Iragarkia
37. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
836E/2017 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, 2030erako Nafarroako Energia Planari buruzko (NEP 2030) Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia da.
Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu zizkion, 2016ko irailaren 16an, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, 2030erako Nafarroako Energia Planaren zirriborroa, horren laburpena eta hasierako dokumentu estrategikoa, xede baitzuen ingurumen ebaluazio estrategikoa tramitatzen hastea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak araututako prozeduraren arabera.
2016ko irailaren 20an, adierazitako agiriak 510 entitateri igorri zitzaizkien, eta iradokizunak jasotzeko 45 egun balioduneko epea ezarri zen. Kontsultak honako hauei igorri zitzaizkien: Nafarroako udal guztiak, mankomunitateak, enpresa publikoak, sindikatuak, garapen agentziak, Nafarroako Gobernuko zenbait Departamentu eta beste Administrazio batzuk, lanbide elkargoak, enpresaburuen elkarteak, talde ekologistak, eta beren jarduera Energia Planaren eta Ingurumenaren alorrean garatzen duten aholkularitza enpresak eta adituak. Aldi berean, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak abian jarri zuen 2030erako Nafarroako Energia Planaren Informazio eta Parte-hartze Publikoaren Plana; horren bidez 50 bilera egin dira guztira hainbat interes talderekin. Iradokizunak jasotzeko epe horretan, 5 erantzun jaso ziren, zehazki hauenak: Larragako Udala, Lergako Udala, San Martin Unxeko Udala, Conrado García Napal eta Aragoiko Ingurumen Kudeaketaren Institutua. I. eranskinean laburbildu da ingurumen arloko edukia.
2016ko azaroaren 28an bidali ziren erantzun horiek Lurralde eta Paisaia Zerbitzutik Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura, Ingurumen azterlan estrategikoa lantzeko irismeneko dokumentuarekin batera. Irismeneko dokumentu horretan, gogoeta batzuk egin ziren haize-parke berriak hartzeko ahalmenaren mapa egiteko kontuan hartu beharko liratekeen alderdirik garrantzitsuenen inguruan, energia sektoreei eta, bereziki, ingurumen eta lurralde baldintzei dagokienez.
Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak apirilaren 17an emandako 55/2017 Ebazpenaren bidez, 2030erako Nafarroako Energia Plana eta haren Ingurumen azterlan estrategikoa jendaurrean jarri ziren 45 egun balioduneko epean. Iragarki hori 2017ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 21ean.
Jendaurreko aldia bukatu ondoren, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak 2030erako Nafarroako Energia Planaren behin betiko dokumentua eta bere Ingurumen azterlan estrategikoa aurkeztu zituen, 2017ko urriaren 23an, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera egin beharreko tramitazioarekin jarraitzeko. Ingurumen ebaluazio estrategikoa jendaurrean egon den aldian 11 alegazio aurkeztu dira. Hauek dira alegazioen egileak: Lergako Udala, Agoizko Udala, Eslabako Udala, Larragako Udala, San Martin Unxeko Udala, Leringo Udala, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Francisco Galán Soraluze, Gestamp, Asociación Española para la Conservación y Estudio de los Murciélagos (SECEMU) eta Plataforma Suministros Básicos Garantizados-Pobrezia Energetikoaren Aurka. II. eranskinean laburbildu da alegazioen edukia.
Oro har, alegazioen edukia plana egiteko prozesuaren eta haren edukiaren ingurukoa da, eta ez dago ingurumen ebaluazioaren xede diren alderdien gaineko berariazko aipurik, hauek aurkeztutako alegazioak salbu: Leringo Udala, Francisco Galán Soraluze, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Gestamp eta SECEMU. Leringo Udalak eskatutakoari dagokionez, esan beharra dago alegazioa ezin dela onartu, harrera-ahalmenaren mapan sartu baita estepako hegaztiak kontserbatzeko garrantzizko eremuei buruz Ingurune Naturalaren Zerbitzuak sortutako informazio kartografikoa, eta eremu horien mugaketa ezartzea ez da NEP 2030 planaren helburua. Zenbait azpiegituraren ingurumenaren gaineko eragin metatuaren ondorioz (horien artean haize-parkeena) Nafarroako estepako hegaztien egoera larria da, eta gutxienez kontserbazio eremu horiek izatea nahitaezkoa da, ahal den neurrian bermatzeko espezie horiek Nafarroan jarraituko dutela, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak txosten askotan adierazi bezala.
Francisco Galán Soraluzek haize-parkeen 1995eko ikerketen gainean egindako eskaerarik dagokionez, esan beharra dago baietz, aipatzen dituen ikerketak eta orduz geroztik haize-parkeen tramitazio ugarirekin sortu den informazioa, eskala egokian hartu direla kontuan harrera-ahalmenaren mapa egiterakoan. SECEMUk aurkeztutako alegazioak haize-parkeen ingurumen eraginaren azterlanen edukia aipatzen du, eta onartzen da; Ebazpen honen baldintzetan jasoa gelditu da. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak burutuko duen urteko ziklo osoko azterlana egiteko protokoloan saguzarren gaineko azterlanak sartuko dira, dagokion zehaztasun mailarekin.
Gestampen alegazioari erantzunez adierazi beharrekoa da NEP 2030 planak ez duela inolako baldintzarik ezartzen tramitazio egoeran dauden espedienteei buruz. Horrenbestez, Peña haize-parkearen Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura bukatuko da, alde batera utzita NEP 2030 planaren edukia. Bestalde, NEP 2030 planak behar dituen eguneratzeei dagokien alegazioa onartu da. Sustrai Erakuntzak aurkeztutako alegazioari dagokionez, nabarmentzekoa da NEP 2030 planaren jarduketa-ildoen gaineko balorazioak eta proposamenak biltzen dituela, emisio gutxiago sortuko dituen eredu energetikoari laguntzeko eta energia kontsumoa murrizteko.
NEP 2030 planaren laburpena.
2030erako Nafarroako Energia Planak estrategia energetiko propioa proposatzen du, azken helburua hau izanik: “2050. urtean, elektrizitatea eta beroa sortzeko eta industrian nahiz garraioan erabiltzeko energiaren hornidura guztiak jatorri berriztagarria izatea”. 2050erako estrategia energetiko horrek berotegi-efektuko gasen emisioak (BEG) zerora murriztea dakar.
NEP 2030 planean bi egoera aztertzen dira: batetik, Nafarroako 2015eko Balantze Energetikoaren datuak hartuta, NEP 2020 plana aplikatzearen ondorioz sortuko litzatekeen erreferentziazko egoera; eta, bestetik, horrez gain NEP 2030 planean garatzen den efizientzia energetikoaren egoera.
Planaren asmoa Europar Batasunaren helburuak betetzea da (2050erako Ibilbide-orria), denboraldi baterako helburu hauen bidez:
2020rako helburua.
2020rako Nafarroan lortu beharreko helburu estrategiko sail bat ezarri zen:
–Energiaren kontsumoak sortutako BEGen emisioak (berotegi-efektuko gasak) %20 murriztea 1990eko emisioen aldean. Sektore zehaztugabeen emisioak %10 murriztea 2020an, 2005eko datuen aldean.
–Energiaren kontsumoaren %28 energia iturri berriztagarrietatik lortzea, eta aldi berean garraioaren beharren %10 energia berriztagarriekin asetzea.
–%30 murriztea energia primarioaren kontsumoa, 2020rako aurreikusitakoaren aldean, efizientzia energetikoaren aldeko jarduketen bidez.
2025erako helburua.
