1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
23/2018 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdia egiten baita arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak emateko Nafarroako Foru Komunitatean heziketa zikloa 2016-2017 ikasturtean bukatu duten ikasleei.
Lanbide Heziketaren Zerbitzuak aldeko txostena eman du heziketa zikloa 2016-2017 ikasturtean bukatu duten ikasleei arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak emateko deialdiaren gainean, bat etorriz uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduarekin (zeinaren bidez sortzen eta arautzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei eta Arte Ikasketa Profesionaletako ikasleei Musikaren, Dantzaren eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloetan beren errendimendu akademikoa aitortzeko ematen zaizkien sari nazionalak) eta Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren lehenengo puntuarekin, eta, ordezko gisa, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduarekin, eta ebazpen honetan ezarritako oinarriekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Onestea arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari berezien 2016-2017 ikasturteko deialdia. Ebazpen honen eranskinean jaso da.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2018ko otsailaren 5ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
ERANSKINA
Oinarriak
1. 2016-2017ko deialdia egiten da arte plastikoetako eta diseinuko erdi mailako eta goi mailako lanbide ikasketen sari bereziak emateko, bat etorriz uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduarekin (zeinaren bidez sortzen eta arautzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei eta Arte Ikasketa Profesionaletako ikasleei Musikaren, Dantzaren eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloetan beren errendimendu akademikoa aitortzeko ematen zaizkien sari nazionalak) eta, ordezko gisa, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduarekin.
2. Hezkuntza Departamentuak sari berezi bat eman dezake arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen barrenean Nafarroan eskaintzen diren goi mailako heziketa zikloetarako. Hezkuntza Departamentuak sari berezi bat eman dezake arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen barrenean Nafarroan eskaintzen diren erdi mailako heziketa zikloetarako.
3. Parte hartu ahal izanen dute arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen erdi mailako eta goi mailako zikloak 2016-2017 ikasturtean egin dituzten ikasleek, betiere uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan ezarritako baldintzak betetzen badituzte (agindu horren bidez sortzen eta arautzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei eta Arte Ikasketa Profesionaletako ikasleei Musikaren, Dantzaren eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloetan beren errendimendu akademikoa aitortzeko ematen zaizkien sari nazionalak) eta, ordezko gisa, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 4ko 29/2013 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoak.
Beraz, ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak egin eta gainditzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan edo pribatuetan.
–Ikasketa horiek deialdian aipatzen den urte naturalean bukatzea.
–Arte plastikoetako eta diseinuko zikloan lortutako azken kalifikazioa 8,75 puntukoa eta gehiagokoa izatea goi mailako zikloen kasuan, eta 8,50 puntukoa, erdi mailako zikloen kasuan. Horretarako, heziketa zikloaren azken kalifikazioa kalkulatzean ez dira aintzat hartuko “gai”, “salbuetsia” edo “baliozkotua” adierazten duten kalifikazioak.
4. Sari berezia eskuratu nahi duten ikasleak eskaera aurkeztuz inskribatuko dira, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte nahitaez:
a) 1. eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea.
b) Nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo atzerritarren identifikazio zenbakiaren fotokopia, kasuaren arabera.
c) Ikasleak egin duen arte plastikoetako eta diseinuko lanbide heziketako zikloari dagokion espediente akademikoa.
d) Sari hauek eskuratu nahi dituzten ikasleek honako hau ere aurkeztu behar dute:
–Goi mailako heziketa zikloko proiektu integratu edo bukaerako proiektu gisa norberak egindako jatorrizko lanaren memoria eta dokumentazio grafikoa, edo erdi mailako zikloko proiektu integratu edo bukaerako lan gisa norberak egindako jatorrizko lanaren memoria eta dokumentazio grafikoa, PDF, AVI edo MEPG formatuan, gehienez ere 20 MB-ko tamainakoa, lan horrekin parte hartuko baitute sarietan.
–Curriculum vitae-aren eredu europarra, lortutako sariak edo bekak aipatuz, horrelakorik izanez gero, bai eta beste edozein merezimendu ere, dagozkion egiaztagiriekin batera. Horretarako, fotokopiak aurkeztea nahikoa izanen da.
Eskaerak Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari igorriko zaizkio, aurreko atalean adierazitako agiriekin batera, eta honela aurkezten ahalko dira:
–Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.
Deialdi honi dagokionez, eskabideak hamar egun balioduneko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Sari berezietarako deialdi honetan inskribatzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak” izeneko tramite fitxan ageri den ereduari jarraituko dio, zeina helbide honetan baitago:
https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7277/Premios-extraordinarios-de-ensenanzas-profesionales-de-artes-plasticas-y-diseno
Orobat, aipatu tramite fitxan aurkitzen ahalko da sari berezietarako deialdi honi buruzko informazio guztia.
6. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari bereziak emateko prozedura antolatu, instruitu eta ebaztea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
7. Izangaiek aurkezten dituzten espedienteak aztertu eta baloratzeko, sari bereziak hautatzeko batzorde bat eratuko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatua.
8. Sari berezien deialdian norgehiagokako araubidea erabiliko da. Sariak Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu, hautapen batzordeak proposaturik. Horretarako, ikasketa espedientean agertzen den batez besteko nota hartuko da kontuan, eta berdinketa izanez gero, beste merezimendu batzuei emandako puntuazioa.
9. Sari bereziak hautatzeko batzordeak bilkuren akta eginen du, eta bertan parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitza jasoko da, bi dezimal adieraziz. Emaitzak Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratuko dira, dagokion fitxan. Parte-hartzaile guztiak zerrenda batean agertuko dira, eta, ondoan, bakoitzaren NANa, puntuazioa, maila, lanbide arloa, heziketa zikloa eta ikastetxea.
10. Horretarako izendatutako hautapen batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako espedienteak, zeinetan jasoak baitaude izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Balorazioa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan (gehienez ere 100 puntu):
–Ikasleak egin duen arte plastikoetako eta diseinuko heziketa ziklo osoko espediente akademikoa: gehienez ere 10 puntu. Atal honetan ez dira baloratuko modulu baliozkotuak edo salbuetsiak.
–Proiektu integratu edo bukaerako proiektu eta bukaera lan gisa norberak egindako jatorrizko lana eta haren gauzatzea, honako irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Maila teknikoa: gehienez ere 25 puntu.
b) Kalitate artistikoa: gehienez ere 25 puntu.
c) Zailtasun maila: gehienez ere 15 puntu.
d) Kreatibitatea: gehienez ere 15 puntu.
e) Aurkezpenaren kalitatea: gehienez ere 10 puntu.
Hautapen batzordeak interpretatuko eta ebatziko ditu balorazio prozesuan gerta litezkeen zalantzak.
11. Berdinketa izanez gero, honako atal hauek baloratuta lortzen den puntuazio handiena kontuan hartuz ebatziko da:
–Hizkuntza ikasketak. Hizkuntzen maila egiaztatzeko, otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru agindu horren bidez, hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezarri ziren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezartzen dituen mailei erreferentzia eginez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko eskumeneko eremuan.
Egiaztatzen den hizkuntza bakoitzean, A2 maila edo baliokidea 0,2 punturekin baloratuko da; B1 maila edo baliokidea 0,5 punturekin; eta B2 maila edo baliokidea puntu 1ekin. C1 edo C2 maila edo baliokidea duela frogatzen duenari 1,5 puntu emanen zaio.
–Atzerriko prestakuntza egonaldiak. Atzerriko prestakuntza egonaldietan emandako hilabete bakoitzeko, administrazio batek antolatua bada: 0,1 puntu. 2 puntu guztira, atal honetan.
–Titulazioari lotutako berariazko prestakuntza. 0,05 puntu emanen dira administrazio publiko batek edo berak baimendutako entitate batek ziurtatutako ikastaroetan egindako 10 orduko. 2 puntu guztira, atal honetan.
–Bestelako prestakuntza: beste ikasketa batzuk burutu dituztela egiaztatzen dutenek: egindako zikloarekin zerikusia badute, 0,5 puntu emanen dira egiaztatutako titulu bakoitzeko; zerikusirik ez badute, berriz, 0,2 puntu emanen dira egiaztatutako titulu bakoitzeko. 2 puntu guztira, atal honetan.
Berdinketak badirau, hautapen batzordeak curriculumean aurkeztutako beste alderdi aipagarri batzuk hartuko ditu kontuan, esate baterako, lan esperientzia, sariak, bekak edo beste batzuk.
12. Sari berezia lortzen duten ikasleei, Hezkuntza Departamentuaren aitorpen ofizialaz gainera, saria egiaztatzen duen diploma emanen zaie, eta saria lortu dutela egiaztatzen duen eginbidea jasoko da haien ikasketa espedientean.
13. Sari berezia lortzen duten arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketetako goi mailako zikloetako ikasleek Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatzen duen arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen sari nazionalen deialdian parte hartzen ahalko dute, uztailaren 29ko ECD/1611/2015 Aginduan jasotzen den bezala.
14. 2016-2017 ikasturteko sari bereziak Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez esleituko dira, eta ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Iragarkiaren kodea: F1801753