34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASU

Deialdiaren oinarriak, obra eta zerbitzu lantaldean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostuan aritzeko aldi baterako kontrataziorako

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. 1.1 Deialdi honen xedea da Altsasuko Udalaren obra eta zerbitzu lantaldean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, administrazio araubidekoa, aldi baterako betetzea.

Lan poltsa egingo da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izango da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.

1.2. Kontratuak lanpostua behin betiko bete arte iraungo du. Hala ere, kontratua hurrengo arrazoietako batengatik desegingo litzateke:

–Erregelamenduz ezarritako probaldian kontratatuak betebeharren bat ez-betetzeagatik edo egokitzapen faltagatik.

–Aldi baterako bete nahi den lanpostua behin betiko betetzeagatik.

–Lanpostua amortizatzeagatik.

–Lanpostu horri atxikitzea langile funtzionario edo lan-kontratudun finko bat.

–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan jasotako beste zenbait.

1.3. Kontratatuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko D mailan sartuko dira eta aipatu maila horri dagozkion oinarrizko lansariak eta, behar izanez gero, Udalaren plantilla organikoan esleitzen zaizkion lansari osagarriak jasoko dituzte.

1.4. Lan araubidea lanaldi osokoa izango da eta zerbitzuko beharrei egokituko zaie. Araubide hori edozein unetan alda lezake Udalak.

1.5. Kontratuak lanpostua behin betiko bete arte iraungo du. Hala ere, kontratua hurrengo arrazoietako batengatik desegingo litzateke:

–Erregelamenduz ezarritako probaldian kontratatuak betebeharren bat ez-betetzeagatik edo egokitzapen faltagatik.

–Aldi baterako bete nahi den lanpostua behin betiko betetzeagatik.

–Lanpostua amortizatzeagatik.

–Lanpostu horri atxikitzea langile funtzionario edo lan-kontratudun finko bat.

–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan jasotako beste zenbait.

1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak hauek dira:

Obrak eta mantentze lanak:

Ofizial igeltseroari laguntzea barne eta kanpo igeltserotzako mantentze lanak egiten (hormigoi masa egin, espaloiak eta bide bazterrak konpondu, kutxatilak, bidezuloak bete, hiri-altzariak jarri, haur-parkeak konpondu, etab.) bide eta eraikin publiko orotan, zehaztasun tekniko eta ezarritako lanen programaren arabera.

Mantentze lanak egitea udal instalazio eta eraikinetan (altzariak, bankuak, ateak, zakarrontziak, leihoak, fluoreszenteak, etab.) udalarenak diren loketan.

Bideko mantentze lanak egitea eta bideko seinaleak jartzea (seinaleak prestatu eta jartzea, mugarriak eta piboteak dagozkien oinarriekin, etab.).

Ofizial elektrikariari laguntzea kaleko argiteriaren instalazio elektrikoetako zenbait mantentze lan eta matxuren konponketak egiten (farolak konpondu) eta udalaren eraikin eta instalazioetan, zehaztasun teknikoen arabera eta ezarritako epeetan.

Errementaritza, zurgintza eta pinturako zenbait lan egiten laguntzea agintzen zaion eraikin eta ondasun publikoetan.

Hesiak, seinaleak, oholtzak eta halakoak muntatzeko eta desmuntatzeko lanak egitea eta ekitaldiak (idi-probak, feriak, kontzertuak, etab.) eta jaialdiak prestatzeko laguntza ematea.

Zenbait materialen garraioarekin, karga eta deskarga lanekin loturiko lanak egitea.

Bide garbiketako hainbat lan egitea hirigunean eta handik kanpo esleitzen zaion eremuan (espaloiak, bazterbideak, parkeak, merkatuak, estolderiak, eskola eremuak, erreken bukaera tokiak, ibaien ibilguak, etab.) ezarritako egoeretan (euri ekaitzak, etab.) butxadurarik gabe mantenduz euri-uretako sareak (estolderiak, saretak, etab.).

