34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

190/2017 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, industria segurtasunaren arloko lanbide gaikuntza eta txartel profesionalak lortzeko proben 2018ko deialdia onesten duena.

Maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuak eta martxoaren 5eko 249/2010 Errege Dekretuak industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko zenbait arau eta energiaren eta meategien gaineko zenbait xedapen aldatu zituzten, arau-xedapen horiek egokitzeko, batetik, azaroaren 23ko 17/2009 Legera (zerbitzu jardueretan libreki sartu eta horietan aritzeari buruzkoa), eta bestetik, abenduaren 22ko 25/2009 Legera (zenbait lege aldatzen dituena zerbitzu jardueretan libreki sartu eta horietan aritzeari buruzko Legera egokitzeko asmoz).

Maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren hamaikagarren, hamahirugarren eta hamaseigarren artikuluetan bildu dira profesionalek bete behar dituzten baldintzak petrolio-produktu likidoen instalatzaile edo konpontzaile gisa, gas-instalatzaile gisa eta galdaretako operadore industrial gisa aritzeko; artikulu horietan aurreikusitako aukerabideetako bat da azterketa bat gainditzea, autonomia erkidegoan eskumena duen organoak prestatua. Errege dekretu horren zortzigarren artikuluan, orobat, zenbait bide jasotzen dira dorre-garabiko operadoreen txartela lortzeko. Artikulu horretan ezartzen da zein kasutan den beharrezkoa azterketa bat gainditzea.

Martxoaren 5eko 249/2010 Errege Dekretuaren bigarren artikuluan ezartzen da zein egoeratan egon behar duten profesionalek eraikinetako instalazio termikoen txartel profesionala lortzeko. Artikulu horretan aurreikusten da zein kasutan den beharrezkoa azterketa bat gainditzea autonomia erkidegoan eskumena duen organoaren aurrean.

Bestalde, industria segurtasunaren arloko profesionalak Nafarroako Foru Komunitatean egiaztatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 30eko 291/2011 Foru Aginduaren bosgarren artikuluan ezarrita dago azterketak egiteko eta gaikuntza lortzeko prozedura.

Xedapen horiek betetzeko asmoz, bidezkoa da industria segurtasunaren arloko lanbide gaikuntza eta txartel profesionalak lortzeko 2018. urterako deialdi hau onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Industria segurtasunaren arloko lanbide gaikuntza eta txartel profesionalak lortzeko proben 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdi hori arautuko duten oinarriak eta betebeharrak, ebazpen honen eranskinetan ageri direnak, onestea.

3. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Batzordeburua: Roberto Yoldi Echarren jauna, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Fernando Señas Bea jauna, Meategien Ataleko burua.

–Batzordekidea: David Carabantes Bernal jauna, Enpresen Erregistroaren eta Industria Segurtasunaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Gabriel Viedma Moreno jauna, Enpresen Erregistroaren eta Industria Segurtasunaren Atalari atxikitako industria ingeniari teknikoa.

–Batzordekidea: Andrés Otano Urra jauna, Ikuskapen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Gabino Unzu Martínez jauna, Enpresen Erregistroaren eta Industria Segurtasunaren Atalari atxikitako industria ingeniari teknikoa.

–Idazkaria: Pilar Baztán Iriarte andrea, Enpresen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Yolanda Tofiño Alba andrea, Enpresen Erregistroaren eta Industria Segurtasunaren Atalari atxikitako administraria.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko abenduaren 29an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen xedea proben deialdia egitea da honako hauek lortzeko gaitasun azterketak egiteko:

–Galdaretako operadore industrialen lanbide gaikuntza.

–Gas-instalatzailea (A, B eta C kategoriak).

–petrolio-produktu likidoen instalatzailea edo konpontzailea (I., II. eta III. kategoriak).

–Garabi-dorreko operadoreen txartela.

–Garabi mugikor autopropultsatuen operadoreen txartela (A eta B kategoriak)

–Eraikinetako instalazio termikoen arloko txartel profesionala.

Bigarrena.–Izena ematea.

1. Izena eman nahi dutenek inskripzio eskabide bat aurkeztu beharko dute ezarritako epean, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberakoa, egin nahi duten azterketa bakoitzeko.

Inskripzioa honela egiten ahalko da:

–Aurrez aurre: Nafarroako Gobernuko erregistro bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan. Eskubide hori erabiliz, eskaera posta bidez igortzen bada, gutun-azal irekian aurkeztuko da, Posta Zerbitzuko funtzionarioak data eta zigilua jar ditzan gutuna ziurtatu baino lehen.