Nafarroak 2025erako dituen helburu estrategikoak honakoak dira:
–Energiaren kontsumoak sortutako BEGen emisioak %30 murriztea 1990eko emisioen aldean. Sektore zehaztugabeen emisioak %18 murriztea 2025ean, 2005eko datuen aldean.
–Energiaren guztizko azken kontsumoaren %35 energia-iturri berriztagarrietatik lortzea, eta aldi berean garraioaren beharren %12 energia berriztagarriekin asetzea.
–%10 murriztea energia primarioaren kontsumoa, 2025erako aurreikusitakoaren aldean, efizientzia energetikoaren aldeko jarduketen bidez.
2030erako helburua.
Nafarroak 2030erako dituen helburu estrategikoak honakoak dira:
–Energiaren kontsumoak sortutako BEGen emisioak %40 murriztea 1990eko emisioen aldean. Sektore zehaztugabeen emisioak %26 murriztea 2030ean, 2005eko datuen aldean.
–Energiaren guztizko azken kontsumoaren %50 energia iturri berriztagarrietatik lortzea, eta aldi berean garraioaren beharren %15 energia berriztagarriekin asetzea.
–%10 murriztea energia primarioaren kontsumoa, 2030erako aurreikusitakoaren aldean, efizientzia energetikoaren aldeko jarduketen bidez.
Horrez gain, 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburu orokorren artean honakoak daude:
–Energia berriztagarriak modu jasangarrian sustatzea (ingurumena, ekonomia eta gizartea).
–Energiaren inguruko kultura berri bat zabaltzea herritarren artean.
–Herritarren etorkizun energetikoan eragitea, energiaren alderdi soziala zaintzen dela ziurtatuta, horniduraren bermea izaten lagunduta, autohornikuntza ratioak hobetuta eta pobrezia energetikoa murriztuta.
–Teknologia energetiko berrien arloko enpresa eta industria-sarea indartzea, tokiko ekonomiari eta prestakuntzari lotutako lurraldearen beharrei egokituko zaizkien aplikazioen bidez.
–Administrazioko departamentu guztiak eta udalak babestea energiaren alorrean egindako jarduketetan eta kudeaketetan.
–Garraioan aldaketa sustatzea zero emisioko ibilgailuetarantz, energia berriztagarrien erabilera areagotuta eta emisio kutsatzaileak murriztuta, garraioaren beharren %15 energia berriztagarriekin ase arte.
–Automobilarekiko menpekotasuna murriztea, automobilaren pisuaren hazkuntza baliabideen banaketara bideratu dadin, bai eta beste adierazle batzuetara ere, hala nola bidaiariak-km edo egunero automobilean egindako kilometro kopurua.
–Garraiobide alternatiboen aukerak handitzea. Aurreko helburuarekin batera, kontua da aukerak sortzea herritarrak oinez, bizikletaz edo garraiobide kolektiboetan ibili ahal izateko, erosotasun eta segurtasun baldintza egokiekin.
–Prozedura bat eta tresna sail bat ezartzea NEP 2030 planaren monitorizazioa, ebaluazioa eta jarraipena egiteko.
–Informazio eta parte-hartze publikoa ziurtatzea NEP 2030 planaren definizio eta garapen faseetan.
–Energia planifikatzea onura edo zerbitzu unibertsala, publikoa eta oinarrizkoa izan dadin, herritarren %100en eskura.
Ezarritako helburuetatik abiatuta, garatu beharreko neurriak eta ekintzak lau taldetan sailkatzen ahal dira: klima-aldaketaren aurka aritzea CO2 emisioak murriztuta, erregai fosiletatik datorren energia asko murriztuko duen energia mixerantz jotzea, hornidura bermatzea eta pobrezia energetikoa murriztea, eta energia berriztagarrietan liderra izanen den sare ekonomikoa izatea.
Sektore bakoitzean garatu beharreko neurriak eta jarduketak ezartzen ditu planak. Badu neurri multzo bat kontsumoari eta energia aurrezteari, efizientzia energetikoari, lotua. Mugikortasunari eta garraioari dagokienez, ekintzak ezartzen ditu energiaren inguruko kultura berri bat zabaltzeko eta oso emisio gutxiko garraiora aldatzea bultzatzeko. Azkenik, ikerketa, garapen eta berrikuntza (I+G+b) arloko jarduerak aurreikusten dira, bai eta komunikazio eta parte-hartze publikoaren ingurukoak ere, eta prestakuntza eta sentsibilizaio jarduerak ere bai.
Energia eolikoari dagokionez, energiaren autohornikuntza handitzeari eta energia berriztagarriak garatzeari begira NEP 2030 planean ezarritako helburuak betetzeko, honako jarduerak ezarri dira:
–Baimendutako parkeak jartzea eta horien bidez autohornikuntza ratioak hobetzea.
–Laguntzak eta zerga arloko kenkariak, sustatzeko minieolikoen bidezko autokontsumo proiektuetan inbertitzea (toki entitateak, kontsumoko kooperatibak, herriguneak, etab.), sorkuntza banatua sustatuz.
–Bizitza erabilgarria agortu duten haize-parkeak edo industriaren arloko gaur egungo segurtasun baldintzak betetzen ez dituzten horiek berritzea, potentzia handiagoko haize-sorgailuak jarrita.
Biomasari dagokionez, jarduera hauek burutzea aurreikusten da:
–Diru-laguntzak edo zerga arloko kenkariak, biomasa termikoko instalazio inbertsioetan.
–Beroaren hiri sareak efizientzia energetikoaren irizpideekin berritzeko laguntzak. Eraikin publikoetan biomasa galdarak jartzea.
–Biomasaz elikatutako mikrosareen proiektu pilotua sustatzea udalerrietan.
–Oihanetako biomasa hobetutako teknologia gisa hedatzeko kanpaina.
–Oihanetako biomasaz elikatutako barrutiko berokuntza sistema sustatzeko araudia sortzea.
–Baso plangintza sustatzea eta baso ziurtagiriaren auditoretzak egitea (PEFC/FSC) egiaztatzeko biomasa ziurtatutako trazabilitatea duten iturri berriztagarrietatik datorrela.
–Lehen transformazioko industrietarako eta basolanetako enpresetarako laguntzak.
Ingurumenean eragin handiena duten Planaren alderdiak.
Energia eolikoari dagokionez, Planak aztertu egiten du ingurunearen harrera-ahalmena, eta kontuan hartuta ingurumen ezaugarriak, lurraldearenak eta beste baldintza batzuk, lurraldea hiru eremu bereizitan sailkatzen du, haize-parkeak hartzeko duten ahalmenaren arabera. Informazioa plangintza mailan aztertua badago ere (eta logikoki proiektu mailan erabili beharreko informazioak zehatzagoa izan behar du eta gai sorta zabalagoa aztertu), kokagune berriak aukeratzeko kontuan hartu beharrekoak ezartzen ditu: ingurumen irizpideak, hirigintza alderdiei dagozkienak eta bestelako baldintza batzuk. Hiru eremu mota bereizten dituen sailkapen bat zehazten da: egokiak ez diren eremuak, mugak dituzten eremuak (ingurumenekoak, lurraldeari dagozkionak, arriskuak, kulturalak, etab.) eta gainerako lurrak. “Gainerako lurrak” izeneko azken kategoria horretan eragozpen gutxiago daude, eta hasiera batean proiektua ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspuntutik bideragarria izateko aukera handiagoa da.
