38. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

246/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko 24 lanpostu betetzeko, oposizio bidez.

Ekainaren 29ko 44/2016 Foru Dekretuaren bidez (139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 19an) onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren 2016ko eskaintza. Bertan sartu ziren, besteak beste, administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko 5 lanpostu huts, funtzionario araubidekoak eta A mailakoak.

Orobat, abenduaren 20ko 116/2017 Foru Dekretuaren bidez (244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 22an) onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren 2017ko eskaintza. Bertan sartu ziren, besteak beste, administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko 19 lanpostu huts, funtzionario araubidekoak eta A mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 1473/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onetsi zen. Lekualdatze lehiaketa tramitazioan dagoenez gero, lekualdatze lehiaketa horretan bete gabe gelditzen diren lanpostuak izanen dira deialdi honetan bete beharreko hogeita lauak.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko hogeita lau lanpostu sarrera prozeduran eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko hogeita lau lanpostu sarrera prozeduran eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO TEKNIKARI
(ARLO EKONOMIKOA) IZATEKO 24 LANPOSTU
OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1 Deialdi honen xedea da administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko 24 lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, A mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 1473/2017 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko dira. Haien plantilla-zenbakiak eta destinoak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.

1.2 Hogeita lau lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–11 lanpostu, txanda irekian.

–11 lanpostu, igoera txandan.

–2 lanpostu txanda murriztuan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

1.3 Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, bidezko diren txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako txandan eskaintzen den lanpostu kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdiaren 8.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko lerroaldean adierazitako modu berean.

2.–Betebeharrak.

2.1 Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztien betebeharrak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Ekonomiako lizentziadun titulua izatea, edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziadun titulua, edo Enpresa Zientzietako lizentziadun titulua edo Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziadun titulua, edo aurreko horietako baten balio berekotzat hartutako beste titulu bat, edo ekonomiaren, enpresaren, kontabilitatearen edo finantzen arloko graduatu titulua (Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza arloa), edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulua lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez benetan eman dituztela zerbitzuak kidego horietan.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek bete beharreko baldintza berariazkoak:

Desgaitasuna dutenentzako txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik goitiko desgaitasuna.

2.1.4. Gidabaimena nahitaezko duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.

2.1.5. Ingeleseko B2 jakite-maila edukitzeko betebeharra duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailak frogatzen dituen titulu edo ziurtagiri bat izatea (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasotako bat –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo izangaiak behar den hizkuntza maila duela frogatzeko deitutako proba gainditzea.

2.2 Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita daude igoera txandako izangaiak, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintzari dagokionez. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko da hura, bai eta deialdiaren 8.2 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epetik lanpostuaz jabetzeko unera arte ere.

2.3 Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 8.2 oinarrian ezarritako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.4 atalean ezarritako dokumentazioa, aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaera formalizatzean.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.nafarroa.eus, “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak”, deialdi honen aipamenean sartuta.

Ingelesaren ezagutza proba bat gaindituz frogatu nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean, horretarako prestatutako tokian.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik gutxienez hilabetez lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Deialdian horretarako ezarritako eredua aurkeztuta eginen da hori, edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako ezarritako tokian azalduta.

Telematikoki ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4 Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskaneaturik, kasu bakoitzean egoki dena:

Bat.–3.3.b) ataleko kasuarengatik tasak ordaintzetik salbuetsita daudenek enplegu bulegoak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita errentarik (aurreko atalean aipatutakoak) ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere. Parte hartzeko eskabidean horretarako prestatutako tokian adierazpen hori egin ez den kasuan bakarrik aurkeztu beharko da adierazpen hori.

Bi.–Ingeleseko B2 jakite-maila edukitzeko betebeharra duen lanpostu bat eskuratu nahi dutenek horri dagokion titulua edo frogagiria erantsi beharko dute, deialdi honen 2.1.5 atalean xedatuaren arabera.