–Telematikoki: www.nafarroa.eus web-orritik (bilatzailea: “industria segurtasuneko 2018ko azterketak”)

Azterketa egiteko inskripzio bakoitzeko, dagokion tasa ordaindu beharko da azterketa eskubideengatik; tasa ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da inskripzio eskabidearekin batera. Ordaindu ezean, izangaia baztertuko da.

Tasa ordaindu izanaren frogagiria aurkezteak ez du inola ere aldatuko inskripzio eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa itzultzea, interesdunak eskaturik, bidezko izanen da, bakar-bakarrik, bitan ordaindu bada.

2. Aurkezteko epeak.

2018. urtean bi epe izanen dira izena emateko:

Izena emateko lehenbiziko epea: eskabidea eta ordainagiria 2018ko martxoaren 1etik 15era aurkeztu beharko dira, biak barne.

Izena emateko bigarren epea: eskabidea eta ordainagiria 2018ko irailaren 1etik 15era aurkeztu beharko dira, biak barne.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 15 egun balioduneko epean, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitara emanen da www.nafarroa.eus web-orrian (bilatzailea: “industria segurtasuneko 2018ko azterketak”) eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko iragarki oholean (Tomás Caballero parkea 1, 5.a, Iruña).

Izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, azterketak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski dagokien erregelamenduetan txartelak eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko.

Laugarrena.–Proben garapena eta edukia.

Azterketetan inskribatu direnek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo legez onartua den beste edozein dokumentu, identitatea behar adina frogatzen duena, eraman beharko dute probak egiterakoan. Azterketatik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere, edo identitatea behar bezala frogatzen ez dutenak.

Garabi mugikor autopropultsatuen operadoreen txartela (A eta B kategoriak) eskuratzeko azterketa egiteko izena eman duten pertsonen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, ikastaro teoriko-praktikoa gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute proba praktikoa egin baino lehen. Administrazio honek egiaztatutako entitate batean egina izan beharko du, 837/2003 Errege Dekretuaren VII. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Hori aurkezten ez dutenak azterketetatik baztertuko dira, praktikotik nahiz teorikotik.

Azterketa teorikoa:

Azterketak test moduko 40 galdera izanen ditu, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako edukiei buruzkoak. Galderetako bakoitzak hiru erantzun alternatibo izanen ditu, eta erantzun zuzenak puntu batekin baloratuko dira, eta okerrak, erantzun gabeak edo erantzun bat baino gehiago dauzkatenak, berriz, ez dira puntuatuko, ez positiboki ez negatiboki.

Azterketa gainditzeko 32 puntu lortu behar dira gutxienez.

Proba hori egiteko, ordubete izanen da.

Proba egiteko ez da inolako kalkulagailurik erabiltzen ahalko, ez eta sakelako telefonorik edo bestelako materialik ere, bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Azterketa praktikoa (garabi mugikor autopropultsatuaren operadoreentzat soilik, A eta B kategoriak):

Azterketa teorikoa baino lehen eginen da azterketa praktikoa, epaimahaiak ezartzen dituen moduan eta tokian. Interneten, hain zuzen, www.nafarroa.eus web-orrian (bilatzailea: “industria segurtasuneko 2018ko azterketak”) iragarriko du epaimahaiak.

Azterketa hau ez gainditzeak ez du galarazten azterketa teorikoa egitea; azken horren emaitza positiboa bada, gorde eginen da ondoz ondoko bi deialditan, eta izangaiak azterketa praktikoa baizik ez du egin beharko deialdi horietan. Bi saiakera horiek eginda ez bada azterketa gainditzen, berriz ere aurkeztu beharko du izangaiak azterketa teorikora.

Bosgarrena.–Izangai onartuen zerrenda eta erreklamazioak.

Ariketen kalifikazioa bukatuta, behin-behineko emaitzak argitara emanen dira www.nafarroa.eus web-orrian (bilatzailea: “industria segurtasuneko 2018ko azterketak”) eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko iragarki oholean (Tomás Caballero parkea 1, 5.a, Iruña).

Behin-behineko emaitzak argitaratu ondoren, 5 egun balioduneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak ebatzirik, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak “gai” direnen behin betiko zerrenda onetsiko du ebazpen baten bidez. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean argitaratu eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Eskabidea, industria segurtasunaren arloko profesionalaren txartela edo gaikuntza lortzeko azterketan onartua izateko (PDFa).

III. ERANSKINA

Azterketen deialdiko gai zerrenda

Galdaretako operadore industrialen lanbide gaikuntza lortzeko azterketa.

Presiozko ekipamenduen Erregelamendua eta haien jarraibide tekniko osagarriak onetsi zituen abenduaren 12ko 2060/2008 Errege Dekretuaren EP-1 JTOaren II. eranskina (maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuak partez aldatua).

