38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartua, zeinaren bidez Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen baita, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako, Doneztebe-Irurtzun Ibilbide Ziklistaren Proiektua, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatua.

I.–Xedea

Proiektu honen xedea da Doneztebe eta Irurtzun arteko ibilbide ziklista bat egokitzea, Plazaolako eta Bidasoko bide berdeak lotzeko eta Eurovelo sarearen tarte bat osatzeko Nafarroan, zehazki Endarlatsatik Iruñera arteko tartea, aipatutako sareko EV1 Ibilbidekoa.

Ziklisten Europako Federazioak zuzentzen du Eurovelo sarea, eta haren helburua da ziklistentzako ibilbideen sare bat eratzea, Europako kontinentea osorik lotzeko, bai distantzia luzeko turistentzat bai tokiko herritarrentzat, eguneroko ibilbideak egin ditzaten.

Bestalde, mugaz gaindiko proiektu baten barnean dago proiektua; proiektu hori Interreg VA Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programako proiektuen 1. deialdian programatu zen. Haren helburua da Iruñea, Donostia eta Baiona lotzea, bizikletetarako 240 kilometroko trazadura baten bidez, eta bizikletaren erabilera bultzatzea, bai turismorako eta aisialdirako bai eguneroko joan-etorrietarako.

Nafarroan, Ederbidea proiektuak bi tarte hartuko ditu: Bidasoko eta Plazaolako bide berdeen elkarketa, Udalez gaindiko Plan Sektorial honen xedea baita, eta Plazaolako trenbide zaharraren eta Iruñearen arteko lotura.

II.–Proposamenaren deskripzioa

Orain aurkeztutako agirian, aztertzen dira Bidasoko eta Plazaolako bide berdeak elkartzeko lau korridore posible:

–1. alternatiba: Doneztebetik Leitzara Ezkurra ibaiaren ibarretik barna, NA170 errepidea doan ibarretik barna.

–2. alternatiba: Doneztebetik Irurtzuna, Donamaria, Saldias eta Jauntsarats herrietan barna, batez ere N4040 eta N4114 errepideen trazaduratik joanda, eta Belate Gorostietako mendatetik igarota.

–3. alternatiba: Doneztebetik Iruñera, Belateko mendatetik igarota (NA1210), Lantz, Olague eta Olabe herrietatik igaroz.

–4. alternatiba: Doneztebetik Iruñera, Artesiagako mendatetik igarota (NA1740), N138 errepidearekin bat egin arte, eta gero Zubiritik eta Larrasoañatik barna joanda.

UPSak 2. alternatibaren alde egin du, izan ere ibilgailu motordunen trafikoak eta maldek ahalbidetzen dute Eurovelo sareko baldintzak betetzea. Adierazten da aukeratutako korridorea dela lotura egiteko aukerarik motzena eta trafiko gutxien duena, eta, gainera, balioa ematen diela bideko herriei, biztanlerik gabe gelditzen ari diren herriak baitira.

Azaltzen da ezen trazadura zehazteko irizpide teknikoetan lehenetsi direla Eurovelo ibilbideak diseinatzeko baldintzekin lotutako faktoreak, exekutatzeko erraztasunak, ingurumeneko inpakturik txikiena izatea, mantentze-lanetarako erraztasunak, eta kostu ekonomiko txikiena, bai exekuzioarena bai mantentze-lanena; hori dena, ahalik gehien txertatuz partaidetza prozesuan jasotako ekarpenak.

UPSean zehaztutako trazadurak 52 kilometro linealeko luzera du guztira. Ibilbidean, honako udal-mugarte hauek gurutzatzen dira: Doneztebe (han bat eginen du Bidasoko bide berdearekin), Donamaria, Oiz, Urroz, Beintza-Labaien, Saldias, Basaburua, Imotz (han bat egiten du Plazaolako bide berdearekin), Arakil eta Irurtzun.

Batez beste eguneko 1.000 ibilgailu motordun baino gutxiagoko trafikoa duten errepideetan barna doa bidearen zati handi batean, trazaduraren luzeraren %77n, eta gainerako zatian tokiko pistetan edo bideetan barna –hormigoizko edo zagor-legarrezko pistak dira–, gutxi gorabehera trazaduraren %23an.

Errepideetan barna doazen tarteak hauek dira:

–1. tartea: Gaztelutik Oitza, NA4041 errepidetik, eta Oiztik Saldiasa, NA4040 errepidetik.

