2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA
Aldaketa Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean. Behin betiko onespena
Jurramendiko Mankomunitateak, 2017ko azaroaren 24an egin batzar orokor arruntean, besteak beste, erabaki zuen hasiera batean onestea Jurramendiko Mankomunitateko Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bategineko aldaketa.
Erabaki hori 2017ko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an. Jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean entitatearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lizarran, 2018ko otsailaren 2an.–Mankomunitateko burua, M.ª Victoria Sevilla Marzo.
ALDAKETA UR ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUAREN TESTU BATEGINEAN
Testu berri hau dute hurrengo artikuluek:
87.2 artikulua.
Hala ere, salbuespen gisa, behin-behineko baimena ematen ahalko da aitzineko atalean ezarri ez bezalako erabileretarako hornidurak egiteko, zehazki nekazaritza edo abeltzaintzarakoak, betiere interes orokor edo soziala duten arrazoiak badaude, eta Mankomunitateak eskura duen emariak aldi bakoitzean horretarako aukera ematen badu. Baimen horiek ezeztatzeak ez dio inola ere emanen interesdunari kalte-ordainerako eskubiderik.
105. artikulua. Arau-haustearen eta zehapenaren mailaketa. Arau-hauste arin batean berreroriz gero, arau-hauste oso larria bihurtuko da.
Zehapenen mailaketan eta aplikazioan bereziki kontuan hartuko dira asmoaren norainokoa, egindako kaltearen nolakoa eta arau-hausteak irautea.
Zehapena %25eko murrizketarekin ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ordainketa borondatez egiten bada ebazpena eman aurretik. Era berean, %25eko murrizketa aplikatzen ahalko da arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, eta bi murrizketak metatzen ahalko dira.
106. artikulua. Prozedura. Zehapen-prozedura legeria orokorrean ezarritakoari lotuko zaio: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.
Bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.
107. artikulua. Erreklamazioak. Abonatu batek enpresaren jarduketaren baten kontrako erreklamaziorik aurkeztu nahi badu, edozein goiti-beheiti dela medio, idatziz egin beharko du, bertan adierazita zein den erreklamazioaren arrazoia.
Aipaturiko prozedura erabiliz enpresari aurkezten zaizkion erreklamazio guztiak hamar egun balioduneko epean erantzun beharko dira, erreklamazioa enpresaren bulegoetan sartzen den egunetik hasita.
Dena dela, betebehar hori ez betetzeak ez du ondorioz ekarriko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epeak aldatzea, administrazio-isiltasuna aplikatzeko edo hartan aurreikusitako ondorioak gertatzeko.
Iragarkiaren kodea: L1801515