Hiru.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Lau.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, ondoko agirietako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Bost.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete justifikaziorako.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute telematikoki erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez dakar berekin aitortzen denik ezen zerrendan ageri direnek ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Carolina Viguria Alday andrea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Politika Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko epaimahaiburua: Miren Ausín Lecuna andrea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Raquel Bujanda Perales andrea, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Errepideko Garraio Publikoaren Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Daniel Echeverría Jadraque jauna, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Analisi eta Azterlan Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Javier Larraya Reta jauna, Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiko Laguntza Teknikoaren, Sozietate Publikoen eta Abalen Bulegoko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Daniel Gabari Remón jauna, Nafarroako Zerga Ogasuneko Estatuarekiko Finantza Fluxuen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Cesar Valencia Guembe jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Yolanda Erro García andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Margarita de Pablo Contreras andrea, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Javier Miqueléiz Garayoa jauna, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Administratiboaren Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2019ko otsailetik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak oposiziotik baztertuak izanen dira.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenengo ariketa.

Teorikoa; idatziz, ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzko test moduko 60 galdera, gehienez ere, erantzun beharko dira. Galdera bakoitzak lau erantzun alternatibo izanen ditu, baina bat bakarra izanen da egokia. Gehienez 90 minutuko denbora egonen da ariketa egiteko. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Kalifikazioa: ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 12,50 puntu lortzen ez dituztenak.

6.3.2. Bigarren ariketa.

Praktikoa; idatziz, I. eranskineko gai-zerrendako lehen zatiko gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituen galdera eta kasuak jorratu eta erantzun beharko dira.

Ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora izanen duten adieraziko du epaimahaiak hura hasterakoan.

Proba hau egiteko, izangaiek kalkulagailu programaezina erabiltzen ahalko dute.

Kalifikazioa: ariketa honetan gehienez ere 30 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Orobat, baztertuta geldituko dira galdera edo kasu praktikoetakoren batean 0 puntu lortzen duten izangaiak.

6.3.3. Hirugarren ariketa.

Teorikoa; idatziz, zozketaz aukeratutako hiru gairi buruz idatzi beharko da, gehienez ere 5 orduz. Gai horietako bi gai-zerrendako bigarren zatikoak izanen dira, eta bestea, berriz, hirugarren zatikoa.

Kalifikazioa: ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lor daitezke. Gai bakoitzaren puntuazioa, gehienez, ariketaren balio osoaren 1/3 izanen da.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 12,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Halaber, bazterturik geldituko dira, gai batean 0 puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

6.3.4. Laugarren ariketa.

Teoriko-praktikoa; idatziz, I. eranskineko gai-zerrendako hirugarren zatiko gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituen galdera eta kasuak jorratu eta erantzun beharko dira.

Ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora izanen duten adieraziko du epaimahaiak hura hasterakoan.

Proba hau egiteko, izangaiek kalkulagailu programaezina erabiltzen ahalko dute.

Kalifikazioa: ariketa honetan gehienez ere 20 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Orobat, baztertuta geldituko dira galdera edo kasu praktikoetakoren batean 0 puntu lortzen duten izangaiak.

6.4. Bigarren, hirugarren eta laugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.5. Ingelesaren ezagutzari buruzko proba. Behin argitaraturik oposizioko probetako ariketen kalifikazioak, probak gainditzen dituzten izangaien artean inork eskatu baldin badu ingelesa maila neurtzeko proba egitea, epaimahaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Atalaren laguntza eskatuko du. Organo horrek hizkuntza maila zehazteko proba berariazko bat eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die, eskatzen den ingeleseko B2 mailarako.

Horretarako, proba egiteko tokia, eguna eta ordua iragarriko ditu epaimahaiak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin adostuta. Izangai horientzako deialdia 10. oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

Ingelesaren probaren kalifikazioa bukaturik, emaitzak aurreko paragrafoan ezarritako modu berean argitaratuko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioen arabera, txanden eta lortutako puntuazioaren arabera banaturik, adieraziz nork frogatu duen ingeleseko B2 maila duela, eta aipatutako zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, lanpostu hutsak hautatzeko tramitea egiteko.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, hirugarren, laugarren eta lehenbiziko ariketetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

7.2 Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena adjudikatuko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna dutenen txandako izangaien salbuespena.