–2. tartea: Saldiastik, NA4114 errepidetik, Orokietaraino.

–3. tartea: Orokietatik, NA4113 errepidetik, Gartzaronaino, eta Ihabendik, NA4140 eta NA4130 errepidetik Latasaraino.

–4. tartea: 200 m Latasan barna, NA1300 errepidean barna, 48. kilometro puntutik. NA1300 errepidean barna joanez, kilometro batez, 50+600 kilometro puntutik 51+600 kilometro punturaino.

Trazaduraren zatirik handienean titulartasun publikoko lurretan barna doa. Titulartasun publikokoak ez diren lurretan sartzeko, desjabetzearen sistema erabiliko du; trazaduraren %6an gertatzen da hori.

III.–Lurralde eta hirigintza arloko oharrak

Lehenik, nabarmendu behar da ezen, UPS honen helburua izanik ere Plazaolako eta Bidasoko bide berdeak lotzea, horien ezaugarriak desberdinak direla, eta, horrenbestez, horien erabilera eta eginkizuna ere desberdinak izanen direla. Hortaz, sarea ehunduta ere, bi bideetako erabiltzaile potentzialak ez dira berberak izanen. Gogoeta hori argi adierazi beharko litzateke UPSean.

Bide berdeek, bereziki Plazaolakoak eta Bidasokoak, ezaugarri dute oinezkoentzat eta bizikletentzat izatea, malda leunak izatea eta ibilgailu motordunik ez izatea (salbu puntualki, alboetako lurzatietara sartzeko). Turismorako, jostetarako eta tokiko joan-etorriak egiteko erabiltzen dira; eta erabiltzaile gehienak ziklista ez espezializatuak eta familiak dira.

UPS honetan bi bide berdeak lotzeko proposatutako trazadurak ezaugarri hauek ditu: errepidean barna doa batez ere, luzetarako %6tik gorako aldapak ditu trazaduraren %12an baino gehiagoan, eta %22ra artekoa zati batzuetan. Batez ere turismorako eta jostetarako izanen da; nolanahi ere, dituen ezaugarriak direla eta, ziklista kirolariek edo ziklista eskarmentudunek ere erabil dezakete.

A.–Alternatibak.

Aukeratutako alternatiba bat dator Bizikletaren Plan Zuzentzailean (2006an egin zen agiria, baina ez zen onetsia izan) proposatutako lurralde-korridorearekin. Gero, Lurralde Antolamenduko Planetan (LAP 2 eta 3, 2011) jaso zen korridore hori, eta zenbait lanetan landu da, esaterako “Gure bideetan” lankidetza proiektuan; proiektu hori Nafarroako Erdialdea eta Cederna Garalur elkarteena zen. Paymacotas enpresak egin zuen 2013an. Nolanahi ere, agiri horietako bakar batean ere ez dugu aurkitu aukeratutako lurralde-korridorearen justifikaziorik, eta horregatik, Zerbitzu honek eskatu zuen UPS honen barnean egitea, bi bide berdeen elkarketaren trazadura zehazteko, behin alternatiba guztiak azterturik.

Aurkeztutako alternatiben azterketan, hasieran aurkeztu zena aukeratu da (2. alternatiba), trafiko txikiena izateagatik (batez besteko ibilgailu motordunen indizea) eta maldengatik, eta, hala, Eurovelo sarearen baldintzak betetzen ahal baitira. Nolanahi ere, aurkeztutako dokumentazioan ez dira baldintza horiek kuantifikatzen gainerako alternatibetan.

Kasu guztietan, pentsatu da trazadura errepidetik joanen dela; ez da kontuan hartu beste aukera bat, alegia, beste trazadura bat egitea, osoki bide edo bidexketan barna joanen dena, edo errepideetako tarteak murriztuko dituena.

