38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1E/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 6koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2018” izeneko deialdia onesten duena.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2018” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 30.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko, bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna duela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2018” izeneko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4816-334100: Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat

2018

30.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko otsailaren 6an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRIAK

Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2018

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak hauxe du helburu: diru-laguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko entitateei liburuak eta aldizkariak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan, edo argitalpen diskografikoak, betiere edukiak artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak badira. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, eta 2018ko urtarrilaren 2tik azaroaren 23ra bitarte argitaratuak, bi data horiek barne.

1.2. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan argitaratutako obrak onartuko dira.

1.3. Deialdi honen ondorioetarako, ez da argitalpen artistiko, kultural edo zientifikotzat hartuko:

–Kultur edo eskola buletinak, ikuskizun gidak, urtekariak, auzo aldizkariak, katalogoak eta antzekoak.

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.

–Urteko ale guztiak hartuta, espazioaren %30etik gora, batez beste, publizitateari uzten diotenak.

–Beste argitalpen baten gehigarri edo ale berezi gisa edo harekin batera eskaintzen diren argitalpenak.

–Maiztasun egonkorra ez duten aldizkako argitalpenak.

–Web-orriak.

–Egileen eta haien lanen zabalkunderako erabiltzen diren argitalpenak, balorazio batzordearen iritziz.

–Erakusketetako katalogoak.

–Batzordearen iritziz, kultur objektu bat sortzeko erabiltzen diren material edo bitarteko teknikoei buruzkoak direnak nagusiki, edo gaitzat dituztenak, gehienbat, kultur jardueraren sektore bakoitzeko profesionalen gaiak.

–Berrinprimatzeak, berrargitaratzeak eta argitaratutako obren itzulpenak.

1.4. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2. Entitate onuradunek bete beharrekoak.

2.1. Laguntza hauen entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Haren estatutuetan agertuko da helburu kulturala duela.

b) Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak.

–Fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada.

–Sindikatuak eta entitate korporatibo profesionalak.

–Nafarroako Gobernuaren 2018ko aurrekontuetan deialdi honen xede diren proiektuak egiteko partida izenduna duten entitateak.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta banaketa.

3.1. Laguntza hauek (30.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3 Entitate bakoitzeko laguntza ez da 4.000 eurotik gorakoa izanen.

3.4 Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, hori banatu daiteke proportzionalki 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuen artean, oinarri hauetan ezarritako laguntzaren portzentajea eta gehieneko zenbatekoa errespetatuz betiere.

4. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da. Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskabidea eskabide ereduaren (I. eranskina) arabera aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

a) II. eranskina, obraren datu eta kostuekin, BEZa banakatuta.

b) Oroitidazki bat (gehienez hiru orrialdekoa), ondoko hauekin:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Egilearen CV laburra.

c) Argitalpenaren aurkibidea eta argitalpen osoa edo, gutxienez, kapitulu bat, edo diskoaren maketa, argitalpenari dagokionez ahalik eta aurreratuena eskabidea aurkezten den unean.

d) Entitatearen estatutuak.

e) Legez 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

f) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko d), e) eta f) ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.6 Proiektua 2018ko urtarrilaren 2tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte editatua bada, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

4.7. Diru-laguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta 2017ko irailaren 1etik 2018ko azaroaren 23a bitarte eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Argitalpena garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Itzulpena, idazketa, zuzenketa edo dokumentazioa, entitate eskatzaileak eginak ez direnak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.

–Grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada, entitate eskatzaileak eginak ez badira. Proiektua gauzatzeko ezinbesteko gastuak, hala nola estudioa alokatzea, grabazio eta argitalpen lanak, musikariak kontratatzea, argazkia, libretoaren diseinua, azala eta gaileta, masteringa, CDaren inprimaketa, etab.