7.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldiaren deialdia eginen du, argitaratuz aukeratu beharreko 24 lanpostu hutsen zerrenda, izangaien zerrenda (txanden eta puntuazioaren arabera lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz) eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiari buruz egiten den aipamenean.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer lanpostu huts nahiago duten administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) izateko.

8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan egonen dira, probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruz egiten den aipamenean ere, 10. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

8.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barnean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluen fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) B motako gidabaimena nahitaezko duten lanpostuetarako, B gidabaimenaren fotokopia.

d) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

e) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemne bat, adierazteko ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Zinpeko aitorpena edo promesa, Nafarroako foru araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela dioena.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzkoa.

C) Izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak badira:

a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluen fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako gidabaimena nahitaezko duten lanpostuetarako, B gidabaimenaren fotokopia.

D) Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

8.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 8.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, administrazio publikoko teknikari (arlo ekonomikoa) lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen adjudikazioa ere eginen da.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboetan sarturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidezko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren arabera (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 8.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

9.6. Ingelesa jakin beharra duten lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hutsik izanik hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ez zuen lanpostu bat eskuratzeko.

10.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenei eta haren jarduketari buruzko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki oholean argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere, helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak”.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan (aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Prozesua gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda.

11.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, bi zerrenda horiek onetsiko dira, hots, prozesua gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatzekoak diren kudeaketa arauekin bat.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

11.3. Izangaiei deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direlako ziurtagiriak, kontratua gauzatzen denean ekarri ere, kopia aurkeztuz.

Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

12.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

12.1. Administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta ondoko funtzionamendurako, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio, edo zerrendak indarrean daudenean indarreko foru aginduan xedatutakoari; foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

Horretarako, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak honako zerrenda hauek bidaliko dizkie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, esparru horretako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak presta ditzaten: hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, hautaproba guztiak gainditu ez baina baten bat gainditu duten izangaien zerrenda, eta, azkenik hautaproba bakar bat ere gainditu ez dutenen zerrenda.

12.2. Deialdi honen ondorioz prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1 atalean eskatutako baldintzak bete beharko dituzte kontratazioaldi guztian.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez dutenak kontratazio zerrendatik kanpo utziko dira.

12.3. Kontratazio zerrendetan egoteko aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Kontrataziorako zerrendetan egoteko, bai probak gainditu arren lanposturik lortu ez dutenek bai oposizioaldia gainditu ez dutenek 10 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute, 7.1 atalean ezarritako deialdiko behin betiko emaitzak argitaratu eta biharamunetik, 2.1.1. c) atalean aipatutako titulazioaren agiria, salbu aldez aurretik O-NOZen aurkeztu badute. Agiri hori aurkezten ez dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.

b) Oposizioaldia gainditzen ez duten izangaiek 7.1 atalean ezarritako deialdiaren behin betiko emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epea izanen dute edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuei buruzko ziurtagiri bat aurkezteko, non adieraziko baitira deialdia argitaratzen den egunera arte administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) estamentuan eta espezialitatean egindako zerbitzuak (izendapenetarako indarrean den estamentu eta espezialitateen sailkapenaren arabera; sailkapen hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen I. eranskinean dago), salbu eta zerbitzu horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoetan eginak badira (Administrazio Erroa, Osasuna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua, Hezkuntza, etab.).

12.4. Esparruak aukeratzea. Iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeko, deialdian parte hartzeko eskaeran berean aukeratu beharko dira esparruak. Deialdiko behin betiko emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar eguneko epean, interesdunek hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaldu ditzakete.

12.5. Kontratu motak. Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

12.6. Izangaiek lanpostu eskaintzari uko egiten ahalko diote lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

12.7. Frogatzea izangaiaren desgaitasuna aldi baterako kontratazioaren bidez bete beharreko lanpostuarekin bateragarria dela:

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eskumena duen unitateak eskatuta.

13.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan igoera txandan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) aldi baterako barne igoerako zerrenda prestatzeko eta ondoko funtzionamendurako, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua bete beharko da –haren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea–, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretua garatzen indarreko araudia ere.

Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea eta horri eustea, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, administrazio publikoko teknikarien (arlo ekonomikoa) lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragokoa den batean, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 atalean eskatzen diren beste baldintzak betetzea.

Hautaproben emaitzak argitaratu ondoan, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak sortuko dira, mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, zeinak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko baitira. Berdinketarik izanez gero, deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna hartuko da kontuan.

14.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. ZATIA

Kontabilitatea

Finantzen kontabilitatea. Kontabilitateko plan orokorra.

Kontabilitate analitikoa.

Sozietateen kontabilitatea.

Finantza egoeren azterketa.

Kontabilitate publikoa. Kontabilitate publikoaren plan orokorra.

Finantzen matematika

Kapitalizazio bakuna eta konposatua.

Errentak, maileguak eta jesapenak.

Estatistika

Posizio-neurriak, sakabanatze-neurriak, kontzentrazio-neurriak eta formaren neurriak.

Erregresioa eta korrelazioa.

Zenbaki indizeak.

Denborazko serieak.

II. ZATIA

Sektore publikoaren ekonomia

1. gaia.–Estatuaren zeregin ekonomikoa. Ekonomia publikoaren teoria. Estatuaren eginkizun fiskalak. Ogasun publikoaren gaineko teoria positiboa eta arau emailea.

2. gaia.–Ongizatearen ekonomia. Merkatuaren efizientzia eta akatsak. Estatuak emandako ondasun publikoak eta ondasun pribatuak. Kanpo-efektuak.

3. gaia.–Hautespen publikoa. Hautespen mekanismoak sektore publikoan. Bozketarako arauak. Demokrazia ordezkatzailea.

4. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu ereduak. Ekoizpen publikoa eta burokrazia. Sektore publikoaren akatsak.

5. gaia.–Sektore publikoaren hazkundearen teoriak. Estatuaren tamainari buruzko eztabaida. Gastu publikoaren bilakaera Europar Batasunean eta Espainian.

6. gaia.–Aurrekontua. Kontzeptua eta edukia. Aurrekontuen printzipio klasikoak eta haien krisia. Aurrekontu-teknikak: aurrekontu administratibotik aurrekontua egiteko teknika modernoetara. Zero oinarriko aurrekontua.

7. gaia.–Aurrekontuaren orekaren, hazkundearen eta egonkortasun ekonomikoaren arteko lotura. Diziplina fiskala Europar Batasunean: Europako itun fiskala.

8. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.

9. gaia.–Gastu publikoaren eragina eta banaketa-ondorioak. Gastu publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia: kontzeptua eta analisirako teknikak.

10. gaia.–Diru-sarrera publikoak. Sailkapen irizpideak. Prezioak eta enpresa publikoa. Prezio publikoak eta tasak. Kontribuzio bereziak. Zerga: kontzeptua eta bereizgarriak. Zerga motak. Zergen osagai diren elementuak.

11. gaia.–Zergapetzearen printzipioak. Mozkinaren printzipioak eta ordaintzeko gaitasuna. Ekitatearen ikuspegia zergapetzeari dagokionez. Zergapetzearen eragina.

12. gaia.–Zergapetzea eta efizientzia ekonomikoa. Zergapetze optimoa: efizientzia eta ekitatea. Zergapetzea eta pizgarriak.

13. gaia.–Zerga sistemak. Zergapetze mota nagusiak. Zerga egituraren baldintzatzaileak. Bilakaera eta nazioarteko ereduak.

14. gaia.–Defizit publikoa eta ogasun berezia. Finantzaketaren definizioak eta tresnak. Zor publikoa: kontzeptuak, motak eta osagai ekonomikoak. Zorraren zama. Aktibo publikoen pribatizazioa.

15. gaia.–Espainiako administrazio publikoen arteko finantza harremanak. Araubide erkideko autonomia erkidegoen finantzaketa-sistema: printzipioak eta baliabide finantzarioak. Europar Batasunarekiko finantza-harremanak.