Nahiz eta aukeratutako korridorea lotura egiteko aukerarik motzena izan, eta nahiz eta biztanlerik gabe gelditzen ari diren herrietan barna joan (herri horiei balioa emateko), dauden maldengatik eta trazaduraren zatirik handiena errepidean barna joateagatik, kirol-ziklismoa egiten dutenek edo ziklista espezializatuek erabiliko dute nagusiki, eta, beraz, Eurovelo bideek duten helburuetako bat, hots, tokietako herritarrek eguneroko joan-etorrietan erabiltzea, alde batera geldituko da, aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

Aurreko guztia kontuan izanik, lurralde-korridoreetarako alternatiben azterketa zabaldu egin behar da, eta, bereziki, justifikatu behar da zergatik aukeratu den errepidean barna doan trazadura bat, kontuan hartu gabe beste aukera bat, hots, lotzen diren bide berdeen antza handiagoa duen beste bat, erraztasunak emanen lituzkeena tokiko herritarrek eguneroko joan-etorrietan erabiltzeko (Eurovelo helburua), eta erabiltzaile gehiagorentzako sarea izanen litzatekeena; horrek ekarriko luke turismorako, jostetarako eta mugikortasunerako erabilera handitzea, eta bideko herriei balioa ematea.

B.–UPSaren esparrua.

UPSaren esparrua grafikoki zehaztu behar da, eta argi mugatu behar dira atsedenguneak eta trazaduraren okupazioa eta zortasun eremuak, lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

Bestalde, UPSean Latasatik Irurtzuna proposatutako trazadurak bat egiten du Plazaolaren bide berdearen UPSarekin. Jadanik UPS bat badenez Plazaolaren trazadura zaharra berreskuratzeko (Irurtzun Leitza tartea), 1991ko otsailaren 6an onetsia eta 1993an aldatua (1995eko urriaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen testu bategina), argitu behar da ea UPS honek indarrean dagoena aldatzen duen, eta, hala bada, nola aldatzen duen zehaztu behar da, eta justifikatu.

C.–Lurraldearen antolamendurako tresnetara egokitzea.

Nafarroako Lurralde Estrategia Foru Komunitateko lurraldearen plangintza estrategikoa egiteko tresna bat da. Nafarroako Lurralde Estrategikoko eta haren lurralde garapeneko ereduko determinazioak Lurralde Antolamenduko Planek (LAP) garatu dituzte.

LAP-2an eta LAP-3an jaso ziren Bizikletaren Plan Zuzentzaileak proposatutako bizikletetarako ibilaldiak. Horrenbestez, azaldu den bezala, Eurovelo sarerako jasotako korridoreak bat egiten du UPS honetarako proposatutakoarekin.

UPS-2aren eta UPS-3aren 54. artikuluek ezarri zituzten mugikortasun jasangarria sustatzeko irizpideak eta neurriak, besteak beste hiriarteko oinezko eta ziklistentzako bideak, lurraldeko irisgarritasuna ahalbidetuko dutenak. Bertako 34. artikuluak ezartzen du babestekoak direla bide historikoak, bide berdeak eta beste ibilbide batzuk, lurraldea egituratzeko, loturak egiteko eta mugikortasun jasangarriagoa lortzeko. Nahiz eta LAPetan ibilbide horien ezaugarriei buruzko irizpiderik ez izan, UPSaren helburuetako bat behar du izan, trazadura zehazteko, hiriarteko mugikortasuna ahalbidetzea. Lehen esan bezala, irizpide bat izan behar luke alternatibak aztertzerakoan.

Nolanahi ere, azkenik UPSeko trazadura planteatu bezala zehazten bada, errepideko hainbeste kilometro izanda, luzetarako malda handiekin eta ikusgarritasun gutxiko gune askorekin, hainbat neurri zehaztu beharko lirateke segurtasuna hobetzeko eta barne mugikortasunerako erabil daitezen erraztasunak emateko. Esaterako, plantea liteke zabaltzeak egitea, malda handieneko tarteetan errei bereiz bat egitea, ikusgarritasuna hobetzeko jarduketa zehatzak, atsedengune gehiago...

Bukatzeko, ikusten da ezen trazadurak LAPetan zehaztutako Babes Bereziko Eremu batzuk ukitzen dituela, besteak beste Biaizpeko paisaia berezia, Belateko BILarekiko jarraipen diren lurralde konektagarritasunerako eremuak eta zenbait ibai sistema. UPSa horiekin denekin bateragarria da, baina, nolanahi dela ere, horri buruz Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 2017ko azaroaren 30ean egindako txostenari jarraituko zaio (erabaki honen V. atalean aipatu da).

D.–Hirigintzako udal planeamenduari buruzko aipamenak.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 44.e) artikuluan eskatutako hirigintzako planeamenduari dagokionez, UPSak ez du zerrenda bat bakarrik egin behar, baizik eta aurkeztutako dokumentazioa osatu ere egin beharko luke, adieraziz ea kasuren batean ez den bateragarria planeamendurako araubidearekin, bai lurzoru urbanizaezinetan bai urbanoetan edo urbanizagarrietan.

