34. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, diru-laguntzen deialdi hau onesten duena: “Ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresek eta erakundeek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: industriako doktoregoak 2019-2021”.

“Industriako doktoregoak 2019-2021” deialdiaren bidez diru-laguntzak emanen dira doktoregaiak kontrata ditzaten ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresek eta erakundeek, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan ikerketa proiektu bat egiteko.

Honela urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoak hartzeko, deialdi hau aldez aurretik onesteko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Honako diru-laguntzen deialdi hau onestea: “Ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresek eta erakundeek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: industriako doktoregoak 2019-2021”.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-4701-467302: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2019

500.000,00

820005-82110-4701-467302: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2020

500.000,00

820005-82110-4701-467302: Ikertzaileak eta langile teknologikoak kontratatzeko laguntzak; industriako doktoregoak; ikertzaileen mugigarritasuna

2021

500.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 19an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntza hauen xedea da prestakuntzaldian doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileen laneratzea erraztea, eta ikertzaile horiek kontratatzen dituzten ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzea.

Horretarako, doktoregai baten kontratazioa lagunduko da diruz, ikerketa proiektu bat egiteko, bere doktorego tesiaren esparruan kokatua, unibertsitate batekin elkarlanean, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

Diruz lagunduko dira, orobat, doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak eta ikerketarako beste entitate batzuetara joateko mugikortasun gastuak (ostatu, mantenu eta lokomozio gastuak).

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresak, pribatuak ala publikoak (unibertsitateak salbu), doktoregai bat kontratatzen dutenak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta diru-laguntzaren xedeko kontratuaren lanpostua lantoki horretan garatzea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) idatz-zatian ezarrita dago ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundearen definizioa; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren merkatu bateratuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

3. Laguntzen eskabide telematikoarekin batera, entitate eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak eta dagokion laguntza intentsitatea.

Entitate onuradun batek doktoregai bat kontratatzen badu, jarraian definitzen diren kontzeptuek jaso dezakete diru-laguntza, dagokion laguntza intentsitatearekin:

1.–Doktoregaiaren kontratazioa.

1.1. Kontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua lanaldi osokoa izan behar da, eta gutxienez 36 hilabetekoa.

b) Gizarte Segurantzako 1. kotizazio taldea egokituko zaie ingeniaritzen eta lizentzien lanbide kategoriei.

c) Urteko soldata gordina 25.000 eurokoa edo handiagoa izatea.

d) Idatziz formalizatuko dira, eta hauxe adieraziko da berariaz:

I. Hasierako eguna, 2018ko irailean izanen dena, eta bukaerakoa (salbu kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak.

II. Zenbatekoa eurotan izanen da, eta urteko soldata gordina adieraziko dute; ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

III. Deialdi honen diru-laguntzari aipamena.

e) Ezin dira norberaren konturako langileak kontratatu.

f) Kontratatuak ezin du partaidetzarik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzioen edo sozietatearen bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola (zuzena edo zeharkakoa) izateko ahalmena badu.

g) Kontratatzen den pertsonak doktoretza programa ofizial batean sartzeko baldintzak bete beharko ditu laguntza-eskabidea aurkezten den unean, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehaztutakoaren arabera.

h) Kontratatuak ez du doktore titulurik izanen, ez Espainiako unibertsitateetan ez atzerrikoetan.

i) Kontratatuak ezin du doktoratu aurreko laguntzarik jaso (12 hilabetetik gorako kontratu izaerakorik) eskaera aurkeztu baino lehen.

j) Doktore-tesia hasieratik egiteko kontratazioak onartuko dira bakarrik, edo, bestela, hasieratik 9 hilabete gehienez igaro badira. Hori dena behar bezala frogatu behar da.

1.2. Entitateak laguntza eskaera egin aurretik kontratatu badu doktoregaia, kontratuak aurreko puntuko beharkizunak bete beharko ditu. Bestela, beharrezkoa izanen da kontratu hori aldatzea.

