Iragarkia
35. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
17/2018 FORU AGINDUA, otsailaren 1ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, honako hiru foru aginduak aldatzen dituena: batetik, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua; foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi ziren, eta haiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko. Bigarrenik, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 88/2013 Foru Agindua; hartan, 216 eredu berria onetsi zen, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergako atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena eta sarrera egiteko, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei dagokienez. Eta, azkenik, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Agindua; foru agindu horren bidez 296 eredua onetsi zen, “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena” egiteko.
Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren aldaketari dagokionez, foru agindu honetan jasotako xedapenen helburua da hartan onetsitako autolikidazioak aurkezteko prozedurak erraztu eta hobetzea, bai eta bestelako zerga betebeharrak aurkezteko prozedurekin homogeneizatzea ere.
Sartutako aldaketen artean nabarmentzekoa da errenta motaren bi kode berri sortu direla, 35 eta 36 kodeak. 35 kodearen xedea da identifikatzea errentan emandako higiezinen etekinen gaineko aitorpenak, errenta-elkarketak dituztenak ordaintzaileak bat baino gehiago direnean, 2. artikuluari egindako aldaketaren ondorio gisa; aldaketa horren helburua da ondasun higiezinak epe laburrerako errentan eman dituzten ez-egoiliarrek aurkeztu beharko lituzketen aitorpenen kopurua murriztea, izan ere orain arte errenta-elkarketa higiezin eta ordaintzaile bakoitzeko bakarrik egin zitekeen, eta orain berriz, aldaketaren ondoren, higiezin bakoitzeko elkartu daitezke, aurretik aipatutako 2. artikulu horretan aurreikusitako moduan.
Errenta motaren 36 kode berriari dagokionez, nabarmentzekoa da aurreikusia dagoela identifikatzeko prozedura berezi baten babesean egindako autolikidazioak, ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduari erantsitako 13. artikulu berriaren bidez txertatutako aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura alegia (13. artikulu horren helburua da baloreetatik datozen harpidetza eskubideen eskualdatzearen ondoriozko ondare-irabazi salbuetsien kasuan aplikagarria den aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura sinplifikatzea). Irabazi mota horiek, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eremuan ez bezala, ez daude atxikipenaren menpe establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei dagokienez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eremuan; beraz, 2017ko urtarrilaren 1tik aurrera izandako sortzapenetarako, zergadunei eskatzen ahal zaie aitorpena aurkezteko betebeharra, errentak salbuetsiak egonda ere. Kontuan hartuta badaudela zergadun asko mota horretako (zenbateko txikiko) irabazi salbuetsiak izan dituztenak, egoki ikusi da aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura sinplifikatu bat prestatzea.
Martxoaren 5eko 8/2013 Foru Agindua aldatu da haren 5. artikuluko edukia egokitzeko, atxikitzaileen eta konturako sarrera egitera behartutakoen aitorpena eta sarrera aurkezteko epearen luzapenarekin bat etor dadin; beren likidazioaldiak hilabete naturalarekin bat egiten badu, 30 egun naturalekoa izanen da 20koa izan beharrean (luzapen hori Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 48.1 artikuluaren bidez egin da, zeina onetsi baitzen abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez).
Azaroaren 10eko 183/2009 Foru Aginduaren aldaketaren helburua da zenbait errenta-hartzaileri buruzko informazioa eta identifikazioa hobetzea; horiek urteko aitorpen informatiboaren 296 ereduan sartu behar dira, Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren Erregelamenduko (uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuak onetsia) 17.5 artikuluak ezartzen duenaren arabera.
Era berean, indargabetutako araudiari zegozkion ereduaren erregistroko diseinuen zenbait eremuren idazketa eguneratu da.
