Iragarkia
37. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALLO, ARELLANO, ARROITZ, DEIKAZTELU ETA LERIN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Aldaketa ELZren ordenantzan. Behin betiko onespena
Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2017ko azaroaren 10ean egin bilkuran, erregelamenduzko quoruma bildurik zegoela, erabaki zuen hasiera batean onestea ELZren ordenantzako aldaketa.
2017ko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 21ean, delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta jendaurreko epearen iragarkia, baita Mankomunitateko udalen iragarki oholean eta web orrietan ere. Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Aldaketa horrek beharrezko ondorio juridikoak izan ditzan, osorik argitaratzen da haren testua, delako artikuluan ezarria bete beharrez.
Allon, 2018ko urtarrilaren 15ean.–Mankomunitateko burua, Javier Ignacio Munárriz Marturet.
ORDENANTZA, ALLO ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA
Etxeko laguntza zerbitzuak Nafarroako gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualde guztietan ezarri ziren, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuaren babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako etxeko, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzo bat eskainiz.
Menpekotasun organikoa dutenez, etxeko laguntza zerbitzu (ELZ) bakoitzak bere udal araudia du, ordenantza bat gehienetan. Hala ere, eta zerbitzu bera izangatik ere, printzipio, eduki eta prestazio komunekin, udalerri bakoitzak bere araudia du. Egoera horren ondorioz, errealitate ezberdinak sortu dira zerbitzuaren prestazioan, bizilekuaren arabera, eta horrek nahasmena eragin du herritarren ikuspegian.
Egoera hori hobetu nahirik, 2004ko ekitaldiaren amaieran, lan batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez, toki entitateen eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen eskariari erantzunez.
Asmoa izan da guztiendako arautze batera ekartzea etxeko laguntza zerbitzuen esku-hartzearen alderdi funtsezkoak, eta horrela Nafarroan zerbitzu hauek homogeneizatzeko aitzinapausoak egitea. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzuen oinarrizko eskaintzaren definizioa, tarifa sistema baten zehaztapena eta, balorazioak egiteko, denendako tresnen ezarpena.
Horren emaitza da ordenantza eredu hau, toki entitateen eskura jartzen dena. Oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen ekarpen teknikoak jasotzen ditu eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak onetsi du.
1. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren definizioa (ELZ). ELZ udal zerbitzua da, ohiko ingurunean beren oinarrizko eta eguneroko premiak betetzeko mugak dituzten herritar guztiei zuzentzen zaie, eta banakako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu; aldi baterakoa edo iraunkorra izan daiteke egoera bakoitzaren arabera, eta pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea bilatzen du.
2. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzea zer printzipiotan oinarritzen den.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:
–Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute eta administrazioak bere gain hartuko du ardura, finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak bultzatu eta bermatzeko.
–Unibertsaltasuna eta berdintasuna: berdintasuna bilatu behar da (ez berdinkeria), hau da, banakoak modu ezberdinean tratatzea, bakoitzaren premia eta hobespenen arabera. Botere publikoek bermatuko dute eguneko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek zerbitzua eskura izatea.
–Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten bertze zerbitzu eta baliabide batzuekin.
–Prebentzioari orientatuta: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.
–Autonomiaren sustapena: eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan bultzatuko da. Bultzatuko da nork bere erabakiak hartzea bai eraman nahi duen bizimoduari bai gogokoen dituen gauzak hautatzeari dagokionez.
–Norbanakoari egokitutako laguntza integrala: ELZk norberari egokitutako laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko, betiere ordenantza honen 8. artikuluko prestazioekin eta gizarte zerbitzu orokorren zorroko prestazioekin lotura badute, mendekotasuna duten pertsonendako eta adinekoendako zerbitzuetan arreta berezia jarriz.
–Laguntzaren malgutasuna: kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideak konbinatuz.
–Solidaritatea: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.
–Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzea, ahal delarik.
–Koordinazioa: koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku-hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun handiagoa bermatzearren.
–Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izanen da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garatzen diren baldintzak betez.
–Boluntarioen sustapena: herrian bertan, zerbitzua erabiltzen dutenen sostengu sare informalaren atal gisa parte hartzen ahal dute eta.
3. artikulua. ELZko programaren ezaugarriak.
ELZ honelako zerbitzua da:
–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu beren kabuz moldatzeko arazoak dituzten pertsonen edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.