1.3. Kontratuaren kostu osoaren portzentaje bat izanen da kontzeptu honengatiko laguntza (urteko soldata gordinari Gizarte Segurantzaren enpresa kuota gehituta ateratzen denaren portzentaje bat), ondoko taulan ezartzen den urteko gehieneko kopuruarekin.

Aurrekoa gorabehera, sektore pribatuko ikerketa zientifiko-teknikoan dagoen genero-arraila leuntzeko, %5eko laguntza gehigarria emanen da kontratatzen den doktoregaia emakumea bada.

ONURADUNAK

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA KONTRATAZIOKO
(%)

GEHIENEKO LAGUNTZA URTEAN (eurotan)

DOKTOREGAI EMAKUMEAK
KONTRATATZEAGATIKO INTENTSITATEA (+%5)

GEHIENEKO LAGUNTZA
URTEAN,
LAGUNTZA
GEHIGARRIA BARNE
(eurotan)

Enpresa handiak*

55

22.000

60

24.000

Gainerako entitateak

75

27.000

80

29.000

(*) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.

2.–Doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak.

2.1. Irakaskuntza horrek baldintza hauek bete beharko ditu:

Doktorego irakaskuntzen iraupena 3 urtekoa izanen da gehienez, denboraldi osokoa, doktoregaia programan onartzen dutenetik doktorego tesia aurkezten duen arte, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat.

Halaber, hiru urteko epe hori agortuta tesia gordailuan uzteko eskaera aurkeztu ez bada, unibertsitateak baimena ematen ahalko du epea urtebetez luzatzeko, eta, salbuespenez, beste urte batez luzatzen ahalko da, aipatutako errege dekretuarekin bat.

2.2. Gehienez 400 euro emanen dira urtean matrikularen gastuak finantzatzeko, matrikulazioa Espainiako unibertsitate publiko edo pribatu batean bada.

Diruz laguntzen ahal den gastuak ez ditu gaindituko unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen uztailaren 3ko 577/2017 Ebazpenean (2016ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 17koa) edo hurrengo urteetan onetsiko diren ebazpenetan ezarriak. Ebazpen horrek finkatzen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordaindu beharreko prezio publikoak, 2017/2018 ikasturtean, titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik.

3.–Mugikortasun gastuak.

3.1. Entitate kontratatzailean eta doktoregaiak matrikula egina duen unibertsitatean ez, beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak finantzatuko ditu laguntzak.

Mugikortasun gastuetan ostatu, mantenu eta lokomozio gastuak sartzen dira, xehetasun hauekin:

a) Ostatua eta mantenua: Ikerketarako Estatuko Agentziako burutzak 2017ko urriaren 18an emandako Ebazpenean ezarritako mugak aplikatuko dira. Ebazpen horren bidez, 2017. urteari dagokion tramitazio aurreratuko deialdia onetsi zen, Talentua eta Enplegagarritasuna Sustatzeko Estatuko Programako Estatuko Laneratze Azpiprogramaren eta Estatuko Prestakuntza Azpiprogramaren zenbait jarduketatarako, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren eta Berrikuntzaren Estatuko 2013-2016 Planaren barruan (Torres Quevedo laguntzak eta doktoreak enpresetan prestatzeko laguntzak: “Industriako doktoregoak”).

b) Lokomozioa: aurreko letran aipatutako ebazpenean ezarritako mugak aplikatuko dira, salbu joan-etorria ibilgailu partikularrean egiten bada, kasu horretan 0,30 euro/km pagatuko baita.

3.2. Kontzeptu horrengatik gehienez ere 3.000 euro pagatuko da urtean.

4. oinarria.–Laguntzen iraupena eta haien gehieneko zenbatekoa.

1. Laguntzek kontratuko 36 hilabete hartuko dituzte gehienez ere, 12 hilabeteko hiru alditan zatiturik (hemendik aurrera, 2019ko, 2020ko eta 2021eko urterokoak).