5. artikulua ere aldatu da, eredua aurkezteko epea egokitzeko zenbait informazio-aitorpenetarako ezarritako epera; Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren urtarrilaren 18ko 4/2016 Foru Aginduaren bidez, urteko aitorpen informatiboen zenbait eredu Nafarroako Zerga Ogasunean aurkezteko ezarritako epera hain zuzen.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluak ezartzen duenez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordainarazteko orduan, Estatuak unean-unean ezarrita dituen arauekin alderatuta, funtsez eta formaz eduki bera duten arauak aplikatuko ditu Foru Komunitateak. Hala ere, Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean sarrerak egiteko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe.
Horrez gainera, xedatzen du establezimendu iraunkorrik izan gabe lortzen diren errentak kargatzen direnean, zergaren ordainarazpena Foru Komunitateak eginen duela, betiere 29. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz errentak Nafarroan lortu edo sortu direla ondorioztatzen baldin bada.
Horrenbestez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako ahalmena erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehenengo artikulua. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi ziren, eta haiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri. Eredu horiek erabili behar dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.
Ondoren aipatzen diren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren manuek hurrengo testua izanen dute:
Bat–2.1.b) artikulua, bigarren paragrafoa.
“b) Gainerako errentak: zergadun berak lortutako errenta bat baino gehiago elkartzen ahalko dira, baldin eta errenta motaren kode bera badute, ordaintzaile bera badute, karga tasa bera aplikatzen ahal bazaie eta, gainera, ondasun edo eskubide batetik deribatuak direnean, ondasun edo eskubide beretik badatoz. Hala ere, ondasun higiezinak errentan edo azpierrentan emateagatik jasotako etekinak izanik, atxikipenik gabekoak, baldintza horiekin berekin elkartzen ahal dira (ordaintzaile berarengandik datozen errentei dagokiena izan ezik), baina ordaintzaileak bat baino gehiago direnean, haiengandik datozen etekin horien aitorpena egiterakoan beharrezkoa izanen da errenta motaren berariazko kodea adieraztea, 35a.”
Bi–13. artikulu berri bat gehitzen da.
“13. artikulua. Aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura berezia baloreetatik datozen harpidetza eskubideen eskualdatzearen ondoriozko irabazi salbuetsien kasuan.
1. Baloreetatik datozen harpidetza eskubideen eskualdatzearen ondoriozko irabazi salbuetsiak izanik, dela barreneko araudiaren arabera edo hitzarmen baten arabera, aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura berezia erabil daiteke arau hauen arabera:
a) Zero kuotako 210 ereduaren autolikidazio berean elkartu daitezke herrialde bereko egoiliarrak diren zergadunek izandako irabazi salbuetsiak, jaulkitzaile beraren baloreetatik datozenak.
b) Autolikidazioa egiten duen pertsona zergadun guztien ordezkari komuna izan daiteke, edo balore horiek gordetzeko edo kudeatzeko ardura duen gordailuzaina edo kudeatzailea den erakundea.
c) Urte naturalean zergadun bakoitzari dagozkion irabazi salbuetsiak 500 eurotik beherakoak izatea jaulkitzaile bakoitzeko.
Zero kuotako 210 ereduaren autolikidazioa betetzean kontuan hartuko dira honako xehetasunak: urteko elkarketa adieraziko da; errenta motaren 36 kodea idatziko da, prozedura berezi hori identifikatzen duen berariazko kodea; “Zergaduna”-ri dagokion apartatuan, “Deiturak eta izena, sozietatea-izena edo izendapena” eremuan idatziko da “231/2013 FORU AGINDUAREN 13. ARTIKULUKO PROZEDURA” eta “Egoitza fiskala: herrialdearen kodea” eremuan, zergadunen bizilekuari dagokiona (apartatu horretako gainerako eremuak bete gabe utziko dira); “Ordaintzailea/atxikitzailea/jaulkitzailea/higiezinaren eskuratzailea” apartatuan baloreen jaulkitzailea nor den adieraziko da.