–Edizio diskografikorako grabazioa egiteko kontratatzen diren musikarien ostatu eta bidaia gastuak (entitate onuradunetik kanpokoak), gehieneko kopuru hauekin:

  • Ostatua: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak.
  • Bidaiak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak.
  • Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.
  • Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua artistaren helbidea izanen da.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Igorketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak, baita langileria gastuak ere.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal duena.

–Entitate onuradunaren kideen ostatu, bidaia gastuak eta dietak, bai eta kontratatutako musikarien dietak ere, baldin badaude.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:

–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kultura Kontseiluko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua eta Argitalpen Bulegoko burua.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin baina botorik gabe.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea.–Ebaluazio Batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jaso eta aztertuko dituzte, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea.–Ebaluazio Batzordea puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, Ebaluazio Batzordeak zehaztuko du 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Aurreko lerroaldean aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa.

Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, Ebaluazio Batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (30).

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sormena, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (25).

–Egileen ibilbidea (10).

–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (5).

b) Kultur aldetiko interesa. Gehienez 10 puntu.

–Proiektua bat etortzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Argitalpen Planaren helburuekin: berdintasuna, aniztasuna eta parte-hartzea; euskararen presentzia; garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarrien edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), gaurkoagoak diren beste eremu batzuekin (soziologia, antropologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak edo arte garaikidea).

c) Nafarroarekiko lotura. Gehienez ere 10 puntu.

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.

d) Entitate eskatzailearen ibilbidea. Gehienez 10 puntu.

–Entitateak jardueran emandako urte osoak (5 puntu).

  • 10 urte baino gehiago: 5 puntu.
  • 7tik 9 urte bitarte: 3 puntu.
  • 4tik 6 urte bitarte: 2 puntu.
  • Urte 1etik 3 urte bitarte: puntu bat.

–Entitatearen lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (5 puntu bitarte).

7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.

Ez dute inolako laguntzarik jasoko 50 puntu lortzen ez dutenek.

7.3. “Argitalpenaren kalitate artistikoa eta interesa” 7.1.a) atalean gutxienez 35 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Diru-laguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Diru-laguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Horretaz gainera, entitate eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

8.3. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du, jakinarazpena jaso eta 15 egun naturaleko epean, zenbatekoarekin ados dagoela. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkezpenean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

8.4. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: ipvpubli@navarra.es.

9. Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Entitate onuradunek, diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean eta erregistro telematikoaren bidez, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez eta oinarri hauen III. eranskinean kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko dute.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den argitalpen proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.3. Laguntzen diren proiektuak 2018ko urtarrilaren 2tik azaroaren 23a bitarte argitaratu beharko dira, bi data horiek barne.

10.4. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.5. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.6. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: «Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura, Deporte y Juventud.», logotipo ofizialaren kopiaren ondoan. Logotipo ofiziala esaldi horrekin lotuta agertu beharko da beti.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/ eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Diruz lagundutako proiektuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitaletxeen eskuetan dauden aleetan.

10.7. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, diru-laguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.11. Diru-laguntzaren entitate onuradunek argitaratutako obraren bi ale aurkeztu beharko dituzte.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, diru-laguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Justifikatzeko epeak eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2018ko azaroaren 23a baino lehen, egun hori barne:

a) Egindako argitalpenaren bi ale.

b) 11.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa.

Konturako ordainketaren bat egin bada, onuradunek abenduaren 28a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute.

13. Dirua itzultzea.

Entitate onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publikoenak izan eta beste entitate pribatu edo publiko batzuenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Dena dela, bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

14.2. Beste entitate batzuek emandako diru-laguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

14.3. Lehiaketa bidezko diru-laguntza hauek bateragarriak dira merkatu bateratuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.f) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

16. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Obraren datuak eta kostua (Excela).

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Excel artxibo baten bidez beteko da II. eranskina; hura Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzuen katalogotik deskargatzen ahal da, deialdia han izanen baita; bestela, deialdiaren kudeatzaileek emanen dute.

Iragarkiaren kodea: F1801835