Urterokoak kontatzeko, lehen urteko hasiera eguna kontratuaren hasiera eguna izanen da. Aldez aurretik hasitako kontratuen kasuan, 3.1.1 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, 2018ko irailaren 1a hartuko da hasierako egun gisa. Kontratua aldez aurretik hasirik kontratua aldatu beharra den kasuetan, 2018ko iraila izanen da kontratuaren hasierako eguna.

2. Diruz lagundu daitezkeen kontzeptu guztiengatik, hiru urteetarako, gehienez emanen diren zenbatekoak hauek dira:

ONURADUNAK

DIRU-LAGUNTZEN XEDEKO KONTZEPTUAK

GUZTIRA, HIRU URTEETARAKO

Kontratazioa

Matrikula

Mugikortasuna

Enpresa handiak

66.000 euro

1.200 euro

9.000 euro

76.200 euro

72.000 euro*

82.200 euro*

Gainerako entitateak

81.000 euro

1.200 euro

9.000 euro

91.200 euro

87.000 euro*

97.200 euro*

(*) Aurreko oinarrian ezarritako laguntza gehigarriaren intentsitatea (%5 emakumezkoak kontratatzeagatik) kontratuari aplikatzearen ondoriozko zenbatekoak.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.

Edonola ere, diru-laguntzaren eskaerak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak baliabide telematiko hutsak erabiliz egiteko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztuko da. Laguntzen fitxan eskura dauden ereduetara egokituko da, eta artxibo bereizietan aurkeztuko, behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin:

a) Eskaera telematikoa, 2. eta 15. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Doktoregaiak parte hartuko duen ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, 6. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.

Horrez gain, frogatu beharko da doktorego tesiaren ikerketa jarduerak entitate onuradunak garatzen duen ikerketa ildo batekoak direla. Betiere proposatutako jarduerak berriak badira edo ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetzen, handitzen edo gauzatzen badute, eta bere I+G jarduera arrunten parte ez badira.

c) Doktorego-tesiaren proiektua.

d) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko konpromisoen agiria. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: lan kontratuaren baldintzak, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideak, finantzazioaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak, galarazi gabe alderdiek beharrezkotzat jotzen dituzten beste batzuk.

e) Tesiaren konpromisoa, doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.

f) Doktoregaiaren curriculum vitaea. Curriculum vitaearen formatu normalizatua erabili beharko da, Ekonomiaren, Industriaren eta Lehiakortasunaren Ministerioan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

g) Enpresa txiki edo ertain baten kasuan, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko formularioa eta azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak. Hala egin ezean, enpresa handientzako gehienekoak, 3.1.3 oinarrian ageri direnak, aplikatuko dira.

Eskatzaileek ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin aurkeztua badute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan 2018an. Kasu horretan, eskaeran azalduko dute hori, baita zer deialditara aurkeztu diren eta zer dokumentazio eraman duten ere.

4. Eskaera bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia. Entitate bakoitzeko, gehienez ere kontratazio bakarra lagunduko da diruz. Nolanahi ere, eskaerei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, diruz lagundu daitezkeen kontratazio kopurua handitzen ahalko da, gehienez ere bost onuradun bakoitzeko.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Atal honetan eskatzen dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin da inondik inora konpondu.

6. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, Elikakatearen arloko I+G+B Atalak, baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak, irizpide hauen arabera:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Ikerketarako proiektuaren irismen teknologikoa

30

20

b) Ikerketarako proiektuaren berritasun maila

30

20

c) Ikerketarako proiektutik zer eragin espero den entitate onuradunean

30

20

d) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (RIS3) sektore estrategikoen artean kokatzea

10

0

GUZTIRA

100

60

a) Proiektuaren irismen teknologikoa:

–Proposatutako helburuak lortzeko erronka teknologikoa, zailtasun teknikoa. 15 puntu arte.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak. 15 puntu arte.

b) Proiektuaren berritasun maila:

–Berritasun maila (baxua, ertaina edo altua): teknologien garapena nabarmen aurreratuagoa, sektorean erabili ohi direnen aldean; jauzi nabarmena helburuen kuantifikazioan; merkatuan ez dagoen produktua; produktuaren ezaugarri kopuru handia aldatzea, etab. Gehienez ere 15 puntu.