2. Foru agindu honen 11.1 artikuluan dokumentazioaz aurreikusitako araudia betetzearen ondorioetarako, apartatu horretan adierazitakoaren ordez erantsi daiteke ordezkariak edo zergadunen zerrenda daukan erakunde gordailuzainak edo kudeatzaileak emandako ziurtagiri bat, honako datuak adierazita: zergadunek zein herrialdetan duten egoitza, harpidetza eskubideen salmentarengatik bakoitzak jasotako zenbatekoa, eta zenbateko horien batura. Era berean, berariaz adierazi behar du badituela zerrendan sartutako zergadun bakoitzak egindako aitorpenak, bai eta zergadun horiek egoitza fiskala autolikidazioan adierazitako herrialdean dutela ere.
3. Autolikidazioa egiten duena baloreak gordetzen edo kudeatzen dituen erakundea bada, ez da beharrezkoa izanen autolikidazioari dokumentazioa eranstea eta nahikoa izanen da dokumentazio hori zerga administrazioaren eskura izatea harik eta preskripzio epea iraungi arte.
4. Egiaztapen prozedura berezi hori aplikatuko da deusetan galarazi gabe zerga administrazioak eskatu ahal izatea justifika dezala, aurreko 2. atalean aipatutako zerrendan sartutako edozein zergaduni, salbuespena aplikatzeko eskubidea duela. Horretarako, egoitza fiskalaren ziurtagiria eskatzen ahalko die, egoitzako herrialdeko zerga agintariek egina.”
Bigarren artikulua. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren martxoaren 5eko 88/2013 Foru Aginduaren aldaketa. Foru agindu horren bidez 216 eredu berria onetsi zen ez-egoiliarren errentaren gaineko zergako atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena eta sarrera egiteko, establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentei buruz.
5. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:
“5. artikulua. 216 eredua aurkezteko eta sarrera egiteko epea.
Hiruhileko bakoitzaren ondoko lehen hogei egun naturalak dira 216 ereduaren hiru hileko aitorpena aurkeztu eta sarrera egiteko epea, salbu bigarren eta laugarren hiruhilekoetako aitorpenen kasuan, horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko baitira, hurrenez hurren.
Hala ere, balio erantsiaren gaineko zergan beren likidazioaldiak hilabete naturalarekin bat egiten badu, atxikitzaileen eta konturako sarrera egitera behartutakoen aitorpena eta sarrera hileko likidazioaldiaren ondoko hileko lehenbiziko hogeita hamar egun naturaleko epean eginen dira, edo otsaileko azken egunera arte, urtarrilari dagokion aitorpen-likidazioaren kasuan. Hala ere, ekainari dagokion aitorpen-likidazioa abuztuaren 5era arte egin daiteke, uztailari dagokiona irailaren 20ra arte, eta abenduari dagokiona, urtarrilaren 31ra arte.”
Hirugarren artikulua. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Agindua aldatzea. Haren bidez “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena” izeneko 296 eredua onetsi zen.
Ondoren aipatzen diren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Aginduaren manuek hurrengo testua izanen dute:
Bat–5. artikulua.
“5. artikulua. 296 eredua aurkezteko tokia eta epea.
Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena, 296 eredua, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik otsailaren 5era, biak barne, aurkeztuko da, aurre-aurreko urte naturalari dagozkion atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoen berri emateko. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren edozein bulegotan aurkeztuko da.”