–Normalizatzailea, inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.
–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.
–Integrala, bizikidetza unitateen beharrei osotasunean heltzen baitie.
–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, inor beharrik gabe zentro batera eraman gabe, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.
–Osagarria, oinarrizko bertze laguntza batzuekin batera, helburuak lortzearren.
–Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak betetzen lagunduko duena, haren gaitasunak indartuz, aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.
–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.
–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena behar baitu, bitarteko hoberenak batera erabiliz. Jarraipen horren barruan aldizkako kontaktuak eginen ditu zerbitzuaren arduradunak, laguntza-intentsitatearen arabera:
- Intentsitate handia: kontaktu batzuk astean.
- Intentsitate ertaina: gutxienez kontaktu bat bi astean.
- Intentsitate txikia: gutxienez kontaktu bat (ikustaldi bat etxean) hiru hilabetean.
–Laguntza hartzen duten pertsonen eta haien zaintzaileen hobespenekiko errespetuan oinarritua, betiere bat badatoz bizitza-kalitate egokiaren bermearekin, ELZren eskaintzaren barruan.
4. artikulua. Xedeak.
Etxeko laguntza zerbitzuak helburu hauek ditu:
–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, ingurunearekiko horrek dakarren deserrotzearekin.
–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, autonomia handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.
–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.
–Jarduketak koordinatzea osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.
–Hobetzea norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.
–Autonomia pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea, pertsonarendako laguntzari lehentasuna emanez etxeko mantentze-lanen (garbiketen) gainetik. Azken hauek aldi baterako uzten ahal dira zerbitzuaren premiengatik.
–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduerak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.
–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.
5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.
ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdea osatzen duten udalerrietariko batean erroldatutako pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizitza autonomoa eta independentea izateko oinarrizko jardueretan edo instrumentaletan mugaturik badaude eta, ondorioz, dituzten premia pertsonal eta sozialak beren kasa bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko. Arreta berezia jarriko da mendekotasun dutenengan, adinekoengan eta, aldi baterako, ospitaletik atera ondoren gehienez hilabeteko laguntza behar dutenengan.
ELZk laguntza emanen die bizikidetza unitatea osatzen duten pertsona guztiei, eta eten eginen da, edo erabiltzaileari bakarrik laguntzera mugatu, normalean bizikideak ez diren pertsonak etxean daudenean.
Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:
–Mendekotasun aitortua dutenek.
–Ospitaleko altak edo osasun laguntza optimizatzea, gehienez ere 30 egun naturalean alta ematen denetik edo talde soziosanitarioak balorazioa egiten duenetik. Horren barnean dago aldi bererako hezkuntzako esku-hartzea, laguntza teknika batzuk (garbiketa, mobilizazioa, etab.) irakasteko edo jokabide zehatzak finkatzeko. Tasa bakarra ezarriko da: 9. artikuluko 10. tartekoa.
–Autonomiari modu larrian eragiten dion desgaitasuna (%33koa edo handiagoa) dutenek.
–Autonomo izateko arazoak dituzten adineko pertsonek.
–Autonomiari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenek.
–Familia unitateek, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak dituztenek, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.
Premia maila bera izanik, laguntza pertsonaleko jarduketek izanen dute lehentasuna gainerakoen gainetik, eta, bigarrenik, egindako balorazio sozialaren arabera laguntza-intentsitate handiagoa eskatzen dutenek.
6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.
Etxeko laguntza zerbitzuko lantalde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:
–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, jarraitu eta ebaluatzea.
–Familia-langilea: zuzeneko laguntza dagokio eta, orobat, erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita ere ohiturak eta gaitasunak sortu eta mantentzekoak; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko ditu bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.
Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.
–Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.
Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko bertze profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:
–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da bere ardura, bizikidetza gunean familiaren autonomiari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.
–Psikologoa: esku-hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.
–Bertze profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, enplegu arloko teknikariak, berdintasuneko teknikariak...
7. artikulua. Sartzeko irizpideak.
Mendekotasuna baloratzeko tresnak:
Etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:
–ELZren esku-hartzea onartzea eta baloraziorako behar edo eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.