–Doktoregaiak egin beharreko jarduerek ekarritako hobekuntza, entitate onuradunak garatzen dituen ildoei lotuta. 15 puntu arte.

c) Proiektutik zer eragin espero den entitate onuradunean:

–Garatu beharreko ikerketaren garrantzia, entitate onuradunak epe luzera dituen ezagutza eta esperientzia premiei dagokienez. 15 puntu arte.

–Espero diren emaitzen garrantzia, honako hauei dagokienez: produktu berriak lortzea, prozesuak hobetzea, dibertsifikazioa, espero den inpaktu ekonomikoa. 15 puntu arte.

d) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuan (RIS3) identifikatutako sektore hauetako batean edo gehiagotan sailkatzea: 10 puntu.

1.–Automobila eta mekatronika.

2.–Elikakatea.

3.–Energia berriztagarriak eta baliabideak.

4.–Osasuna.

5.–Turismo integrala.

6.–Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

3. Kudeaketa organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahal die eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

4. Laguntza eskaera ezetsi eginen da baldin proiektuak ez badu gutxieneko puntuazioa lortzen a), b) edo c) letretako irizpideetako batean.

7. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, laguntzen zenbatekoa adierazita.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna diru-laguntza nori eman ebazteko. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena entitate eskatzaileei, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio. Kontzesio berri horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, kontrataziorako eta justifikaziorako epe berriak finkatzen ahalko dira.

8. oinarria.–Kontratua eta doktorego irakaskuntzetako matrikula aurkeztea.

1. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez, 2018ko irailean:

a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

b) 2018/2019 ikastaroan doktorego programa batean matrikula formulatu izana edo, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Doktorego programaren unitate onuradunak luzatu beharko du agiria edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko arduradunak.

2. Betebehar hau bete ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradunek, aurreko oinarrian adierazitako moduan eta epean agiriak aurkezteaz gain, diruz lagundutako kontratazioa justifikatu beharko dute epe hauetan:

a) 2019ko urriaren 31 baino lehen, hori barne: lehenbiziko urterokoaren frogagiriak (kontratua sinatzen den egunetik kontratuaren lehenbiziko 12 hilabeteak bete arte).

b) 2020ko urriaren 31 baino lehen, hori barne: bigarren urterokoaren frogagiriak aurkeztuko dira (lehenbiziko urte-saria bukatu eta biharamunetik kontratuko 24 hilabete bete arte).

c) 2021eko urriaren 31 baino lehen, hori barne: hirugarren urterokoaren frogagiriak aurkeztuko dira (bigarren urte-saria bukatu eta biharamunetik kontratua bukatu arte edo kontratuko 36 hilabete bete arte).

2. Frogagiri hauek aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez, hango ereduei jarraikiz:

a) Jarduketa memoria zientifiko-teknikoa, deskribatzen dituena doktoregaiak egindako jarduerak eta doktorego programako prestakuntza jarduerak, memoriari dagokion aldikoak. Baita, kasua bada, laguntzak iraun bitarteko gainerako aldirako lanerako plana, zehazki aipatuz doktore-tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena.

b) Egindako jardueren kostua frogatzeko memoria ekonomikoa, honakoak bilduko dituena:

1.–Nominen eta horien ordainagirien kopia, eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzak langileari buruz egindako kalkulu globalak (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema).

2.–Tasa akademikoak ordaindu izana frogatzen duten agirien kopia.