Bi.–II. eranskina. “AURKEZLEAREN IFZ” eremuaren testua aldatzen da, 0 motako erregistroko 9-17 idazguneak hartzen dituena. |
9-17 | Alfazenbakizkoa | AURKEZLEAREN IFZ. Aurkezlearen IFZ adieraziko da. Eremu hau eskuinetik lerrokaturik egonen da, azken idazgunea kontrol karakterea izanen da eta ezkerreko idazguneak zeroz beteko dira, Tributuak kudeatu eta ikuskatzeko eta tributuak aplikatzeko prozeduretarako arau komunak garatzeko jarduketa eta prozedurei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 1065/2007 Errege Dekretuan eta Identifikazio fiskaleko zenbakia eta hari lotutako zenbait zentsu arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan ezartzen diren arauei jarraituz. |
Hiru.–II. eranskina. “AITORTZAILEAREN IFZ” eremuaren testua aldatzen da, 1. motako erregistroko 9-17 idazguneak hartzen dituena. |
9-17 | Alfazenbakizkoa | AITORTZAILEAREN IFZ. Aitortzailearen IFZ adieraziko da. Eremu hau eskuinetik lerrokaturik egonen da, azken idazgunea kontrol karakterea izanen da, eta ezkerreko idazguneak zeroz beteko dira, honako hauetan aurreikusitako arauekin bat: uztailaren 27ko 1065/2007 Errege Dekretua (haren bidez onetsi zen Tributuak kudeatu eta ikuskatzeko eta tributuak aplikatzeko prozeduretarako arau komunak garatzeko jarduketa eta prozedurei buruzko Erregelamendu Orokorra) eta otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua (haren bidez ezarri ziren Identifikazio fiskaleko zenbakia eta hari lotutako zenbait zentsu arautzen dituen arauak). |
Lau.–II. eranskina. “HARTZAILEAREN IFZ” eta “LEGEZKO ORDEZKARIAREN IFZ” eremuen testua aldatzen da; 2. motako erregistroko 18-26 eta 27-35 idazguneak hartzen dituzte hurrenez hurren. |
18-26 | Alfazenbakizkoa | HARTZAILEAREN IFZ. Hartzaileak Espainian esleitu zaion IFZ badu, tributuak kudeatu eta ikuskatzeko eta tributuak aplikatzeko prozeduretarako arau komunak garatzeko jarduketa eta prozedurei buruzko Erregelamendu orokorra onesten duen uztailaren 27ko 1065/2007 Errege Dekretuan eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta hari lotutako zenbait zentsu arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan ezartzen diren arauei jarraituz. Eremu hau eskuinetik lerrokaturik egonen da, eta azken idazgunea kontrol karakterea izanen da. Ezkerreko idazguneak zeroz beteko dira. Hartzailea pertsona juridikoa edo errenta egozpenaren araubidea duen entitatea bada (ondasun-erkidegoa, sozietate zibila, jaso gabeko jarauntsia etab.), haren Identifikazio Fiskalerako Zenbakia jasoko da. Tributu harremanetan edo tributu gaietan eragina duten harremanetan adingabeak identifikatzeko, adingabearen datuekin batera, identifikazio fiskaleko zenbakia barne, haren legezko ordezkariarenak ere azaldu beharko dira. Aitortua adingabea bada eta IFZrik ez badu, eremu hau bete gabe utziko da, eta “LEGEZKO ORDEZKARIAREN IFZ” izeneko eremuan haren legezko ordezkariarena adieraziko. Eremu hau eskuinetik lerrokaturik egonen da, eta azken idazgunea kontrol karakterea izanen da. Ezkerreko idazguneak zeroz beteko dira. Espainian esleituriko IFZekin bakarrik beteko da. |
27-35 | Alfazenbakizkoa | LEGEZKO ORDEZKARIAREN IFZ. Hartzailea adingabea bada edo ezintasunen bat baldin badu, eta haren ordezkariak Espainian esleitutako IFZ baldin badu, Tributuak kudeatu eta ikuskatzeko eta tributuak aplikatzeko prozeduretarako arau erkideak garatzeko jarduketa eta prozedurei buruzko Erregelamendu orokorra onesten duen ekainaren 27ko 1065/2007 Errege Dekretuan eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri loturiko hainbat zentsu arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan ezartzen diren arauei jarraituz, eremu honetan haren legezko ordezkariaren (aita, ama edo tutorea) identifikazio fiskaleko zenbakia adieraziko da. Beste edozein kasutan zuriuneak utziko dira eremu honen edukian. |
Bost.–II. eranskina. Azpigako mota berri bat, “11”, erantsi da “AZPIGAKO” eremuan; 2. motako erregistroa 102-103 idazguneak hartzen ditu. |