–Balorazio tresnetan eskuratutako puntuazioak: puntu gehien dituztenek lehentasuna dute. Tresnak 1. eranskinean (oinarrizko eskala) eta 2. eranskinean (ELZren intentsitateen kalkulagailua) agertzen dira. Zerbitzuko langileek proposatuta, aldi baterako laguntza ematen ahalko zaie ikuspuntu sozialetik bereziki ahul direnei.
–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta instrumentalak egiteko (Barthelen eskala). Puntuazio txikiena dutenek lehentasuna izanen dute laguntza jasotzeko.
Mendekotasuna dutenek aukera izanen dute araudi indardunaren arabera dagokien laguntza-intentsitatea jasotzeko:
Etxeko laguntza zerbitzuaren zenbaterainokoa, mendekotasunaren arabera:
- III. maila. Mendekotasun handia: 46-70 ordu hilean.
- II. maila. Mendekotasun larria: 21-45 ordu hilean.
- I. maila. Mendekotasun moderatua: gehienez 20 ordu hilean.
–Sare naturalaren eta bereziki familiaren eta bizikideen sostengua ote duten.
–ELZren onuradunaren eta bere bizikidetza unitatearen egoera (gizarte, ekonomia eta familiaren aldetik).
Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.
8. artikulua. Zerbitzuen zorroa.
8.1. Etxeko laguntzaren intentsitatea 1. eta 2. eranskinetako balorazio eskalen arabera ezarriko da, bai eta onuradunekin adostu ere. Jarduketa hauetariko batzuk (edo guztiak) bilduko ditu:
1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Lehentasuna izanen dute gainerakoen gainetik. Hona hemen, eguneroko bizitzako oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:
a) Norberaren higienea:
–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.
–Bizarra egitea.
–Ohean direnen garbiketa.
–Bainua/dutxa.
–Xatar aldatzea.
–Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.
–Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).
–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.
–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).
Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketak/zainketak.
b) Jantziak/oinetakoak:
–Janztea/eranztea.
–Oinetakoak janztea/eranztea.
–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.
c) Oinarrizko mugikortasuna:
–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.
–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).
–Etxean mugitzen laguntzea.
–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea, betiere ibilgailu partikularrak erabili gabe.
–Sostenguko teknologien aplikazioa.
d) Jarduketa soziosanitarioak:
–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.
–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.
–Osasun-langileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.
–Errezetak eta botikak jasotzea.
–Botikak prestatu eta ematea, medikuak agindu bezala, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik.
–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.
–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).
–Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).
–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.
–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea...).
–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.
–Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.
2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:
2.1. Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:
–Elikagaiak prestatzen laguntzea.
–Elikagaiak prestatzen laguntzea (berotu, mahaia jarri, otordua banatzea).
–Baxera eta/edo otordua prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.
2.2. Erosketari lotuak:.
–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.
–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.
–Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).
–Erositakoa etxera eramatea.
–Erositakoa antolatzen laguntzea.
2.3. Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:
–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.
–Arropa hedatu eta biltzea.
–Arropa lisatzea.
–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.
–Armairuak txukuntzea.
–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.
Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.
2.4. Bizilekuaren mantentze-lanekin ikusteko dutenak, hala nola:
a) Bizitegiaren mantentze-lana:
Jarduera/zeregin arruntak:
–Oheak janztea.
–Erratza pasatzea.
–Xurgagailua pasatzea.
–Mopa pasatzea.
–Hautsa kentzea.
–Lanbasa pasatzea.
–Beirak garbitzea.
–Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.
–Sukaldea garbitzea.
–Komuna garbitzea.
–Salbuespenez, ELZko taldeak baloratuko du etxetik kanpoko espazio komunak (eskailerak, atariak, kalea, etab.) garbitu behar diren ala ez.
Jarduera/zeregin bereziak: gehienez ere urtean behin eginen dira, zerbitzu berak haien aukeren arabera ezarritako aldietan. Salbuespenez, ELZko taldeak proposatuta, bertzelakoak egiten ahalko dira.
–Sabaiko hautsa erratzaz kentzea.
–Errezelak garbitzea.
–Lanparak garbitzea.
–Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).
–Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.
–Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).
b) Etxeko konpontze lan errazak:
Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.
Ez dira sartzen lanbideen ezagutza berariazkoa edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.
c) Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea:
–Etxebizitzaren egitura eta hainbat instalazio (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berogailua eta telefonoa) behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea.
–ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.