16. gaia.–Hitzarmen Ekonomikoaren sistema. Nafarroaren eta estatuaren arteko hitzarmenen historia. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomiko indarduna. Xedapen orokorrak. Estatuaren zama orokorretarako ekarpen ekonomikoa. Koordinazio Batzordea.

17. gaia.–Nafarroaren eta Estatuaren arteko tributu harmonizazioari buruzko arauak. Zuzeneko eta zeharkako zergen ordainarazpenaren mugak, eskumenak eta administrazio eskuduna. Arbitraje Batzordea.

18. gaia.–Nafarroako Ogasun Publikoa. Eskubide eta betebehar ekonomikoak. Finantza eragiketak. Erantzukizunak.

19. gaia.–Nafarroako Aurrekontu Orokorrak I: edukia eta prestaketa. Aurrekontuen egitura.

20. gaia.–Nafarroako Aurrekontu Orokorrak II. Aurrekontuaren betearazpena eta kudeaketa. Aurrekontuaren likidazioa eta itxiera. Betearazpenaren gaineko kontrola.

21. gaia.–Jarduera ekonomiko eta finantzarioaren gaineko kontrola: kontzeptua eta motak. Horiek egiten dituzten organoak. Barne kontrola. Kontuen Ganbera.

22. gaia.–Nafarroako toki entitateen aurrekontua. Edukia, eginkizuna eta egitura. Tokiko aurrekontuen printzipioak. Tokiko aurrekontuen zikloa. Aurrekontuen gaineko kontrola. Kontzeptua, motak eta erakundeak.

23. gaia.–Araubide arrunteko eta foru araubideko toki entitateen udaleko tributu sistema. Zergak, tasak eta kontribuzioak.

Araudi orokorra

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna. Europako Parlamentua. Europako Kontseilua. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europako Erkidegoko zuzenbidea: iturriak. Jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Itunak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europako Erkidegoko Zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta funtzioak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentuaren desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahalmena. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoak. Abstenitzea eta errekusatzea. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan. Antolaketa: printzipio nagusiak, egitura organikoa eta administrazio organoen eskumenak. Kide anitzeko organoak.

10. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio-egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak. Administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea I. Aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Adjudikazioaren aurreko jarduketak.

14. gaia.–Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea II. Adjudikazioa, hobekuntza eta formalizazioa. Kontratu publikoak gauzatzea. Kontratua aldatzea, etetea eta lagatzea. Prezioen berrikuspena eta martxoaren 30eko 2/2015 Legea, Espainiako ekonomiaren desindexazioari buruzkoa. Kontratuak iraungitzea eta baliogabetzea.

15. gaia.–Diru-laguntzei buruzko Foru Legea. Xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Diru-laguntzak itzultzea. Jarraipena eta kontrola. Arau-hausteak eta zehapenak.

16. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

17. gaia.–11/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna jarduera publikoan: publizitate aktiboa eta gardentasuna kudeaketa administratiboan. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: edukia, mugak, prozedura eta hura gauzatzeko bermeak. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

18. gaia.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa. Datuen babesaren printzipioak, pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Agentzia.

19. gaia.–Genero berdintasuna. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun-printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. Berdintasunaren aldeko politika publikoak. 33/2002 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroako emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzekoa. Genero eraginaren txostena.

III. ZATIA

Ekonomia orokorra

1. gaia.–Magnitude makroekonomikoak eta kontabilitate nazionala SEC-2010 delakoaren arabera. Kontu korronteak eta metaketa kontuak.

2. gaia.–Input-Output eredua. Input-output taula. Input-Output analisiaren aplikazioak: biderkatzaileak, kateamenduak edo loturak, atzerriarekiko mendekotasuna.

3. gaia.–Inbertsioen faktoreak eta portaera. Izakinetan inbertitzea: funtsezko faktoreak. Ekipoan inbertitzea: kapitalaren erabileraren kostua. Doikuntza hoberenaren prozesua. Eraikuntzan inbertitzea: epe laburrerako eta luzerako faktoreak.