A kategoriako gas-instalatzaileen lanbide gaikuntza lortzeko azterketa.

Beharrezkoak diren gutxieneko ezagutzak dira gas erregaien banaketa eta erabilerarako Erregelamendu Teknikoaren ICG-09 JTOaren I. eranskineko 1. puntuan adierazitakoak. Erregelamendu hori uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren bidez partez aldatu.

B kategoriako gas-instalatzaileen lanbide gaikuntza lortzeko azterketa.

Beharrezkoak diren gutxieneko ezagutzak dira gas erregaien banaketa eta erabilerarako Erregelamendu Teknikoaren ICG-09 JTOaren I. eranskineko 2. puntuan adierazitakoak. Erregelamendu hori uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren bidez partez aldatu.

C kategoriako gas-instalatzaileen lanbide gaikuntza lortzeko azterketa.

Beharrezkoak diren gutxieneko ezagutzak dira gas erregaien banaketa eta erabilerarako Erregelamendu Teknikoaren ICG-09 JTOaren I. eranskineko 3. puntuan adierazitakoak. Erregelamendu hori uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren bidez partez aldatu.

IP-I kategoriako petrolio-produktu likidoen instalatzaileen gaikuntza lortzeko azterketa.

MI-IP05 Jarraibide Tekniko Osagarria –petrolio-produktu likidoen instalatzaile edo konpontzaileak eta enpresa instalatzaile edo konpontzaileak– onetsi zuen apirilaren 8ko 365/2005 Errege Dekretua eta JTO horren I. eta II. eranskinak.

Maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren laugarren, seigarren eta hamaikagarren artikuluak; dekretu horren bidez industria segurtasunaren arloko erregelamendu-arau batzuk aldatu ziren.

IP-II kategoriako petrolio-produktu likidoen instalatzaileen gaikuntza lortzeko azterketa.

MI-IP05 Jarraibide Tekniko Osagarria –petrolio-produktu likidoen instalatzaile edo konpontzaileak eta enpresa instalatzaile edo konpontzaileak– onetsi zuen apirilaren 8ko 365/2005 Errege Dekretua eta JTO horren I. eta III. eranskinak.

Maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren laugarren, seigarren eta hamaikagarren artikuluak; dekretu horren bidez industria segurtasunaren arloko erregelamendu-arau batzuk aldatu ziren.

IP-III kategoriako petrolio-produktu likidoen instalatzaileen gaikuntza lortzeko azterketa.

MI-IP05 Jarraibide Tekniko Osagarria –petrolio-produktu likidoen instalatzaile edo konpontzaileak eta enpresa instalatzaile edo konpontzaileak– onetsi zuen apirilaren 8ko 365/2005 Errege Dekretua eta JTO horren I. eta IV. eranskinak.

“Petrolio-produktu likidoak biltzeko ontziak zerbitzuz kanpo uzteko prozedura” MI-IP06 Jarraibide Tekniko Osagarria onetsi zuen abenduaren 1eko 1416/2006 Errege Dekretua.

Maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren laugarren, seigarren eta hamaikagarren artikuluak; dekretu horren bidez industria segurtasunaren arloko erregelamendu-arau batzuk aldatu ziren.

Dorre-garabiko operadoreen txartela lortzeko azterketa.

836/2003 Errege Dekretua, ekainaren 27koa, Jasotze eta manutentziorako gailuen Erregelamenduaren “MIE-AEM-2” JTO berri bat onesten duena, obretarako eta bestelako aplikazioetarako dorre-garabiei buruzkoa.

Maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren zortzigarren artikulua; dekretu horren bidez industria segurtasunaren arloko erregelamendu-arau batzuk aldatu ziren.

Garabi mugikor autopropultsatuko operadoreen txartela lortzeko azterketa (A eta B kategoriak).

837/2003 Errege Dekretua, ekainaren 27koa, Jasotze eta manutentziorako gailuen Erregelamenduaren “MIE-AEM-4” JTO baten testu berri aldatua eta bategina onesten duena, garabi mugikor autopropultsatuei buruzkoa.

Maiatzaren 7ko 560/2010 Errege Dekretuaren 9.7 artikulua; dekretu horren bidez, industria segurtasunaren arloko erregelamendu-arau batzuk aldatu ziren.

Eraikinetako instalatzaile termikoen txartel profesionala lortzeko azterketa.

Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretua, azaroaren 27ko 1826/2009 Errege Dekretuaren, martxoaren 5eko 249/2010 Errege Dekretuaren eta apirilaren 5eko 238/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatua.

Oharra: gai guztiak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1800030