2016ko azaroaren 28ko irismeneko dokumentuan, Nafarroan jada haize-parke asko badirenez, proposatu zen Planak energia eolikoaren azterketan sartzea haize-parkeek eta horiei lotutako azpiegiturek hegaztiengan duten eragin metakorra eta sinergikoa, bai eta erregistratutako gorabeheren datuak edo aireko pasabideak ere. Azterketa horretan paisaiaren gaineko eragina ere kontuan hartzea garrantzitsua zela adierazi zen. Ingurumen azterlan estrategikoan bilketa bat egiten da, Nafarroako haize-parkeetan hegaztiekin izandako gorabeheren gainean duela hogei urte baino gehiagotik hona egiten ari diren jarraipen lanak bilduta. Hala ere, aldagai horiek ez dira kontuan hartu Planeko harrera-ahalmenaren mapan, horietako batzuen kasuan zaila baita informazio hori txertatzea eta irudikapen kartografikoan adieraziko diren neurri zehatzetan objektibatzea. Horrenbestez, tramitatuko diren haize-parke berrien proiektu bakoitzaren ingurumen eraginaren ebaluazioan hartu beharko dira kontuan aipatutako alderdiak.
Haize-parke izan daitezkeen eremuak lortzeko, Espainiako Atlas Eolikoa hartu da abiapuntutzat erregimen eolikoaren ezaugarriak zehazteko, eta ondoren haize-parke izan litezkeen eremu zehatz batzuk hautatu dira, eredu propio baten arabera. Ondoren, haize-parke izan litezkeen eremuak aurretik egindako harrera-ahalmenaren maparekin gurutzatu dira, eta ondoriozko eremu eolikoak “lehentasunezko” eta “erreserbako” gisa sailkatu dira.
Lehentasunezko eremu eolikoak 31 kokagune dira; egokitasun ertaina dute, hau da, horien azaleraren zatirik handienak ez die eragiten egokiak ez diren eremuei edo mugak dituztenei. Lehentasunezko eremu eoliko batzuetan, oro har egokitasun ertaina badute ere, ikusi da horien azaleraren zati bat ez dela egokia edo mugatua dela. Hori bereziki hartu beharko da kontuan eraginak kentzeko egiten diren proiektuetan (egokiak ez diren eremuen kasuetan) edo horiek murrizteko egiten direnetan (mugak dituzten eremuen kasuetan).
Erreserbako eremu eolikoak 19 kokagune dira; egokitasun txikia dute, hau da, horien zatirik handiena eremu ez egokiak dira edo mugak dituztenak.
Lehendik dauden haize-parkeak berritzeari dagokionez (potentzia handiagoko haize-sorgailuak jarrita), Planak Nafarroan hori inplementatzeko dauden aukeren balorazioa egiten du, ikuspuntu teknikotik bakarrik. 2020rako Nafarroako III. Energia Planaren ingurumen ondorioen adierazpenean jada eskatu zen zehazteko zein ziren funtzionamenduan zeuden haize-parkeak berritzea oztopatzen zuten eragozpenak, baina lan hori ez da egin, nahiz eta beharrezkotzat jotzen den, posible bada, horren inguruko neurriren bat inplementatzea.
Energiaren garraioari eta banaketari dagokienez, Planaren indarraldian (2030 arte) azpiegitura batzuk eraikitzea aurreikusi da, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren edo ingurumen ukipenetarako baimenaren prozesuaren pean egonen direnak. Beraz, horiek onetsiz gero, sorturiko eraginak txikiagotzeko zuzenketa neurri egokiak ezarriko dira.
Planean jasotako zentral hidroelektriko txikietan egin beharreko jarduketei dagokienez, horiek zehaztu ondoren, baloratu egin beharko da jarduketa horiek bateragarriak diren Nafarroan ibaiak kontserbatzeko eta lehengoratzeko burututako politika eta jarduketekin (bereziki, LIFE Irekibai edo LIFE Territorio Visón proiektuen esparruan ibaietako habitata hobetzeko oztopoak kentzea eta bestelako hobekuntza lanak). Halaber, begiratu beharko da bateragarriak diren Urari buruzko Esparru Zuzentarauan lur azaleko ur masen egoera ez hondatzeko, hobetzeko eta berreskuratzeko ezarritako printzipioarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, jasotako alegazioak aztertuta, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. 2030erako Nafarroako Energia Planaren aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da. Sustatzailea Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia da.
2. Plana garatu beharko da Ingurumen azterlan estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta bertan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta.
3. 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuek, berotegi-efektuko gasen emisioak (BEG) murrizteari dagokionez, bat egin beharko dute Nafarroako klima-aldaketaren ibilbide-orrian ezarritakoekin, eta hala behar denean, egin daitezkeen berrikusketekin.
4. Nafarroako energia eolikoaren harrera-ahalmenaren mapan ezarritakoarekin bat, honako hauek hartu dira haize-parkeak jartzeko egokiak ez diren eremutzat:
a. Natura 2000 Sarea osatzen duten lur guztiak.
b. Nafarroako naturagune babestu guztiak.
c. Nafarroako estepako hegaztiak kontserbatzeko intereseko eremuak, zehazki oso handia, handia eta ertaina kategorietan sailkatuak daudenak.
d. Interes geologikoko guneak.
e. Nafarroako Lurraldearen Antolamenduaren planetan zehaztutako hauek:
I. “Hezeguneak” babes bereziko eremuak, hezeguneak eta zingirak eta haien babes zerrendak.
II. Interes bereziko landarediak.
III. Paisaia Naturalak.
IV. Paisaia Bereziak.
V. Ibai inguruneak, ubide eta ur-bazterren sistema.
f. Interes Kulturaleko ondasunak eta haien babes inguruneak.
g. Aztarnategi arkeologikoak eta haien babes inguruneak.
h. Abelbideak eta Donejakue bidea, bai eta horien inguruneak ere.
i. %50etik gorako malda duten lur malkartsuak.
j. Ingurumen arrazoiengatik haize-sorgailuak jartzea aurretik debekatua duten eremuak.
Honako hauek hartu dira haize-parkeak jartzeko mugak dituzten eremutzat:
a. Nafarroan populazioa oso murriztua duten espezieak larrean ibiltzeko, atseden hartzeko, ugaltzeko eta elikatzeko guneak; espezie horietako batzuk galzorian daude eta 2009/147/EE Zuzentarauak eta 92/43/EEE Zuzentarauak babesten dituzte.
b. Honakoek okupatutako guneak: kontserbaziorako lehentasunezko interesa duten habitatak, bertako baso naturalak, bai eta kontserbaziorako interes handia duten bestelako landaredi unitateak ere.
c. %50 eta %30 arteko malda duten lurrak.
d. Lurraldearen Antolamenduko planen arabera lurraldeak konektatzen dituzten eremuak.
e. Funtzionamenduan dauden haize-parkeak han daudelako eragin metakorrak dituzten guneak edo Ingurumen eraginaren indarreko adierazpena duten guneak.
5. Haize-parkeen proiektuei buruz eginen diren ingurumen eraginaren azterlanetan nahitaez sartuko da hegaztiek eta saguzarrek espazioaz egiten duten erabileraren urte osoko zikloaren aldez aurreko azterlana, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ezarriko duen protokoloaren arabera. Urte osoko zikloaren azterlan horrek urtebeteko indarraldia izanen du bukatzen denetik Administrazioari proiektuarekin eta Ingurumen eraginaren azterketarekin batera aurkeztu arte.
6. Kontuan hartuta 2017ko azaroaren 22an Nafarroan bazela 406,70 MW-ko potentzia eolikoa aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena izan arren, eraiki ez diren parkeetan, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak identifikatu egin beharko ditu zein diren proiektu horiek martxan jartzeko oztopoak. Hori oinarri hartuta, beharrezko neurriak hartuko dira haize-parkeak egin ahal izateko aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena duten guneetan.