Aipatzekoa da ezen, nahiz eta Beintza-Labaienek planeamendu onetsirik ez izan, orain idazten ari direla.

E.–Proposatutako arauketa.

Hasteko, adierazi behar da ezen, LAHFLTBaren 92.1 eta 2 artikuluen arabera, udal planeamenduak bakarrik ezar dezakeela zaintza kategoria. Behin UPS hau onetsirik, lurzoru urbanizaezina babestu beharreko kategoriakoa izatera igaroko litzateke, zeren haren araubidea bateraezina bailitzateke hura eraldatzearekin (LAHFLTBaren 92.1 artikulua). Azpikategoria eta, behar denean, azpiazpikategoria, bat etorriko da babesaren arrazoiarekin; hori ez dator bat LAPetako “Bide historikoak” Babes Bereziko Eremuarekin. Ezartzen den lurraldeko eta/edo udaleko planak ezartzen duen planeamenduaren gainetik jarriko da proposatzen den araudia, edo, bestela, izan daitekeen arauketa sektorialaren gainetik.

Araudiaren bukaerako idazketan argi geldituko dira honako afera hauek:

–LAHFLTBak arautzen du UPSaren aldaketen tramitazioa, eta lurzoru urbanizaezinean jarduketak egiteko baimena ez da inola ere UPSetako determinazioak aldatzeko prozedura. Hala, 4. artikuluaren 2. puntua kendu beharra dago. Aurrekoa gorabehera, aipatutako testu bateginaren 44.4 artikuluarekin bat, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen departamentuak baimena ematen ahalko du proiektu sektorial batean sartutako obren exekuzio materialak eskatzen dituen egokitzapenak egiteko, proiektu sektorialean berean ezarritako moduan.

–Trazaduraren definizioa, garbi adieraziz zabalera, bai tarte urbanoetan, urbanizagarrietan eta urbanizaezinetan. Halaber, zehaztu beharko da nola neurtzen den zabalera, baita, bidezkoa bada, haren zortasun eremuak ere.

–UPSaren esparruaren erabilera eta babes araudia, argi utziz batetik arauketa orokorra eta bestetik tarte urbano, urbanizagarri eta urbanizaezinetan partikularki aplikatzekoa dena; sortzen diren tarte berrietan aplikatzekoa; oraingo bideetan barna doazenak eta errepidetik doazenak, baita zortasun eremuetarakoak ere.

–Planteatzen diren eredu-sekzioek zer aplikazio duten.

Gainera, UPSa onetsi aurretik lizentzia lortu zuten eraikin eta instalazioen finkatzeari egiten zaion aipamena zuzendu egin behar da, jada, kasua bada, legezkoak baitira. UPSko 13. artikuluan adierazitakoa izanen da horietarako araubidea.

Oroitarazten da legez ezarritako eraikin eta finka guztietarako sarbidea bermatu behar dela.

Aipatzekoa da ordenantzetan gurutzaketak aztertzen direla, eta horietako batzuetan arriskua edo ikusgarritasun txarra aurkitu direla, eta egokiagoa da azterketa memorian bertan egitea. UPSaren beraren barnean, konponbideak eman beharko lirateke kasu horietako batzuetarako, bereziki esparrua handitzea behar denean edo salbuespeneko konponbideak behar direnean, geroko obren proiektuaren eskumenak gainditzen dituztenak.

Ibaien gurutzaketei dagokienez, txosten sektorialek eta/edo egoki diren baimenek esaten dutenari jarraikiko zaio.

IV.–Txosten sektorialak

–Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, UPSaren sustatzailea baita, 2017ko urriaren 19ko txostenaren bidez adierazi zuen proiektua interesgarria zela turismoaren aldetik eremu hori garatzeko eta osoki egokitzen dela Turismorako Plan Estrategikoaren zirriborroan (aurreikusten da aurten onetsiko dela).

–Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak, 2017ko irailaren 19ko txostenean, adierazi zuen ez duela agiriari buruzko oharrik, bere atalari dagokionez.

