38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

40/2018 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, ondoko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena: “Errezu-Ziraukiko hodi nagusia zati batean berritzea (gainerakoa)”.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak urriaren 17an emandako 415/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai proiektua bai hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe hori iraganik, alegazioak aurkeztu direla ikusita, Izarbeibarko Mankomunitateak eta proiektua erredaktatu duen ingeniariak txostenak eman dituzte erantzuteko, espedientean sartu direnak eta hauxe adierazten dutenak, laburrean:

1.–Milagros Leoz Urdiain andreak, Ziraukiko (CIR-11) 7. poligonoko 813. lurzatiaren jabea baita, honako hau alegatu du:

hodiak eta trazadurak ukitutakoa dela eta desjabetutako metro kopurua handitzen dela, eta, horrek etorkizuneko landaketak zailago egin eta mugatuko dituela, eta finkaren balorazioa gutxitzen duela kargak areagotzeagatik. Trazaduraren aldaketa eskatzen du, bai eta hodiaren trazaduraren koordenatuei buruzko informazioa ematea eta kalte-ordainaren zenbatekoa berrikustea ere.

Eskatutako trazadura aldaketari dagokionez, ezin da onartu, hodia igaro behar den tokia trantsiziorako beharrezkoa eta egokiena delako, bertan lotzeko, batetik, aurreko tartea, nahitaezkoa NA-1110 errepidearen babes-eremua zaintzeko, eta, bestetik, ondorengo tartea, egungoa, hortxe lotu behar delako hodi berria. Halere, ez dago eragozpenik koordenatuak emateko obra amaieran.

Bestalde, kalte-ordainaren zenbatekoa berrikusteko eskaerari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954eko abenduaren 16ko Legearen 52-7 artikuluan ezarritakoarekin bat, finka okupatu ondoren desjabetze espedientea tramitatuko da, prezio justuaren eta ordainketaren faseetan.

2.–Inés Gloria Amézqueta Lizari andreak, Ziraukiko (CIR-03) 7. poligonoko 792. lurzatiaren jabea baita, honako hau alegatu du:

Hodiaren diseinuak kalte egiten diola finkari, babesa eta oztopoa eratzen duten zuhaitzak botatzen dituelako, kolokan jartzen duelako egungo hesia eta ur biltegiaren egonkortasuna arriskuan jartzen duelako, bai eta finkaren segurtasuna ere. Trazadura aldatzea eskatzen du, sastraken garbiketak ukitzen duen eremua aprobetxatzea eta berarekin harremanetan jartzea jarduketa onuragarria izan dadin bi aldeentzat.

Alegazioa aztertu ondoren, zati batean onartzen da, eta trazaduraren aldaketa proposatu eta plano berri batean jaso da, eta alegatzaileari tokian bertan azaldu; halaber, planoa helaraziko zaio. Horrela, ez da ukipenik izanen zuhaitzetan, kontuan hartuta baliagarriak direla errepidea babesteko eta ikus-oztopoaren eginkizuna betetzeko. Robo ibaiaren inguruetan garbitu den eremua baliatzeko aukera ezesten da, ibaia gertu dagoelako eta horrek arriskua dakarrelako obrak gauzatzean eta etorkizunean hodiaren mantentze eta ustiatze lanetarako.

Halere, zuinketa fasean eta lanak egiten direnean behar diren neurriak hartuko dira finkan dagoen ur biltegiaren egonkortasunari ez eragiteko.

Finkaren gaineko ukipen berriak hauek dira: hodia 93,87 metroko luzeran paratuko da eta 281,60 m2-ko zortasun eremua izanen du; aldi baterako okupazioa 891,40 m2-koa izanen da.

Horrez gain, aldaketak CIR-04 finkaren gaineko ukipenak aldatzea ekarriko luke (Ziraukiko 7. poligonoko 800. lurzatia): 415,57 m-ko hodia paratuko da, eta 1.252,78 m2-ko zortasuna izanen du; aldi baterako okupazioa 8.079,85 m2-koa izanen da, jabeekin ados jarri ondoren.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ondoko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea: “Errezu-Ziraukiko hodi nagusia zati batean berritzea (gainerakoa)”. Orobat, aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Ziraukiko udaletxeko eta Izarbeibarko Mankomunitateko iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

3. Ebazpen hau Ziraukiko Udalari, Izarbeibarko Mankomunitateari eta alegatzaileei jakinaraztea. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 8an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1802022