3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hona hemen laguntza psikosozialeko jarduketak:
Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.
a) Jarduketa psikosozialak eta hezkuntzakoak:
Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta oinarrizko iaiotasunak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduera eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin.
–Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, mendekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua...).
–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan...).
–Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak gainditzeko jarrera positiboak indartzea (errespetua, onarpena, entzutea...).
–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa...).
–Nork bere burua zaintzeko eta autonomo izateko ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea. (Eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta instrumentalak).
–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.
–Sostenguko teknologiak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.
–Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak, elikagaiak eta abar antolatzea).
–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).
–Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).
–Jokabide eta egoera arriskutsuak bereiztea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.
b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:
Familiaren eta/edo zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.
–Laguntza emozionala zaintzaileei.
–Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.
–Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.
–Sostenguko teknologien, baliabideen eta sostengatzeko bertze modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.
–Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.
–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.
c) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak. Honako hauek sostengu sozio-komunitarioko jarduerak dira:
Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduera eta zereginak. Zehazki, jarduera eta zeregin hauek dira:
–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.
–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.
–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.
–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.
–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.
–Komunitatea sentsibilizatzea mendekotasunean dauden pertsonei buruz.
4. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako bertze baliabide batzuk. Honako hauek dira sostengu teknikoko jarduketak eta bertze baliabide batzuk:
Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten bertze bizi egoera batzuetara jotzea.
a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak:
–Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten sostenguko teknologiei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.
–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.
–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.
b) Laguntzazko bertze baliabide batzuk:
–Etxean sostengu emateko bertze baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.
–Etxean egon beharrean, balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea bertze baliabide batzuen gainean.
8.2. Zorroa aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Zerbitzuen zorroa aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza-harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbertzez, zorro horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.
b) ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek gauzatzea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza-harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZren eta merkatuan diren bertzelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.
c) Zerbitzuen zorroa ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.
d) Bertzelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduera eta lanak eginen dira eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.
e) Zerbitzuen zorroan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:
–ELZko lantaldeak aldeko balorazio profesionala egitea.
–Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal duenean.
–Hura betetzeko bertze aukera edo baliabiderik ez egotea.
–Aldi baterako egitea, eta aldi berean bertze aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.
f) Zorroaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.
g) Zorroa modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu profesionalen artean koordinatzea eta informazioa trukatzea, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean; erabiltzaileak horretarako baimena emanen du ELZren eskaria sinatzean.
h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.
i) Zorroa aplikatzen eta etxeko laguntza zerbitzua ematen denean, horrek ez du esan nahi familia libre dagoenik erabiltzaileari begira duen erantzukizun legezko, sozial eta emozionaletik.
9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.
Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:
–Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko etxean benetan aritzen den denboraren arabera.
–Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZean definitzen den familia unitatea:
- Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
- Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
Bizikidetzako familia unitatea ere sartzen da. ELZren prestazioaren onuradun guztiek osatzen dute, eta dokumentazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute dagokion tasa kalkulatzeko.
Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.
–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.
- Errenta: PFEZaren etekin garbien eta pentsio edo prestazio salbuetsiak, hala nola mendekotasuna duten pertsonendako etxeko laguntza, betiere horiek ez badira erabiltzen zilegi duten xederako. Erabiltzaileak eta bizikidetza unitateak eskudirutan hartzen dituen diru-sarrera guztiak, baldin zerbitzuaren onura jasotzen badute.
- Balizko diru-sarrerak hartuko dira kontuan, hau da, landa-lurreko eta hiri-lurreko ondasun higiezinetatik atera daitezkeen etekinak.
- Honela eginen da landa-lurreko eta hiri-lurreko ondasunen etekinaren kalkulua:
- 1.–Katastroko balioaren %3 aplikatuko da.
- 2.–Gutxieneko bat, 602,4 eurokoa, ezartzen da hiri-lurreko ondasun bakoitzeko eta 2,40 eurokoa landa-lurreko erregu bakoitzeko, baldin katastroko balioaren gainean %3 aplikatuta gutxieneko muga horretara iristen ez bada.
- 3.–Errentan emanda badaude, eskuratutako errentak etekintzat hartuko dira baldin %3ko aplikazioa eta gutxieneko muga baino handiagoak badira.