Babes Zibilerako Zerbitzuak, 2017ko abuztuaren 23ko txostenean, adierazi zuen ez zuela eragozpenik agiria hasiera batean onesteko; nolanahi ere, iruzkin hauek egin zituen: “Ederbidearen helburuetako bat segurtasuna izanik, babes zibilaren ikuspuntutik harrigarria da planteatutako bukaerako alternatiba errepideetan barna joatea zatiaren %80an, nahiz eta horiek batez beste egunean 1.000 ibilgailu baino gutxiagoko trafikoa izan. Adierazten du ez dela planteatu segurtasuna hobetzeko esku-hartzerik, ezta bizikletek eta ibilgailu motordunek erabilera partekatua eta bateragarria izateko esku-hartzerik ere, kontuan izanik kilometro asko direla errepidean barrena: errepideen %12an luzetarako aldapa %6tik gorakoa da, eta ikusgarritasun gutxiko gune asko daude. Eremu horietan zabaltzeko aukerak edo bestelako hobekuntza batzuk egiteko aukeren azterketa falta sumatzen da. Ordenantzen artikulu batzuk proposamen edo azalpen gisa daude idatzirik, ez arau gisa. Horregatik, ez da argi gelditzen nahitaezkoak diren, esaterako 8. artikuluan edo 6. artikuluan. Adierazten du beharbada akats grafiko txiki bat egonen dela “Atsedenguneak” izeneko memoriako 7.4.10 puntuan, eta zuzentzea komeniko litzatekeela, aldaketa hau eginez: “26+000 kilometro puntua (mendateko goiko aldea, Malerrekaren eta Ultzamaren artean)” jarri ordez jar dadila “26+000 kilometro puntua (Gorostietako mendateko goiko aldea, Basaburura igarotzeko bidean).”

Gainera, honako departamentu, zerbitzu eta erakunde publikoei ere txostena eskatu zaie, baina orain arte ez da txostenik jaso:

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoa.

–Ur Baliabideen Atala.

–Herri-lurren Atala.

–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

–Oihanak Kudeatzeko Atala.

V.–Ingurumen ebaluazio estrategikoa

2017ko azaroaren 30ean aurkeztutako aldaketari dagokionez, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak honako hau adierazi zuen txosten batean:

2017ko azaroan jaso zen Eurovelo proiektuko (Eurovelo1 tartea) ibilbide ziklistaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazio berria, Doneztebetik Irurtzunako tarteari buruzkoa, Ingurumen ondorioen azterketarekin batera. UPSa Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikorako Departamentuak sustatua da.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2017ko irailaren 29an egindako errekerimenduarei erantzun zion dokumentazio berri horrek. Ingurumenaren arloko alderdiei dagokienez, txosten horrek hau egin beharra adierazten zuen: a) Latasaren eta Irurtzunen arteko trazaduraren beste alternatiba batzuk aztertu, eta b) Biaizpeko paisaia bereziari aipamena egin, zeina identifikatu eta babestu baitzen “Nafarroa Atlantikoa” Lurraldearen Antolamenduko Planean, 44/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparrua ukitzen duten planei eta programei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Ingurumeneko dokumentazioa azterturik, eta lehen aipatutako foru legearen 33.2 artikuluan xedatuarekin bat, txosten bidez adierazi da araudian aurreikusitako eduki guztiak dituela. Ondorio gisa, espedientea jendaurrean jar daiteke, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, eta, aldi berean, aipatutako planaren lege-araudian ezarritako prozeduraren ondorioetarako, berrogeita bost egun balioduneko epean.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2017ko abenduaren 19ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako, Doneztebe-Irurtzun Ibilbide Ziklistaren Proiektua, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sustatua.

2. Sustatzaileak espedientea osatu beharko du, erabaki honen III. atalaren (Lurralde eta hirigintza arloko oharrak) arabera, eta bat etorriz espedientearen tramitazioan emandako txostenetan ezarritakoarekin.

Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

3. Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzea berrogeita bost egunez, eta, aldi berean, entzunaldia ematea trazadurak ukitzen dituen udalei.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es.

4. Era berean, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko determinazioekin bat.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Erabaki hau igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Babes Zibilerako Zerbitzura, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurune Naturalaren Zerbitzura eta Herri-lurren Atalera, eta jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Doneztebeko, Donamariako, Oizko, Urrozko, Beintza-Labaiengo, Saldiasko, Basaburuko, Imozko, Arakilgo, Irurtzungo, Itzako, Berriozarko, Berriobeitiko eta Iruñeko udalei, baita sustatzaileari ere, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1801251