Mendi eta lorategiak:

–Bideak eta bazterbideak hobetzeko eta kontserbatzeko lanak egitea.

–Aisiarako guneetan, baselizetan eta abarretan garbiketa, mantentze lanak eta kontserbazioko zenbait lan egitea, bai eta zenbait ekitalditarako (abere feriak, erromeriak eta abar) prestakuntza lanak ere egitea: zakarrontziak jartzea eta garbitzea, posteak instalatzea, sastraken garbiketa egitea, etab.

–Kanpoko teknikariekin lankidetzan, obra zibileko balioespen lanak, lanen jarraipena egitea, etab.

Beste eginkizun batzuk:

Bere eskura jartzen diren baliabide eta tresnen mantentze egokiaren ardura edukitzea.

Ardura komunak:

Laneko arriskuen prebentzio arauak betetzea, bai eta ordena eta garbitasunekoak ere.

Alorraren hobekuntza sustatu eta hartan laguntzea eta hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak proposatzea.

Lana antolatzea, ezarritako xedeak beteko direla bermatu beharrez.

Alorrari atxikitako gainerako langileekin aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.

Lankideei aholkua ematea eta laguntzea ezagutza eta/edo esperientziagatik hobeki mendaratzen dituen zereginetan.

Aipatuez landa, ezarritako helburuak betetzeko xedez eta zerbitzuaren premien arabera, legez esleitzen zaizkion bestelako lanak egitea, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat etorriz gero.

2. oinarria.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) C1 motako gidabaimena.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea:

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu beharko da Altsasuko Udaleko erregistro orokorrean (Garcia Ximénez kalea, 36, 31800), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideetakoren bat erabiliz, administrazio kontratatzaileari eskabidea igorri dela jakinaraziko zaio fax bidez (948 563855 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (altsasu@altsasu.net), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

Bi betekizun horiek gabe dokumentazioa ez da onartuko, kontratazio organoak jasotzen badu oinarri hauetan adierazitako epea amaitzeko eguna eta ordua pasatu eta gero.

Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) eguneko epean dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

3.2. Eskabideari (jatorrizkoa eta kopia, deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoak) agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

3.3. Desgaitasunen bat izanik parte hartzen dutenek denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein desgaitasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izango dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero.

5.2. Oposizioaldia.

5.2 a) Oposizioaldiak ariketa hauek izango ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira bertan.

5.2 b) Lehen ariketa baztertzailea eta teorikoa izango da; test motako galdetegi bat erantzun beharko da, II. eranskineko gai-zerrendaren gainean. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehienez esleitutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenek.

5.2 c) Bigarren ariketa baztertzailea da eta proba teoriko/praktiko bat edo gehiago egingo dira, arlo hauetakoak: makineria, igeltserotza, pintura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria arina maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere lanpostuaren eginkizunekin zerikusia dutenak. Ariketa honetan gehienez ere 35 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira gehienez esleitutako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez dutenek.

5.2.d) Oposizioaldiko ariketa bakoitza bururatutakoan, epaimahaiak argitara emango ditu Udaleko iragarki oholean eta webgunean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin, baita hurrengo ariketa noiz eta non egingo den ere, beharrezkoa bada.

5.2.e) Probak egiteko dei bakarra egingo da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren izangaiak.

5.2.f) Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

5.2.g) Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

6. oinarria.–Lehiaketaldia.

6.1. Lehiaketaldia oposizioa gainditu duten izangaiei soilik baloratuko zaie, eta 30 puntu izango ditu gehienez, baremo honen arabera:

A) Esperientzia.

1) Administrazio Publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan egindako zerbitzuak, D mailan, deialdiko lanpostuak berezko dituen eginkizunetan, puntu 1 urte oso bakoitzagatik. Batura ez da 15 puntu baino handiagoa izango.

Aurreko apartatuan aurreikusi merezimenduak lehiatzaileak lan egin duen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko lanpostuan) egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.

Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

B) Prestakuntza ikastaroak.

Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, baremo honi jarraikiz:

10 orduko edo gehiagoko baina 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu.

20 orduko edo gehiagoko baina 40 ordu baino gutxiagoko bakoitzeko: puntu bat.

40 orduko edo gehiagoko baina 100 ordu baino gutxiagoko bakoitzeko: 1,5 puntu.

100 ordu edo gehiagoko bakoitzeko: 2 puntu.

Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak.

C) Euskara.

Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat, euskaraz jakitea deialdiaren puntu guztien (oposizioa gehi lehiaketa) %5 baloratuko da jendearekin harreman zuzena daukaten lanpostu guztietarako.

Hortaz, euskararen ezagutza gehienez ere 5 puntu baloratuko da EGA edo C1 titulua edukiz gero. Horien azpiko titulazioei puntu hauek emango zaizkie: A1 tituluak 1 puntu izango ditu, A2 tituluak 2 puntu, B1 tituluak 3 puntu eta B2 tituluak 4 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, eta eskabideari agiri horren fotokopia konpultsatua erantsi behar zaio.

Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean.

7. oinarria.–Epaimahaia

7.1. Hauexek izango dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez. Altsasuko Udaleko alkatea. Ordezkoa: Manuel Bergera Ijurco, Altsasuko Udaleko Antolaketa eta Giza Baliabideen batzordeko burua.

Epaimahaikide-idazkaria: Isaak Valencia Alzueta. Ordezkoa: Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.

Epaimahaikidea: Felix Benjumea Motino, Altsasuko Udaleko Obra eta Zerbitzu Anitzetako arduraduna. Ordezkoa: Altsasuko Udaleko Obra eta Zerbitzu Anitzetako enplegatua.

Epaimahaikidea: Maite Celaya Irigoien, Udaleko aparejadorea. Ordezkoa: Altsasuko Udaleko Obra eta Zerbitzu Anitzetako enplegatua.

Epaimahaikidea: Angel Calvo Herrera, ordezkari sindikala. Ordezkoa: Altsasuko Udaleko ordezkari sindikal bat.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

7.4. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak egingo ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.

7.5. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izango da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

7.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik bigarren ariketan zein den puntuaziorik handiena (5.2.c), eta berdinketak jarraituz gero, kalifikazio epaimahaiak egingo duen zozketa baten bidez ebatziko da.

8. oinarria–Epaimahaiaren proposamena.

8.1. Oposizioaldiko ariketak baloratu ondoren, eskabidearekin batera aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira. Behin-behineko emaitzak Altsasuko Udaleko web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.

8.2. Behin proben kalifikazioa eta alegazioen epea bukaturik, epaimahaiak Altsasuko Udalaren iragarki oholean eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda.

Enplegu poltsan sartuko dira probak gainditzen dituztenak.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Kontratazio zerrendek bost urteko iraunaldia izango dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik egingo da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei egingo zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

Lanerako kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, egingo zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra egingo da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Deitutako izangaiarekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangai bat, aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 12 hilabetean, udalean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

Lan-kontratudun batek muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egiteak:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo haurra izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

c) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorren Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aitzineko hamabost egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

Aitzineko atalean adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek hilabeteko epea izango dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenengo apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Deia eginda lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.3. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da; beraz, haren kontu izango da dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko dagokion salari edo epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Altsasun, 2018ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Javier Ollo Martinez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Altsasuko udalerria: kaleen eta auzoen izenak, bai eta mendiena, alderdiena, ibaiena eta etxolena ere; udaleko araudia; etab.

2.–Altsasuko Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, alkatea eta Gobernu Batzordea. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3.–Nafarroako toki entitateen lege araubidea: udalerriak. Antolaketa eta administrazioa.

4.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Ezagutza orokorra. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina-araubidea.

5.–Aukera berdintasuna (gai zerrenda eskuragarri dago Altsasuko Udalaren web-orrian).

6.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

7.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak, materialak. Obra zibilean egin beharreko lanak.

8.–Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: L1800796