- 4.–Onuradunaren gaitasun ekonomikoa handitu eginen da eta ondare higigarrien, inbertsio funtsen eta aurrezki arrunten %5 gehituko zaio, betiere ehuneko hori PFEZean agertzen den etekin garbi egozgarria baino handiagoa bada. 65 urtetik aurrerako onuradunei %5 gehituko zaie; 35 urtetik 65 urtera bitartekoei, %3; eta, 35 urtez beherakoei, %1 gehituko zaie. Onuradunak zerrenda aurkeztu beharko du, kapital higigarriko ondasunak non dituen, banku edo kutxa horiek prestatutakoa. Egiaztatzeko, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautzeko eta egoitzetako plazak eskuratzeko araudiari jarraituko zaio.
- Gastu kengarriak: ohiko etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
- Hileko per capita errenta garbia: aurreko kontzeptu guztiak batu eta familia unitatea eta bizikidetasunekoa osatzen duten kideen kopuruaren artean (betiere, ELZ baliatzen badute) eta 12 hilabetez zatituta aterako da.
Erabiltzailea PFEZ aitortzera behartuta ez dagoenean, aurreko ekitaldiko diru-sarrerei begiratuta erabakiko da bere gaitasun ekonomikoa, aurreko kontzeptuetan adierazitako diru-sarrerak frogatzen dituen dokumentazio guztia aurkeztuta.
–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:
Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:
Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute zerbitzuaren kudeaketan.
Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.
–Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:
Zerbitzua etxean benetan ematen iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.
Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.
–Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa:
Karga eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko LGSarekiko gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.
ERRENTA MAILAREN TARTEAK | TARIFAREN ESKALA |
1. tartea: PCEG (per capita errenta garbia) < LGS: prezio publikoaren 0,05 | Gutxienekoa: 2,00 euro/ordua |
2. tartea: LGS < PCEG > LGSren %135: prezio publikoaren 0,10 | Gutxienekoa: 2,49 euro/ordua |
3. tartea: LGSren %105 < PCEG > LGSren %120: prezio publikoaren 0,15 | Gutxienekoa: 2,90 euro/ordua |
4. tartea: LGSren %120 < PCEG > LGSren %135: prezio publikoaren 0,30 | Gutxienekoa: 4,06 euro/ordua |
5. tartea: LGSren %135 < PCEG > LGSren %150: prezio publikoaren 0,45 | Gutxienekoa: 6,01 euro/ordua |
6. tartea: LGSren %150 < PCEG > LGSren %165: prezio publikoaren 0,60 | Gutxienekoa: 8,14 euro/ordua |
7. tartea: LGSren %165 < PCEG > LGSren %180: prezio publikoaren 0,75 | Gutxienekoa: 10,18 euro/ordua |
8. tartea: LGSren %180 < PCEG > LGSren %195: prezio publikoaren 0,90 | Gutxienekoa: 12,21 euro/ordua |
9. tartea: PCEG > LGSren %195: prezio publikoa | Gutxienekoa: 13,56 euro/ordua |
10. tartea: gehienez ere 30 eguneko laguntza soziosanitarioak, 5. artikulukoak: tasa bakarra aplikatuko da, 10 eurokoa orduan. Bidezkoa bada laguntzarekin jarraitzea 31. egunetik aurrera, dokumentazio ekonomikoa aurkeztuko da dagokion tasa kalkulatzeko. Salbuespenez, aipatutako tasa mantentzen ahalko da talde soziosanitarioak ezarritako tratamendua bukatu arte. | |
Urteko eguneratuko dira, Nafarroako KPIaren arabera.
10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.
Esku hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu eta haien edukia 3. eranskinean azaltzen da:
–Harrera eta gizarte orientazioa.
–Kasuaren azterketa.
–Egoeraren diagnostikoa eta balorazio soziala, eskala espezifikoen arabera; familia-langileek berrikusten ahalko dute, zuzeneko laguntzak ahalbidetzen dituen behaketan eta balorazioan oinarrituta.
–Banakako laguntzaren proposamena, 2. eranskineko ELZren intentsitateen kalkulagailuaren arabera. Esku-hartzearen diseinua, ordenantza honetan zehaztutako irizpide espezifikoez bertze batzuk finkatu behar direnean. Esku-hartzeko proiektu espezifikoa ezarriko da, 4. eranskineko ereduari jarraikiz, 1. eranskineko oinarrizko balorazio sozialaren ondorioz.
–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa, ELZ emateko ebazpena sinatzean.
