Iragarkia
35. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ESTERIBAR
Deialdia, Esteribarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren otsaileko 34/2018 Ebazpenaren bidez deialdia onetsi da, Esteribarko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez aldi baterako betetzeko.
Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz egingo da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatutako estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.
Esteribarren, 2018ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Mikel Gastesi Zabaleta.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta aldi baterako betetzea, Esteribarko Udalaren plantillari eransteko.
1.2. Kontratuak administrazio izaera izango du, eta lanpostua behin betiko bete arte edo lanpostua amortizatu arte iraungo du.
1.3. Ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izango dira, bere lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.
1.4. Bi hilabeteko probaldia izango da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.
1.5. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide egingo da eta hartan inskribatuko.
1.6. Lanaldi osoko lanpostua izango da. Lanaldi mota eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.7. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako peoi lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Esteribarko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izango da apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, eta lehentasuna izango du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.
Deialdi honetako atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.
1.8. Zehatz-mehatz azaldu ez arren, eginkizun hauek izango ditu lanpostuak, besteak beste:
–Zerbitzu anitz, instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren lantaldeari dagozkion jardueren ingurukoak, eta horien funtzionamendu, kontserbazio eta mantentze egokiaren jarraipena.
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; pintura lanak ere bai.
–Udal makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea.
–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak etab.
–Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, besta eta ekitaldi publikoetan.
–Ibilgailuak gidatzea eta makinak maneiatzea.
–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.
–Eskatzen zaizkien hobekuntzako instalazio berriak eta jarduketak egitea, betiere beren mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuetako artatze eta mantentze-lan oinarrizkoa egitea.
–Udalaren eskumenekoak diren klorazio ekipamenduen eta herrietako edateko ur biltegien mantentze-lanen jarraipena egitea.
–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, Esteribarko Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.
–Esteribarko Udalak eta bertako kontzejuek programatzen dituzten festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Esteribarko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.
–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izango dira honako eginkizun orokorrak:
–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.
–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.
–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.
–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.
–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruzko araudia jaso eta betetzen ote den begiratuta.
–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.
–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) B motako gidabaimena izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabideak (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu beharko dira Esteribarko Udaleko erregistro orokorrean (Orreaga etorbidea, 13, 31630 PK) 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.
Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskabidea deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa izango da, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
c) B motako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
d) Tasen ordainagiria. Tasak Herritarrarentzako Arreta Bulegoan (HAB) ordaintzen badira, ordainagiri bat emango da eta eskabideari erantsi beharko zaio.
e) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.
Dokumentu horrexetan aurkeztuko da euskara mailari dagokion ziurtagiria, halakorik izanez gero. Euskara titulurik ez badute eta jakite hori baloratu edo kontuan hartzea nahi bada, euskara maila neurtzeko proba egin nahi dela adierazi beharko da eskabidean.
Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
4. oinarria.–Tasak.
Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik 11,40 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES46/2100/5168/9021/0007/9976 kontuan edo Udaletxean bertan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, Esteribarko Udaleko alkateak ebazpena emango du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
Egun horretatik aurrera, eta hurrengo hamar egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izango dute erreklamazioak aurkeztu eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.
5.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak ebazpen bidez izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.
5.3. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-oholean argitaratuko dira.
5.4. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, paratuko du Udalaren iragarki-oholean, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
6. oinarria.–Epaimahaia.
6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:
Epaimahaiburua: Esteribarko Udaleko alkatea, Mikel Gastesi Zabaleta.
–Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.
–Lehen mahaikidea: Esteribarko Udaleko zinegotzia, Jose Ramón Darias Barbarin.
–Lehen mahaikidearen ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.
Bigarren mahaikidea: Esteribarko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna, Iñaki Muñoz Oroz.
–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Esteribarko Udaleko zerbitzu anitzetako peoia, Juan Carlos Gambra Barbarin.
–Hirugarren mahaikidea: Esteribarko Udaleko langilea, Edurne Crespo Montes.
–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Esteribarko Udaleko langilea, Pablo Turumbay Izurdiaga.
Epaimahaikide-idazkaria: Esteribarko Udaleko idazkaria, Esther Salazar Cameros, edo hark eskuordetzen duena.
6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izango dute epaimahaian parte hartu, eta Esteribarko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik aldaketaren bat izaten bada epaimahaian, aldaketa hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak. Berdinketa gertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emango diote laguntza epaimahaiari.
7. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.
7.1. Lehiaketaldia. 30 puntu gehienez.
7.1 1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak.
7.1 2. Lehiaketaren balorazioa.
Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izango du, honela banaturik:
–Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzekoetan lan egin izanagatik (oinarri hauetako 1.7 atalean espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez, D mailan edo goragoko batean), betiere kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez frogatzen bada: 3 puntu, urte oso bakoitzeko. Zatiki bakoitzeko, haren ehunekoa. 15 puntu emango dira, gehienez.