102-103 | Zenbakizkoa | AZPIGAKOA. Dagokiona adieraziko da, atxikipena edo konturako sarrera egiteko kontuan hartutako inguruabarren arabera, zerrenda honi jarraikiz: | |
01 | Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 25. artikuluan aipatzen diren tasa orokorrekin edo tributazio eskalekin egindako atxikipena. | ||
02 | Hitzarmenetan finkatutako zergapetze-mugak aplikatuz egindako atxikipena. | ||
03 | Barreneko salbuespena (batez ere: Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 14. artikulua). | ||
04 | Salbuespena, hitzarmen bat aplikatzearen ondorioz. | ||
05 | Atxikipenik gabe, zergadunak edo haren ordezkariak zerga ordaindua duelako. | ||
06 | Aitortutako hartzailea jabetza intelektualeko eskubideak batera kudeatzeko atzerriko entitate bat da, eta atxikipena hitzarmen bateko zergapetze-muga, edo salbuespena, aplikatuz egin da, foru agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. | ||
07 | Hartzailea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergaduna da, Espainiako lurraldera joanarazitako langileei aplikatzen zaien araubide berezikoa, zeina PFEZari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 10.2 artikuluan aipatzen baita. | ||
08 | Hartzaile aitortua Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak edo partaidetzak merkaturatzen dituen entitate bat da, egoitza atzerrian duena. Atxikipena Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 25. artikuluan adierazitako zergapetze-mugatik beherako tasa bat aplikatuz egin da, hitzarmenean ezarritakoa hain zuzen, foru agindu honen 9. artikuluan finkatutako prezedura bereziari jarraikiz. | ||
09 | Hartzaile aitortua Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak edo partaidetzak merkaturatzen dituen entitate bat da, egoitza atzerrian duena. Atxikipena Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 25. artikuluan adierazitako karga-tasa aplikatuz egin da, foru agindu honen 9. artikuluan finkatutako prezedura bereziari jarraikiz. | ||
10 | Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 36.2 artikuluak aipatutako konturako sarrera, errentak eratxikitzeko araubideko entitate batek egiten duena ez-egoiliarra den kide bati eratxikitako errenta bati dagokionez. | ||
11 | Hartzaile aitortua Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 32. artikuluan aurreikusitako prozedura erabili duela frogatu duen zergaduna da (247 eredua). | ||
Aurreko zerrendako 06, 07, 08, 09, 10 eta 11 azpigakoetan aipatzen diren kasuetan, azpigako berariazko horiek beti aipatuko dira, gainerako azpigakoak kontuan hartu gabe. | |||
Sei.–II. eranskina. “JAULKITZAILEAREN KODEA” eremuaren testua aldatzen da; 2. motako erregistroko 136-147 idazguneak hartzen ditu. |
136 147 | Alfazenbakizkoa | JAULKITZAILEAREN KODEA. Bakar-bakarrik “GAKOA” eremuan (100-101 idazguneak, 2. motako erregistroan) “1” edo “2” balioak adierazi badira. Jaulkitzailea identifikatzeko beteko da. Oro har, ISIN kodea adieraziko da, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren uztailaren 28ko 1/2010 Arau Teknikoaren arabera osatua. Baloreek horrelako koderik esleitua ez badute: –“KODEA” eremuan (135 idazgunea) 1 adierazi bada, zerga administrazioak emandako identifikazio fiskaleko zenbakiaren bidez identifikatuko da jaulkitzailea. –“KODEA” eremuan (135 idazgunea) 3 adierazi bada, “ZXX” gakoa adieraziko da, non “XX” herrialde jaulkitzailearen kodea izanen baita, 196 eredua onesteko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak azaroaren 24an emandako 208/2008 Foru Aginduaren III. eranskinean azaltzen diren herrialde eta lurraldeen kode alfabetikoen arabera. Era berean, nazioz gaindiko erakundeek (Munduko Bankua, etab.) jaulkitako tituluak badira, eta ISIN koderik esleitu ez bazaie, ZNN adieraziko da, non NN izanen baitira III. eranskin horren bukaeran agertzen diren gako alfabetikoak. |
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie lehenbizikoz, 2017ko informazioari dagokionez.
Iruñean, 2018ko otsailaren 1ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1801494
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