7. NEP 2030 plana onetsi ondoren eginen den lehen urteko jarraipen txostenean, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak eguneratu egin beharko du eskura dauden azken datuekin baimena izanik oraindik eraiki gabe dauden haize-parkeei buruzko informazioa, bai eta tramitazio egoeran daudenei buruzkoa ere.
8. Haize-sorgailuen bilakaera dela eta (oro har gero eta handiagoak dira), beharrezko azterlan guztiak eginen dira, jakiteko zein den ingurumenean sortutako eragin berria, bereziki faunaren eta paisaiaren gaineko eragina. Lehengoen ordez neurri makina handiagoak jartzea proiektuaren aldaketa gisa tramitatuko da, eta, hala badagokio, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedura eginen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera.
9. Urtebeteko epean ikerlan bat eginen da jakiteko ea lehendik dauden haize-parkeen potentzia handitzeak ingurumenean eraginik eduki lezakeen.
10. Urtebeteko epean Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak azterlan oso sakona egin beharko du, ebaluatzeko Nafarroan energia geotermikoa ustiatzeko benetako aukerarik dagoen eta identifikatzeko horretarako aukera gehien duten eremuak.
11. Ikerketa, garapena eta berrikuntzaren (I+G+b) jarduketen esparruan (NEP 2030 planaren 8. kapituluan garatu dira, zehazki “8.1.1 Energia eolikoa” apartatuan), parkeen ingurumen eragina murriztera bideratutako lan-ildoak sartu beharko dira. Helburuen artean honakoak sartuko dira:
–Hegaztiak eta kiropteroak kaltea eragiten ahal dieten tokietatik uxatzeko nazioartean dauden neurrien eraginkortasuna begiratzea.
–Faunarentzat arriskutsuak diren egoeretan makinek aldi baterako geldialdiak egiteko sistemak eta teknologia garatzea.
–Haize-sorgailuen ezaugarri berrien ondorioz hegazti eta saguzarrentzat arriskutsuak izan daitezkeen egoerak identifikatzeko sistemak eta teknologia garatzea.
–Mehatxu maila handipean katalogatutako espezieen heriotza-tasaren datuak daudenean, horien ziklo biologikoaren fase ezberdinetako portaera aztertzea (aireko pasabideak, larrean ibiltzeko eta ugaltzeko guneak, etab.), gune eoliko izan daitezkeenak identifikatzeko informaziorik hoberena izateko.
–Haize-parkeek eta horiei lotutako azpiegiturek hegaztiengan duten eragin metakorra eta sinergikoa aztertzea, eta informazio hori NEP 2030 planeko energia eolikoaren harrera-ahalmen mapan jasotzea.
–Haize-parkeen paisaia-integrazioa hobetzea.
12. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak Ingurumena Zaintzeko Programa garatuko du, Ingurumen azterlan estrategikoan aurreikusi bezala. Plana hiru hilabeteko epean onetsi ondoren, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaio jarraipenerako eta emaitzen aurkezpenerako protokoloaren proposamena, urteko txostenak egiteko.
Txosten horiek jendearen eskura egonen dira Garapen Ekonomikorako eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuetan, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere.
13. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
14. Ebazpen hau jakinaraztea Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, alegatzaileei, eta kontsultetan erantzun zuten pertsonei eta entitateei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko abenduaren 15ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
I. ERANSKINA
Kontsulten tramitea
Lergako Udalak kontsiderazio batzuk egin ditu 2030erako Nafarroako Energia Planaren zirriborroa egiteko prozesuari buruz. Era berean, adierazten du instalazio eolikoak berritzeko asmoa beste Energia Planetan azaltzen zela eta ez dela inplementatu. Bukatzeko merkataritzari buruzko kontsiderazio batzuk egiten ditu, bai eta haize-parkeen baimen administratiboen iraganeko tramitazioari buruzkoak ere.
Larragako Udalak eta San Martin Unxeko Udalak adierazten dute Planaren Ingurumen azterlan estrategikoa haren laburpena besterik ez dela, ingurumen edukirik gabekoa, eta aurkeztutako Plana bera ez datorrela bat zehatz-mehatz aurretik aurkeztutako Planaren zirriborroekin. Halaber, azaltzen dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren lanketan parte hartzeko eskatu zuten toki entitateei bakarrik jakinarazi zaiela Ingurumen ebaluazio estrategikoaren tramitearen abiaraztea, eta Nafarroako Gobernuak legezko tramiteen bidez jabetu zitezela utzi duela. Era berean, adierazten dute plana egiteko prozesuan toki entitateek egindako ekarpenak ez direla agertzen ingurumen ebaluazio estrategikoa egiteko aztertu diren dokumentuetan, eta enpresa pribatuek bai izan dutela Planaren lanketan parte hartzeko aukera.
Conrado García Napalek azaltzen du ez dagoela ingurumen arloko inolako agiririk ziurtatzen duenik ingurumen ebaluazioaren printzipioak beteko direla. Era berean, aipatzen du 2030erako Nafarroako Energia Planak Nafarroako Foru Komunitatearen eta espainiar estatuaren esparruak gainditzen dituela eta Europar Batasun osoari eragiten diola, batez ere Frantziari, herrialde horrekin interkonexioak aurreikusten baititu; adierazten du Ingurumen ebaluazio estrategikoa egitean horregatik ez duela bete Nafarroako Gobernuak arauan mugaz gaindiko kontsultei buruz zehazten dena.
Halaber, azaltzen du 2030erako Nafarroako Energia Planak Nafarroan haize-parke izan daitezkeen eremuen zerrenda duela, bai eta baimendutakoena eta tramitazio egoeran daudenena ere; azken horien artean, Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutakoak daude, eta horien aurkako alegazioak aurkeztuak dituela adierazi du.
Aragoiko Ingurumen Kudeaketaren Institutuak azaltzen du hasierako dokumentu estrategikoak 4 helburu proposatzen dituela: klima-aldaketaren aurka aritzea CO2 emisioak murriztuta, erregai fosiletatik datorren energia asko murriztuko duen energia mixerantz jotzea, hornidura bermatzea eta pobrezia energetikoa murriztea, eta energia berriztagarrien berrikuntzan liderra izatea.
Ingurumen azterlan estrategikoari dagokionez, adierazten du aztertu beharrekoak direla Aragoin ingurumenaren aldetik ahulak izan daitezkeen eremuetan Plana aplikatzeak izaten ahal dituen zuzeneko eta zeharkako ondorioak. Horien artean daude Natura 2000 Sarea, naturagune babestuak, espezie mehatxatuen babeserako araudian sartutako eremuak, interes geologikoko tokiak eta Aragoiko naturagune babestuen legedian ezarritako Aragoiko Naturagune Bereziak.
Era berean, azaltzen da Planean azkenean aukeratutako ekintzetatik Aragoiri eragiten ahal dioten ingurumenaren gaineko ondorio sail bat eratorriko direla, hala nola lurraldearen zatiketa, bai eta habitatena eta animalia eta landareen populazioarena ere; eragin metakorrak jada eraikita edo proiektu fasean dauden beste azpiegitura eta instalazio batzuekin; lurraldea okupatzeko egungo ereduaren okupazioa eta aldaketa; hondakinak sortzea; airearen, hotsaren eta paisaiaren kutsadura; eta sare hidrologikoa aldatzea. Horregatik guztiagatik, eskatzen du identifikatzeko zein diren Aragoiri eragiten ahal dioten azpiegitura linealak, proiektuak edo jarduketak, horien eraikuntzarengatik, hedapenarengatik edo ustiapenarengatik izan.
