programak gauzatzea, lagunduko dutenak artxibatze sistema propioa ezartzen eta/edo finkatzen.

1.2.–Honako hauek jaso dezakete diru-laguntza:

1.2.1. Proiektu bat prestatzea toki entitateak artxibatze sistema propioa izateko, non zehaztuko baita agiriak tratatzeko politika berariazko bat eta hura ezartzeko aurreikusitako fase segida bat, egungo egoeraren diagnostikoarekin bat, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

1.2.2. Programa zehatzak gauzatzea, honako alderdi hauek jasoko dituztenak, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak:

a) Agiri funtsak antolatzea edo berrantolatzea, baita eguneratze lanak egitea ere, jadanik baden agirien antolaketa bati jarraipena emateko.

b) Deskribapen tresnak (inbentarioak edo katalogoak) sortzea, eguneratzea edo hobetzea, funtsak deskribatzearen bidez, deskribapen tresna informatizatuak lortzeko.

c) Deskribapen tresnak (inbentarioak eta katalogoak) eta sailkapen koadroa egokitzea 50/2016 Foru Aginduko jarraibideen formatuetara eta kodetzera.

d) Agiriak ebaluatzeko azterlanak, ulerturik funtsak kontserbatzeko edo ezabatzeko politika orokor baten barnean daudela, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduarekin bat (haren bidez onetsi ziren 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak).

e) Balio historikoko agiriak edo bolumenak zaharberritzea eta prebentziozko kontserbaziorako ekintzak.

f) Zabalkunde kulturaleko jarduerak, artxiboko agiriei buruz.

g) Artxibo zerbitzuak mantentzea, barnean direla zenbait toki entitaterekin partekatuak edo erkidetuak.

h) Artxibatzeko agiriak digitalizatzea, soil-soilik jatorrizko agiria babesteko, inoiz ez haiek ordezteko, betiere agiri funtsa aldez aurretik euskarri informatikoan antolatua eta deskribatua badago. Oro har, digitalizazioaren xedeko agiriak 40 urtetik gorakoak izanen dira, baina antzinatasun txikiagoko agiriak digitalizatzeko programa zehatzek ere har ditzakete diru-laguntzak, baldin ebaluatu badira eta kontserbazio iraunkorreko segiden zati badira. Kontserbazio iraunkorreko artxibo digital baten sorrera jasoko dute programek, egoki diren segurtasuneko kopia digitalekin, eta Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren web-orrian argitaratutako agindu teknikoak beteko dituzte.

1.3.–Eskaerak ez dira deialdi honen barnean sartuko baldin haien xedeko artxibatze sistemarako proiektuek ez badituzte erreferentziatzat hartzen 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

Oro har, proiektuak kanpoan geldituko dira baldin sarturik ez badaude toki entitatearen artxibatze sistema proiektu batean, edo hartan sartzeko konpromisorik ez badute, halako moduz non bermatuko den mantenduko direla agiri funtsak antolatzeko, kontrolatzeko eta kontserbatzeko gutxieneko baldintzak, baita horiek ikustekoak ere, orain eta etorkizunean, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1.–Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, halakotzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak.

2.2.–Nafarroako Foru Komunitateko udalez gaindiko entitateen kasuan, onuradunak izan daitezke baldin laguntza eskatzen badute udalez gaindiko proiektuak edo programak egiteko, edo erkidetuak.

2.3.–Entitate eskatzaile guztiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2.4.–Oraindik artxibatzeko sistema proiekturik izan gabe programa baten onuradun diren toki entitateek frogatu beharko dute proiektua zehazteko konpromisoa, baita diru-laguntzaren xede den programa operatiboa izatekoa ere.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1.–Diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako proiektu edo programaren gastuen %40 finantzatzeko behar dena izanen da (BEZa barne). Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 5.000 eurokoa izanen da. Eskaeraren xedea baldin bada arriskuan den agiri-ondarean aplikatu beharreko proiektu bat, diru-laguntzaren zenbatekoa handitzen ahalko da, %60 arte, betiere behar bezala justifikatzen bada eta ezarritako gehieneko laguntza gainditzen ez bada (5.000 euro).

3.2.–Toki entitate onuradunen batek laguntzari uko egiten badio edo, edozein arrazoirengatik, hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, kopuru hori diru-laguntzarik lortu ez duten toki entitateei ematen ahalko zaie, deialdi honen 7. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aurrekontu guztia banatu arte, betiere 3.1 oinarrian onuradun bakoitzeko ezarritako diru-muga gainditu gabe. Kasu horretan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak aukera horren berri emanen die interesdunei, diru-laguntzaren proposamena eskura dezaten hamar egun balioduneko gehieneko epean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Vianako Printzea-Kulturako zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du eta jakinarazi eginen da.