–Esku-hartzearen hasiera.
–Etengabeko jarraipen eta ebaluazioa.
11. artikulua. Kudeatzeko arauak. Etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.
a) Prozeduraren abiatzea: ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:
–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, bertze organo batzuek arrazoiturik eskatuta.
Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izanen da hasteko eguna.
Betiere, prozedurak bat eginen du administrazio prozedura erkideari buruzko araudi indardunarekin.
–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 5. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.
Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.
Eskabideak administrazio prozedura erkideari buruzko araudi indardunean ezarritakoarekin bat aurkeztuko dira; eskabidea erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.
b) Tramitazioa: interesdunari errekerimendua eginen zaio, eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da, hala egin ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.
Udalaren ELZko arduradunak proposamen bat prestatuko du, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko. Doikuntzak egin daitezke, kasua eta ELZko taldearen ezagutza aldatzen diren heinean.
Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.
c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, bertze inor espresuki eskuordetu ezean.
Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibaturik bukatuko da tramitea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxarote zerrendara pasatuko da.
Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxarote zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.
Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, bertzeak bertze:
1. Zerbitzua baietsi edo ukatzen den.
2. Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:
–Banakako esku-hartze plana, 2. eranskineko ELZren intentsitateen kalkulagailuaren arabera.
- Egin beharreko lanak/jarduketak.
- Laguntzaren iraupena, ELZren une bakoitzeko aukera errealen mende dagoena; bertzela, itxarote zerrendan utziko da.
- Laguntza emateko orduak; ahal dela, eskatutako orduetan emanen da laguntza, baina zerbitzuaren aukera errealak eta lagundu beharreko gainontzeko erabiltzaileak hartuko dira kontuan.
- Astean zein egunetan emanen den laguntza, ELZren aukeren mende hori ere.
–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.
3. Onuradunarendako ezarritako bertze betebehar edo baldintza batzuk.
4. Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.
Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz ulertzen ahalko da itxarote zerrendan dagoela, zerbitzuaren ahalbideen arabera laguntza jaso arte.
Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak, iraungitzeko deklarazioak eta hilabetez erabiltzailearen berririk ez izateak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.
d) Jakinarazpena:
Zerbitzua ematea baiesten denean, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.
e) Iraungipena eta etena:
Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:
1. Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.
2. Zerbitzuaz baliatzeko behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo baldintzak betetzeari utzi diolako.
3. 12. artikuluan ezarritako betebehar eta obligazioak ez betetzeagatik.
4. Bertze udalerri batera bizitzera joateagatik, egoitza batean sartzeagatik edo hiltzeagatik, edo gure mankomunitateko lurraldetik kanpo bizitzeagatik 7 hilabetetik gorako aldi batez, salbu dagokion erreserba-tasa ordaintzen bada.
5. Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasun egiazkoak gertatzeagatik.
6. Bost hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.
7. Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.
8. Mendekotasuna dutenak lehenesteagatik, mendekotasuna ez dutenendako laguntza etenez prestazio bermatuak gauzatzeko.
Itxarote zerrendakoek laguntza jasotzeko, prestazioaren kostu osoa ordaindu behar dute (familia-langilearen orduaren kostua), hau da, 23 euro/ordu.
ELZtik irteteko, OGZko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.
Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.
Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.
Etena: zerbitzua aldi baterako etetea izanen da ondorioa.
Etena gehienez ere 5 hilabetekoa izanen da, eta horietan kobratuko da, postua gorde nahi bada, kasu bakoitzerako ezarritako tasaren %25. Onuradunak ez badu jakinarazten etxean ez dela egonen 2 egun lehenago, kasuko tasa osorik kobratuko da, eta hiru aste pasa eta gero onuradunaren berririk ez bada, zerbitzua iraungi eginen da eta onuraduna itxarote zerrendan sartuko da. Ospitaleratzeengatik ez da kobratuko, betiere horien berri ematen bazaio Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari, ezta medikuarenera joateko irtenaldiengatik ere, bi egun lehenago jakinaraziz gero.
Halaber, ELZ edo onuradunei ematen zaien zuzeneko laguntza etengo da familia etxean dagoenean. Salbuespen gisa, bertzelako laguntza eman ahalko da, aldez aurretik ELZk baloratu ondoren eta erabiltzailearekin edo haren ordezkariarekin adostuz gero.
Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Zerbitzua berehala abiaraziko da berriz 5 hilabete baino gutxiagoko etena izan denean, postua gorde eta kasuan kasuko tasa ordaindu bada. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxarote zerrendan.
f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:
Jarraipena eta balorazioa:
Behin zerbitzua hasita, ELZko talde teknikoak eginen du kasuaren jarraipena, eta dagokion espedientean agertuko da, eta, hala bada, datu ekonomikoak eguneratuko dira.
Berrikuspena:
Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan. Halaber, ELZko talde teknikoaren balorazioa, familia-langileen etengabeko laguntzak dakarren zuzeneko behaketa eta zerbitzuaren unean uneko beharrak hartuko dira kontuan.
Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bertzela OGZko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren gorabeherak ikusirik.
Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik. Orobat, sortzen ahal diren aparteko gorabeherei, hala nola zuzeneko laguntza ematen duten langileen istripuak, laneko bajak edo bestelakoak.
Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.
g) Prozedura berezia:
Premia larriei erantzuteko, OGZk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz. 10. tarteko tasa aplikatuko da 30 egunez.
12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.
a) Eskubideak: Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:
–Banakako esku-hartze planaren berri izatea.
–Plana berrikusi eta aldatzeko proposatzea, sortutako premia berrien arabera.
–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.
–Aukerako bertze baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.
–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.
–ELZko profesionalengandik begirunezko jokabidea jasotzea.
–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.
b) Betebeharrak: etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Informazio guztia ekartzea, inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak baloratuta, laguntzaren beharra zehazteko.
–Laguntza garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.
–Banakako esku-hartze planean sartutako lan edo jarduerak onartu eta errespetatzea. ELZko esku-hartzearen kalkulagailua izeneko agirian dago jasota, eta bi aldeek (ELZren arduradunak eta onuradunak) sinatu beharko dute.
–Zerbitzuko profesionalekin begirunez jokatzea.
–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion tasa pagatuz, hala behar badu, 9. artikuluari jarraikiz.
–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar. Senitartekoen aldi baterako eta/edo oporretako egonaldiak barne. Kasu horretan, laguntza pertsonalak baino ez dira emanen.
Betebehar hauetako bat bete ezean, zehapen espedientea irekiko da, eta horren ondorioz ELZko prestazioa aldi baterako eten edo behin betiko iraungitzen ahalko da.
13. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.
a) Laneko arriskuei aurrea hartzeko indarra duen araudiari jarraikiz, ez da etxeko laguntza zerbitzurik emanen, baldin eta zerbitzua eman behar duten langileen segurtasunari eta/edo osasunari larriki eragiten dieten arriskuak atzematen badira, honako hauek bezalakoak, bertzeak bertze:
–Erortzeko arriskua duten etxebizitzak.
–Etxebizitza osasungaitzak (izurriak, izurriteak...).
–Halako patologia bereziak dituzten pertsonak, zerbitzua ematen dutenen segurtasunerako eta/edo osasunerako arrisku larria dakarten jokamoldeak badituzte.
–Arrisku bereziko bertzelako egoerak (kontrolatu gabeko edo osasun bermerik gabeko animaliak, konparaziorako).
b) Aipatu horiez gain, etxeko laguntza zerbitzua emateko honako baldintza hauek bete beharko dira, bertzeak bertze:
–Erabiltzaileak ELZrako ezarritako ordutegia errespetatu beharko du, etxean egon beharko du zerbitzua egiten den bitartean eta ez da saiatuko behar ez bezala luzatzen edo eskatu ez den egonaldia gauzatzen. Era berean, etxetik kanpo egotekoa bada, gutxienez bi egun lehenago jakinarazi beharko du.
–Erabiltzaileak zerbitzuaz arduratzen direnen lana erraztuko du, eta haien esku utziko ditu egin beharrekoak burutzeko behar dituzten baliabide materialak.
–Erabiltzaileak etxean sartzen utziko ditu zer esku-hartze mota behar den ikusteko bertaratzen diren langileak, baita jarraipena egitera datozenak ere Eta etxean sartzen utziko ditu, orobat, zerbitzua emanen duten langileen lan arriskuak balioestera datozenak, hala egitea beharrezkoa denean.
3. ERANSKINA
Esku-hartzeko protokolo teknikoa
ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:
a) Harrera eta gizarte orientazioa:
Profesionalaren eta eskatzailearen hasierako topaketari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.
Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.
Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du horrek; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen bertze baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bertzelakoez. Zerbitzuari buruz eman beharreko informazioa:
–Zerbitzuaren titulartasuna eta zerbitzua ematen duen entitatearen izena.
–Zerbitzuaren definizioa, helburuak eta profesionalak.
–Zerbitzua hartzeko baldintzak.
–Prestazio motak eta zorroa.
–Antolaketa eta funtzionamendua.
–Zerbitzua emateko baldintza oinarrizkoak.
–Eskubideak eta betebeharrak.
Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa, eta, kasua bada, bertze egun baterako hitzordua ezarriko da.
b) Kasuaren azterketa: gertatzen den egoeraren ezagupen globala da. Horretarako, balorazio tresnak erabiliko dira, bertze baliabide batzuekin koordinatuko da (osasuna, hezkuntza), etxean ikustaldiak eginen dira eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuko, eta ekarritako agiriak hartuko dira kontuan. Helburua izanen da ahal den informazio guztia biltzea bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta sozioekonomikoaz, eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko bertze batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.
c) Egoeraren diagnostikoa: egoeraren interpretazioa egin beharko da, eta horren barrenean hauek zehaztu:
–Erabiltzailearen premiak.
–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.
–Hura laguntzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.
–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer bertze baliabide behar liratekeen.
d) Banakako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:
–Esku-hartzearen helburuak.
–Egin beharreko lanak/jarduketak.
–Laguntzaren maiztasuna.
–Esku hartu behar duten profesionalak.
–Laguntzaren ordutegia.
–Laguntzaren iraupena.
–Alderdien konpromisoak.
–Koordinazio premiak, bai barrenean, etengabeko jarraipena egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.
–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.
e) ELZk erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.
f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da; horrek zuzeneko laguntza ematen du banakako esku-hartze plana gauzatuz edo betearaziz; malgutasun eta egokitasun maila handia izan behar du erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bertzelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz banakako esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.
g) Etengabeko jarraipena eta ebaluazioa: jarraipenean banakako esku-hartze planean aldaketak egitea dakarten egoerak atzematen ahal dira. Funtsezko aldaketa (familia unitateko kideen kopurua, autonomia handitzea, gizarte eta familiaren sostengua, sostengu ekonomikoa eta abar) badago, kasuaren beste balorazio bat eginen da. Aldaketak bertze baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena, etab., banakako proiektuan aplikatuko da. Kasuaren jarraipena egiteko erregistroko euskarri bat erabili beharra dago. Bertan, gutxienez ere, honako hauek jasoko dira: laguntzan ematen den denborari eta jarduketei dagozkienak, eta pertsonaren bilakaerari eta/edo familiaren dinamikari dagozkionak.
Itxarote zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira gehienez ere urtebetean.
Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:
–Gizarte egoeraren gaineko txostena.
–ELZko intentsitateak kalkulatzeko tresna.
–Zerbitzua abiatzeko proposamena.
–Banakako esku-hartze planaren proposamena.
–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.
–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.
Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.
5. ERANSKINA
ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak
ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):
–NANaren fotokopia.
–Norberaren osasun txartelaren fotokopia.
–Osasun etxearen txostena onuradunaz eta mugak dituzten bizikideez (ereduaren arabera).
–Udalerriko erroldaren ziurtagiria, eta bizikidetasunarena, udalerrian duen antzinatasuna adierazita.
–Zerbitzuaren tasa ordaintzeko bankuko agiria, ereduaren araberakoa.
–Ondasun higigarriak izanez gero –inbertsio funtsak, aurrezki arruntak eta abar–, horiek dauden finantza entitateen ziurtagiria, azken 5 urteei buruzkoa, non agertuko baita ondasun horiek ELZ eskatzen den egunean duten ondare-balioa.
–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bertzelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.
–Bizikidetza unitateko kideek zein udalerritan dituzten ondasunak, haien landa-lurreko zein hiri-lurreko ondasunen katastroko ziurtagiriak.
–Etxebizitza alokatu edo erostearen ondoriozko gastu kengarrien frogagiriak, behar bezala egiaztatuak. Gastu horiek 9. puntuan jasota daude.
Bizikidetza unitatea nolakoa den, bertze agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskariaren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.
Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.
Iragarkiaren kodea: L1800837
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