II. ERANSKINA
Alegazioen laburpena
1. Lergako Udala.
Lergako Udalak alegazio hauek egin ditu:
–Toki entitateak aintzat hartzea NEP 2030 plana egiteko.
–Toki entitateen ekarpenen arabera, behar diren aldaketak egitea NEP 2030 planean.
–Nafarroako Administrazioaren aurreko jarduketei dagokienez egokiak diren erantzukizuneko prozedurak hastea (Nafarroako II. Energia Planari egindako alegazioetan agerian jarri ziren, baita alegazio hauetan eta eskatutako ikerketa batzordeetan ere), eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko fiskaltzari igortzea horietan dagoen eskaera.
–NEP 2030 planean sartzea ezbairik gabe Auzitegi Gorenak eman berria duen epaitik eratorritako araudia. Epai horretan jasotzen da beste erkidegoetako udalek enpresa elektrikoei zergak ezartzen ahal dizkietela energia garraiatzeko instalazioak erabiltzeagatik.
–NEP 2030 planari egindako ekarpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratzea.
2. Agoizko Udala.
Agoizko Udalak alegazio hauek egin ditu (batzuk 2030erako Nafarroako Energia Planari dagozkio, eta besteak aurreko Energia Planari):
1. Aurreko Energia Planari egindako alegazioak. Eskatu zen Energia Plan hartan sartzeko oinarrizko 2 puntu hauek nabarmentzen dituen txostena:
–Aurretik aipatu bezala, Aragoiko Gorteetako osoko bilkurak 1992ko ekainaren 30eko bileran hartutako ebazpenak ezartzen du ukituek aprobetxamendu hidroelektrikoan parte hartu behar dutela. Ebazpen hori Urari buruzko legediaren araudiaren (gaur egun Uren Legearen testu bategina 2001) barrenean sartzearen ondorioz, Agoizko Udalak Itoizko urtegiaren aprobetxamendu hidroelektrikoetan parte hartu behar du, alde batera utzita nola egiten den espedientearen tramitazioa.
–Aprobetxamendu hidroelektrikorako kontzesio administratiboa Estatuaren eskumena da, nahiz eta obra autonomia erkidegoko Administrazioak finantzatu, eta hark jaso beharko du, bere eskumen normatiboak hala aurreikusten baitu, obra hidraulikoek ukitutakoek aprobetxamendu hidroelektrikoetan parte hartzea, kasu honetan Agoizko Udalak parte hartzea Itoizko urtegiko eta Nafarroako Ubideko zentral hidroelektrikoetan.
2. NEP 2030 planari egindako alegazioak:
–Toki entitateak aintzat hartzea 2030erako Nafarroako Energia Planari dagokion guztian.
–Agoizko Udalak Itoizko zentral hidroelektrikoaren ustiapenean parte hartzeko eskubidea duela erreklamatzen du, estatuan aplikatzen ari den araudiaren arabera, eta ez dela ulertzekoa Itoitzen kasuan hori ez aplikatzea.
–Gauza bera gertatzen da toki entitateek urtegiari tributu-ordainarazpenak aplikatzerakoan ere: estatuan aitortzen dira eta Nafarroan ez. 2/1995 Foru Legea eguneratu behar dela galdegin da.
–Eskatzen da 2030erako Nafarroako Energia Plana egiterakoan azterlan oso bat egiteko Itoizko urtegiak eta Nafarroako Ubideak ukitutako toki entitateek zentral hidroelektrikoek sortutako diru-sarreretan parte hartzeko duten eskubideaz, bai eta iragandako urte hauetan (zehazki zentral horiek martxan jarri zirenetik) toki entitateek jaso ez dituzten diru-sarreren araubide iragankor bat ere. Horri dagokionez, gogorarazten du zentralak eraikitzeko lizitaziorako, hitzarmen batzuk sinatu behar zirela Estatuaren eta Nafarroaren artean, eta Nafarroako Parlamentuak berretsi behar zituela; aipatzen du dokumentu horiek ezkutatu egin zitzaizkiela Itoizko urtegiak ukitutako toki entitateei.
–2030erako Nafarroako Energia Planak zuzenketa bat egin behar du; enpresa ustiatzaileek, instalazio batzuengatik (kargarako ubidea, zentraleko eraikina, deskargarako ubidea, linea elektrikoak etab.) ez dute batere kanonik ordaintzen, eta instalazio horiek ez dute toki entitateek emandako indarreko inolako baimenik. Eskatzen du zentral hidroelektrikoak ustiatzen dituzten enpresak behartzeko herri-lurrak behar den bezala erabiltzera, toki entitateei dagokien kanona ordainduta.
–Energia Planean aztertu egin behar da egun erabiltzen ez diren zentral horiek martxan jartzeko aukera, eta, gainera, Itoizko urtegiarekin batera plan bat egin behar da, eskola-taldeek azter dezaten, etab.
–Agoizko Udalari eta Itoizko urtegiak ukitutako gainerako udalei partaidetza ematea legeak arautzen dituen alderdietan.
–2015-2019 legegintzaldirako Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoari jarraikiz, bide egokien bidez jakinarazi dadila gobernuak Garoña eta Castejongo kasuei buruz duen jarrera.
–Itoizko urtegiak ukitutako udalentzat nahitaezkoa da gobernuak jarrera hartzea eta Itoizko urtegian gertatutakoa kontuan hartzea, aurreko legegintzaldietan Nafarroako Gobernuak sistematikoki ez dituela bete hura eraikitzeko ukitutako entitateekin hartutako konpromiso guztiak, zentral hidroelektrikoak martxan jarri direla toki entitateen parte-hartzerik gabe, aurrekontuan sartutako obrak tiraderetan gelditu direla, etab.
3. Eslabako Udala.
Eslabako Udalak alegazio hauek egin ditu:
–Toki entitateak aintzat hartzea NEP 2030 plana egiteko.
–Toki entitateen ekarpenen arabera, behar diren aldaketak egitea NEP 2030 planean.
–Nafarroako Administrazioaren aurreko jarduketei dagokienez egokiak diren erantzukizuneko prozedurak hastea (Nafarroako II. Energia Planari egindako alegazioetan agerian jarri ziren, baita alegazio hauetan eta eskatutako ikerketa batzordeetan ere), eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko fiskaltzari igortzea horietan dagoen eskaera.
4. Larragako Udala.
Larragako Udalak alegazio hauek egin ditu:
NEP 2030 plan berria idatz dadila, zeinak egindako jarduketen erabateko deuseztasuna ekarriko duten zuzenketak bilduko baititu:
–Ingurumen azterlan estrategikoari egindako iradokizunek ez zuten erantzunik jaso.
–Partze hartzeko prozesuaren aholkularitza lanak EINi enkargatu izana salatu zuen, eta ez du erantzunik jaso. EINi enkargatutako aholkularitzari dagokionez: bateraezintasuna dago Nafarroako Proiektu Eolikoa (Agrowind Navarra 2013) proiektuko bazkidea izateagatik. Gainera, eskatzen du tramite gehiago gabe artxibatzeko Nafarroako Proiektu Eolikoa (Agrowind Navarra 2013), gabezia handiak baititu, eta hori osatzen duten dokumentuak deusez deklaratzea 125/1996 Foru Dekretua ez badute betetzen.
–Tramitazio egoeran dauden haize-parkeen izen zehatzik ez jartzeko eskatzen du, horrek zalantzazkoak izan daitezkeen diru-irabaziak ekar litzakeelako.
–Parkeentzat lizitazio publikoak ezarri behar dira.