4. Aurrekontuko zuzkidura.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren 2018ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Toki entitateen artxiboetarako diru-laguntzak” izeneko A21002 A2200 7609 332100 partidaren kargura finantzatuko dira deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak (gehienez ere 60.000 euro).

5. Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

5.1.–Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2.–Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Laguntza hauekin loturik, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (DEH) bat izatea.

5.3.–Laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa izanen da eskaera, eta, harekin batera, deialdi honetan parte hartzen duten toki entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Aurkezten den proiektuaren edo programaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu zehaztuak (BEZa barne) eta justifikazioa jasotzen dituen memoria.

b) Artxibatzeko lokalak deskribatzea, eta agiri funtsak identifikatzea, baita toki entitatearen artxiboan kontserbatzen diren deskribapen tresnak ere.

c) Eskaeraren xede diren artxibo lanak zer lantalderi edo enpresari esleitu behar zaizkion, bertako langileek horiek gauzatzeko prestakuntza teknikoa edo profesionala dutela frogatzea.

d) Beste edozein informazio osagarri, baita argazkiak ere, baldin eskatzailearen ustez eskaera justifikatzeko balio badu.

e) Diru-laguntzaren xede den proiektua edo programa, behin zehazturik edo gauzaturik, funtzionamenduan izateko konpromisoa frogatzea.

f) Entitate eskatzailearen adostasuna, eskaera aurkezteak bere baitan duena, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan Ogasunean eta Gizarte Segurantzan, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateaz, baita behar den beste edozein ere.

g) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den, horren bitartez ziurtatzeko aurreikusitako diru-laguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

5.4.–Diru-laguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1.–Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, gastu diruz lagungarritzat joko dira diru-laguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak eta 2018an egiten direnak, diru-laguntza ematen denetik azaroaren 30 arte, hori baita 10. oinarrian ezarritako amaiera data. Gastu diruz lagungarri horien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.2.–Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Artxiboko funtsei buruzko ikerketa historikoa.

b) Agirien transkripzioa.

c) Artxiborako lokalak egokitzeko edo hobetzeko obrak edo azpiegitura (apalategiak) eskuratzea.

d) Irudiak hartzeko edo agiriak erreproduzitzeko ekipamendu informatikoa, aplikazio informatikoa edo ekipoak eskuratzea.

e) Kutxak, karpetatxoak, etiketa itsasgarriak, usb memoriak/disko gogorrak, argazkietarako gutun-azalak eta abar, bai eta antzeko beste material batzuk ere.

7. Laguntzak emateko prozedura eta adjudikazio irizpideak.

7.1.–Diru-laguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, oinarri honetan azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz, 3. oinarrian ezarritako mugekin.

7.2.–Puntuazio handienetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

7.2.1. Proposamenaren kalitatea. Irizpide honengatik balorazio osoaren 40 puntu emanen dira gehienez, eta balorazio elementu hauek hartuko dira kontuan:

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.1 ataleko zehaztapenak dituen artxibatze sistema proiektu bat prestatzeko proposamenetarako (diagnostikoa, politika eta ezarpen faseen aurreikuspena), 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera.

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.2 atalean jasotako programa zehatzen proposamenetarako, 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

  • Proposamenaren egokitasun maila 50/2016 Foru Aginduarekiko (20 puntu gehienez ere).
  • Abiapuntuko egoeraren azalpen argi eta zabala, hasierako balorazioa eta egin beharreko lanak barne (5 puntu gehienez ere).
  • Jarraikortasuna. Irizpide hau aplikatuko da programen proposamenetan, 2017ko diru-laguntza deialdiaren jarraipena diren kontuan hartuta (martxoaren 21eko 5E/2017 Foru Agindua) (15 puntu).