3.–Mugikortasun gastuak:

–Egonaldiaren ikerketa zentroak luzatutako agiria, egonaldiaren datak adierazita.

–Lokomozio gastuak: erabilitako garraiobideen txartelak eta haien ordainagiriak, edo kilometrajeari buruzko aitorpena.

c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz emandako aldeko txostena.

10. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta egoki den urte-saria ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean, proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboa jasoko da, eta adieraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, ebazpen honen 9. oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela diru-laguntzaren helburuak betetzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.

11. oinarria.–Kontratua etetea eta amaitzea.

1. Deialdi honen babesean egindako kontratuak eteten ahalko dira arrazoi hauengatik: aldi baterako ezintasuna gutxienez ondoz ondoko 2 hilabetez, amatasuna edo aitatasuna, arriskua haurdunaldian, arriskua bederatzi hilabetetik beheitiko haur baten edoskitze naturaleko aldian, eta adopzioa edo harrera kontratazioaldian.

Kasu hauetan, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, halako moduz non ez diren diruz lagunduko epe horretan onuradunak zituen soldata-gastuak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egoki jotzen dituen txostenak eska ditzake.

Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

2. Kontratua amaitzen bada, onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organo kudeatzaileari, eta frogagiriak aurkeztu beharko ditu, kontratua amaitu eta hilabeteko epean.

Kasu honetan, onuradunak doktoregaiak kontsumitu ez duen denborari dagokion zatia itzuliko beharko du, gehi dagozkion berandutze-interesak.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxaren bidez, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea, 8. eta 9. oinarrietan adierazten den moduan.

c) Kontratatuak egin beharreko I+G jardueren garapen egokiaz arduratzea.

d) Kontratatuak egindako jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

e) Pertsona kontratatuaren doktore-tesia defendatzeko dataren berri ematea organo kudeatzaileari, defendatu eta gehienez ere hilabeteko epean, baldin laguntza gauzatzeko epean gertatzen bada. Pertsona kontratatuak entitate onuradunari data horren berri emanen dio, eta organo kudeatzaileari igorriko dio doktore-tesiaren ale bat.

f) Kontratuaren amaieraren berri ematea 11.2. oinarrian adierazitako moduan.

g) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 13. oinarrian aipatzen den moduan.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak honako hauek izanen dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bitartez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren xede nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, diru-laguntza itzuli beharko da.

Horri dagokionez, bigarren edo hirugarren urterokoari dagokion jarduketa zientifiko-teknikoaren memoriaren balorazioa aurkakoa bada, deklaratuko da urte horri dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoen (edo zati baten) itzulera ez eskatzea.

4. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

13. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatuek, diruz lagundutako kontratazioaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi behar dute. Halaber, doktorego tesian finantzazio hori aipatuko da, bai agirian berean bai tesia defenditzeko ekitaldian.

2. Doktoregaiaren partaidetza izan duten ikerketa jardueraren ondoriozko hedapen materialetan ez da emakumearen kontrako bazterketa irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira.

Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

14. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

15. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, onuradunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

16. oinarria.–Bateragarritasun araubidea.

1. Diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren bestelako lan kontratuaren indarraldiarekin, baita soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kaltetzen badu ikerketa eta prestakuntza helburua edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, diru-laguntza hau bateraezina da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.

2. Doktorego irakaskuntzetako matrikularako laguntzak eta kontratatuaren mugikortasunerako laguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako jasotako beste laguntza publiko edo pribatu batzuekin, betiere laguntza guztien arteko baturak kontzeptu bakoitzean egindako gastua gainditzen ez badu.

Ondorio horietarako, eskatzaileek aipatu kontzeptuengatik eskuratutako beste diru-laguntzak aitortuko dituzte laguntzak eskatzean.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Kudeaketa organoak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, organo kudeatzaileak jendaurrean jarriko ditu onetsitako diru-laguntzak, laguntzen fitxan, honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzen helburua.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F1801057