Udalerrian sustapen publikoko haize-parkea jarri ahal izateko asmoz Udalak burututako jarduketa guztien zerrenda erantsi du. Alegazioa osorik jaso da NEP 2030 planean parte hartzeko prozesuaren dokumentazioan. Hauek dira aipatutako asmoarekin egindako jarduketa horietako batzuk:
–Larragako Udalak Ingurumen baimena tramitatu zuen San Marcos alderdian baliabide eolikoa neurtzeko dorrea jartzeko. Hainbat urtez jarria egon zen eta haizea neurtzeko dorrearen bidez energia eolikoaren gaineko datuak jaso zituen Larragako Udalak.
–San Marcos haize-parke publikoaren proiektua idatzi eta tramitatu zen; Larragako Udala zen sustatzailea. 2005eko azaroaren 30ean aldez aurreko errekerimendua aurkeztu zitzaion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren irailaren 12ko 512/2005 Foru Aginduari. Foru agindu horren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen 800 MW-ko ziklo konbinatuko zentral batean energia elektrikoa ekoizteko; sustatzailea Elerebro SA zen. Nafarroako Gobernuak ez zion inoiz erantzun Larragako haize-parke publikoaren ukapenean oinarritutako errekurtsoari.
–2004ko azaroaren 9an Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari eskatu zitzaion Energia Planaren lanketan parte hartzea, (sarrera zenbakia: 2004/392705). Inoiz ez zuten bilera batera deitu. 2005eko ekainaren 15ean Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari eskatu zitzaion Energia Planaren lanketan parte hartzea 66 udalekin batera, (sarrera zenbakia: 2005/221273). Inoiz ez zuten bilera batera deitu.
–2007ko abuztuaren 31n Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiari igorri zitzaion maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuan aurreikusitako abala, energia eolikoa sortzeko haize-sorgailuen haize-parke publikoa jartzeko. 2007ko azaroaren 22an Iberdrolak erantzuna eman zuen Larragako Udalaren San Marcos haize-parke publikoari Tafallako azpiestaziora sarbidea emateko bideragarritasunari buruz eta eskatu zuen Tafallako lotunetik energia ateratzeko mahaian Larragako Udala sartzeko.
–2007ko urriaren 19an (sarrera zenbakia: 2007/421852) Tafallako lotunetik energia ateratzeko mahaian parte hartu ahal izatea eskatu zen; betetzat jo zuen Enpresako zuzendari nagusiaren abuztuaren 22ko 4223/2007 Ebazpenak. Ez zitzaion inoiz erantzunik eman Larragako Udalari. 2005-2010erako Nafarroako Energia Planari alegazioak egin zitzaizkion, (sarrera zenbakia: 2006/399205).
5. San Martin Unxeko Udala.
San Martin Unxeko Udalak alegazio hauek egin ditu:
–Toki entitateak aintzat hartzea NEP 2030 plana egiteko.
–Toki entitateen ekarpenen arabera, behar diren aldaketak egitea NEP 2030 planean.
–Dokumentu tekniko zuzen bat egin dadila NEP 2030 planari 21/2013 Legearen araberako Ingurumen ebaluazio estrategikoa egiteko, eta horrela berma dadila toki entitateei kontsulta egiten zaiela.
–Nafarroako Administrazioaren aurreko jarduketei dagokienez egokiak diren erantzukizuneko prozedurak hastea (Nafarroako II. Energia Planari egindako alegazioetan agerian jarri ziren, baita alegazio hauetan eta eskatutako ikerketa batzordeetan ere), eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko fiskaltzari igortzea horietan dagoen eskaera.
–NEP 2030 planean sartzea ezbairik gabe Auzitegi Gorenak eman berria duen epaitik eratorritako araudia. Epai horretan jasotzen da beste erkidegoetako udalek enpresa elektrikoei zergak ezartzen ahal dizkietela energia garraiatzeko instalazioak erabiltzeagatik.
6. Leringo Udala.
Leringo Udalak adierazten du haren udal-mugartean une honetan tramitazio egoeran dagoela haize-parke baten proiektua, eta horren hasierako bertsio batean sustatzaileak 6 haize-sorgailu kokatzen zituela Baigorri Hegoa estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremuan edo haren inguruan. Haize-sorgailu horietako batzuk Leringo Udalaren herri-lurretan kokatzen ziren.
Ondoren, 2030erako Nafarroako Energia Planean aintzat hartzen ari ziren irizpideen berri izatean, sustatzaileak proiektuaren aldaketa bat aurkeztu zuen, eta haize-sorgailu horiek ingurumen eragin txikiagoko beste eremu batzuetan kokatu zituen, Baigorri Hegoa estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremutik urruti. Leringo Udalaren nahia da haize-sorgailu horiek jartzeko proposamena berreskuratzea, eta, haize-sorgailu horiek bateragarriak izan daitezen, eskatzen du balizko hiru irtenbide kontuan hartzeko:
a) Irizpidea aldatzea, eta estepako hegaztien kontserbaziorako eremuak, interes handiko edo ertaineko kalifikazioa dutenean, “egokiak ez diren eremu” gisa jo beharrean, “haize-parkeak jartzeko ingurumenari eta lurraldeari dagozkion mugak dituzten eremu” gisa jotzea.
b) Estepako hegaztien kontserbaziorako intereseko eremuaren mugak aldatzea, haize-sorgailuak hortik kanpo uzteko.
c) Sustatzaileari uztea haize-sorgailu horiek beste nonbait kokatzeko proiektua aurkez dezala.
Azkenik, Leringo Udalak bere balorazioa egiten du haize-parkeen eta estepako hegaztien arteko bateragarritasunari buruz, eta irizten du funtzionameduan dauden haize-parkeek estepako hegaztiengan duten eragina oso txikia dela, eta kaltegarriagoak izan direla azken urteetan Nafarroako Erdialdean izan diren aldaketa handiak, lehorreko sailak sail ureztatu bihurtzeko. Halaber, proposatzen du bere udal-mugarteko ingurumen balioa mantentzeko eta hobetzeko modurik hoberena dela ekintza-plan bat burutzea bere estepa eremuetan, hango populazioak kontserbatzeko eta hobetzeko; honakoak bildu behar lituzke plan horrek: nekazaritzaren inguruko neurriak hartzea, abeltzaintza estentsiboa antolatu eta kudeatzea, habitatak hobetzea, etab.
7. Sustrai Erakuntza.
Irizten du ezin dela ukatu badagoela energiaren krisi bat, bai eta materialena ere (petrolioak goia jo du) eta ezin dela sektore pribatuaren esku utzi energiaren ekoizpena, “gehiago saltzeko” helburuarekin. Beharrezkoa iruditzen zaie Nafarroako biztanleriaren indarra areagotzea, bai eta egoera aldakorretara egokitzeko duen gaitasuna ere, eta bere buruarengan duen konfiantza handitzea kontsumitzen dugun energiaren gaineko kontrol handiagoa izanda, honela: gutxiago erabiltzen ikasita, menpekotasuna murriztuta eta erresilientzia handituta.
Era berean, txarra iruditzen zaio geroak eta haren ziurgabetasun guztiek (petrolioa eta gasa agortzea eta garestitzea, eta baliabideak kontrolatzeko egiten diren gerrak) errealitate soziala alda dezaten uztea, gutxi eta gaizki planifikatutako modu batean. Beharrezkoa iruditzen zaie plangintza beste eskala batean egitea, haranez haran eta herriz herri, eta energiaren erabilera diagnostikatzea eta ikuskatzea oro har sektore guztietan eta bereziki instalazio bakoitzean. Beste eredu bateranzko bidea eta trantsizio aldia planifikatu behar da.