–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak egiteagatik, eta lanpostuarekin zerikusia duten gaietan LH2, gradu ertaina edo haren baliokidea den titulazioa edukitzeagatik irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emango dira:
5 puntu emango dira, gehienez.
- goi mailako gradua, LH2 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko 4 puntu.
- Erdi mailako gradua, LH1 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko 2 puntu.
- 50 ordu edo gehiagoko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 0,5 puntu.
- 100 ordu edo gehiagoko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 1 puntu.
Ikastaroengatik, gehienez: 3 puntu.
Goi mailako graduak edo baliokideak espezialitate bereko erdi mailako gradua edo baliokidea baztertzen du.
Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.
–Euskaraz jakiteagatik. Gehieneko puntuazioa 10 puntu izango da eta balorazioa ondoko baremoaren arabera egingo da:
- B2 ahozkoa + B1 idatzizkoa: 10 puntu.
- B1 ahozkoa + A2 idatzizkoa: 5 puntu.
Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean horrela eskatu dutenei, dei egingo zaie hizkuntza maila frogatzeko proba egin dezaten. Proba hori proba teoriko eta praktikoak gainditu ondoren egingo da, eta gainditzen dituztenek soilik egingo dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko aurreko lerroaldeko baremoaren arabera.
7.2. Oposizioaldia.
7.2.1. Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira, biak baztertzaileak:
7.2.1.1. Lehen ariketa: proba teorikoa.
Idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere ordubetean, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 30 eta 60 galdera artean (epaimahaiak zehaztuko du hori). Galdera bakoitzak hiru erantzun izango ditu aukeran, baina bat bakarra izango da zuzena.
Proba hau gehienez ere 30 punturekin baloratuko da, eta galdera bakoitzaren balioaren herena kenduko da okerreko erantzun bakoitzeko. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (15 puntu). 15 puntu lortzen ez dituztenek ezin izango dute hurrengo proba egin, eta baztertu egingo dira.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.
Izangaien zerrenda eta lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko dira, Udaletxeko iragarki oholean eta Udalaren web orrian, baita hurrengo ariketa noiz eta non egingo den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.2.1.2. Bigarren ariketa: proba praktikoa.
II. eranskineko gaiekin lotuta, proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira proba praktiko honetan.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan egingo diren, bai eta zenbat denbora iraungo duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazioa egingo da epaimahaiak proba bakoitzaren zailtasunari buruz duen irizpidearen arabera. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (20 puntu), proba praktiko guztiak kontuan harturik. Puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak baztertu egingo dira.
7.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izango da.
7.4. Probetarako dei bakarra egingo da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
7.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.
8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
8.1. Probak gainditu dituztenen zerrenda.
8.1.1. Behin proben kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emango du, Esteribarko Udaleko iragarki oholean eta web orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Zerrenda horrekin batera, 1.7 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.
8.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak egingo duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz desegingo dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena.
8.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izango da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.1.4. Proposatuak, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun naturaleko epean, ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:
a) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.
b) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena. Minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.
8.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izango da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.
8.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.
8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Esteribarko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
8.2.2. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera egingo zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.
Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost eguneko epean –edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izango da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.
Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.
8.2.3. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, laugarren atalean, ezarritakoa, non Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Esteribarko Udalak egiaztatuko ditu.
8.2.4. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
8.2.5. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera egingo dira telefonoz bi lanegun jarraituetan, eta dei horren frogak utziko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada eta, telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.2.6. atalean xedatutakoarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.
8.2.6. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.
e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.
g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izango dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
8.2.7. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostua bertan behera uztea.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
8.2.8. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko agiriak, honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztuz, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean: DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Gidabaimenaren kasuan, kontratuaren eguna izango da aurkezteko epea.
8.2.9. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
8.2.10. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izango dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.
9. oinarria.–Kontratuaren formalizazioa.
9.1. Hautapen prozesua bururaturik, eta izangaiak aitzineko 8.1.4. oinarrian aipatutako agiriak ekarririk, behar den kontratuaren formalizazioa egingo da.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
ERANSKINA
Eskabidea (PDFa).
I. ERANSKINA
1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.
2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.
3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.
4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.
5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak zutitzea.
6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.
7. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.
8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.
9. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ezagutza.
10. gaia.–Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.
11. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura.
12. gaia.–Esteribarko udalerria: kontzejuen eta biziguneen izena eta kokapena eta populazio datuak.
13. gaia.–Esteribarko geografiaren ezagutza.
14. gaia.–Oinarrizko ezagutza kloraziorako gailuen mantentze-lanari eta haiek maneiatzeari buruz eta edateko ur hornidurako sistemei buruz.
Iragarkiaren kodea: L1801551
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