4. gaia.–Kontsumo pribatuaren faktoreak eta portaera. Kontsumo agregatuaren ezaugarriak. Bizi-zikloaren teoria. Errenta iraunkorraren teoria. Espektatiben zeregina.

5. gaia.–Ordainketa-balantza: kontzeptua, neurketa eta interpretazioa. Ordainketa-balantza doitzeko teoriak. Kanpo-defizitaren jasangarritasunaren analisia. Kanbio-tasa eta kanbio-araubideak: kanbio finkoa eta malgua. Europako diru-sistema.

6. gaia.–Politika ekonomikoaren helburuak. Enplegu betea. Enpleguaren oinarrizko kontzeptuak eta tipologia. Adierazleak eta neurtzeko sistemak. Lan-merkatuaren planteamendu teorikoak. Enplegu-politika.

7. gaia.–Prezioen egonkortasuna: kontzeptuak, kuantifikazioa eta aurreikuspena. Inflazioaren ondorioak. Inflazioaren kausak. Inflazioaren aurkako neurriak.

8. gaia.–Hazkunde ekonomikoa. Kontzeptua eta adierazleak. Hazkunde ekonomikoaren funtsezko faktoreak. Hazkunde ekonomikoaren aldeko neurriak.

9. gaia.–Ingurumenaren kontserbazioa. Ingurumenaren arloko tresnak. Ingurumenaren arloko politikak. Ekonomia zirkularraren erreferentzia.

10. gaia.–Diru-politika. Oinarriak eta oinarrizko edukiak. Diru-politikaren lehen mailako tresnak. Diru-politikaren eraginkortasuna.

11. gaia.–Zerga-politika. Oinarriak eta oinarrizko edukiak. Gastu publikoa, zergak eta horien eragina jarduera mailan. Egonkortzaile automatikoak. Zerga-politikaren eraginkortasuna. Inflazioa zerga gisa. Defizitaren eta hedaldiaren ondorio ekonomikoak eta kanporatzearen ondorioa.

12. gaia.–Eskaintzaren politika ekonomikoak. Eskaintzaren politiken alderdi doktrinalak. Egiturazko doikuntzaren politikak. Eskaintzaren ekonomia eta alderdi mikroekonomikoak.

13. gaia.–Ziklo ekonomikoak. Teoriak. Faseak. Hazkunde etengabea. Joera eta zikloa.

14. gaia.–Nazioarteko merkataritzaren funtsezko faktoreak. Abantaila konparatiboa eta ekoizpenaren espezializazioa. Eskalako ekonomiak eta nazioarteko merkataritza. Merkataritzak hazkundean daukan eraginaren erreferentzia berezia.

15. gaia.–Integrazio ekonomikoaren teoria. Aduana-batasunen teoria: ondorio estatikoak eta dinamikoak. Merkataritza sortzea eta desbideratzea.

16. gaia.–Merkataritza-politika. Tresnak eta ondorioak. Librekanbismoa eta protekzionismoa. Merkataritza-politika estrategikoa.

17. gaia.–Merkatua. Eskaria eta eskaintza. Eskariaren eta eskaintzaren kurba eta desplazamenduak. Eskariaren eta eskaintzaren elastikotasunak. Merkatuaren oreka eta desoreka. Merkatu motak.

18. gaia.–Produkzioa eta enpresen mozkinik handiena. Produktibitatea eta kostuak epe laburrean. Produktibitatea eta kostuak epe luzean. Lehiaren oreka.

19. gaia.–Lehia inperfektua. Monopolioa. Oligopolioa eta jokoen teoria. Lehia monopolistikoa eta produktuen desberdintzea.

Enpresaren Ekonomia

1. gaia.–Enpresa eta haren barne antolaketa. Enpresaren antolakuntzarako teoriak eta printzipioak. Plangintza enpresan. Erabakiak hartzea eta motak.

2. gaia.–Enpresa eta inbertsio erabakiak. Inbertsioak hautatzeko metodoak. Errentagarritasuna, arriskua eta kapital-kostua.

3. gaia.–Enpresa finantzatzeko iturriak. Barne finantzaketa edo autofinantziazioa. Finantzaketa arrotzaren iturriak.