Kaltegarria iruditzen zaio argindarraren ekoizpenari mugarik ez jartzea Nafarroan eta inbertsio pribatuek nahi duten adina ekoiztea, bai eta pertsona bakoitzeko urtean kontsumitzen den energiari mugarik ez ezartzea ere. Beharrezkoa iruditzen zaie Nafarroako argindarraren ekoizpena planifikatzea Nafarroako argindarraren kontsumoaren arabera, eta gehieneko maila edo helburu bat ezartzea pertsona bakoitzeko urtean kontsumitzen den energia horri; hau da, Nafarroan kontsumitzen den energiari jarritako muga bat, hartu beharreko erabakietan erreferentzia izan dadin.
Sustrai Erakuntzari kaltegarria iruditzen zaio ekoizpenerako zentral handien aldeko apustua egitea, hala nola Castejongo zentral termikoak (horietako bat legez kanpokoa deklaratua), inportatutako gas naturala edo fracking bidez lortutako gas naturala erabiltzen baitute eta 400 kV-eko goi tentsioko lineak baitituzte negozio pribatua esportatzeko; baita haize-parke handien aldeko apustua ere, argindarra kanpora esportatzeko. Era berean, beharrezkoa iruditzen zaio eguzki energia fotovoltaikoaren, eskala txikiko eolikoen eta mikrogenerazioen aldeko apustua egitea, argindarraren ekoizpen deszentralizatua sustatuta balantze garbiaren eta autokontsumoaren bidez. Plangintza beste eskala batean egin behar litzateke, haranez haran eta herriz herri. Edozein energia motaren kasuan, baina bereziki biomasaren kasuan.
Sustrai Erakuntzak adierazten du ez litzatekeela sustatu behar Etxabakoitzen Prestazio Handiko Trenaren (PHT) geltokia eraikitzea, Tafallako geltokia kentzea eta PHTrekin jarraitzea, Nafarroako historiako diru eta energia gasturik handiena eginez. Planak auto pribatua (elektrikoa izan edo ez) sustatzea ez zaio onuragarria iruditzen. Egoki irizten du Nafarroako mugikortasunaren plangintza publikoa egitea, garraio pribatuaren erabilera murrizteko, eta nazioarteko zabalera izanen duen tren publikoan oinarritutako garraio ereduaren aldeko apustua egitea, beharrezkoak ez diren oinarririk gabeko makroproiektuetan (bideragarritasun ekonomikoari buruzko plan sinple bat ere izan gabe) dirua xahutzea saihesteko, bai eta garraio publikoa sustatzeko ere.
Iruditzen zaie ez litzatekeela jarraitu behar higiezinen “garapenarekin”, enpresa sustatzaile eta eraikitzaileen interes pribatuen alde egiten baitu gizartearen interes orokorraren kalterako, adibidez UPS hauetan: Etxabakoitz, Aroztegia edo Gendulain. Uste dute etxebizitzen eta oro har eraikuntzaren sektorearen birgaitze energetikoaren aldeko apustua egin beharko litzatekeela, alokairu soziala sustatuta eta oro har bultzatuta etxebizitza hutsik ez egotea, egun ez bezala, eta hala etxebizitzen energiaren eskaera murriztuko da familien zuzeneko onurarako.
Iruditzen zaie ez litzatekeela bultzatu behar uraren pribatizazioa eta oinarrizko ondasun horren gaineko espekulazio ekonomikoa, funts publikoekin ordaindutako azpiegiturez baliatuta (adibidez Itoizko urtegia eta Nafarroako Ubidea edo Esako urtegia handitzea); lurrak pertsona gutxi batzuen eskuetan gelditzea ere ez litzateke bultzatu behar, eta transgenikoak erabiltzea ere ez. Proposatzen dute ureztatzaileen elkarteei laguntzea ura aurrezteko planen bidez eta ureztatzeko sistema tradizionalak bultzatuta; jaten ditugun elikagaiak Nafarroan bertan ekoiztearen aldeko apustua egitea eta horrela hurbileko nekazari txikiei laguntzea, zehazki nekazaritza ekologikoan ari direnei.
Ez zaie egokia iruditzen Nafarroako Gobernuaren funts publikoak energiaren oligopolioko enpresetan inbertituak edukitzea, horiek berriztagarriak ez diren energiak erabiltzea bultzatzen baitute, eta gainera fakturen sistema zail eta ilun baten bidez merkaturatzen baitituzte. Enpresen interes pribatuaren arabera planifikatzea ere ez zaie egokia iruditzen, instituzio publikoetatik planifikatu beharrean, gizarte eredua eta eredu energetikoa antolatuz. Proposatzen dute diru publikoa inbertitzea energiaren burujabetzaren eta elikaduraren burujabetzaren plana martxan jartzeko (horrela tokiko ekonomia suspertuko litzateke) eta tokiko ekonomia indartzeko eskualdeko moneta bat martxan jartzeko. Iruditzen zaie planifikatu egin behar litzatekeela eredu energetikoa, interes publiko eta sozialaren alde, helburu horretarako sektore pribatua kontuan hartuta, eta I+G+b delakoa gizartearen lehentasunetara bideratu behar litzatekeela, ez interes komertzialetara.
Era berean, ez zaie egokia iruditzen CO2 neurtzea “adierazle” gisa, erabilitako energia primarioaren neurketa erabili beharrean. Proposatzen dute Nafarroaren aztarna ekologikoa ez dela kalkulatu behar ezjakintasunean edukiko gaituen modu horretan, ez baitakigu deus ere dugun eredu ekonomiko eta sozialaren garapenaz, ezta kontsumoak Nafarroatik kanpo eramateaz ere. Proposatzen dute Nafarroaren aztarna ekologikoa modu publikoan kalkulatu eta eguneratua mantendu behar dela, adierazle erabilgarria izan dadin jakiteko autonomiari dagokionez zein den Nafarroako gizartearen bilakaera.
Azkenik, proposatzen dute hondakinak beste modu batean kudeatzen hasi behar dela; indartu behar dira murrizketa, berrerabiltzea eta birziklatzea, eta abian jarri behar dira %70 baino gehiagoko birziklatze tasak lortuko dituzten metodoak.
8. Francisco Galán Soraluze.
Alegazio hauek egin ditu:
–Nafarroako azterketa hidrologikoa: NEP 2030 planean sartu behar da eraiki daitezkeen zentral hidroelektrikoei buruzko azterketa.
–EHN-en haize-parkeak: NEP 2030 planean sartu behar da EHNk 1995eko azterlanean aurreikusitako haize-parkeen azterketa eta aurreikuspenen artean komenigarriak direnak sartu.
–Biomasa: NEP 2030 planak landu behar luke Zangozako instalazioan egurra erabiltzeko aukera eta Nafarroako hegoaldean beste lasto zentral bat eraikitzea bultzatu behar luke.
–Fotovoltaikoa: NEP 2030 planean sartu behar da energia fotovoltaikoa ekoizteko ordu baliokideen azterketa eta parke fotovoltaiko handien kokaguneak zehaztu behar dira.
–Erriberri-Itxaso linea: NEP 2030 planak beligerantea izan behar du Erriberri-Itxaso linea elektrikoa eraikitzearen alde, bai eta Frantziako sistema elektrikoarekin lotura eraikitzearen alde ere.
–Nafarroako planteamendu elektrikoa: linea elektrikoak: NEP 2030 planak aztertu egin behar ditu zein linea behar diren zentral berrien aprobetxamendurako, eta horien bideragarritasunerako ingurumen azterlanak egin; modu horretan, energia berriztagarrien zentral berrien lehiaketa nazionalak deitzen badira, eskaintzak benetan eraikiko direla jakinda egin ahal izateko.