7.2.2. Populazioa, 15.000 biztanleen mugaren arabera. Irizpide honi puntuazio osoaren 30 puntu dagozkio. Populazio tasa txikieneko toki entitateek aurkeztutako proiektu edo programei emanen zaie puntuazio handiena, balio hauen arabera:

500 biztanle edo gutxiago

30 puntu

501 biztanletik 1.000ra bitarte

20 puntu

1.001 eta 2.000 biztanle bitarte

15 puntu

5.001 eta 5.000 biztanle bitarte

10 puntu

5.001 eta 14.999 biztanle bitarte

5 puntu

7.2.3. Toki entitateen arteko elkarlana. Irizpide honi puntuazio osoaren 20 puntu dagozkio. Puntuazio handiagoa emanen da baldin proiektu edo programa batek berarekin badakar toki entitate zenbaiten artxibatze zerbitzuen elkarlana. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

–Toki entitate baten kontzejuetarako proiektu edo programen proposamenetarako, 5 puntu bitarte.

–Toki entitate desberdinen bi artxibo zerbitzuk parte hartzen duten proiektu edo programen proposamenetarako, 10 puntu bitarte.

–Toki entitateen hiru artxibo zerbitzu edo gehiago barne hartzen dituzten mankomunitateen edo udalez gaindiko entitateen proiektu edo programen proposamenetarako, 20 puntu bitarte.

7.2.4.–Arriskuaren kalifikazioa. Irizpide honi puntuazio osoaren 10 puntu dagozkio. Arrisku handieneko kontserbazio-egoeran dagoen agiri ondarean aplikatu beharreko programei puntuazio handiagoa emanen zaie, eta, nolanahi ere, 5.3 oinarrian jasotako memorian proposatzen diren soluzioak 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen araberakoak izanen dira. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

Arrisku handia

10 puntu

Arrisku ertaina

5 puntu

Arriskurik gabe

0 puntu

8. Deialdia ebaztea.

8.1.–Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2.–Zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

8.3.–Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.4.–Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Halaber, horren berri emanen zaio eskatzaile bakoitzari, hark emandako gaitutako helbide elektronikoaren (DEH) bidez.

Kulturako, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39, Iruña).

8.5.–Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, noiznahi ere isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz. Horrek ez du alde batera uzten, kasua bada, Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradun diren toki entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1.–Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari idatziz komunikatzea diru-laguntza onartu dela. Hala, baldin diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamabost eguneko epean onuraduna den toki entitateak ez badu berariaz hura onartzen, ulertuko da ezetsi egin dela.

9.2.–Diru-laguntzaren xede diren programa eta/edo proiektuak egiteko bakarrik erabiltzea laguntza.

Ondorio horietarako, entitate onuradunak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari komunikatu beharko dio programetan eta/edo proiektuetan gertatzen den gorabehera oro, gertatzen den unean berean, baldin horiek aldaketa ekartzen badute. Diru-laguntza jasotzen duten jardueretan edo haien kostuan edozein aldaketa egiteko, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez baditu funtsean aldatzen diru-laguntzen xede diren jarduerak.

9.3.–Jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako programetan, proiektuetan, agirietan edo iragarkietan.

9.4.–Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.5.–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

9.6.–Organo emaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere.

9.7.–Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztea, erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, ordaindutakoa itzuli beharko du.

9.8.–Onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

10. Ordainketa egiteko modua eta epea.

Laguntzak ordainketa bakarrean emanen dira, eta, aldez aurretik honako agiri hauek bidali behar dira telematikoki 2018ko azaroaren 30a baino lehen:

a) Diru-laguntza jaso duen programa eta/edo proiektu bakoitzaren xedea betetzearen justifikazio-memoria.

b) Diru-laguntza jaso duen programa bakoitza gauzatzean sortu diren material zientifikoak eta teknikoak (datu baseen kopiak, zaharberritze txostenak, digitalizazio txostenak, eta abar). Haien formatuak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren menpeko informazio sistemetan txertatzeko modukoak izanen dira, eta, horretarako, harekin harremana izanen da.

c) Egindako gastuaren fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

d) Faktura horiek ordaindu izanaren agiriak.

11. Diruz lagundutako programen jarraipena.

Diru-laguntza jaso duten programen gauzatzea ikuskatzen ahalko du Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak, bai zuzenean bai berari atxikitako teknikarien bidez, eta, ondorio horietarako, lanak egiten diren tokietara sartu ahal izanen dira, eta komenigarritzat jotzen duen informazio guztia eskatzen ahalko du.

12. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek interes soziala izatea Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

12.1.–Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerak (salbu merkataritza-sozietateen eta fundazio pribatuen bidez zuzenean kudeatutakoak) interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

12.2.–Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

13. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Aplikatzekoa izanen da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikulua.

14. Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean onartutako programa gauzatu dela, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, aipatutako 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1.-Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

15.2.–Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

17. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F1801833