4. gaia.–Enpresaren balorazioa. Kontabilitate balioa, kitapen balioa, birjartze-balioa, funtsezko balioa, burtsa-balioa eta enpresaren errendimenduaren balioa. Good will edo merkataritzako fondoa. Enpresaren balio globala lortzeko metodoak.

Egitura ekonomikoa

1. gaia.–Europar Batasuneko finantzak eta aurrekontua. Ezaugarri orokorrak eta bilakaera historikoa. Diru-sarreren eta gastuen gaineko alderdi orokorrak. Egungo ikuspegi finantzarioak.

2. gaia–Europar Batasuna eta batasunaren politikak: Europar Batasunaren eskualde-politika eta kohesio-politika. Helburuak. Eskualde-politika nazionalak koordinatzea. Finantza-tresnak. Nafarroa eta Europako eskualde-politika.

3. gaia.–Europar Batasuna eta batasunaren politikak: Nekazaritza Politika Erkidea. Helburuak. NPEaren garapen historikoa eta hurrenez hurreneko aldaketak.

4. gaia.–Europar Batasuna eta batasunaren politikak: ingurumen arlokoa, garraioen arlokoa, energia, industria eta teknologiaren arlokoa eta ikerketaren arlokoa.

5. gaia–Europar Batasuna eta batasunaren politikak: gizarte- eta enplegu-politika eta kultura, hezkuntza eta Lanbide Heziketaren arlokoa. Lehiaren politika.

6. gaia.–Banku zentralen sistema europarra eta eurogunearen diru-politika: helburuak eta tresnak. Euroaren gobernamendu ekonomikoa. Bankuen batasuna eta beste garapen batzuk.

7. gaia.–Espainiako ekonomia 60ko hamarkadaz geroztik. Azken krisialdiaren erreferentzia berezia. Espainiako ekonomiaren egungo egoera eta ikuspegia.

8. gaia.–Egiturazko eraldaketak Nafarroako ekonomian 1960tik aurrera. Nafarroako ekonomia Espainian eta Europako eskualdeen artean. Azken krisialdiaren erreferentzia berezia. Egungo egoera eta ikuspegia.

9. gaia.–Lehen sektorea Nafarroan. Espezializazio produktiboa. Nekazaritza Politika Erkidearen aplikazioa Nafarroan. Nafarroako nekazaritza politika.

10. gaia.–Industria sektorea Nafarroan. Bilakaera eta gaur egungo egoera. Espezializazio produktiboa. Nafarroako Gobernuaren politika industriaren eta teknologiaren alorretan. Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategia (S3).

11. gaia.– Eraikuntzaren sektorea Nafarroan. Etxebizitza: etxebizitza-parkea Nafarroan, prezioen bilakaera eta kostuak. Nafarroako Gobernuaren politika etxebizitzaren eta lurzoruaren alorretan.

12. gaia.–Zerbitzuen sektorea Nafarroan. Makromagnitude nagusiak eta horien banaketa ekoizpen-adarka. Zerbitzu jardueren bilakaera eta gaur egungo egoera.

13. gaia.–Lan merkatua Nafarroan. Eskura dauden estatistika-iturriak. Biztanleria aktiboa, lana eta langabezia. Banaketa sektoreen, eremuen, adinaren eta sexuaren arabera. Nafarroako Gobernuaren laguntzak enplegua sustatzeko.

14. gaia–Nafarroako biztanleriaren egitura eta bilakaera. Biztanleriaren berezko mugimendua. Migrazio mugimenduak. Joera demografikoak.

15. gaia.–Nafarroan diharduten administrazioen gastu publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: gastuen azterketa ekonomiko eta funtzionala, diru-sarreren eta saldoen azterketa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko enpresa sektore publikoa.

16. gaia.–Kanpo-sektorea. Nafarroako ekonomiaren kanpoko merkataritza harreman globalak. Esportazioak eta inportazioak gainontzeko herrialdeekin: egitura eta bilakaera. Atzerriaren inbertsioak Nafarroan eta Nafarroaren inbertsioak atzerrian.

Iragarkiaren kodea: F1801546