–Planak Industria Ministerioari mahaigaineratu behar dio landare jatorria duten hidrokarburoen kopurua handitu behar dela.
9. Gestamp Eólica SL
Gestamp Eólica SLk adierazten du NEP 2030 planean proiektatutako jarduketen artean ez dela inolako aipamenik egiten tramitazio egoeran egonik oraindik baimenik ez duten haize-parkeei buruz.
Gestamp Eólica SLk tramitazio egoeran du une honetan “Sierra de Peña parke eolikoa eta horren energia bideratzeko azpiegiturak” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (UPS). Enpresak uste du lehenago gerta litekeela Plana onestea haize-parke horren espedientearen ebazpena ematea baino, eta ebazpen hori emateko Planean inplementatutako irizpideak hartu litezkeela kontuan. Uste du Energia Planak bide eman behar duela tramitazio egoeran dauden haize-parkeek, horretarako baldintza guztiak betetzen badituzte, baimena jasotzeko, nahiz eta ez egon Planean zehaztutako “eremu potentzialetan”.
Gainera, azaltzen du ez litzatekeela proposatu behar Energia Plana berehala eta modu loteslean aplikatzea tramitazio egoeran dagoen UPS bati; izan ere, hori aplikatzean haize-parkeari baimena ukatuko balitzaio, justifikatzen zailak diren kalteak sortuko lirateke.
Era berean, adierazten du Energia Planak LAPetan ezarritako babesguneen mugaketa jasotzen duen heinean, Energia Planak aurreikusi behar duela haize-parkeen harrera-ahalmenaren mapa eguneratzeko aukera, udal planek edo lurraldearen antolamendurako tresnek ezar litzaketen babes bereziko eremuen mugaketa berriaren ondorioz.
10. Asociación Española para la Conservación y Estudio de los Murciélagos (Secemu)
Alegazioaren laburpena: Ingurumen azterlan estrategikoa aldatzeko eskatzen da, saguzarren gaineko eraginaren deskribapena ere jaso dezan, hegaztiena deskribatzen den bezala. Hlaber, eskatzen dahonako hauek ere Planean sartzeko: haize-parkeetan kiroptero populazioen jarraipena egitea eta behar diren neurri zuzentzaileak aplikatzea, saguzarrek espazioa nola erabiltzen duten aztertzea eta haize-parkeetan prebentziorako neurriak eta ingurumen irizpideak ezartzea. Gainera, eskatzen dute oro har saguzarrak aipa daitezela hegaztiak adina, gutxienez haize-parkeek sortzen dituzten ukipenei dagokienez; izan ere, instalazio eolikoen eragina gehien pairatzen duten taldeak baitira bi horiek.
Hona hemen egindako alegazioen laburpena:
1. Faunaren gaineko ukipenei dagokienez (8.2.1.2 apartatua) SECEMUk eskatzen du eransteko taula bat Nafarroako haize-parkeetan hilik aurkitu diren saguzar guztien datuak biltzen dituena, hegaztiekin egiten den bezala.
2. Haize-parkeetan jarraipena egitea eta neurri zuzentzaileak aplikatzeari dagokionez (9.1.1 apartatua) eskatzen da saguzarren heriotza-tasaren estimazio bat egiteko, egindako aurkikuntzetan oinarrituta, bai eta zuzenketa bat ere, aleen detektagarritasun eta iraunkortasun indizeen arabera.
3. Haize-parkeetan jarraipena egitea eta neurri zuzentzaileak aplikatzeari dagokionez (9.1.1 apartatua) alegazioak eskatzen du heriotza-tasa handiak (kopuruarengatik edo espezie mehatxatua ukitu delako) dituzten haize-parkeetan saguzarren aktibitatea ikertzeko.
Beharrezkoa bada, ukitutako koloniak aurkitzea eta horien zentsuak egitea tarteka.
4. Haize-parkeetan jarraipena egitea eta neurri zuzentzaileak aplikatzeari dagokionez (9.1.1 apartatua) alegazioak eskatzen du haize-sorgailuen abio abiadura azkartzeko aukera kontuan hartzeko, saguzarren heriotza-tasa handiak dituzten parkeetan aplika daitekeen neurri zuzentzaile gisa, gutxienez heriotza-tasa handienak dauden urte sasoietan.
5. Haize-parkeetako ingurumen irizpide orokorrei dagokienez (9.1.3 apartatua) aipatzen da, hegaztiekin egiten den bezala, saguzarrek espazioa nola erabiltzen duten aztertu behar dela.
6. Haize-parkeetako ingurumen irizpide orokorrei dagokienez (9.1.3 apartatua) aipatzen da, hegaztiekin egiten den bezala, erregistratutako ukipenen datu basean saguzarrak ere sartu behar direla.
7. Haize-parkeak berritzeari dagokionez (9.1.4 apartatua) eskatzen da egun “hegaztiak” bakarrik jartzen duen tokian saguzarrak ere sartzeko.
8. Haize-parkeen hasierako bizitza erabilgarria luzatzeko lanei dagokienez (9.1.5 apartatua) eskatzen da egun “hegaztiak” bakarrik jartzen duen tokian saguzarrak ere sartzeko.
11. Plataforma Suministros Básicos Garantizados-Pobrezia Energetikoaren Aurka
Nafarroako Gobernuak 2017-2018 neguko kanpainan lehentasunez honakoak aplikatu behar lituzkeela uste dute:
1. Gobernuaren eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa hobetuko duen protokoloa sortu beharra.
2. Baremo ekonomikoak zehaztu behar dira, gizarte-egoera ahulean dauden pertsonek diru-laguntza bereziak eta gizarte larrialdiko diru-laguntzak eskuratu ditzaten beharrezko baldintzak ezartzeko. Eta, modu horretan, energiaren oinarrizko hornidura izatea bermatuko zaie.
3. Leihatila bakarra sortzea, hau da, erakunde bat sortzea (lan kooperatiba sozialen bidez adibidez) jendeari eta pobrezia energetikoak ukitutakoei informazioa emateko. Hori nahitaezkoa da gizarte zerbitzuek dagoeneko duten lan-karga arintzeko.
4. Ukitutakoek jaso ditzaketen laguntza ekonomikoen publizitatea egitea.
5. Nafarroan energiaren gaineko ikerketa bat egitea datu errealak izateko.
6. Alokairu sozialean dauden pertsonentzako oinarrizko horniduren titulartasuna Nafarroako Gobernuaren izenean jartzea. Hori neurri aproposa izanen litzateke horniduretan alta emateko konpainiei ordaindu behar zaizkien tasa garestiak saihesteko.
7. Suspertze egoeran dauden pertsonei (ezin izan dute bere etxea erregularizatu, ezta etxebizitza sozial batera sartu ere) lehentasunezko arreta ematea, hornidura izateko bidea errazteko.
8. Gizarte-bazterketako egoeran daudenen etxebizitzetarako efizientzia energetikoari buruzko azterketa.
Espero dugu Nafarroako Gobernuak lagunduko digula pobrezia energetikoari buruzko protokolo eraginkorra egiten; horren bidez, gizarte langileentzako, plataformentzako eta herritarren parte-hartzerako estrategia argi bat ezar genezake, tarte ekonomikoak erregularizatuta eta laguntza horiei behar den publizitatea eginda, negu honetan inork ez dezan pairatu oinarrizko horniduraren mozketarik.
Iragarkiaren kodea: F1714771
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
