1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
332E/2017 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: linea elektriko bat eta hari lotutako azpiestazio bat instalatzea muga-puntu bat berritzeko Bakaikuko udal-mugartean. Sustatzailea Electra Saltea SL da.
2017ko urriaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketaren xedea da sustatzailea den Electra Saltea SL enpresaren eta eskualdeko banatzailearen arteko muga-puntua aldatzea, zerbitzua hobetzeko eta ustekabeko korronte-eteteak saihesteko. Horretarako, aurreikusia dago azpiestazio elektriko berria instalatzea (2 x 6,20 metroko etxola) eta instalazio horretarako hargunea gauzatzea gaur egun dagoen linea elektriko batetik. Bakaikuko 1. poligonoko 130. eta 673. lurzatiak ukituko ditu proiektuak. Hargune berria lur azpitik eginen da, eta 85 metro luze izanen da. Proiektua garatzen den eremu osoa babes eremu bat da, Hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri zituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren ondorioetarako. Hori horrela izanik, deribaziorako erabiliko den euskarria aipatu araudiaren arabera egokitu beharko da.
Espedienteak aldeko txostenak jasotzen ditu, Bakaikuko Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: linea elektriko bat eta hari lotutako azpiestazio bat instalatzea muga-puntu bat berritzeko Bakaikuko udal-mugartean. Sustatzailea Electra Saltea SL da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Deribazio euskarria abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari egokituko zaio; dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren. Horretarako, gaur egun dauden lotzeko isolagailuak U70YB20-AL modeloarekin eta PECA 1000 elementuarekin ordeztuko dira, edo bestela, loturako grapa eta kable eroalea isolatuko dira, metro batean gutxienez ere.
- Linea nagusiko zubi lasaiak isolatuko dira, baita deribazioko zubiak ere.
- Deribazio euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzen dituzten zubiak isolatuko dira, halakorik izanez gero, eta horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
- Arakil ibaiaren ertzeko landaredia ez da inola ere ukituko.
- Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da.
–Hirigintza arlokoak:
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.
- Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak 2017ko azaroaren 21ean emandako txostenarekin bat, eraikuntzak jasan ditzakeen uholdeen maiztasuna txikia bada ere (errepikatze-denbora 500 urtekoa da), ekipo elektrikoak lur naturaletik 30 zentimetro altxatuz gero, kalteak murriztuko lirateke balizko uholde baten aurrean.
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
- Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
- Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 7.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Bakaikuko Udalari, Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldea) eta interesdunari.
Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1800148